ZUBIETAKO DEBRUA
MARIA: Ama.
MARI-EDER: Hauzoa.
MARGAITA: Alaba.
JOANA: Bertze alaba.
GAXUXA: Alaba gazteena.
AZTIA.
MARIANNA: Aztiaren sehia.
ANNA.
ANITA.
LUIXA: Pidaiantak.
XANETA.
KATTALIN.
BILLET- IKERTZALEA: La Contrôleuse.
LEHEN ZATHIA
Eskual-Herriko sukalde bat.
I
MARIA, MARGARITA, JOANA
Sukaldeko lanetan ari hiruak.
MARIA: Eta gure Gaxuxa ez oraino ageri!... Zer ari othe da bada? Non dabila, oraikotik?
MARGAITAK: Gaixo haurra! Ez ahal da guti unhatua, behi galdu demuntre haren ondotik!
JOANAK: Argi hasteko atherarik, bere xingar zafla meheñoarekin! Joka niro ez dela josta gura, den tenorean, eta, goportara bat eltzekari emaiten ahal diozu, gibeleratzen delarik, artho xigor onarekin.
MARIA: (Lehiotik kanpora behatzen duelarik:) Bai, bai, berea duke segurki. Bainan, hura ez ageri, eta gure behia galdua! (Ixilik pitta bat egon ondoan, lanean ari dela:)
Bethi xarmatua, egiazki! Haritz-xilotik gal zitekela ere behi bat! Nork erranen zuen sekulan? Eta hain xuxen, Kalzo, gure behirik ederrena! Hamabortz ehun libera eskainia zaukun hartaz, iragan merkatuan, Aguxtin tratulariak! Eman baginio bederen!...
MARGAITAK: Bai, hala da, ama. Bainan, Jainkoa da bakarrik geroaren berri dakien hura, eta Jainko horrek badakike segur, zertako ez daukun biharko berri horietarik salatu.
MARIA: Ori, haurra, ez dakit, bainan ongi egin liro beraz gure Jainkoak, biharko berririk ez bada, gaurko berri zerbait bederen sala balezo Gaxuxari, Katzo guk lasterxko bil dezagun etxera.
JOANAK: Ama!
MARIA: Hala da eta, haurra! Goxo baita holako diruketaren galtzea, herrestan, doi doia bizi girelarik Oihanburuan!
MARGAITAK: Oh! herrestan! herrestan!... Ez du oraino hainbertzeko ephea, hauzoko sorro pullit bat guretua dugula, gure ontasuna joriago egiteko. Egunean egunekoaren emaiten badaki Jainkoak.
JOANAK: Egia diozu, Margaita. Egunean egunekoa eman ere dauku orai arte Jainkoak, eta jendeeri bezala, laket zaio Jainkoari, bere ongi eginez milesker erraiten badiogu. Zuhauren ganik ikasia dugun katixima da hori, ama gaixoa!...
II
AINTZINEKO HIRUAK ETA GAXUXA
GAXUXAK: (Akhitua, gorritua, makilaño bat eskuan, sartzen da:) Jainkoak dauzuela gau on, ama! Gau on, Margaita, Joana!
HIRUEK: Bai zuri ere, Gaxuxa!
MARIAK: Eta behirik ez, oraino ere, haurra?
GAXUXAK: Ez ama! Doi doia ahamen bat hartzen nuela bidean, bazter guziak ikertu ditut bada, jo harat eta jo hunat. Zuek miatu xokoak berriz miatu ditut, oihu eta oihu. Bainan, ez Zamalbiden, ez Eurgin, ez mokorreko kaskoan, ez Burdin-Kurutxetan, nihon ez gure Katzo kausitu. Harxabalen ikusi ditut artzainak, Jatslephon ikazkinak, bainan nehork ez zakien gure Katzo gaixoaren berririk.
MARIAK: Jar zaite, jar, haurra. Harrezazu ongi zuretua duzun otruntza, eta gero, joanen zira, bihar eguerdiak arte lo egiterat.
GAXUXAK: Ez dakit, ama, lo handirik eginen ahalko dutan. Sobra unhatua ez othe naiz? Zangoak, harri eta laphar artetan, larrutuak ere ditut!... Eta, oinon, guzien buruan, Katzo bildu banu bederen, deusik ez ziezken hoik oro!
MARIAK: Hoi! hoi! Bainan gure Katzo galdua, eta ongi galdua, zorigaitzez!
III
AINTZINEKO GUZIAK ETA MARI-EDER
MARI-EDERREK: (Sartzen ari delarik:) Galdua beraz oraino ere zuen Katzo xarmatua?
MARIAK: Bai, galdua!... Jainkoak dauzula gau on, Mari-Eder!
MARGAITAK: (Ahapetik, bere ahizperi:) Zertarat heldu da atso tzar hau?
MARI-EDERREK: (Jartzen da etxean balitz bezala, nehork hala galdegin ere gabe:) Gaixo Maria! Halako behia! Eta nihon hatzik ere utzi gabe, airean hegaldatu baliz bezala!...
MARGAITAK: Bai, erkatz-gider baten gainean, Akelarrerat joaiteko!...
MARI-EDERREK: Haur bat baizik ez zira, Margaita! Ez da Akhelarrez hirririk egin behar sekulan!
JOANAK: (Bixi bixia:) Ez eta ere inbustikeriarik erran behar, gazteagoen aintzinean...
MARIAK: Haurra!
GAXUXAK: Hala da eta, ama!
MARI-EDERREK: Inbustikeriak, inbustikeriak! Othe dakizu zer diozun, haurra? Zer bada, zortzi egun hautan bahia nihon ez ageri, nihon ez den ttikieneko hatzik, Eskualdun egunkariak berria bazter guzietarat hedatu ondoan ere! Ta, ta, ta, ta! Sorginkeria zerbait bada hor, Maria!...
(Ahapetik:) Bai eta sorgina hihaur, atso tzarra!
MARIAK: Uste duzu, Mari-Eder?
MARI-EDERREK: Ez-bairik ez da hor: zuen Katzo sorginek ereman dautzuete!
MARGAITAK: Edo Buhameek!...
MARI-EDERREK: Ez haurra, ez! Buhameek hatzak utziko ziztenan sorroan. Sorginek ez dine hatzik uzten airean.
MARIAK: Zer fidatzekoa, Mari-Eder!
MARI-EDERREK: Bai, Maria, eta sorginek egina, sorginek baizik ezin desegin... Joan behar duzu Zubietako Debruaren gana!
MARIAK: Zubietarat? Zubietako sorginaren gana? Uste duzu, Mari-Eder?
MARI-EDERREK: Zer ezin-egina? Hiruzpalau oren burdin bidez, karrosan gero pitta bat, eta horra Zubieta!
MARGAITAK: (Xutiturik:) Bainan, Mari-Eder, zer dira burla horiek, bertzela?
MARI-EDERREK: Burlarik ez da batere. Zin zinez ari naiz.
JOANAK: Zin zinez? Eta zer egiten duzu katiximako erranez, gure aphezen erranez?
MARI-EDERREK: Oh! aphezak eta aztiak ez dire adixkide, aspaldion.
GAXUXAK: Ez behar ere!
MARI-EDERREK: Aphezek ez dute behirik galtzen, Gaxuxa...
MARIAK: Aphezek ez othe dute jakinen Zubietan izan garela?
MARGAITAK: Jainkoak ez othe du jakinen, ama?
JOANAK: Aphezek ere ez othe, xokoño batera joanen zaiztelarik, zuen hutsaren aithortzera?
MARI-EDERREK: Misionestak ethorri beharrak dire Eguerrietako, Joana!
JOANAK: Misionestek, aphezek bezala, urrikitzen denari baizik ez diote barkatzen, edo, bere zorigaitzetan, bekhatua gordetzen duenari.
MARGAITAK: (Bixi bixia:) Ama, Mari-Ederrek erraiten dautzuna ez duzu egin behar. Ez zira Zubietara joanen.
Ez du Zubietako debruak gure ama maiteaz burlatu behar, bertze orduz Buztintzeko aztia Pelo Xoriburuz burlatu zen bezala. Ahantzia othe duzu zuhaurek guri lehenago kondatu ixtorioa?
Pelo ere joan zen, etxeko oilo guziak, xitoak barne, hiltzen ari zitzaizkola, zerbeit sendagailu beharrez Buztintzeko aztiaren ganik. Azti pullit harek erran zion, Oilarburuko haitz handienaren puntan, detximako lurretik kanpo, eman zitzan gau-erditan, etxeko oilarra eta bi oilo ederrenak. Goizeko sei orenetan joan ziteken gero Pelo, (eta ez lehenago, bere onetan!) oilar eta oiloen biltzera. Eta hartan sendatu behar zitzaizkon etxeko xito, oilasko, oilanda eta oilo guziak.
Gau-erditan, erran bezala, detximako lurretik kanpo, Oilarburuko haitz ederrenaren kaskoan eman zituen Pelok bere oilar eta oiloak.
Gau-erditarik sei orenak artean, Buztintzetik Oilarburura joaiteko astia izan baitzuen sorginak oilo eta oilarraren ebastera, goizeko sei orenetan itzuli zelarik Pelo Oilarburura, ez oilarrik, ez oilorik, ez zen han. Buztintzen oilakiz ase ziren asre oso batez, eta Pelori, etxean, azken oiloak hil zitzaizkon, purta, purta.
GAXUXAK: Ez zuen deus beharragorik, giza-gaixoak! Bainan zertako ere zen hain xoroa!
MARI-EDERREK: Hoik oro, Buztintzen! Ez goaza gu Buztintzera, bainan bai Zubietara.
MARIAK: Ez naiz baitezpada loriatua pidaia hortaz, bainan, damu nuke alderdi guzietara ez jokaturik. Noiz goazi, Mari-Eder? Haur hautarik batek lagunduren ahal gaitu?
HIRUEK: (Xutiturik:) Ah! ez hatik, ama! Mari-Eder aski duzu lekaio!
MARI-EDERREK: Bi biak beraz, ortziralean, Maria. Aski bagitezke.
MARGAITAK: Gaixo Ama! (Ahapetik eta ukhamiloa Mari-Ederren alderat bildurik:) Atso tzarra eta ez bertzea!
BIGARREN ZATHIA
Burdin-bidean, Wagon batean, Anna, Anita, Luixa, Xaneta eta Kattalin jarriak daude ja, solasean ari.
I
AIPHATU PIDAIANTAK, ETA MARIA ETA MARI-EDER
Oihuka ari dire burdin-bidetako gizonak, han, nonbait:
En voiture, en voiture, s'il vous plaît! Allons, Madame, dépêchez-vous donc! Le train va partir! Allons, ce panier! Oust! Ça y est!... (Xilinta, xistu, ttutta.)
MARI-EDERREK: (Maria bere aintzinean akulatzen duela:) Erna zaite, bada, Maria! Zer uste duzu ala Oihanburuko sukaldean girela! Uste ez banuen hortxet gelditzen zinazkitala, zure otharre ozpinarekin!
MARIAK: Gelditzen, Mari-Eder? Batre ez banintz bederen etxetik abiatu! (Treina abiatzean, elgar koskatzen dute Mariak eta Mari-Ederrek. Bertzeak hirriz eta keinuka elgarri. Maria jartzen da, bere otharreak, kabak eta paisolak oraino ere trabatzen dutela.) Jainkoak esker duela! Atx! Ori! jendeak baitugu jada hemen!... Jainkoak dautzuela egun on, andre onak!
GUZIEK: Bai zueri, ere!
MARI-EDERREK: Eskualdunak zaizte, holetan?
GUZIEK: Erran liteke!... (Ixilik oro, bultaño bat.)
MARI-EDERREK: Hots, Maria, molda zaite hor, xokoño hortan, zure puska horiekin oroikin! Ile hori bardindurik emazu pulliki pulliki.
MARIAK: Bai, ori, hala hala da! Jostetak baitziren hor, barne huntara hupatzeko, maila alimaleko batera igan behar izan dutalarik! Hatsak eta oro joanak nituen! Eta gizon erlastu hura gibeletik bethi oihuka ari, eta ni han, nere kabaren, otharrearen eta paisolaren artean kokatua, ulia irmi-armu sarean bezela!... Ai! Mari-Eder, zerk ekharri nau ni hunaraino?
Guziek hirri, goxo, goxoki.
ANNAK: Lehen aldia ahal duzue burdin bideetan zabiltzatela?
MARIAK: Bai, gaixoa, eta agian azkena! Eta ez baginu behiño bat galdu, han, mendian...
MARI-EDERREK: (Ahapetik:) Zaude bada ixilik, Maria! Bardin luke gure berriak ez orori erranik ere!
MARIAK: Zer munta du, Mari-Eder?
ANITAK: (Keinu bat laguneri, eta:) Behi bat galdu? Ai! eta norat zoazte orai? Joka niro. Zubietara?
MARIAK: Hala hala!... Ez ahal zaitut zuhaur Zubietako debrua, hola gure berrien jakiteko?
ANITAK: (Hirriz:) Ez, ez, balinba! Zuhur balinbaduzue, orhoit zaizte, andreak, ez dela batre azti, sorgin edo debru behar izan, asko berrien jakiteko!
MARI-EDERREK: Baditeke! Bainan, zer nahi den, zuek ikhusi bethi, norat ginoazin... Ez ginuen guk asmatuko norat duzuen gaurko zuen xedea. Ah! hori ez! Ez da hala, Maria?
MARIAK: Ez, ez, alafede!...
MARI-EDERREK: Eta, beraz, dakizuenaz geroztik norat goazin, zer diozue gero Zubietako aztiaz? Egiten duten bezenbat zuhur eta erdi othe da?
LUIXAK: (Jendeeri buruz:) Demuntren zozo parea!
XANETAK: (Laguneri keinu egin ondoan:) Zuhur eta erdi? Non da bertze holakorik?
KATTALINEK: Zer nahi atheratzen du emazte debrusa harek, zer nahi atxemanarazten...
MARIAK: Zer nahi?
ANNAK: Bai, zer nahi. Ori ,iragan egun batez, Hoztar bat izan zaio, asto bat galdurik. Zubietan izan, eta biharamunean, bi asto itzuli dira Hoztara.
MARI-EDERREK: Bi asto?
ANNAK: Bi asto, andre!
MARIAK: Jesus, Jainko ona!...
LUIXAK: Bai eta, hor, Lapurtar bat Zubietara jin omen da, egun horietarik batez, belhaun bat ez dakit non galdurik.
MARIAK: Belhaun bat?
LUIXAK: Bai, belhaun bat... Zubietarat jin, eta arratsean berean, bi belhaunak han zituen gure Lapurtarrak.
MARIAK: Gizagaixoa! Atsegin hartu ahal baitu, bereziki Senpertarra balinbazen! (Orok hirri.)
II
Aintzinekoak oro, eta Contrôleuse bat, billet ikerzale bat, bere moltsa handia sahetsetik dilindan, xilo egiteko tresna eskuan.
BILLET-IKERZALEAK: Vos billets, s'il vous plaît?
Badoa orori billeten galdez, azkenik Mariari eta Mari-Ederri.
MARIAK: Zer da hori, Mari-Eder, kaxketa eder horrekin? Suprefeta ala Prefeta bera?
MARI-EDERREK: Nik demuntre dakita, Maria!... Ori, billet ikerzalea da, ta, gure Prefeta! zalu athera zazu zurea, Maria!
BILLET-IKERZALEAK: (Mariari, boz idor batekin:) Vot' billet, s'il vous plaît?
MARIAK: Zer galdatzen du, bere erdara bitzi hortan?
MARI-EDERREK: (Bere billeta xilarazirik:) Erna zaite, Maria, billeta, zure billeta!
BILLET-IKERZALEAK: Vot' billet! Et plus vite que ça!
MARIAK: Joko parte, horrek bezenbat nahi nuke bai, ene billet ziminoa.... (Xutitzen da, kaba iker, otharrea iker, paisola barnea iker:) Non sarthua dut bada?... (Ahuzpez emana alkiaren azpian ari da orai miatzen:) Oi, Jainkoa! Ez haute hire haurrek ikusten, Maria!...
BILLET-IKERZALEAK: Ben! Quoi? Et ce billet?
MARIAK: (Xutiturik:) Hor nuen, sakela huntan, ene mokanesaren barnean. Eta mokanesak eta oro ereman dazkidate hortik.
BILLET-IKERZALEAK: Qu'est-ce que c'est que ce charabia? Perdu? Volé? Ça ne me regarde pas. Je vous dresse contravention...
Et puis, ce panier? Qu'est-ce que c'est que cette odeur...? Ah! Un fromage pourri, un fromage que marche? Deuxième contravention, pour transport de marchandises avariées, dans un wagon de voyageurs! Ça vous apprendra!... Vos noms et prenoms, s'il vous plaît!
MARIAK: Zer nahi du orai?
ANITAK: Zure izen eta deithurak.
MARIAK: Ah! mokanesaren itzultzeko? Maria Larre, Oihanburukoa. Ba, mokanes baten gatik, ez zuen kasik ere balio! Gaixo Andrea! Sekulan Oihanburura jiten balinbada, xingar eta arroltze emanen diot gogo onez! Arrolzeño batzu baitugu bertzalde, bainan goxoak!... (Oro hirriz ari dire, hirria nausiturik.)
ANITAK: Arroltze eta xingar? Baduzu bertzerik, gaixoa!
MARI-EDERREK: Bertzerik? Zer bada oraino?
ANITAK: Bi berbal badituela zure adixkide Mariak, billetik gabe zabilalakotz, batto, eta bertzea, gasna ustel batekin sartua zelakotz hemen.
MARIAK: Billeta? Bainan, hartua nuen, ongi pagaturik oraino: Sei libera, halako paper txarra! Azukre mokor bat bezenbat ez zen papera!...
Eta gero, gasna ustela? Bainan Zubietako debruarentzat nuen gasna hau, ahotik ezin utzia baita, egiazki! Apho kixkila! Jin dadila jin Oihanburura!...
ANNAK: Bai, zer nahi duzu, amatto? Kaskoin xapel-oker horiek oro holakoak dira bazterretan...
Bainan Zubietako debruak atxemanaraziko dauzkitzuete billet, mokanes eta behi, oro, hots! Nork daki zure kaskoin kixkilari berari zer ez dion eginen?... (Oihuka bazterretik: «Saint Palais! Saint Palais!»...)
Ori, huna non helduak giren Donapaleurat. (Oihuz berriz ari dire burdin bideetako gizonak: «Sain Palais! Saint Palais! Tout le monde descend de voiture»). Ixtantean Zubietarako zaizte. Suerte on, andreak, eta gure goraintziak Zubietako debruari! Sorgina denaz geroz, badakike, segur, nor gitezken goraintzi igorzaleak... (Hirriz badoazi oro.)
MARIAK: (Bere puxkak hartzean, dolamen batekin:) Ah! Mari-Eder! Berriz ere, zerk ekarri nau gaur hunara? Ene haur gaixoak! Etxean egon bainintz bederen zuekin!...
HIRUGARREN ZATHIA
Zubietako debruaren etxean.
Barne bat, erdi sala, erdi sukalde. Paperezko ilhargi eta izar batzu han hemenka emanak izanen dire paretan.
I
MARIANA, MARIA, MARI-EDER
MARIANAK: Sar zaizte, sar, andreak, eta jar zaizte; berehala hemen dukezue etxek'andrea.
Badoha Mariana eta, bethi beren kaba, otharre eta paisolekin, sartzen dire Maria eta Mari-Eder.
II
MARIAK: (Pareteri behatzen diotela:) Halako bat eginen daut nere buruaren hemen ikusteak, Mari-Eder!...
MARI-EDERREK: Niri ere bai, Maria, aithor dut. Bainan, engoitik, huntaraino ethorriak, goazen aintzina!
MARIAK: Zer dire izar eta ilhargi hauk oro, hemen?... (Zeinatzen da, halako beldur batekin.) Ama-Birjinaren edo Bihotz Sakratuaren iduri zonbait nahiagoko nuzken hemen ikusi... Ai! Maria, Maria! Oihanburuan egon bahintz, hire xokoñoan!
MARI-EDERREK: Behia galdurik, Maria?
MARIAK: Bai behia galdurik!... ez othe zen, arimaren galtzea bainon hobe izanen?
MARI-EDERREK: Ez ahal ditugu galdu, gure arimak!
MARIAK: Ez dakit ori! Arima galduak ez bada, segur arima herratu batzu bederen girela.
MARI-EDERREK: Zaude ixilik, hots, Maria; ikusiko duzu gure Katzo lorietan bilduko dugula etxera, eta orduan ahantziko dira oraiko intzireak oro, Maria!
MARIAK: Halabiz, Mari-Eder!
III
Gibelerat heldu, sartzen da Mariana.
MARIANAK: Berehal, berehala hemen dugu etxek'andrea. Bertze ikusliar batzuekin da oraino, bainan zalu zalua igorriko ditu, eta zuekin da gero, beharko den asti guziarekin...
Urrundik heldu zaizte holetan, andreak? (Hemen, oihaleria batzuen gibelean kuku-mauka emaiten da etxek'andrea, Aztia, oro handik entzuteko gisan. Mariak eta Mari-Ederrek ezin dezakete ikus, bainan bai jendeek.)
MARIAK: Bai urrundik, haurra, ongi urrundik, Oihanburutik!
MARIANAK: Oihanburutik?... Zer unhaldia hartzen duzuen egun, andre gaixoak!
MARI-EDERREK: Erraiten ahal duzu, haurra!
MARIAK: Bai, eta ez baginu Katzo, gure behirik ederrena galdu, orai zortzi egun, segur ez ginela gaur hunarako! Ah! hori, ez!
MARIANAK: Katzo galdu duzue beraz? Behi ederra?
MARIAK: Behi ederra? Uste dut! Aguxtin tratulariak hamabost ehun libera ez zaukun eskaintzen!
MARIANAK: Atxemanen duzue atxemanen zuen behia!
MARIAK: Uste duzu?... (Xutiturik:) Ori, gasnaño hau emanen diozu etxek'andreari, eta zuhaurek ere xerra zonbaitño harturen ahal diozkatzu.
MARIANAK: (Gasna hartzen duela:) Milesker!
MARIAK: Ez da erraiteko baizik, bainan gasna bat da hauta, ahoan urtuko zautzuetena!... Eta gero zer ez zaut gostatua edo gostatuko? Ez dautate berbala egin burdin-bidean, baizik eta gasna ustelik ez zela haizu jendeen artean! Halako gasna! Jendeentzat ez balire bezala gasna onak!... Apho kixkila!
MARI-EDERREK: Eta gero hor, Mariak billeta galtzen duela bidean, bere mokanesarekin!... Hots, bi berbalekin ethorria da, dohakabea, hunaraino!
MARIANAK: Zer suertea, egia erraiteko!
MARIAK: Eta etxean entzun eta entzun behar ditugunak, bertzalde! Gure Ganixek fitsik ez daki, gaizoak; bederen ez zakien orai arte... Bainan, gure haurrek erran ez daukutenik ez da!
MARIANAK: Bainan, hala hala, behia atxemanen denean!... Halako behia!
MARI-EDERREK: Ezpeletako edo Hazparneko ferietan ere ez da holakorik atheratzen, bere izar pullitarekin kopetaren erdian, adar batzu, xutak, xixelarekin eginak baino xutagoak, gerren punta baino xorrotxagoak! (Hemen, bere gordagiatik, zango puntten gainean, ixil ixila badoa Aztia.)
MARIANAK: Ez da holako behirik galdu behar andreak! Atxemanen duzue zuen behia.
MARIAK: Jainkoak adi zaitzala, ori!
MARIANAK: (Alegia zerbaiti ohartzen:) Uste dut etxek'andrea heldu zaukun oraikoan. Hantxet, baratze zolan da oraino, bainan, haia, haia heldu zauku. Frango ongi badabila oraino, adinarendako. Hura sarzean, xutitu nahiko duzue, othoi; bethidanik ohore gose izan baita... pitta bat...
BIEK: Gogo onez, haurra! Zer da zuzenagorik?
MARIAK: (Erdi goratik:) Ez ahantz gero ene gasnaño hori! Emozu lehen bai lehen!...
IV
Huna Aztia, xapel belusezko gora bat buruan, soin guzia izar urhezko batzuz ihaurria, erai erdian aldiz bi hezur, kurutzatuak, hil baten buru kaskoaren azpian.
AZTIAK: Agur, Andreak, agur!
BIEK: Agur, Etxek'andrea!
MARIANAK: Huna bi andre, ongi urrundik, ikusgarriekin ethorriak. Gasnatto bat ekarria dute, etxek'andrea, hilak ere phiztuko dituena.
MARIAK: Ez zauku sobera batere, baldin eta gure...
AZTIAK: Baldin eta zuen behia, Katzo, atxemanarazten badautzuet? Ez da hala?
MARIAK: Jesus, Jainko maitea! Nondik dakizu?
AZTIAK: Nondik dakidan Katzo galdua duzuela orai zortzi egun? Nondik dazkit dazkidanak oro? Ez othe naiz Zubietako debrua?...
MARI-EDERREK: Ai, Maria, zer da bada andre mixteriozko hau? Oh!...
AZTIAK: Ez beraz niri erran, behi ederra gain gainetik galdu duzuela Katzo, bere izar pullitarekin kopetaren erdian, bere adar xut xorrotxekin. Ez niri erran Aguxtin tratulariak 1500 libera eskaini dauzkitzuela. Ganixen ixilik, zure haurren gogoaren kontra ethorria zarela hunara, Maria... Badazkit hoik oro.
Badakit, nik jan behar dudan gasna berbal bat gosta zautzula, billeta galdurik, lehenbiziko berbala ez askiz.
MARIAK: (Harriturik:) Oh! oh!... Zer demonio da hau! Puies, puies egiteko ere liteke, Katzo ez baginu bildu behar...
AZTIAK: Goazen beraz gure egitekoetarat, eta berehala! Mariana, liburua!...
Marianak ekartzen du liburu alimale bat, eta mahain baten gainean emaiten. Aztiak bi urhats gibelerat egin ondoan, thu egiten du barne hartako lau alderdietara: eta gero, eskuko erhiak zalu zalua ibilaraziz, hiru aldiz egiten mahainaren ingurua. Heien aintzinean Aztia iragaiten den aldi guziez, gordeka bezala eta ikaran, zeinatzen dira Maria eta Mari-Eder. Azkenean, jendeeri buruz itzulirik, liburua idekitzen du sorginak, begiak hetsirik, eta gero, luneta handi batzu emanik, goratik hasten da, alegia eta irakurtzen.
Intes, medites,
Medites, intes! (3 aldiz).
Aldi guziez, ahapaldi bezanbat eskuaz jotze egiten dio liburuari. Marie eta Mari-Eder, beren ezin egonarekin, ustez eta Katzo atherako zaioten han berean, liburu handi hartarik, hurbiltzen dira pitta bat, eta Maria oihuka hasten da:
MARIAK: Jes!... Bainan, etxek'andrea, buruz beheiti emana duzu eta zure liburua!...
AZTIAK: (Alegia eta ez batere durduzatua:) Behi galduentzat hola eman behar da bethi... Ez zaitela gehiago ez mintza, ez mogi ere, zure onetan!
Eta berriz hasten da, egundaino bezala:
Intes, medites,
Medites, intes! (3 aldiz).
Zertako mintzatu zira hola, emazte xoroa! Deus ez daut oraino Mumamu handiak ihardesten.
Intes, medites,
Medites, intes!.
Hainbertzenarekin, oilar batek, aski hurbildanik jotzen du kukuruku luze bat, eta Aztiak orduan berehala:
AZTIAK: Huna, huna, azkenean! Huna zuen etsaia!
BIEK: (Harriturik:) Gure etsaia?
AZTIAK: Bai, etsaia, eta ez nolanahikoa!... Baduzuea Oihanburun oilarrik?
MARIAK: Bai, eta ederra oraino.
AZTIAK: Horra zuen etsaia! Oilar hura, biphildurik behar duzue, zuen etxetik eta Donapaleuko alderdirat, ixil ixila, nehork deus deusere jakin gabe, norbaiti igorri.
MARI-EDERREK: Ixil ixila? Donapaleu alderdirat? Bainan, Donapaleu aldean, oilar hura izaiten duenak zerbait jakinen du?
AZTIAK: Hala da, hori ere... Igor beraz nihauri hunara. Zubietako Aztia ez da oilar biphildu batek izitzekoa. Badaki holako baten berri.
MARIAK: Bihar berean izanen duzu beraz gure oilarra.
AZTIAK: Bai, bihar berean, behiaren bilha zuetarik nehor abiatu gabe. Baitezpadako gauza, hori da. Eta orai:
Intes, medites,
Medites, intes!
Huna non kausituko duzuen zuen behia. (Maria, Mari-Eder, lepho beharriak luzaturik emaiten dire.) Etzanik, hantxet, harri-peña handi baten itzalean, Bizkar-Zuriko mendiaren gibelean dago, bere Oihanburuko heiaz orhoitu eta marrumaz!...
Zoazte orai deskantsu, eta Mumamu handiak lagun zaitzaztela!
Aztia badoa, aphezpiku baten patxadarekin, bere liburu handia besapean.
MARIAK: Eta zure lana, etxek'andrea? Zonbat zor dautzugu, hola zuk gu lagundurik?
AZTIAK: (Doi doia burua makurtzen duela:) Gasna eder bat jada emana duzuelakotz, eta zuek zareztelakotz, emozue Marianari hogoi liberako paper bat, eta ez bertzerik...
Agur Andreak! (Badoa ezkerretik.)
BIEK: Milesker zuri, etxek'andrea.
V
MARIANA, MARIA, MARI EDER
MARIAK: (Marianari, moltsa luze bat ikerturik, 20 libera emaiten diozkala:) Ori, haurra... Huna ere zuretzat, hoin maiteki lagundu gaitutzulakotz. (Berrogoi soseko bat emaiten dio Marianari.)
MARIANAK: Milesker, andre!
MARI-EDERREK: (Jendeeri buruz:) Eta orai, ethor ditezela aphezak: sorgin eta aztirik ez dela erraitera!
Badoazi biak eskuineko aldetik, beren puska guziekin.
VI
(Zango puntten gainean heldu da, ordu berean, ezkerretik:) Joan direa, Mariana, gure oiloñoak?
AZTIAK: Bai, baratze zola hartan dire jadanik, xoria bezen alegera badoazila...
MARIANAK: Begozi, begozi! Ez dire hoin alegera izanen hiruzpalau egun goiti beheiti, Bizkarzurin debalde ibili ondoan! (Jendeeri buruz:) Zer oilarra jan behar dugun igandean! Hots! onik ere badu gure irabazbideak!
AZTIAK: Aphezek baitiote sorginik ez dela... Ez, ez da sorginik, bainan bethi izan dira eta izanen dira... jende xoroak!
ERAKASPENA
(Epilogue)
Oihanburuko Sukaldean.
MARIAK: Huna ni, Maria Oihanburukoa, ez bainaiz Oihanburutik berriz abiatzekoa, sorgin eta aztien ondotikan!...
Erran gabe doa, ez dugula Bizkar-Zurin, ez behirik, ez xaal edo aratxerik atxeman, Azti figura harek hitzeman zaukun bezala.
Zer, aldiz, irabazi dut, hor gaindi ibilirik? Pidaia bat egin, hertze handia bezen luzea; bi prozedura edo berbal bildu bidean; gasna bat ahotik ezin utzizkoa... utzi Aztiari; hogoi'ta bi libera urari beheiti igorri, oilar bat aldiz Aztiaren zintzurrari behera; Bizkarzurin lepho eta bizkarrak hautsi; Ganixen erasia gorriak burutik beheiti hartu; ene haur gaixoeri erakaspen pullita eman; eta bereziki, zu, Jainko on eta handia, itsuski laidostatu. Horra ene irabazia!
Ez, ez, gure aphez onek eta argituek erraiten zaukutena, ez da ez sorginik, ez Aztirik. Eta munduan bethi izan eta izanen badira ere Xoroak, ez du Oihanburuko Mariak xoro hetarik izan nahi, hemendik aintzina!
Jokatu diren guziak sartzen dira orduan, eta oro emaiten kantuz:
Sinhesten dut,
Elizak daduzkan egiak,
Sinhesten dut
Hala direla guziak;
Neronek ikusirik baino,
Hark erranik segurkiago,
Sinhesten dut Hala direla guziak.
Guziek agur handi bat.
|