www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azti-begia eta beste izkribu zenbait
Agosti Xaho
1834-1852

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azti-begia eta beste izkribu zenbait, Agosti Chaho (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

V

Aphez bati arrapostu

 

        Irakurtu ukhen dit, Parisen berin, Internacionalin, gure kontre izkiribatu duzun letera ezinago-luzia, eta ezagutu dit mementin, zu zinela jaon aphez bat, sorthia Petharrin, Maule khantin, gaizki eskolatia Baionako hirin, doktor handi ignoranten artin, ignorant-urguilutsu-bat funtsin; ezagun beita zure lumati nunko ziren, nur ziren eta zer ziren: eta berantiago gabe nahi deizut igorri bi hitz arrapostu, hobekienik dakidan Basaburuko uskara eijerrin, bena ez zurin.

        Eta badakizia zer diferentzia den aphez baten eta gaseta egile baten artian? Diferentzia hau duzu, nurk-nahik bunet karratia kofiatzen ahal beitu, eta den astorik handieneti aphezkupiak aphez bat egin ahal beitiro: aldiz, ezpeita posible, zerbait talentu, eskola eta ezpiritu gabe, Frantziako argi handi huntan, libru eta gaseta publikatzia.

        Hiruretan-hogei mendez, sei mila urthez, Iberia-Espainako Uskaldun eta Cantabre zaharrek eztizie ukhen aphezik, nahi bada ziren errelijione handitako, Jinkuaren adorazale, nazione fidel bat.

        Hirur mila urthez, gezurrak eta jinko-falsiek ukhen ditizie mundu huntan bere elizak eta aphezak.

        Haien erdarati jiten zaizie zien izena, aphez, abbas, abbé, hori erran nahi beita Aita; eta ber gisan Errumako Aita-Saintia erdaraz deitzen dizugu Pape, Papa.

        Eztuzu nahi ukhen sinatu zure letera inpertinent errabiatia. Hala-hala, izen gabe diren haurrak dutuzu bastart edo aphez-seme.

        Erran duzu, lehenik frantsesez, Internacional, Filipe erregezenaren gaseta zikhinian, Uskal-herriko lehen gaseta numerua, burutik galdu, presumitu, urguilutsu eta intenzione gaixtoko gizon erho gainti eli batez eginik izan zela.

        Hola dutuzia, bestiagorik gabe, tratatzen populiaren eta laborari-gaxuaren adixkidiak? Erradazut, othoi, erraiteko hun bazira egiteko bezala, zer egin duzun zuk, orai-artino, laborariaren eta populiaren althe, elhez edo obraz, haien zorthe tristiaren irusago errendatzeko. Eta zu ziradia fedezko gizona? Eztuzia irakurri Ebangeliuan, mehatxu izigarri bat, bere aurhidia eta anaia erho (Raca) deituko diana, ifernuko suiala kondenaturik izanen dela?

        Hori deia, zure aldetik, gure eretzian, aphez saintu baten aitatarzuna, khiristi baten karitatia, aurhide hun baten amuriua eta legia? Erran baizik eztuzu gu girela ainguru errebelak, Infernuti ihessi eginak Uskal-herriaren galtzeko. Inkisizioneko tribunal garratza photerian balitz orano, zu zinate apheza gure bizirik erra-erazteko kapablia. Obrak erakats itzazu guk beno barnago duzula Uskal-herria bihotzian, haren zuzenak eta uhuria phensamentian. Seme hun batek bere ama maite dian bezala, gizon gazte batek bere bihotzeko izar-lilia maithatzen eta laidatzen dian bezala, nik Uskal-herri maitia dizut eraiki, lorifikatu eta laidatu. Uropako populien artian, sekula Uskaldunek egin etzian bezala. Zietarik nurk emanen dutu aprobak, nik gezurrik erran dudala, edo ene erranetan trunpatu nizala? Ni nuzu gizon bat, ezko khandera bat argi emanez hurtzen eta konsumitzen den bezala, bere odola eta bizia galdu eta khetan igorri dutiana, hogei urthe huntan, argi emaiteko, egiaren erakusteko gizonen artian. Nur zira zu, eta nun da zure eskia ene gisa hortan mintzatzeko? Ala ez othe zinate zihaur, erran duzun Ifernuko ainguru beltza?

        Kattalin eta Pethe diozu! Bego Kattalin suthondo zokhuan uruten ari-dela zarran-farran, edo lo-kurrunka, hautsian nahasirik, aphez zunbaiten gelhari gei. Bego Pethe zuzulian tutulu, zure ideaz aski sabant, orentthuak badakitzalakkoz, Pater, Ave, eta Credo, Deprofundis-areki. Arte hortan Uropako nazione guziak argi bite, bere zuzenak fermoki baliatuz, bere bandera zaharrak edo berriak goraki altxatuz. Ekosesak, bere mendietan, laborari edo artzain, irakurten dizu egun-oroz, ez-solamente bere herriko gaseta bena bai ere Angleterrakoa: musikan trebe, lati hortan ere bai, Uskal-herriko hanitx aphez beno hobeki: Alemanietako lahoraria hala-hala; aisetarzunian bizi beitira; Uskal-herriko laborari gaxuak diren bezala, lanez phorrokaturik, phetxaz eta legarrez leherturik, zorrek janik ezpeitira. Eta nun da, mundian, Irlandesetarik kanpo, gure Uskaldun gaxuak beno jente ignorantagorik? Txaz nazione aberats, gerlari, famatu bat, eta orai ezdeus, Franziaren eta Espainaren sankhapetan. Nurk kausatu du gure ulhunpe eta miseria, leze banna huntara erortia? Erregetiarrek, Aphezek.

        Bakhotxak bere ofizio: apheza elizan, redaktorea bere gasetan. Etzitiala okupa gure mundu huntako aferez, nahi ezpaduzu zure beste munduko eta Errelijioneko sinhestiaz okupa gitian. Gaseta egile jalkhitzen bazira, ni pheredikari bilha nitezu, eta beharbada, nur nahik bezain untsa erran diokezut nun den Ifernia, nun den Pharadusia. Nigarretan, gosiareki, ignorantzian bizitzia net triste khausitzen dit, eta geruaren esparantxak enizu eski kunsolatzen emuts eta populu xehiaren izate tristiaz. Beste bizibat uguriki gabe, nahi nitikezu mundu huntan berian punitu eta gaztigatu uhuin txipiak bezain untza handienak, puxant-urguilutsiak, lurreko tirano guziak. Dudarik eztuzu, hanitxentzat, mundu hau Ifernu bat eta Purgatorio bat bezala dela; nik aldiz mundu-huntan nahi nikezu ikhusi gizonen artian egiazko aurhidetarzun bat, justizia bardin bat, libertate perfeit bat, irusitate eder bat, bi hitzez erraitera, Jinkuaren legia, Jinkuaren argia.

        Ipoteka zorren arraxataz erran duzuna, Errepublikak paseiura igor litiuala zor dun gaxuak, hori duzu zuk erran ignorant baten elhe thorpia; eta Atharraztarrek buria arhintto diela beitirozu, nik legez, zuri erraiten deizut huntz baten buria eta begiak dutuzula, buru phezu bat, egunaz argia ikhusten eztien begi eli bat. Badakizu edo eztakizu, Franziako lurra hamalau miliart ipotekaz, eta Uskal-herria hanitx miliu zonez kargaturik dela. Zor hori edo pharte bat paper muneda batez gobemamentiak phaka ahal lirozu presentian; eta nula lurraren baliuak errespundi beliro paper horren abantziaz, inkonbenientik elukezu, salbu eta beldurra, asinaten denboran bezala, paper sobera eta paper falsu eginez, asinat herri honek gal-lezan bere hatsarreko baliua, hori belizate aberatsen praubetze bat. Mundu huntako aferez hobeki errenseinatia bazina, nahi bazunu egia erran edo jakin, bostehun gasetatan berere ikhusi zunukian oraikoz kestione horren debadiua: pharadusia-pharadusu, ezpeita txipi ipoteka, legar eta phetxa hoiek inportatzen dien intres ikharagarria.

        Eta erranen deizut beste arrasu bat: orai-artinoko sistemak ireiten badu luzaz, Gobernamentiak edo norbaitek ezpalin badu gure eritarzunaren erremedio edireiten, laborarien aldeti izanen dela erreboilta gaitzik, Parisek sekula egin eztian, bezalakorik. Eta Jinkuak detsala Erregetiar traidore hoiek profeita eztitian, berek erakharri dien estatu miserable hunez, berriz populiaren inganatzeko. Jerusalemeko profetak oihu egiten zian bezala, oihu egiten du Arielek:

 

        Kunberti bite lurreko tiranuak, abarizius urguilutsiak, eztii bite bihotz-gogorrak; edo berriz jeitsi behar duke lurriala. Jinkuaren ainguru gerlariak, berriz izanen da gaixtuen artian gizon-ephaile eta odol-ixurte izigarri bat.

        Jinko Jaona! ukhazu pietate zure populu triste hunez, eta eman izaguzu, zure eta gure, barneko eta kanpotiko etsai ororen bentzitzeko indarra!

 

Ariel, 1848-VII-25

 

aurrekoa hurrengoa