|
XX. AZKENENGO ALBISTEAK
Garoa bukatu da.
Nere irakurgaia esan nai det, bada mendietako garo landarea bizi da oraindik eta mendiak dirauten artean iraungo du.
Eztio ajola egi ta egal guztiak iritariz moztuarren. Sustraia gelditu ezkero, garoa egon dan tokian berriz ere garoa dator. Ai orrela euskalduna zan lekuan euskalduna jaioko balitz, siñistetsuaren lurrean siñistetsua erne, Zabaletan bezela!
An bai garoa ezko, iori ta usaitsu! Zabaletako baserrian euskalduntasuna oso lenean daukate, lenean ta berean; arlo, izkera, oitura ta jarraipide guztietan.
Aitona ilzala bi urte badira, baño Joanesen anima bere alderdi ta ondorengoetan bizi dala deritzot.
Jose Ramonek, azal ta barru, aitaren itxura ta egokierak dauzka. Burua zuri ta mintzoa garbi, gorputza lerden ta gogoa zuzen, bein baño ere azkarrago, zarrago ta obeago, Joanes bigarrentzat artu dezakegu Bera da orain etxeko jauna; berak agintzen du non zer lan egin; berak igotzen du Urbiara antziñetako bide ziorretatik zear; berak bedeinkatzen du maia, baserrian badago; berak erakusten du Jaungoikoaren bildurra oñordekoen artean.
Artalde andien jabe da, moxalak txito ugaldu zaizko; ukulluan nai aña ele gordetzen ditu, ganbaran bear aña ta geiago ala, ate aurrean ta ellor barruan ainbeste garo ta iñaurkin.
Jose Ramonen mendeko guztiak, gure asaben bideari jarraika, Jaunaren aginduetan pozkiro dabiltz. Pake osoa dago Zabaletan: pakea, ogia, osasun ederra.
Ala ere, baserri artara dijoazenak ikusi dezakete andretxo igar zimur bat, garo legorra baño igar ta zimurragoa, ezpañak egundo bitu eziñik, itza ta otoitza dariola, seme ta illobai agirika edo aspaldiko seaska ondoan ereslari: Ana Josepa da. Bai, sarri entzuten dira Zabaletan amona biziaren zital-itxurako esakerak, batari ta besteari oska, Aita gure-Ave Maria edonundik urratuaz:... ta bedeinkatua da zure sabeleko frutua Jesus. Mutil, abar batzuek bituitzak, alperrerian egon gabe. Non ago baña, beti lanetik igesi? ... erregutu ezazu gu pekatariokatik... Neska, olioa ekarri zan, lapikoari begiratuion... orain eta gure eriotzako orduan... Esneak erre usaia zeukan... Gloria Patri Pillio Espirituri Santo... Orea egiten eztakizute. Bai gatz gutxiko emakumeak! Maratzagoak izan gera gure egunetan... Sicut erat in principio... Anitzez sumatu oida, sukalde bazterrean, amabisabaren edesiketa dardarazkoaz, Kataliñek lenago antolatua bera:
Seaska zarrak aur berria du
Zeruetatik jetxia,
Aingerutxoak ekarri dute
Ezur t'aragiz jantzia.
Jaunak eman dit neretzako ta
Nerea det nik Madalen.
Maite kutuna, ezaidazala
Jaun zerukoak berriz ken.
Zeñen aurra du seaskan? Manuelena. Irakurleak eztaki: Manuel Etxenausiko Isabelekin ezkondu zan, Isabelek neskato gizen sendo bat eman zion, ta Malentxo dasaiote umeari Bidaurretako izebaren oroimenean Malentxo bigarrena da Zabaletako jostallua. Pitxitxo ta maitetxo, pa neri ta ma orri, gure poxpolin ta gure krabelin, goazen apapa ta jarri apatx, gazteakandik zarrakana, lurretik musura, seaskatik besoetara, aide guztiak jan bearrean darabilte aurtxoa.
Zoritsu dira beraz gure ezagunok? Zabaletan bai; obeto ezin.
Galizitik datorzkiote nolabaiteko berriak. Luzaroetan ezer jakin ez ta gero, orain oraintsu izan zituenak Ana Josepari animako gandua kendu zioten, Jose Ramoni negar andiak eragin. «Nere anai maitea: —esaten zuan Juan Andresek— aspaldietan eztegu zuen albisterik, baña eroso izango zeratela deritzot. Gu ez, gu ezkaude ondo. Nere egunetan lan asko egin det eta diru asko irabazi ere bai, baño nere semeak geiago eralgi du. Eznuan ondo azi, bigunegia izandu naiz, ta ortik nere ondamena. Ikasten zegoalakoan, joko ta nagikerian igaro ditu egunak eta urteak, eta gaur, bizarrez oso jantzi danean, griñak ugari, diruak urri ta irabazteko gaitasunak auzoan Sendakin izatera ezta eldu, ogibiderik eztauka ezer, iñork eztu ikusi nai: neuk ere ez, gurasoa izanarren. Gutxitan dator nere ondora. uri batetik bestera dabil mitiñetan, berritxukerietan, naste guztietan, nagusi-morroien tarteko, gizonak eta erriak arautu bear dituala. Au ere bada ba! Beretzat aña izan ez ta besteak baño geiago dala uste; bere burua oker erabilli ta besteak zuzendu nai. Errukarria! Oraindik eztu bere itxumena ezagutzen, baño igarriko dio aurki. Asi zaio jazkerea, atze ta aurre, orpo ta idun, pobre de levita dala adierazten.
Benetan pobre nik emango diotanagatik... Oso erori gera. Juanito ta bere tajuko alper batzuek zirikatuta, iru edo lau aldiz, estuen nebillen orduan, bertanbera utzi naute langille guztiak, eta nere azkenengo txanponak deabruak eraman dizkit. Galera gaiztoak izan ditut, emengo lanak zearo gelditu dira, etxearen gañera geiegi atera det, andrea ere gaixorik daukat eta... larri larri nago.
Ara, lotsatzen naiz, baña... zerbaitean lagundu albazeinkide... millatxo bat peseta edo...
Eskutitz au irakurtzean, Zabaletako guztiak, Manuel aurrengo zala, Juanitogatik egundañokoak esan zituzten: «Orra prestutasunak! Orra jakituriak! Banekian nik ezagun zuan arrek, txotxolo andia, txitxare likitsa, pizti arroa, Junkeirotar burugabea, or konpon dedilla, ukalondoa jan dezala, adiskideak eman daiotela...» baño, azkenean, denak kupitsu, osabari laguntzekotan gelditu ziran.
—Bai, Azkarragakoakin bat eginda, lagundu egin bearko.
Azkarragakoakin? ... Izan ere, zer egin zuten Azkarragakoak? O! Azkarraga baserriak, bi urte auetan, izugarrizko aldaketea izan du. Ikustea baño eztago bide ta soro bazterretan txukuntasuna, etxeak daukan arpegi garbia, atari aurreko loreontziak, sukalde barruko urdai-lukainkak, geletan jarri dituen oe bigunak, leioetan dauden oial sareak, gizategirako erosi diran jarleku berriak, ispilluak, doneak eta pitxiak. Oroitzen da irakurlea nola erakutsi nion Pedro Migelen gizantza, ori, pekatsu, pipi zuloz, autsez ta amaraunez betea? Orain beste gauza bat ematen du. Egoki ta apaña, lengotik eskuz trebero berriztatua, urre lerroz iguraturik daukate, beste gauza polit batzuen erdian Eznuan asko uste garai batean! Igarle txarra ni. Nola ordea erosokeri oiek? Nondik orrelako altasunak? Itxaron gabeko lekutik. Joanes obiratu zan egunean bertan jakin zuten Pedro Migelen ilberria. Aberats ilzala ta bere ondasun guztiak Oñatiko aidientzat utzi zituala! Gizonaren zoria! Berriz ere jaiki orratik, berriz ere burua jaso. Zertarako baña? Onik onenean dana utzitzeko, ainbeste izerdiren saria iñori eskeintzeko, aideak ondo izan zitezen. Norberak lana ta besteak jana, norberak nekea ta besteak epea, norbera zamari ta ondorengoak zaldun... eskerrikasko esaten eztakitenak agian. Orrela oida.
Martiñi beintzat eskerrik ematea etzitzaion bururatu. Zeñi? Lurpean zegoanak etzuan eskerrik bear, ta etxekoai zer diete zor? Zegokiona kendu zien, azkar gero kendu ere. Donosti alderuntz iges egin zuan, ta or emen dakuste nasaikerietan kirastua, aragiaren era ta nai guztiak aseaz, osasuna ta dirua banatuaz, animarik ezpalu bezela, biotz gaiztoko, ao txarreko, zeru ta lurreko aginduen etsai Baño ez omen da orain lengo adiskidien adiskide. Dirua etzioten ba eskatu! Alperrai dirua! Erantzuera zorrotza bai, erderaz: el Nunsio que os de, lo mio para mí es y...
Mikalla ta Paula eskerdunak. Aiek apaindu zuten etxea, aiek osabaren gizantza egokitu, aiek, animaren alde, Mezak aterazi, otoitzak egin, elizkizunak eragin, opariak eskeñi...
Paula ezkongai aldago? Bai zera! Diruduna ezkongai? Ez gaurko egunean, senarrik nai badu. Euliak eztira ta gizonak txanponetara. Aberats ikusi orduko, mutil gazterik bikañenak abitu ziran Paulari jarraika, txurikeri labañak ixuriaz, maitasun zindoen itxurak erakutsiaz, ta baita ere Paula, gezur legunai jaramon gabe, asi zan... Joseren biotza alegiñean irabazten.
—Etorri zaitzu txandea —esan zion amak.
—Etorri zait. Bein edo bein!
—Oñatiko gizaseme guztiak zeureak dira.
—Ta ni batena izan, batena bakarrik.
—Begia zeñi bota diozu?
—Jose bear det.
—Iturraldekoa? Orain!!
—Iñoiz baño geiago. Len, besterik ezean nai niola esan zitekean; gaur, askoren artetik aukeratzen det, errege guztien artetik aukeratuko nuke. Zetarako ditut ondasunak Joserentzat ezpada?
—Itxua dezu baña!
—Anima du argia.
—Itxusia dago!
—Barrutik da eder. Paulatxo! Jaunaren izenean, begiratu eizketzu ainbesteren alderdiak.
—Ezagutzen ditut, zalduntxoen berri badakit. Onenaren andre nagusi baño naiago det Joserekin eskale.
—Kasketa!
—Biozduna.
—Ezertarako eztan gizakumea...
—Ezbeza nere biotzean ikutu, minbera daukat, maitetasunez minberatua.
—Ainbeste diru daukagunean...
—Diruak edozeñentzat, Jose neretzat...
—Eta berak nai ezpadu?
—Baita! Norbaiten bearrean dago, ta neuk zaintuko det: etxean edo txirotegian, neu izango naiz Joseren ama, edo arreba, edo neskamea...
—Jas! Aita Santiagok adiña eman daigula...
Orrelako maitetasunak irabazi ta beratuko eztuan gizonik ezta. Iturraldeko mutilla, gallendua, lilluratua, eskerrez beterik, Azkarragako neskatxa on, zuzen, gartsu ta kementsuagana osoro auspeztu zan.
Paulak Joseren emaztea izatea iritxi du, Joserentzat bizi da, ta Jose, biotz biotzez, Paularentzat. Danean batera datoz, alkarren gurariak asmatzen dabiltz; ezkondu ezkero arantza batek eztie ikutu, abaraskarik gozoena, eztirik eztiena miazkatzen daude. Senar emazte berdiñagorik, gizo-emakume apalagorik!
Aberastuak egonarren, nekazariak dira, txito nekazari ta baserritarrak. Ezin ditezke uri barruan ondo bizi. Beian bekoak, andikerietan, arrotasunean, iñoren ondamuz, jantzi pitxiz, gorontz estuz, oñetako medarrez esiturik, zaldun-andre itxurak ezin eginda. Parregarriak! Beste bizikera bat daukate uri gañean: benetako askatasuna, egiazko nagusitza, aize ta argi obea, ta batez ere garo ta mendi-lore usaia.
A! ta azaleko errea izango zuan nunbait, bada Iturraldekoari begietako argia etorri zaio, zorna ta zauri guztiak zearo joan zaizka, batere gaixo aztarnarik eztu ezagun, ta gure umezurtza gizasemerik trebe, lirain ta bikañenetakoa dago Paulak esan dezala. Paulak dionez bere senarra bezelako gizon ederrik ezta iñor. Bere Jose! Zeñek berdindu? Ezta semeak ere, ederra zan baña zein ederra!
Semerik aldute? Zoragarria, zuri guri ta ernaia, Mikallaren ustez Zabaletako aurra baño zuriagoa, guriagoa, ernaiagoa. Oñez badaki, «aitaita» esaten ikasi du, aitonari erotu eragin bear dio.
Au dabil makal, Iñazio Mari dabil ajeatua. Oñazerik ez, baño ito-bear estuak oiditu. Zankoak andi, burua nagi, mingaña totel, arpegia erorita, kokozpeko larrua idi zarraren antzera lasai, ura itxura dauka gizagaixoak! Ezertako ezta gauza, ia ezta aulkitik jaikitzen, eztu etxetik iñora ertetzen. Nola? Zertara? Non etxean beste babes? Non aukera geiago? sendakiñaren esana jarraituaz, esnea geienbat, baña bere gogoari deizkiona ematen diote: ollo saldea, opil gozo biguña, txurrut bizigarria, eskatzen duana, biotzez, maitero, dena maitero ta limurki.
Txurruterako lagun gabe gutxitan izan oida. Goseak edo egarriak anitzez darama uritik goruntz Odolki adiskidea, oleska, kaixioka.
—Kaixo lagun zarra! Ze berri?
—Ementxe, geroago ta mekoago.
—Sendoa itzan ba i.
—Ondakiñetan natxiok.
—Ondakiñetan, e? Ire ondakiñak eztituk ain txarrak. Karai! Orain ere jereza ta... Komenentzi guztien jabe aiz.
—Obe nikek ire osasuna.
—Osasuna? Etzeukat ba nik ere nai añakoa. Aspaldietan bera natxiak, Ixio.
—Eztek ondo jaten da...
—Emaidak ba, ondo jateko.
Ta iñoren baimenik eskatu gabe, lagun zarrak eskeñi baño ere len, opillari eldu ta jerezari ekin, gezurrak esan ta legunkeriak irazi... eskupekoa lortu artean. Bein lortu ezkero...
—Agur, Ixio, baniak.
—Moxolonera.
—Ia ba, gaur goizean Ondarroako legatza etorri dek eta...
Moxolok amar arroako buzkantza dirudi. Ain dago baldar, borobil, lindinga ta koipetsu Zabaletako atsoa urkatzeko ta Bidaurretako eliza erretzeko beta onaren zai dijoazkio urteak. Eztago aztuta. Beretarrak agintzean, bai, arraioak ezpaituk!...
|
|