|
GAUDEN ESKUALDUN
MARIE. GOAÑA, KAMELUA. MARGAITA. JOSEPA. PANTXIKA. GAXINA. MAIXIKI. Bertze zonbait, nahi bada.
Paretan emana, ikus diteke Ama Birjinaren iduri bat, xira hostoz erdi estalia, borda zahar bat han balitz bezala. Marie, artzain gazte bat, bere galtz'erdi orratzak eskuan, heldu da eskuinetik, hurratsean, guzia bere lanari. Joareak, ardi eta bildotx marrakak ezagun dira noizik behin. Xakur erausi zonbait ere bai. Kantuz sartzen da Marie, eskalapoin eta galtxoinetan.
I
MARIE (bakharrik:)
Airea: Mendian zoin den eder.
Artizarra zeruan agertzen denean,
Goiti noa, ni ere, harekin batean;
Sartzera egiten du ilhun-nabarrean,
Ni ere itzultzen naiz omore onean.
Bazterreri ongi behaturik mintzo da orai Marie:
MARIEK: Holatxet, hor, Ama Birjina maitearen oinetan, uste dut arras ongi izanen naizen, itzalpean. (Kopeta xukatzen du esku batez.) Bero, bat ari du! Fuu!
Nere ardiak ametz bakar horien azpian, xiloz xilo badoazi, itzal pitta bat atxeman beharrez, hek ere. Bainan arratsalde aphalean atherako dire hautako aire goxorat.
Eta arte huntan, gaizkixe izanen dire Goixbiden! Behako bat emanen ahalko diotet noizetik noizera, hemendik beretik. (Xakur erausi bat...) Eta bertzalde, nahiz otsoek toki hauk hustuak dituzten aspaldi huntan, gure xakur onaren menturan utziak ditut.
(Ama Birjinari behatzen dio.) Agur Ama! Hemen naiz ni berriz ere, nere lanean ongi hasi gabe, zuri agurño baten erraiterat ethorria. Lagunt nezazu, othoi nere behar ordu guzietan eta begira gal-bide guzietarik.
Belhaunikatzen da, eta ahapetik othoitzean egoiten, Agur Maria baten heina. Eta gero, galtzerdiak eskuetan, xutitzen da, eta jartzen berehala, ezti eztia kantatzen duela:
Ama Birjina Maitea,
Zeruetako Athea,
Parabisuko Lorea,
Zu zare Ama gurea!
Bego ura arrainari,
Desertuak lehoinari,
Hegaztinari airea.
Zu ama zaude, gurea!
II
MARIE, MIKAELA. Hainbertzenarekin, eskuinetik heldu, agertzen da Mikaela, modan emana, maska edo mamu bat bezala.
MIKAELAK: Zer ari zare hor, orai ere, iduri eta saindu? Jainkoaz baizik ez hartua, zu? Nork zer erranen duen zutaz?
Ori, ez dute jendeek zutaz gaizki hirri egiten! Bazinaki ongi!... Utzkizu bada enuxenkeria horiek guziak, eta zure gaztetasuna iragan, nik bezala, jostetetan, saltoka eta dantzan!
MARIEK: Nork zer erranen duen nitaz?... Ez nuen bada uste nehor handirik bazitekela nere ikusteko, Goix-bideko borda zaharraren aldean!...
Eta bertzalde, nere debozioneak ez dio, nik uste, kalterik egiten nihori. Jendeak hirri egin dezan? Zer zaut niri, Ama maite hunek (Ama Birjina erakusten dio paretan.) begi onez behatzen balinbadaut, eta bihotza bakean balinbadut?
MIKAELAK: Ha! ha! ha!... Ori, egon ongi! Banoa ni, hauzoko phesta horietara, ederkixko dantzan hartzera; gaur ikusiko nor helduko den hobeki, zu othoitzean arizanik, ala ni dantzan jostaturik!...
MARIEK: Baditake gaur ni baino hobeki helduko zaren, hola eginik... Bainan bihar?... Bihar ageriko Jainkoaren aintzinean, zure dantzak ala nere othoitzak baliatuko diren hobekienik!...
MIKAELAK: Ha! ha! ha! Serora joaiteko on zare ja segurki. (Hola Mikaela mintzo delarik, eskuineko ezkinan agertzen da Goaña.) Egon ongi, itxura-mundu! (Eta badoa Mikaela.)
III
GOAÑAK: Zer zioen perreka horrek? Itxura mundu? Eta hori zer da? Mundu itxura, ori! Zer zion oraino? Ah! bai! Serora joan behar? Bethi hori dute? On izaitea aski du neskatxa batek, serora joan behar duela entzuteko. Ez da oraikoa! Onak oro serora beraz?... Hori bezalako trasterik baizik ez behar gure herrietan, gure Eskual-Herrian? Mikaela bezalako petrailik baizik ez balitz bazterretan, pullita liteke mundua, behin bederen! Ha! ha! ha!
MARIEK: Ba, ori, bego, dohala bere bidean! Bihar eta gaur ere, horrek ez bezalako goxoa dukegu bihotzean. Gure amatxik ez du beltzuririk eginen, galtzerdi hauk (erakusten ditu) emanen diozkatalarik... Atsegin bat izanen du!
GOAÑAK: Ez gutiago gure amak! Mafrundi tzar batekin baitabila aspaldian, nere buruarekin egin dut, zure ganat behar nintzela ethorri, trikota beltx hunen ahal bezen laster akhabatzera; nere ama gaixoa bero bero egonen da, hola, hunen barnean.
MARIEK: Ba, hola behar ginuke bethi gure xaharrekin! Ez ditugu aski maitatzen, gauza hauskorño batzu bezala behar ginuzkelarik bethi artatu! Halako goxoa lukete, hek ere, beren bihotz gaixoetan!
GOAÑAK: Hala hala da hori! Gure ama, ez delarik bada mainazu hetarik, barda ikusi dut hain hunkitu-harrotua egiazki! Bere mafrundiarekin, sukar puxka bat saltaturik, ohera joana zen. Ereman diot sendagailu zerbait, eta, harek ni haurrean bezala, nik hura forratu pulliki eta pulliki; eta gero, bi musu eman diozkat bere matela gorriño hetan... Ikusi bazinu haren loria! Badut uste nigar bat ere eskapatu zaion...
MARIEK: Sinhetsiko zaitut, Goaña. Hormatzen hasiak ere direlakotz, gure xaharreri iduritzen zaiote poxolu eta traba direla orori; beldurño batekin bizi dire, gaixoak!... Balakite ongi zonbat maite ditugun!
GOAÑAK: Gure bihotzak bezala, Jainko legeak ez othe dauku hori manatzen? Eta, hoin maiz hartzen dugun ostia sainduko Jesusek ez othe zituen Ama-Birjina eta San Joseph goxoki mainatzen!
MARIEK: Ederki diozu. Hetaz holatxet mintzo garela, goazen gure lanean; mihiak, bihotza eta eskuak, oro betan. Bardin, ardiak hortxet berean ditugu, mazela xoko hortan, Xurikok ongi zaintzen dituela, bati asiki, bertzeari xanpa eta orroa, urrunegi doazilarik...
(Hainbertzenarekin, Xuriko entzuten da erausika, eta saminki.) Ori, huna non ari den xanpaka... Zer othe du oraikoan, hola kexaturik? Xutitu eta zoaz ikustera, Goaña!
Goaña badoa; pitta bat beiratu eta ezkerreko aldean, heldu da kuxean.
GOAÑAK: Mikaela heldu zauku gibelerat, Kamelua deithua dugun andre kaskoin, dakizun harekin... Nork othe daki ongi nor eta zer den atso tzar hori?... Bi urthe badu hemen dela, goiz batez ethorria, hazilan beleak gure landetara bezala. Nondik eta zertara? Dena den, Mikaelak eta haren iduriko bertze zonbaitek ados egin dute laster sorgin tzar horrekin...
MARIEK: Ez zauzkit batre gustatzen batzu ez bertzeak; goazen gure ardietara, edo bederen, berro horren gibelean eman gaiten. Ikusiko bederen ez gaituzte horrela. Zerbait da hori ere, mokokan artzeko orde, ostixon bezala...
Ezker, gaineko aldetik, badoazi biak gordetzera.
IV
Kamelua eta Mikaela heldu dira ezkerretik, aintzineko aldetik, gordagiatik hurbil.
MIKAELA, KAMELUA
Kamelua kaskoin-eskuara batean mintzatuko da.
KAMELUAK: Mikaela, hi ez dela kontent, gibelerat nik ekarrarazirik. Bainan ez dela hik penarik izan behar. Fite libro izanen dela hi. Ni joan behar poztara, zoza anitz altxatzera. Berehala joanen eta jinen biak, eta gero hementxet, leku goxoa, bi hitz erranen dela nik hiri, hiri bakarrik; ez bertzeri hiri bakarrik, hi maite delakotz nik. Azpaldi hi nahi nik hola bakarrik ikuzi...
MIKAELAK: Ikuzi? Zer naiz bada zikina?
KAMELUAK: Bo! Erran nahi zela nik mintzatu, Mikaela, eta ez dela hik trufatu behar hola nitaz!
Badoazi aintzinat, eskuin, eta Marie eta Goaña agertzen dira ezkerretik.
V
MARIE, GOAÑA
GOAÑAK: Aditu duzu?... Zer suertea, solas hoik entzun baititugu, eta batre ez ginuelarik uste! Ez da segurki debalde izanen, gu hola hemen baiginen... Behar dugu jakin, eta jakinen ere dugu zalu, Kameluak zertako balakatzen dituen Mikaela eta haren kideko neskatxa gazteak.
Banoa gure lagunen bilha. Margaita, Josepa, Pantxika Gaxina, Maixiki eta bertzeak ethorriko dira lasterrez, eta ikusiko dugu... ikusi behar ginuena. Jainkoak ekarri gaitu gaur hunara.
Badoa Goaña, eta Marie bakarrik gelditzen da bultaño batez.
VI
MARIEK (Xutik:) Bai, zoaz, zoaz, Goaña maitea. Bolbora bezen bizia zare bethitik. Bainan hala, hala, zer bihotz ona, eta zer berthutea! Zu bezalako hainitz behar liteke bazterretan, uzkur direnen sustatzeko, on bainan ahul direneri su-emaiteko.
Bai behar dugu jakin zer duen golkoan gure Kameluak. Mikaela eta bertzeak ez dira baitezpada tzarrak, bainan bai enuxentak. Zuzenez segurki erraiten da holako horietaz, direla pika-buztanak, ezen Kameluak derabilzka, haizeak pikaren buztana derabilkan bezen errexki. Bakharrik, haizea ez da hobendun, Jainkoak manatua egiten baitu harek... Bainan, Kamelua eta mundu zabaleko bertze Kameluak ez othe dira, hek, hobendun? Jainkoak manatua egiten othe dute horiek ere?...
Ama Birjinaren gana itzultzen da Marie, eta:
O Ama ona, ez dakit zerentzat, bainan holako beldur bat bezala sumatzen dut hor. (Bihotzean.) Erho bat bezala, saltoka, punpaka ari zaut bihotza. Bainan, zu hor zaitugu, gure laguntzeko. O, ba, lagunt gaitzatzu, egun ere, gure bertze behar-ordu guzietan bezala!...
Bainan, huna, nere ustez, gure lagun onetarik zonbaitño bederen. Zoinen goxo egiazki lagun onen izaitea! Eta zer ongia egin dezaketen elgarri, Goaña bezalako neskatxa multzo batek!
Hemen trumilka sartzen dira eta gorrituak, hatsak-hantuak, Goaña, Margarita, Josepa, Pantxika, Gaxina, Maixiki eta bertzeak. Oro lehenagoko neskatxa Eskualdunen soin pullitetan emanak dira, burutik eta oinetaraino.
VII
MARIE, GOAÑA eta BERTZEAK
GOAÑAK: Hean zer duen golkoan gure Kameluak? Jakiten ez den sekreturik ez omen da lur huntan. Hean, hean!
MARGAITAK: Zer lasterrak egin ditugun! Ufa!
JOSEPAK: Nik segurik hatsik ez nezaken gehiago!
PANTXIKAK: Eta nik, gaixoa!
GAIXNAK: Beharrik aintzindu baititugu!
MAIXIKIK: Ba, bainan ez dut uste luze igurikatuko dugun, ezen, bertze bidetik heldu, harek gu ikusi gabe, ikusia dugu Kamelua, bere lekaioarekin heldu hura ere.
GOAÑAK: (Ama Birjinaren gana itzultzen da eta:) Zaude deskantsu, Ama Birjina maitea. Zuk laguntzen balinbagaitutzu, ez dugu zeren beldurti...
Eskuineko alderat behatzen du Goañak, zango puntten gainean, erhi bat ezpainen gainean, eskuaz, ixil ditezen manatzen diotela bertzeri, eta erdi ahapetik:
Huna gure debrusa! zalu goazen gordetzera!
Badoazi oro ezker, berroa han balitz bezala.
VIII
KAMELUA eta MIKAELA
KAMELUAK: Horra gu helduak dela, Mikaela. Oi, zer pitarra! (Mikaela hirriz hasirik, ohartzen da Kamelua gaizki erran duela hitz hori.) Nik erran nahi zela petarra, hotz! Ez dela nik Ezkualdunen bulharrak, eta hatz'hantua dela ni, pegar hunen, erran nahi zela petar hunen gainera heldurik!... Atx! Hai! Ezkualdunen mintzaira hartu dela nik, eta untza! Bainan ez Ezkualdunen indarra! Utzi ni hatzaren hartzera, Mikaela, eta gero, ori, hortxet Ama-Birzina horren ondoan untza izanen biak, nik hiri erraiteko ixtorio pullitak. Ama-Birzinak entzuten tiela oro, deuz pagatu gabe. (Hirri maltzur bat eskapatzen zaio:) He, he, he!
MIKAELAK: Behazu! ez zaut batre laket Ama-Birjinaz hola zu mintza zaiten... Ez naiz debota, segurki, bainan utzazu Ama-Birjina, hartaz burlatu gabe...
KAMELUAK: Haurra! Ergela dela hi! Mintzo dela, aphezek erranak egiak balire bezala; bertze mundu bat baliz bezala, Jezuzekin, Ama-Birzinarekin eta zainduekin!
MIKAELAK: Eta bertze mundu hori baliz gero?
KAMELUAK: Nor ikuzi dela zekulan, handik heldu, zerua badela eta ifernua erraitera?
MIKAELAK: Bainan, hala hala, nor ethorri da sekulan, han, bertzalde hartan, deusere ez dela erraitera? Eta orduan? Balitz zerbait?... O! ikare batek hartzen nau, hortaz gogoetatu eta!
KAMELUAK: Ez gogoeta, te...! Nik bezala egin: ongi jan, ongi edan, jozta, eta egun batez leher egin!
MIKAELAK: Bai, xakurrak bezala...
KAMELUAK: Zertako ez? Ez ditazkela bardin oro izan! Edo hau, edo hura. Batzuek —ergelak— hura nahiago dutela, guk hau... Horra guzia; hortan dela.
MIKAELAK: Izitzen nauzu!
KAMELUAK: Ez izi, te, batere! Nik emanen dela zueri zer nahi, zer nahi, pheztak, liburuak, kazetak, moda ederrak, zoza ere eta urhea oraino, ez papera zikina. Zuek ez dela oraino azki... —nola erranen nik?— ez oraino azki jozteta maite; zuek zobera Ezkualdunak egoiten! Ez azki kopetatuak, ez azki parparoak edo papoak ageri; ez azki Mari-mutikoak, ez azki irakurtzen nere liburuak eta kazetak; zuek ez azki jakinak, zobera goiz itzultzen atzetan dantzetarik eta... Nere nauziek hori errepikatzen dela batzuetan, eta gaizkitzen dela ni!
MIKAELAK: Zure nausiek?
KAMELUAK: Te! guziek baduela nauziak, mundu huntan! Nereak han dire Parizen, aberatzak, puxantak. Eta hek ere badutela gero nauzi bat, nauzien nauzia, han nunbait, lurrean edo... nunbait.
MIKAELAK: Bainan, zer bilhatzen duzue bada, gisa hortan?
KAMELUAK: Zer bilhatzen? Bainan, zuen argitzea! Gaizkia ez dakienak zer daki?... Zer bilhatzen? Bainan gaizkirako bidearen zueri erakuztea. (Erotzen bezala da Kamelua; urrunegi doala eta Mikaela, begiak zabal, harritua dagola ohartu ere gabe, aintzina derasa:) Gaizkiaren egitea, zer loria! Handiagorik othe dela munduan? Arraza garbi, hazkar baten arthikitzea, hori ez dela deuzik?... Eskualdunak garbi, hazkar egoiten, beren ezkuara mintzaira madarikatuaren gatik, beren fede eta kazko gogorren gatik! Heien, azpitik, harrotzea, heien zikintzea... hori dela hori loria, Mikaela!
Arraza garbiak arthikiz, ene nauziak eta ni... bethi nauzi izanen dela. Bertzenaz, ez gehiago nauzi, akabo litekela gu zekulakotz... Eta orduan, nauziek igortzen dela niri zoza burruztaka, eta nik biltzen dela jendea; nik ahutaraka, botatzen dela kazeta, liburu, moda, dantza, gauazko dantza bereziki, zoza ere ba eta zer nahi... Ezkualdunen argitzeko.
Ba, Mikaela, zuk mintzaira Ezkualduna jakin dela, eta zuk lagunduko dela ni, eta Mikaela aberatza izanen dela, xapelak eta oroikin...
O Mikaela, loria zenditzen dela nik bihotzean! Fuera elizak, fuera aphezak, familia eta etxe oneztak! Biba urhea, biba plazerak! Biba libertatea eta mundutarrak!
Mikaela harritua dago; gibelerat egiten du ja, Kameluaren begi zorrotz izigarriak ikusirik... Ordu berean asaldura handi bat, oihu bortitz batzu entzuten dire, eta neskatxa gazte on guziak furian sartzen dire, goosti aldaska bana eskuan:
IX
ORAI ARTERAINOKO GUZIAK
Kuku! kuku Kamelua! kuku, anda, arraza arthikitzaileak! Kuku debrusa guziak! Hu! hu! hu! Anda ere horiek enganatuak, gu ganat itzuli ditezken artean! Ahalkea heieri!
Biba Eskualdunak! Khanpo gu zikindu nahi gaituzten arrotzak! (Eta goostia ukaldika igortzen dituzte Kamelua eta Mikaela, mututuak biak; bat herra bihotzian, ahalke gorritua bertzea.)
X
ORO, SALBU KAMELUA ETA MIKAELA
GOAÑA: (Ama Birjinaren alderat itzulirik:) Ororen izenean milesker Ama! Zure gogorako izan othe gira? Barka diezaguzu, soberaxko xixtatu balinbaditugu... Ardi errebelatua bezala itzuliko daukuzu Mikaela, eta bertzea... dohala bere Nauzien ganat!
Guziak emaiten dire kantaz, Uholde baten pare kantuaren airean:
Lehengo Fede hura berriz pitz dakigun.
O Fededunen Ama, zuk gaitzazu lagun!
Bai Eskualdunek hemen hitzeman dezagun
Bethi zinez izanen garela fededun!
Bai Eskualdunek, hemen,
Hitzeman dezagun
Bethi zinez izanen
Garela fededun!
MARIEK: Eta orai, bozkarioa bihotzean, josta gaiten ongi, othoitzean bezala, dakigulakotz ere elgarrekin ederki deskantsatzen...
Eta oro emaiten dire, erhiez zirtaka, tokian berean dantzatzen, hau pulliki kantatuz:
Haurrak, ikasazue, eskuaraz mintzatzen,
Ikas pilotan eta onheski dantzatzen...
tra la, la, la la ra, la la la, la ra ra, etc.
Bertz'orduz bazen beraz bele bat zaharra,
Hegal bat zuen luze, bertzea laburra,
Hegalño hau ez baliz izan hoinen xarra,
Kondera izanen zen luzeago, haurra!
Tra, la la, la la la, la la la...!
JOSEPAK: Atx! nik segurik baduket aski hola!
GUZIEK: Guk ere, gure ustez! Ufa!
MARIEK: Hots, goazen beraz, zuek zuen etxetara, eta ni nere ardietara, eta gero:
Ardiak eta artzainak,
Gauden oro... Eskualdunak!
Orok agur egiten diote aditzaileeri, eta badoazi gero, beren goostiak eskuetan, kantuz ari oraino:
Tra la la, la la la, la la la, la ra ra!...
|
|