SORGINAK
XOBADINA: Ama.
KATTALIN, LUIXA: Xobadinaren alaba gazteak.
MARIA: Lehen hitz-untzia.
XANETA: Bigarren hitz-untzia.
JOANNA: Auzoko adixkide gazte bat.
BENITA: Bertze adixkide gazte bat.
JOSEPA: Bertze adixkide gazte bat.
KATIXA: Bertze adixkide gazte bat.
MAHUMA: Lehen sorgina.
INGUMA: Bigarren sorgina.
Bertze adixkide zonbait oraino.
LEHEN ZATHIA
Sukalde batean, Xobadina, Ama, Luixa eta Kattalin haren bi alabak, artho xuritzen ari dira, hiruak kantuz:
I
Ikusten duzu goizean,
Argia hasten denean,
Menditto baten gainean,
Etxe ttikitto aintzin xuri bat,
Lau haitz ondoren erdian,
Ithurriño bat aldean,
Zakur xuri bat athean,
Ni han bizi naiz bakean.
Nahiz ez den gaztelua,
Nik maite dut sor lekua,
Aiten Aitek hautatua;
Etxetik kanpo zaut iduritzen
Nonbait naizela galdua;
Zeren han naizen sortua,
Han utziren dut mundua,
Galtzen ez badut zentzua.
XOBADINAK: Bai, haurrak, Elissamboure Sarako persulari aiphatuak ederki erran dauku orori zonbat handi egin behar den bere xokoa, sortzen ikusi gaituen etxea. Etxetik urrun, zorionetik urrun! ez da egungo errana. Haurregi zaizte, zuek oraino, bainan ene amari entzun diot, behin baino gehiagotan, eskualdun kanta bat, gutti kantatzen dena, ondikotz, egungo egunean! Oraiko gazteek aire ergel batzu nahiago dituzte, eskualdun kanore ttikiena gabeko aire xanfarin batzu... (Bere airean.) Nere amarena bertzelakoa zen, hitz dautzuet!...
LUIXAK: Othoi, ama, kanta zaguzu aire xahar pullit hura...
XOBADINAK: Ez dakit orhoituko naizenez ere sobra, hainbertze urtheren buruan...
KATTALINEK: Hean, ama, hean?
XOBADINAK:
Orhiko xoria, Orhin bakean da bizitzen
Bere larre sasietan ez da hura unhatzen;
Han zen sorthu, han handitu, han ari zen maithatzen,
Han bere umen artean, gozoki du kantatzen!
(Berriz).
LUIXAK: Biba zu ama! Badut uste Jaun Erretorak ere ez duen zuk bezen pulliki xaramelatzen, ez eta ere Luziako Petti orro-handi harek. Uste du ba gaizoak, bainan akerraren adarrak bezain makurreko boza du Kanttarik!...
KATTALINEK: Eta zer ahapaldi pullita, ama! Uste dut, pullitaren pullitez, jadanik ikasia ere dugun Luixak eta nik; hean, goazin, hiruek betan:
Orhiko xoria Orhin bakean da bizitzen,
Bere larre sasietan ez da hura unhatzen;
Han zen sorthu, han handitu, han ari zen maitatzen,
Han bere umen artean, gozoki du kantatzen!
KATTALINEK: Ikusten duzu, ama, hean buru ona duten zure haurrek? Berriz ere erraiteko, zer aire pullita! «Viens poupoule» eta «La Madelon» bera ere hitsak zaizkit segur, horren aldean!
XOBADINAK: Bai, haurrak, biba gure xokoa! Eta oiloak bere xitoak bezala, begira dezagun xokoño hori, nondik nahi ager ditezen miruak.
KATTALINEK: Miruak? Ori, ama, hirri eginen duzu, bainan iduri zaut biga badazkitala, gure etxeko xokoñoa nahasi nahi luketenak, eta nahasten ere dutenak, nere arabera...
LUIXAK: Hoi bera heldu zitzautan orai gogora, Kattalin!...
XOBADINAK: Nor bada, haurrak?
LUIXAK eta KATTALINEK: Maria Elhorri eta Xaneta Xixta.
XOBADINAK: Xaneta, Maria?... Egia da, haurrak, ez zinduzketala heien idurikoak ikusi nahi!...
LUIXAK: Heien idurikoak! Fa! zer aintzinekoak guretzat!
KATTALINEK: Lurraren gainean egundaino ez ahal da bi liztor horiek bezalakorik ikusi! Hoik, hoik! zer prendak!...
II
Aintzinekoak eta Joanna, Katixa, Josepa, Benita.
Hemen sartzen dire, artho xuritzerat heldu hek ere: Joanna, Katixa, Josepa eta Benita.
JOANNAK: Nortaz zinduten bada solasa?... Eta lehenik, Jainkoak dautzuetela gau on!... Nungo prendak zinduzten hola aiphatzen? Ez gu, balinba?
KATTALINEK: Zuek?... Bai zera! Maria Elhorri eta Xaneta Xixta ginituen aiphu.
KATIXAK: Hola nunbait han!
JOSEPAK: Bai, nihun balinbada prendarik, hoik prendak dire segurki.
BENITAK: Zer laparrak! Othaskaz othaska onthutsik azken Judizioraino ibiltzea goxoago liteke, oren laurden bat horien aho-mihietan erabilia izaitea baino!
KATIXAK: Aho-mihiak! Eztenak erran behar zinuke, ezen hoik ez dire jendeak, bainan suge-biperak.
LUISAK: Ederki diozu, Katixa. Bainan gehiagokoak ere bide dire oraino. Suge biperaren xixtakoak doi doia orratz punttaren sistakoa egiten du. Horien asikiak puska ere eremaiten du maiz, zakur errabiatuarenak bezala.
KATTALINEK: Nago nola ez diren behin ere phozoindatu beren aho gozoarekin berarekin! (Orok hirri egiten dute solas hortaz.)
XOBADINAK: Bai hala da, saltsa xarra egin lezake norbaitek, horien mihiarekin nahas baleza uste gabetarik. (Orok hirri.)
JOANNAK: Ori, andre Xobadina, behin baino gehiagotan egona naiz nere buruarekin, nola onhartzen ditutzun zure etxean, ez bakarrik artho xuritzetan, gu orai bezala, bainan ere Jainko onak egiten dituen arrats guziez! Zuen egurrean berotzea laket zaiote, oihanak murriztuz geroz...
BENITAK: Ez ahal dute gaizki hirri egiten, kafe ttottaño bat izaiten dutelarik...
KATTALINEK: Atso tzarrak eta ez bertzeak! Hortaz ginuen solasa, zuek sartzearekin, eta ez ginen guti erhotuak.
XOBADINAK: O! kafe baino xikore gehiago izaiten dutela, gure etxean, fida zaite niri...
KATIXAK: Zumalakarra ere sobra da horientzat, Xobadina!
XOBADINAK: Hots! gaixtoak zaizte gaur, sobraxko zinez!
JOSEPAK: Gaixtoak? sobraxko? Ai, ei, ai! Gaixo bildotxak!... Miserere mei! (Orok hirri.)
XOBADINAK: Eta gero, uste baduzue gogo onez onhartzen ditugula Bordaxurian! Ongi enganatzen zaizte. Ezin bertzean diotegu athea zabaltzen. Zimitzak ere ezin bertzean atxikitzen dira etxean, Josepa!
JOSEPAK: Ori, Jainkoari esker, ez dugu zimitzarik etxean, bainan miliun bat zimitza onhets netzazke Ithurburuan, Maria eta Xaneta kanpo egoitekotan! (Orok hirri.)
XOBADINAK: Hobe liteken, uste dut nik ere. Bainan, zer nahi duzue, haurrak, holakoekin etsai baino hobe da, nere arabera, ez... adixkide baitezpada, bainan etsai-gabe...
LUISAK: Eta egiazki, ama, horiek dire, horiek, gaixtoak, egiazki gaixtoak!...
KATTALINEK: Bai, hala da. Herri guzia nahasia daukate. Egia eta gezurra, oro bardin on zazkote. Hunek hau egin, harek hura ez egin! Nardagarri ere da, arimaz egia! Herriko bi gazteek elgar ikusten badute onez onean, gure atsoek ez dute deskantsurik bi adixkideak nahasi arte. Eta gazte hoik esposatu balinbadire, oi, Ama! hiru ilabethe iragan ere gabe, Phazko emanik Erramu baino aintzinago, xixtuz eta kantuz hasten dire liztor pullit hoik!
OROK: Fu! zikin!...
KATTALINEK: Holakorik aski badelakotz gaur-gehiago, hezi behar ditugu ororen artean, bainan, finki eta behin bethikotz. (Athe ondora badoha, eta erhi bat ezpainen gainean, heldu da berehala gibelerat, erranez:) Huna gure liztor parea! Berma gaiten hor!
Sartzen dire orduan Maria eta Xaneta. Makila bedera dakarkate, eskuak haren gainean kurutzaturik egonen baitire, fitsik egin gabe!
III
Aintzineko guziak eta Maria eta Xaneta.
MARIAK: Jainkoak dauzuela gau on, haur ederrak!
XOBADINAK: Bai zueri ere! (Ahapetik:)
KATTALINEK: Atso tzarrak! Pegarra hautsiko ahal duzue noizbait! hortzak ere, balinba!...
XANETAK: Jartzen gira, ori, gogo onez. Unhatuxeak ere ginen, bertzalde, oren huntan xutik, Xurittoineko meta lastoari kontra egonik.
LUIXAK: Xurittoinekoen aldi da beraz, gaur?
MARIAK: Bai! Bihar zure aldi, Luixa; gaur Xurittoinekoen.
XANETAK: Ez baitugu segur dolurik, pazote hantxet egonik, nahiz haize frikuna zen xoko hartan...
KATTALINEK: (Ahapetik:) Mihi-sudurrak hormatu balauzkitzue segurik!...
MARIAK: Zerbait erran duzu, Kattalin?
KATTALINEK: Ez, ez fitsik... Gau ederra dela gau-iñarentzat.
MARIAK: Beraz han ginaudelarik...
KATTALINEK: Barrandan?
MARIAK: Batre, gaixoa! Iragaiten bakarrik... Gorrak izan beharko ginuen, Xurittoinetik heldu zen kalapitaren ez aditzeko.
LUIXAK: Eta zuek ez gorrak, deabruari esker!
JOANNAK: Ez gorrak, ez!... Muttuak bakarrik. (Orok hirri.)
MARIAK: Zer duzue gaur, haur ederrak?... Beraz, hantxet entzun ez dugunik ez da: «Hordi tzar! Mandraina! Tripoia!...», eta nik othe dakit zer holakorik oraino!
KATIXAK: Eta hoien guzien aditzea urririk zuentzat, Bordaxuriko su-ondoan berotzea bezala! Zer loria! (Orok hirri.)
JOSEPAK: Pagatu ere behar izan balute, hantxet egonen ziren gau guzia, gaixo Katixa!...
XANETAK: Aditzailerik nahi ez duenak, ez du gora behar mintzatu...
BENITAK: Eta aditzaileak ez du behar aditua errepikatu, bi sosen girixtinotasunik balinbadu segurik...
XANETAK: Gure aphezen erranak errepikatzen ditutzu bada aski maiz...
XOBADINAK: Hots, aphezen aldi orai?.. Begozi aphezak deskantsu! Ez dire guk aho-mihietan erabili beharretarik.
KATTALINEK: Ederki! Ama! Ixtantean Aita Sainduaren aldi da bertzela!... (Orok hirri.)
MARIAK: (Kexu kexua:) Zer duzue bada gaur, gutaz hola irri egiteko? Nehork ez lezake erran, Xobadinaren haurrak holakoak izan ditezkela, beren auzo hoberenentzat...
KATTALINEK: Baduk hoberik! (Orok hirri.)
MARIAK: Zer gaizki ekartzen dute nehori gure solasek?
GUZIEK: (Salbu Xobadinak:) Gaixo bildotxak!
MARIAK: Ez ahal gira arima galdu batzu, Elixa Harri-Peñakoa bezala?...
LUIXAK: Elixaren aldi, orai! Lehen eta... ez azken!
XANETAK: Obra on guzietan sartuak ez girea?
JOANNAK: Bai eta ongi sartuak: (Ahapetik bere laguneri:) ezin atheratuak, zorigaitzez! (Lagunek hirri.)
XANETAK: Hots Maria! Xuti gaiten, eta goazen, etxera! Ez dugu hemen deus gehiago egitekorik...
KATTALINEK: Gaur, akhitu ahal zaizte biziki, egin duzuenaren egiten! (Orok hirri.) Kafe ttottaño bat, Maria, Xaneta? Kafe on bat, xikorerik batre gabekoa?...
MARIAK: Aski hola, andreak! Gure berri badakikezue laster...
OROK: Badakigu, badakigu, segurki!
MARIAK: Ez aski, eta ez ongi, oraino! Gau on, Xobadina! Horiek bezen hobendun egiten zaitugu, zure etxean manatzen ez duzunaz geroz hobeki. Jende onez ez da hola nihun trufatzen egundaino. (Badoazi, beren makilak bezen tente.)
LUIXAK: Berriz ez ikusi arte!
IV
Aintzineko berak, Maria eta Xaneta eskas bakarrik.
XOBADINAK: Lan ederrik egin duzue, haurrak!
LUIXAK: Lan ederrik? Ez gira urrikitan sartzekoak!
KATTALINEK: Aski ere ez diotegu ez erran, ez egin!
XOBADINAK: Bainan, haurrak! Eta karitatea? Zer egiten duzue bada Jainko legeaz?...
JOANNAK: Karitateak eta Jainko legeak galdatzen dute ihizi gaixtoari aztaparren errotik atheratzea, ahal delarik.
XOBADINAK: Joanna!
JOANNAK: Bai, hola da, hoi, Xobadina maitea: gaizkiari zango-hegalak behar zaizko moztu, eta ondotik oraino! Hean, hean, lanean ari girelarik, zer gogoratuko zaukun ororen artean, gure bi liztafineri beren sistaren atheratzeko...
KATTALINEK: Huna zer heldu zautan burura: Maria eta Xaneta, jende gaixto gehienak bezala, gaixto bezen sinhets-berak direla badakizue, nik bezen ongi. Bethi sorgin eta debru ixtorio, ez dute bertzerik aiphu. Erraiten baitute, Senperen eta Lapurdi guzian, sekulako sorginak erre zuztela lehenagoko mendeetan, badut uste Mariak eta Xanetak xitun egon beharko zutela denbora hetan! Bertzela, Jon Doni Joane bezperan egiten diren su handien iduriko su batean kixkaili beharko ziren...
BENITAK: Hezexkoak ez othe ziren izanen hortako ere? Sua ongi harrotuz, behar bada...
XOBADINAK: Benita! zoin gaixtoa ziren, gaur! (Orok hirri.)
KATTALINEK: Dena den, guzia supertizione direnaz geroz, huna zer egin diteken, ongi balinbazautzuete segurik...
Lehenik beren etxeetan beretan, behar ditugu izitu, harriarazi. Ganix eta Oier, gure anaiak, gordeko dire zoko batean, gauaz; eta handik eginen dute zer nahi harramantza, oihu eta intzire, eta garrasia...
BENITAK: Hoi! hoi! zer loria! Gora zu, Kattalin! Gero, gero?
KATTALINEK: Gero? Hots, gero, itzal eta ilhunpetik sekulako harriak arthikiko dituzte.
KATIXAK: Ai Maria! ai! Xaneta! (Orok hirri.)
KATTALINEK: Erran gabe doa ez dituztela berak hunkituko...
JOSEPAK: Hanbat gaixtoago! Zertako ez, pitta pitta bat? Ez odolik egiteko heinean, bainan uspel pulliño batzu, doi doia...
XOBADINAK: Josepa! (Orok hirri.)
KATTALINEK: Gero ondotik, hobeki eginen dugu oraino. Noiz eta ere durduzatuxeak izanen baitira, hosto-paper gorri-gorri baten gainean, hitz larri eta beltz batzuetan izkribatuko diotegu, MAHUMAREN eta INGUMAREN izenean: «heien gaixtakeria guziez nardatuak direla». Mahumak eta Ingumak aithortuko dute kalapita guziaren egileak, harrien arthikitzaileak, hek direla eta ez direla hortan gelditzekoak; zer nahi bertzerik egitekotan direla, non ez diren Maria eta Xaneta beren phozoinkerien arthikitzetik hek ere gelditzen, eta lehen bai lehen oraino.
JOANNAK: Serora Bernardina igor balitza bederen Ingumak! Ez omen dira sekulan mintzatzen Angeluko serora hoik!...
KATIXAK: Zortzi egun gabe hilak litezke, gaixoak! Mintzatu gabe, Maria eta Xaneta! Ai! ai! ai!... (Orok hirri.)
Bere lagunak hola mintzo diren artean, ixil ixila athera da Kattalin.
V
Berak, Kattalin eskas.
JOSEPAK: Bainan, Ingumaren lerroak akabatu ere gabe, hil-gogor eroriko dira biak, izialdurarekin!...
BENITAK: Hil gogor!... Ori uste dut, hil ondoan ere, tal, tal tal ar litezken oraino, errota edo eiharako kalaka bezala... Bainan norat joan zauku Kattalin?
KATTALINEK: (Sahetseko barne batetarik:) Heldu, heldu berehala. (Eta hor heldu da Kattalin, sekulako puskak besoetan.)
VI
Aintzineko guziak, Kattalin barne.
KATTALINEK: Huna orai gure azken amarruak! Ha! ha! ha! Maria eta Xaneta! Hean, zuek ala guk, nork amor emanen duen lehenik?
GUZIEK: Zer duzu hor? Ez gira bada oraino Ihauterian!
KATTALINEK: Huna lehenik bi mihise, Mahuma eta Inguma —erran nahi baita Luixa eta ni— inguratuko baigira hauien barnean, Aphezpikua bere kapa handiaren barnean bezala! (Mihisea jaunzten du, burutik eta zangoetaraino.)
KATIXAK: Oh! zer sorgin parea eginen duzuen biek! Biba Kattalin!
KATTALINEK: Huna orai Mahumaren eta Ingumaren buru izigarriak, harrigarriak! (Eta mihiseaz kukutu buruaren gainean emaiten du paper hazkar batekilan eginikako mustro-buru bat. Lau zilo buru hortan, batto ahoarentzat zabal zabala, bertze bat sudur ziloentzat, azken biak begientzat. Argi bat gero buru izigarriaren barnean, lau ziloak sutan emaiten dituela.)
JOANNAK: Oh! izitzeko ere bada, egiazki!
KATTALINEK: Izitu ere behar dute gure atso tzarrek. Huna orai aihen ihartu makolatu hauk, Mahumaren eta Ingumaren beso ihartuak ditezke, mihise azpitik atheratzen direla, hezur azantz batekin. (Eta eskuan inharrosten ditu boltxaarri edo attanttun andana bat, KLAK KLAK KLAK egiten dutela.)
BENITAK: Oh! Eta guk, ez othe dugu deus egitekorik izanen?
KATTALINEK: Bai segurki! Mahuma eta Inguma bi atso zarreri phedeikuan ariko giren artean, zuek organoa joko duzue, goare ozen batzuekin; oihu eta garrasia haizu, nahiko duzuen bezenbat.
XOBADINAK: Bainan, haurrak, sobrakinak dira horiek guziak!
JOANNAK: Xo! andre Xobadina; hasian hasi, goazen bururaino! Mariaren eta Xanetaren arimak libratuko ditugu hola Purgatorioko suetarik, eta guhaur ere orai arterainoko Ifernutik. Ororentzat probetxu! (Orok hirri.)
XOBADINAK: Ez dakit, ez dakit, konbertitzeko hoin errexak izanen diren Xaneta eta Maria, Jainkoak zuen josteta begi onez ikusi behar ere balu!...
KATTALINEK: Bai, ama, bai! zaude deskantsu... bihar berean hasiko dute gure anaiek beren josteta. Eta gero, zonbait egun goiti beheiti, harrituak ethorriko baitzauzku gure liztorrak, orduan, arrats hartan, zurekin utziko ditugu bultaño bat, alegia zoin gure ohetarat gaki, eta gaineratekoa bego gu guzien gain... Bazaiztea oro?
JOSEPAK: Bai, bagira guziak. Gora, biba Kattalin!
KATTALINEK: Bihotzaren hazkartzeko, beharrik balu ere, kanta detzagun orai bertze atso batzueri persulari zaharrak eman koplak:
Herriko besta biharamunian,
Berek dakiten xoko batian,
Lau andre, hiru mutxurdin, bat alarguna, jarriak itzalian,
Harri xabal bat belhaunen gainian,
Ari ziren ari ziren trukian.
Herriko besta arrats aphalian,
Lau gathu zahar, anjelusian,
Bat maingu, hiru saltoka, sorginak, puies! zoazila bidian,
Nik ikusi ditut amets batian,
Akhelarre, akhelarre gainian!
Agur egin eta badoazi guziak, kantuz oraino:
Bat maingu, hiru saltoka, sorginak...
BIGARREN ZATHIA
I
Xobadina eta bertzeak oro, salbu Maria eta Xaneta, artho xuritzen ari.
JOANNAK: Gure lana bururatua dugu, eta liztorrak ez zaizku oinon ageri. Ethorriko ahal dire balinba!
KATTALINEK: Osoki zozotuak omen dire, harrituak! Ganixek eta Oierrek erraiten zaukuten, ikustekoak ere zirela, zoin bere sukaldean. Ikhare-daldaran, hortzek klak klak egiten ziotela...
JOSEPAK: Ez dute oihurik egin batere?
LUIXAK: Oihurik batere, mututuak.
KATIXAK: Mututuak, Maria eta Xaneta! Ha, ha, ha, ha!
JOANNAK: Ez zituen Jainkoak hobeki gaztigatzen ahal: Mihiak bekatu, mihiak pekatu.
XOBADINAK: Dohakabeak! Urrikari ditut hala ere. Ez ahal daude errexki beren etxetan nehori laguntzarik galdatu gabe!
BENITAK: Hemen gintuzken bai aspaldi, ahalke pitta bat ez ba lute oraino. Gisa hartan gu utziak azken aldian eta, ez da hain errex Bordaxurirat itzultzea. Ez zautzu, Xobadina? (Xobadina ihardestera doalarik, jotzen dute athean.)
XOBADINAK: Aintzina, aintzina!
Sartzen dira, Maria eta Xaneta, hits-aldian osoki, eta zuri zuria eginak.
II
Xobadina eta bertzeak oro.
MARIAK, XANETAK: Jainko onak dautzuetela gau on!
XOBADINAK: Bai zueri ere!
KATTALINEK: (Ahapetik:) Gau on? Hoieri? Ez balinba, gaur segurik! (Jartzen dire Maria eta Xaneta, hitzik erran gabe. Bertzeak, heien hits-aldiari behatu eta, elgarri keinuka, ahapetik hirriz.)
XOBADINAK: Non zinezten, arrats hautan guzietan, Maria, Xaneta? Gu bethi zuen gogait... uste ere nuen joan den gauean erran bezala egiten zinaukutela, eta ez zindutela gure gana gehiago ethorri nahi...
MARIAK: Bai, ori, ez ongixko nintzen ni segurik.
XANETAK: Ni ere hala hala.
KATIXAK: Ezagun ere da, Xaneta; errotako zakua bezen xuri eginak zaizte biak!
XOBADINAK: Eta, zer zinduten bada?
MARIAK: Ez gauza handirik baitezpada... (Orok keinu eta hirri elgarri, ixil ixila.) Bainan, ori, gauaz errexki izitzen, sukar pitta bat aski zer nahiren bururatzeko, eta zer nahiren ikusteko eta entzuteko...
XANETAK: Ni ere hola nintzen, ori. (Oro, ixilka, elgarri keinuka, eta ahapetik hirriz, salbu Xobadina. Hola hola ari behar dute bertzalde bururaino, noizetik noizera, bi liztorren ahapaldietan.) Nihaurek ongi dakita zer nuen hala? Haize hego figura horrek ere egiten bide zuen, dudarik gabe... Iduri eta arima herratuak... Dena amets tzar eta hola nintzan!
MARIAK: Ametsa baizik ez balitz izan!
XANETAK: (Ithotzerat doanak bezala:) Hori hori!... Bertzerik ere baitzen ordean!
MARIAK: Bai, ene sukaldean, athean, selauruan ez zen harramantzarik ez da... Oihu, garrasia, orroa, xixtu... zer nahi entzun dut hiru gauez... Harritua, ez ninditaken xutik eman ere.
XOBADINAK: Ditekena da hoi! Lotarik ari zinen...
XANETAK: Bai, zera, lotarik! Nik ere Akelarre nuen hola hola, nere etxean.
OROK: Oh! (Guziak ixilik bultaño batez; eta gero, alegia eta ikaran, elgarri kontra kontra hurbiltzen dira, jar-alkiak, jar-alkien aldean.)
MARIAK: Eta holaxet, beraz, hiru arratsaldez! Jainkoa! (Izitua bezala gelditzen da.) Eta gero, gero, laugarren arratsean, mahain-ezkinean, paper hosto gorri gorri bat kausitu dut...
XANETAK: Oh!...
GUZIEK: Zer duzu, zer duzu?
XANETAK: Nik ere paper bera...
GUZIEK: Oh!... zer zen paper hartan?
MARIAK: Huna, orizue, badakigu segur gogoz. Mahumak eta Ingumak luzaz eta luzaz setiatuko gintuztela hola hola, eta gehiago oraino...
LUIXAK: Oi zer harritzekoa, egia balinbadiozu!
MARIAK: Egia? Sinhesten ahal duzue ez naizela jostagura... Eta hainbertzenarekin, berriz ere sekulako azantzak etxe guzian...
XOBADINAK: Arratoin zonbait zinduketen, han, selauruan, buruaren gainean.
JOANNAK: (Bixi-bixia:) Bainan, Xobadina, arratoinek ez zuten paper hura...
XOBADINAK: Hala da hori ere. Ez dakit ori nik!...
Oro ixilik, bultaño bat, lanean ari gehientsuak.
JOANNAK: Ez naiz orai harritzen, hainbertze berri baitabila, egun hautan, herrian.
MARIAK: Zer berri?
JOANNAK: Ori, zonbait gau hautan guzietan, argi handi batzu harat hunat badabilzala zuen etxe ondoan, hil herrietan, Errekaxaron ere bai.
XANETAK: Gure etxe-ondoan? argiak?
JOANNAK: Bai, eta gero diote, hil herrietako kurutze handiaren gainetik hegaldatzen ikusi duela Mihimotxeneko Mariak, halako bat, erdi gizon, erdi xori, harrigarri itsusia.
KATIXAK: Bai, eta zer diote oraino? Erramunttoineko Piarresi bidera athera zaiola, Buztingo-errekan, xaal edo aratxe bat egiazki izigarria. Ahalduen bezala eskapatu da; bainan, gero, etxeratu denean, eta bere gerthakaria kondaturik, begiak, beldurrarekin bezala, harat itzuli dituelarik, xaal itsusi espantagarria ikusi dute berriz Piarresek eta haren ondotik etxeko guziek, han, athe-motzaren gainean, lephoa luze luzea, begi handi batzuekin, begi handi horiek sua zariotela. (Guziek, beldurrarekin edo alegia, burua itzultzen dute Bordaxuriko athe alderdira.)
MARIAK: Ez ahal zauku xaala hemen agertuko, Mahuma eta Ingumarekin?
XANETAK: Azken judizioa hurbildua ez othe dugu, ene ama zenak lehenago erraiten zuen bezala? (Ixil ixila, berriz ere, guziak.)
BENITAK: Hots! Joanna, Josepa, Katixa, joanen gira etxera? hamekak eta erdiak ditugu berehala!
JOSEPAK: Hala hala da, eta lana ere bururatuxea dugu, ene ustez.
JOANNAK: Bai, eta bertzalde, gauerdik ez ginduzke bidean atxeman behar. Gaur aditu gauza horiek orok nahasi naute arras, eta ez naiz batre nere buruari fida.
KATIXAK: (Xutitzean.) Brrr! hotzez ala beldurrez ez dakit, bainan, ikaran nago ni ere... Goazen!
BENITAK: Gau on, andre Xobadina, Kattalin eta Luixa; bihar arte, Maria eta Xaneta. Ongi zeina zaizte gaur, etxean sartzean! (Badoazi kanporat, alegia eta etxerat.)
III
Xobadina eta bere alabak, Maria eta Xaneta.
KATTALINEK: Guk ere, naski, hoi dukegu hoberena, Luixa? Ez goazi ohera?
LUIXAK: Bai eta berehala; gure adixkideak joanik hola, iduri zaut heien orde sorgin zerbait atherako zaukula, zoko zonbeitetarik. Lazta bat sumatzen bezala dut egiazki.
KATTALINEK: Bai, ori, Jainkoaren gomendiora! Othoitz on bat eginen dugu, eta gogoa bakean lokartuko gira. Sekulan erraitekotz, gaur behar dugu erran gure amaxori ikasi lehenagoko othoitz pollita:
Mahuma, mahuma, ez nuk hire beldur;
Jainkoarekin etzaten nuk,
Ama Birjinarekin jaikitzen nuk,
Bi aingeru ditiat ene sahetsean;
Ez hakitala atrebi othoitzean,
Ez loan, ez ametsean,
Jesus, diat ene bihotzean!
Banoa loaren hartzera;
Jesus zure izenean, gau eta egun!
Jauna, zure odol dibinoaz erosi nauzunaz munduan,
Arren errezebi nezazu hil et'ondoan zeruan!
Jainko ona, othoi emanezadazu
zure benedizione saindua,
Zutaz entzuna izaiteko grazia! Halabiz!
BIEK: Gau on, ama! Bihar arte, Maria eta Xaneta!
Badoazi hek ere, alegia eta ohera.
IV
Xobadina, Maria eta Xaneta
Bultaño bat ixilik egon ondoan.
XOBADINAK: Eta zuek, Maria, Xaneta?
XANETAK: Ori, Xobadina, ez dakit batre zer egin. Harritua nago, ikharan; beldur naiz, beldur osoki, etxera joaiteko. Bakarrik han ez egon nahiz ethorria ere nintzan...
MARIAK: Ni ere bai, hala hala... Bertze horiekin joan bagine, bideak bederen ez ginituen izituko... Nahiz gero, etxean!...
XANETAK: Eta andre Xobadina, hola zuk onhetsirik, gaua hemen iragan bagineza, hemen berean, jar-alki hauien gainean berea?
Xaneta hola mintzo eta barneko argiak hilen dituzte, kasik oro, edo kanpoko leihoak nunbait-han hetsiko, eta ilhunpean hola daudelarik, berehala eta bet-betan hasiko dira mila oihu eta harramantza: tuta, goare, xilintxa, oihu, marraka eta garrasia, orro, guzietarik; lehenik, urrunxkotik bezala, gero, hurbil hurbiletik.
Eta gero, berriz ixiltasun handiena.
Maria eta Xaneta, elgarri beha, harrituak. Harramantza itsusi haren ondotik, itsusiago baizik ez zaiote iduritzen ixiltasun handi hoi.
Behatzen diote Xobadinari, haren ganik zerbait laguntza beharrez; bainan, Xobadinak, alegia eta harritua hura ere, begitartea emana du bere bi belhaunen artean sarturik...
Hurratsean heldu dira, azantz ttikiena ere egin gabe, hurrats bat egin orduko geldituak, biak.
Biek betan altxatzen dute beso ihartu bat; heien begiek, sudurrek, ahoek sua dariote.
Maria eta Xaneta xutitu dire, hortzak dal-daran, paretari eskuak.
V
Xobadina, Maria, Xaneta, Mahuma, Inguma
XANETAK eta MARIAK: Oh! oh!
XANETAK: Zer dire hoik, Maria?
MARIAK: Galdeozute bereri!...
Mustroek, hitzik erran gabe, egiten dute bertze hurrats bat, eta beren beso ihartua berriz altxatzen.
BIEK: Oi, oi!... Xobadina! (Xobadina burua bethi kukutua, ez da mogitzen.)
Maria eta Xaneta, belhaunen gainera eroriak oihuz.
BIEK: Othoi, barkha, Mahuma, Inguma!
MAHUMAK: (Boz ikaragarri batean:) Barkha? Barkha? Barkhatzen othe zinduten, zuek, suge-biperak, bati sista, bertzeari asiki ari zineztelarik?
BIEK: Othoi, othoi!...
Ez, ez da zuentzat barkharik!... Gurekin, gurekin, eta orai berean. (Bere esku ihartuarekin hunkitzen ditu, eta biak, zabal zabala erortzen dira, orroaz.)
MARIAK: Ez dugu gehiago eginen gaixtakeriarik, sekulan!
MAHUMAK eta INGUMAK: Ez othe? sekulan?
XANETAK: Ez, ez! sekulan!... Xobadina, Luixa! Hel! Hel! (Eta biak, muthuturik, aldixartzen dira, hilak bezala, hotz hotzak.)
Mahumak eta Ingumak artikitzen dituzte orduan beren mihiseak eta aihen ihartuak, hiltzen beren argiak, eta puska hoik guziak zoko batean gordatzen. Leihoak idekitzen dire berriz, edo aintzineko argiak phizten.
VI
Xobadina, Kattalin, Luixa, Maria eta Xaneta
XOBADINAK: Sobraxko ez othe ziren horiek oro, haurrak?
KATTALINEK: Fitsik ez da, ama! Ur xorta bat begitartera eta sendo dituzkegu biak. Gure adixkideak, Joanna eta bertzeak, gordeak hortxet baitaude, banoa heien oihuka ekharraraztera, ja urrun joanak balire bezala. Zato, Luixa, ez gaituzte hemen ikusi behar, atzarriko direlarik.
Badoazi biak, eta Xobadina emaiten da Mariaren eta Xanetaren arthatzen, oihal busti batez heien ferekatzen bezala. Mariak eta Xanetak, aski laster, idekitzen dituzte begiak, begi ilhaun eta matatu batzu; eta orduan berean, alegia eta lasterka, sartzen dira bertze guziak.
VII
Xobadina, Maria, Xaneta eta bertzeak oro.
OROK: (Oihuka:) Zer da, zer da?
KATTALINEK: Zer ziren oihu izigarri hoik oro?
Maria eta Xaneta jarririk emaiten dituzte ororen artean.
MARIAK: (Emeki emekiño mintzo delarik.) Orizue, haurrak, zuen amak oro badakizka. Bihotzikan aski ez dugu zer iragan den erraiteko.
Edari on xorta bat emaiten diote Luixak.
LUIXAK: Hurrupa zazue hau, Maria, Xaneta!
MARIAK: Hobeki naiz, hola! Xaneta ere, dudarik gabe? Xutik emaiteko on bagira segurik, bagoazi etxerat. Segi gaitzatzue, othoi, haraino...
Gure gaixtakeria guzitik sendatuak giren bezala, mustro eta harramantza guziak suntsitu ahal dira, hek ere, behin bethikotz!...
XANETAK: Gau on, Xobadina! Othoizño bat egizu garen dohakabeentzat!
XOBADINAK: Jainko onak lagunt zaitzatela!
Badoazi Maria, Xaneta , bertze guziek, salbu Xobadinak, laguntzen dituztela.
VIII
Xobadina bakarrik, mahain eta jar alki, oro beren tokietan emaiten ari.
XOBADINAK: Hauxe da gerthakaria!... Ahulegi izan othe naiz? Jainkoa, zuk barkha!...
Bainan nork atxik gazte hoik guziak?... Eta bertz'alde, beren katixima ongixko ikasia zuten, gaizkiari aztaparrak moztu behar zaizkola, eta behingotz! Zer ihardetsiko nuen, zer ihardesten ere ahal nuen? Tapatu naute, tapatu, eta ederki...
Berriz ere, Jainkoa, zuk barkha!... Eta egia da, gaixtoak zirela egiazki gure auzo dohakabeak. Agian erranen dugu ez direla hala gehiago... Bainan ez dakit... Gero ageriko...
Huna haurrak non heldu diren! Itsusi txarrak!...
Hirriz sartzen dire Kattalin eta bertzeak.
IX
Xobadina eta haur guziak.
KATTALINEK: Horra, ama, horra lana guk egina. Segitu izan ditugu etxeraino, Mariaren etxeraino, ezen gaur elgarrekin behar omen dute.
Mainaz josi bezala ditugu; xoko guziak ikertu ditugu, ohe-azpiak eta oro, heien nonbait-han sosegatzeko. Nonbait-han, erran dut; ezen on da izialdura pitta batekin lokhart ditezen gaur oraino, batre lokhartzen balinbadira segurik.
XOBADINAK: Gaixtoa!
OROK: Oh! Xobadina!
XOBADINAK: (Erdi hirriz.) Gaixtoak!
GUZIEK: Gaixtoak!
XOBADINAK: Bai gaixtoak, oro.
LUIXAK: Ah! baia? Huna orai zure aldi, ama, axtian Mariaren eta Xanetaren aldi bezala! (Orok elgarri emaiten dituzte eskuak eta Xobadinaren inguruan, jauzika emaiten dire errepikan.)
Harat hunat badoa gure ama ona,
Erlea kofoinean iduria, dena!
Oi zer ama Jainkoak deraukun emana!
Erregina batentzat sal ez gindiona!
Tra la la, la la ra, tra la la, la la ra.
XOBADINAK: Haurrak! haur handiak!
KATTALINEK: Hots, ama, badut uste minatxa xorta bat ongi guretua dukegun! Gaurkoak bezalako izialdura eta jostetek khalda eman ere daukute. Eta gero, ni segurik, buruaren gaineko nere argiak mihiseari su eman beldurrez, xifritua nindagon. (Pitxerretik, hirri eta hirri, edaten dute orok, salbu Xobadinak, eta gero, guziak, ematen dira kantuz.)
KATTALINEK: Zintzurrak goxaturik, goazen orai... Kantuño bat, oherat zinez eta egiazki joan baino lehen.
Gure herri xumetan
Zenbat hitz-untzi!
Zinez ala jostetan,
Oro erasi!
Gaixto nahasi!
Beha daude nor zertan
Hobendun kausi,
Nori phitz auzi;
Deus ez nahiz bertzetan
Onik ikusi!
Tra la la, tra la la, tra la la la.
Gabaz, akhelarretik
Mainguka jinak, Hasten dire goizetik
Gure sorginak,
Debruz eginak! Sist handik, sast hemendik;
Zer liztafinak
Edo ausinak!
Sendatzea luze dik
Hek egin minak!
Agur handi bat egiten dute guziek, eta badoazi errepikatuz.
Tra la la, tra la la, tra la la!
|