Amerikatik osaba Jose Bernardori biralduak, oraiñ dala bost urte
Milla zortzireun larogei eta
bederatziya da aurten;
orra ogei ta amabi urtek
nola arrapatu nauten,
ni Illbeltzaren ogeita seian
Errosariyo Santa Fen:
nere osaba barkatu bizait
ixilik egon banaiz len.
Zer kontatuba pranko badaukat
ondo esango banitu;
bañan guztiyak karta batian
eziñ litezke kabitu;
sekulan ez naiz oraiñ aldiyan
beziñ nastuba arkitu;
Joxe Leoni galde bizaio
notizi denak ark ditu.
Ai, zer ote da goitikan beera
gizona beiñ amiltzia!
Beñere ez naiz arrua izan,
bañan au da umiltzia
ez nuben uste bazeikiala
gaizkiyago ibiltzia;
azken aldera errematxatu
zait len nedukan iltzia.
Rosario-tik Córdoba-raño
Joxe anaiarengana
joan ta, izan naiz lau illabetez,
bizi naiak eramana;
osasuna ta esperantza zan
aruntzian neramana;
oso estutik eskapatu naiz
iya galdu nuben dana:
Nola aparte bizitu giñan
biyok denbora luzian
ai! ura gure eziñ asia
elkargana bildutzian;
Joxek etzuben itzik somatzen
nik lepotik eldutzian;
orduban etzan poza besterik
lengo penak galdu ziran.
Zegon tokira ni joan baño len
irten zitzaidan bidera
burnibideko estaziyuan
izan zan gure billera;
alkar topo an egiñ genduben
ura gora ta ni beera;
etzait aztuko bañan nol'esan
gau artako ibillera.
Guk ere anbat izan gintzake
geren alderdi flakuak:
bañan senide guztiyak gera
elkarrentzat alakuak:
Josek botatzen zituben pozez
ginga añako malkuak;
maite nola ez izan anaiak
ura dan bezelakuak.
Bañan luzatu etzezakian
gau artako umoriak;
urruti zeuden aita Juan Pello
eta gure senidiak;
beti bezela maite ditugun
aide ta adiskidiak;
au pentsatzian illundu ziran
gure pozaren biriak.
Bakarrik ez dan siñalia da
pena bat agertutzia;
andikan laxter sortu zitzaidan
gaitz bat txarra ta luzia:
asko du jakiñ nai dubenian
pasa detan gurutzia,
Joxe Leoni biraltzeiotan
papera irakurtzia.
Nunbait betiko erori ez ta
noizbait jarri nintzan txutik;
bañan biziro gaizki nebillen
burutik eta petxutik;
Mikelak eta Juan Marik gero
deitu ziraten etxetik:
Errosarion sendatu naute
an sortutako gaitzetik.
Zizurkildikan Madrilla aña
bide gutxi gora-bera
ni engañatzen ez banaiz dago
Cordobatikan onera:
anaia Joxek lagundu ziran
kotxiarekiñ trenera
anparo billa etorri nediñ
nerien aldamenera.
Penaz bete ta pozaren billa
etorri nintzan aruntztik;
nere arrebak zer esan ziran
goguan daukat geroztik:
—Berso ederrak, ordañen truka,
osabak biraltzen dizkik,
oien bueltak jarri biaituk
denak aitu ez bazaizkik.
—Txit artakotzat artzen natxion
osabak bere noblezan
eta sentitzen deran guztiya
nik etzekiñat nol'esan;
bañan zedozer jarriko diñat
seguru idukiezan,
borondatia falta zaidanik
iñork sinistu ez dezan.
Iduritutzen zaidan batzubek
duda badabilkitela
ikusirikan nik aiei aña
kaso egiten diratela;
bañan ixilik egonagatik
ik ondo dakiñ, Mikela,
guk nai diyegun baño geiago
eziñ nai izan leikala.
Beron gañian izaten dira
gure izketa geienak:
nola ez ditu maiz aipatuko
onenbeste nai diyenak!
Guretzat oraiñ aundiyak dira
orko gauzik txikiyenak.
Au esaten det jakiñ dezaten
lenago etzekitenak.
Lenago anbat aiñtzat artzen ez
ginduzen gauza guziyak,
aiñbesteraño edertzen ditu
oraiñ eziñ ikusiyak:
Euskal-erriko mendita zelai
ibai arkaitz ta sasiyak,
beñere eziñ aztu litzake
aien tartian aziyak.
Gu geienian gabiltza emen
esna ere ametsetan,
beti pentsatzen berengan eta
Euskal-erriko gauzetan
askok diyonez bizi gerade
txit toki aberatsetan,
bañan ez dago Donostiya-rik
gure lurrian bestetan.
Ameriketan ikusten ditut
zenbait euskaldun «andaré»
bizi diranak beren lurrari
aitormenik eman gabe...;
bañan ez dute ezagutzen, ta
oielk barkatubak daure.
Nik Donostiya eskatuko det
Paraiso-ra, joanta ere.
Euskal-lurreko lore-baratza
Zeruko intzez bustiya
beste izar ta argi guztiyak
itzaltzeko eguzkiya;
zure berdiñik iñun ez dezun
biyotzeko Donostiya...
Nork du mingaña zu gortitzeko
merezi dezun guztiya!
Donostiyako Ziudadia,
Irutxulo-ko uriya;
Etxian zuben perlik onena
Jainkuari ixuriya
zartzen diranen alaitzallia
gazte guztiyen nobiya;
Zeruba zer dan ez dakit, bañan,
zu zera nere gloriya.
Urruti zaude eta zalla da
ni zugana irixtia;
onenbeste nai dizun batentzat
zer bizimodu tristia!
Alaipire bat bakarra daukat:
ametsetan sinistia;
Zu ikusteko noiznai asko det
nere begiyak ixtia.
Nere osaba Joxe Bernardo
iritxi naiz ontaraño
ta ixiltzera nua, zer esan
asko badaruzkat baño.
Gure berriyak zabaldu bitza
derizkiyon lekuraño
esanaz bere illoba dala
Pedro Maria Otaño.
|