|
IX. ITXAROMENDI
Jaungoikoak jarri zuan Bizkaian Urkiolako mendia, Arabaren ondoan, Gipuzkoatik urre samar, ta mendi orren gañean ipiñi zuten euskaldun siñistetsuak Antonio Donearen elizetxea, zorion guztien itxaropenerako.
Mendi orretara joaten dira sarri Bizkaikoak, Arabarrak eta Gipuzkoa eder onetan jaioak; mendi orretara joaten dira, donerik errukior, miragillerik andien ta sendatzallerik onenaren jauregira bezela, uri andi gizaditsuetatik eta baserri txiki padutarretik, aberatsak eta txiroak, gizon zindoak eta osasungabeak, indarge jaiotakoak eta ezurren bat ausi dutenak; errenak eta itxuak, ankokerrak eta besomotxak, gorrak eta zauriz beteak, totelak eta zanpatuak; buruko txorabio, zuldar, legen, eztul, berako, minbizi, anditsudunak: etsita daudenak, bizi nai lutekenak, irabazbidea idorotzen dabiltzanak, euri edo eguzkiaren bearrean arkitzen diran lurjabeak, Ameriketan semeren bat daukaten gurasoak, gudara joan bear duanaren aideak, ikastolatik etxeratutako mutillak eta ezkontzeagatik mototsa salduko luteken neskatxak: itz gutxitan amaitzegatik, gogo, estutasun, samin edo premiaren baten arkitzen diran euskaldun guztiak, osasun billa, argi eske, laguntasuna itxaroaz, zoriona irrikitzen edo eskerrak ematen; eta bertan, Urkiolan, egin oidituzte benetako arrenak eta bertan utzi, beren oparitzat, egurrezko makuloak, argizarizko anka ta besoak, zillarrezko biotzak, ille txirikordak, ontziak eta soñekoak, izenak eta kondairak, samin, aje ta neke askorekin batera.
Beti dago norbait Urkiolan meza bat eskeintzen, argitxo bat ipintzen, bederatziurrena egiten; beti dijoa mendi artatik zeruraño euskaldun batzuen eskaria, Antonio Donearen bitartez.
Baño batez ere Garagarrillaren amairuan izan oida billerarik ospatsuena. Egun artan Urkiolako mendiak erririk andienaren itxurak artzen ditu.
Goizean goizetik azaltzen da eliza barrua argiz ta gizadiz betea, ta eliz-ataria liburu, bederatziurren, errosario, kutun, gurutze ta Antonio donearen irudi saltzallez ornitua; laster agertzen dira, mendi egian, maitxo banatan edanontzi garbiak eta mai azpian sulla-pedarrak dituztela, ur gozatuaren emale txukunak, eta beren aurrean, urez ezin ase diran mutiko ta emakumeren batzuk; zelaien erdian, egun baterako tajutu dituzten sukalde apalak, eltze, tupi, zartagi, plater, pitxar, antosin, kiatilluz inguraturik, eta suaren urrean, mendi-ostatuak, oialezko txosnak, ogi, ardo, aragi, bakallao, arrai, piper, egazti, arrautza ta gizon jatunez ugariegi bezela; txosna ostean, opil gozodun mendarotarra, bala-saskia lurrean zabalduta, erosle gozozaleak noiz agertuko zai patxadarik andienean ixil ixillik; zuaitz ondoan, era guztietara eskale arrotz zirpiltsuak, anka ta beso igarrak erakutsiaz, ingurukoen biotzak biguntzeagatik Santa Lucía le guarde! ta San Antonio le ampare! erdi negarrez oiuka: tokirik txokoenetan, atso zimurrak eta agure ad deadarrez, orratz, orrazi, aiubet, ispillu, labana , txilibitu, paper, luma, jostallu, eraztun, belarritakoak eskeñika. Edonun ta edonoiz ikusi litezke euskaluri danetako gizaseme ta andrazkoak, banaka, biñaka edo samaldaka, oni ta besteari, aurreko ta albokoari bultza egiñaz, gallurrean ta egalean, elizan ta zelaian bear aña leku idoro eziñik; or daude Durango, Elorrio ta Ermutar elizkoiak, an dabiltz Billarreal ta Otxandioko langille irmeak, arutzago Bilbotar apañak eta Bergara, Tolosa, Azpeiti-azkoitiar atsegiñak; emen Bermeo, Lekeitio, Mutriku, Ondarroako arrantzaleak; aldean Zeanuri, Billaro, Dima ta Larrabetsuko nekazariak... Jaungoikoak daki zein ez ta nongoa ez, erritar, ezagun, adiskideak alkarri eutsika, kaixioka, galdezka ta agurka, egundañoko izots, zurrumurru lazka zaratarik bizienean. Ta batzuk elizatik erten orduko, beste batzuk sartzen dira gogozko arrenetara; egarbera zeudenak alde egiten, egarri daudenak inguratzen dituzte urzalien maiak; ase ta beteak txostenetatik ertetzean, salobre ta goseztoak jartzen dira aien tokietan; opil edo jostallu saltzalleak erosle bat aurretik kendu baño len, aurrean dituzte iru edo lau ikusle urduri; goiztarrak edo urrutikoak, gizadizko erreken antzera, etxeruntz dijoazenean, urrekoak edo berandutarrak badatoz mendira txindurriak txindurtegira bezela, oñez edo zalpurdietan, manaz edo neketsu, aberien indarrez edo norbere adorez, arpegia aizemalez egurastuaz edo aurren bat lepoan dutela izerdi patsetan; dana batera esateko, eguzkia jaikitzen danetik lotara dijoan arteraño alderdi guztietan ikusi ta entzun litezke, naspillaturik, nagusi jaunak, maizter txikiak, etxeko andreak, neska gazteak, mutil eroak, lurbarrukoak, itxasgizonak; usaibelarrak eta eliz-kandelak, krabelin sortak eta opil mordoak, eskeak eta eskeintzeak, algarak eta txilioak, otoitzak eta irrintziak, arrenak eta aurreskoak, tuntuna, panderoa, gitarra ta filarmonika.
Bai, gitarra ere bai, filarmonika ere bai. Egun orretan eztira danak Urkiolara Doneagatik joaten: gazte asko jan edanaren usaiak eta jolasaren durundiak jasotzen ditu mendiraño, ta orrelakoak Donearen oroimenik eztaukate. Jaia da oientzat ere Garagarrillaren amairugarrena, baño urdall-jaia, jantzi berriak eta buru arroak erakusteko ereti ona, jaikika trisketan egiteko aroa, txorakeri, nasaikeri, astakerietan ibiltzeko egunik egokiena. Orrelakoentzat jotzen dituzte gitarra-filarmonikak, txorakerien laguntzarako, astakerien indargarritzat.
Lenago esan ditugun gertaeretatik laster, Urkiolan dakusgu, Antonio Donearen egunean, gure antziñetako adiskide on batzuek: Joanes, Malentxo ta Jose. Eliz atarian daude: bata, txapelpean pipea piztu eziñik; bestea, anpolai zuri-gorria baño ezkoago, eliz-oiala tolestatzen; irugarrena, zurbil samarra, pardeltxo bat eskuetan duala, Malentxori maitero begira.
Aurretiaz erakutsi zuan Joanesek, etxean, Urkiolarako gogoa, onenean Jaungoikoak gerriko miña Donearen bitartez kenduko ziolata; aurretiaz aukeratu zituan juan etorri orretarako lagunak: Malen, etxetik iñora beñere ertetzen etzualako; Jose, mutil gizagaixoari atsegin eman nai ziolako.
Goizaldeko ordubietan erten dute Zabaletatik, eta lasterbidean zear etorri dira, oñez, jakiña ba, Meza nagusitarako.
Eztaude ain nekatuak: elizkizunak amaitu ondorean, aitonak pipa piztu ta gero, jo batera ta jo bestera dabiltz bazterrik bazter, aldrarik aldra, txosnarik txosna, gauza guztiai begira, nun jarriko, zer jango, zer erosiko.
Gizon koixkor bizartsu bat ikustren dute mai baten gañean garraxika. Zolia du mingaña, azkarrak dauzka beso ta biatzak. Bai arranietan! Berebiziko itz iturri naro ausarta dario etengabe, paper batzuek egan botatzen ditu ta eskura joaten zaizka berriro, mutiko bati txanponak ateratzen dizka musutik, belarrietatik, nai duan lekutik, edozeñen gogarteak asmatuko omen lituzke. Pamerialen adiskidea zan iñolaz ere! Baserritar kaiku pilla andia dago gizontxoari begira. Aoa zabalik daude geienak. Onik onenean, jolasari utzita.
—«Ni naiz, —esaten du erderaz— ni naiz Rosinak sendatzalle izendatua. Lagun urkoari on egiteagatik lurbira guztiko erri ta itxasoak igaro ditut, liburu guztiak aztertu ditut, jakintsu guztiekin itz egin det, sendagarri guztien indarra neurtzen gau ta egun ibilli naiz eta min oiñaze danak osatzeko gauza bat asmatu det. Zer da bera? Ara, jaunak, emen daukazute; artzaren koipea da, leoien koipez nastua. Koipe onezaz igortxitxo bat min dan tokian eman ezkero, min guztiak beti betiko joaten dira. Eztago gaurtik aurrera ez buruko miñik, ez gerriko miñik, ez beso, iztar, belaunetako miñik geiago. Nik sendatu ditut Paris, Londres, Berlin ta Bienan eri zeuden gizadiak. Ta zenbatean da koipe ori? esango dezute. Zer diru bear da koipe ori erosteko? Utsa, baterez, txanpon erdoitu batzuek, peseta bat, orra. Peseta batean ematen det lagun urkoai on egiteagatik. Oso gutxi dauzkat. Biar, gero, emendik ordu batera eskean bazatozte, eznauzute ni billatuko. Ni banua, laster nua emendik, eta eznator ni onuntz geiago. Nork eskatzen du beste bat?»
Eta baserritar geldotzarrak, eskuak luzatuta, beren biatzetan makur txuriak erakusten dizkiote itzontziari.
Baziran orratik onela itz egiten zutenak:
—Zertarako du baña dirua, musutik ateratzen badaki?
—Dirua musutik atera ta alkondara zikiña jantzi? Amari esaiok.
—Gizon prestua izateko ipurdia lurretik urrean zeukak orrek.
—Aitona —galdetu zion Josek Joanesi— ez aldu orrelako koiperik erosi bear?
—Nik? Zertarako? Jaungoikoak nai badu, sendatuko naiz; Arrek nai ezpadu, gizontxoaren koipea gora bera, eznaiz sendatuko. Egin det nere eskabidea, Antonio Donearen bitartez.
Gure ezagunok, koipedunagandik laster, nunbaiteko bibolin jotzalle itxua idorotzen dute. Lagun argia dauka itxuak aldemenean, mutil sostor bat, eta lagun orrek eun-oiala darabil makilla batean jasota, itxuragabe ta zirriborroan egindako gizirudiz betea. Horroroso crimen! jartzen du oialean, ta noiz itxua, noiz mutil sostorra onela mintzatzen dira: «Txanponean sartzen degu Toledoko urian gertatu dan oben likitsaren albistea Paper onetan adierazten da nola Eujenio Barelak bere amagiarrebari arrigarrizko eriotza eman zion, emaztearen amak alperra deitu ziolata beste gabe. Amazazpi aldiz sartu zion labana zorrotza lepo, bular ta erraietatik zear ta, odola ixurtzez nekatu zanean, gibela ta giltzurriñak jan zizkon, sutan erreta. Oialaren alderdi batean daukazute gizon erallea emakume kupidagarriari eriotza ematen eta bestean urkamendira igotzen, bere ornia nai ta naiez artzera. Nork eskatzen du beste papertxo bat?» Eta oiturazko eresaldi bat egin ondorean: «Baita ere badakarzkit Kandelasen lapurreta burutsuak eta Jose Maria ta Diego Korrientesen egitada okerrak. Baita ere badauzkat Santa Jenobebaren bizitza, Bertoldo ta Bertoldinoren liburua, Santa Ritaren bederatziurrena, Santa Klara, Santa Katalina, San Jose, San Pranzizko, San Antoniorenak, Begoña, Iziar, Aranzazu ta Karmengo Amarenak. Nork nai du beste bat?»
Eta baserritar zentzugabeak, erallearen irudiari begira begira egonda gero, Toledoko gaiztakeria goiz artan igaroa balitz bezela, Elorrion gertatua balitz bezela entzuten egonda gero, obendunaren berriak zekarzkian papera eskatzen zioten itxuari, eztakit zertarako.
Itxua baño oinkada batzuk aurrerago, eztarri garbiko euskaldun alai bat arkitzen da oiulari: Bertso berriak —ots egiten du noizean bein— Senpelarrek jarriak! Eztauka biboliñik; eztarria du bibolin-gitarra jardunaren jardunez, ekiñaren ekiñez saltzen ditu bere paperak.
—Bai aldaukazu Gernikako Arbola?
—Gernikako Arbola Gernikan ziok, motel, ta astunegia dek nik onaño ekartzeko.
—Ta San Iñazioren martxa?
—Ez, maite; datorren illean kantatuko degu ederki, Loiolan.
—Zuk eztakartzu ezer, gizona.
—Nik eztakartala ezer? Senpelarren bertsoak, berri berriak, Prantziako pelotariai ateriak.
Amalau españoletan
Mateo prantzeza a
Partidu onetantxe
Izanda trabesa a.
Lau lautara
Ziran asi
Altzuenak
irabasi...
Bertsodunaren urre samar neska-mutil buru ariñak alkarren aurrean dabiltz, triskatzen, antxume zoroen antzera, akitika, bira biraka, irrintzika. Zabaletakoak aiei begiratzeko astirik eztute artzen.
Txosna baten alboan gizapilla iskanbillatsuak ibilpidea galerazitzen diote. Zer ote da? Borrokaren bat? Ezta borroka, ezta aserrea: jan baietz ta ezezko auzia darabilte kankallu bik.
—Arkume osoa.
—Bai.
—Lau librako ogia gañera.
—Bai.
—Bi pitxar ardorekin.
—Irurekin naiago.
—Bueno, irurekin.
—Amar duro, ezetz.
—Amar, baietz.
—Jango dik.
—Eztik.
—Bai, jango dik, idiak baño urdall obea zeukak eta.
Gure oñatiarrak, era oietako ikuskizunez aspertuta, gizartetik alde batera eginda, ezarri dira nonbaiten; zerbait jatera dijoaz.
Artzai zarrak arrautzopil puska bat beatzetan duala:
—Samingarri da! —esaten du—. Amaika bidar egin det Zabaletatik onaño dagoan ostera! Amaika bidar jan det emen, gozoro, nere baserrian erretako taloa, ta orain arrautzopilla ta ogi zuria ezin irentsi! Dana dago latza, dana badaezpadakoa: janaria, gizonak eta lurra bera. Bai, lurra ere bai. Zenbat aldiz ikusi ditut emendik agiri diran gure mendiak! Ederragoak ziran len, milla bidar ederragoak. Ezta irudipena: azpietatik zulatu dituzte alderdi batetik besteraño; beren egaletatik tontorretara bide zabalak egin dituzte; beren arrizko ta burnizko erraiak eguzkitara ateratzen aidira, ta gure umeak mendi zuloetatik zear dijoazkigu, eztakit nora, bide zabaletatik datorzkigu eztakit nongoak geure gallurretaraño. Benetan, lur guztia egin du Jaungoikoak bere semientzat eta denok gera bere semeak, denok: gureak ere badabiltz nonbaiten ta betoz Euskalerrira etorri nai duten arrotzak, betoz zorionean; baño eztezatela gaiztakeririk onuntz ekarri. Len ere naiko gaizto gera gu, on itxuretan.
—Aitona, ez bedi orrela betillundu. Jan beza.
Baiño aitonak eztu ia ezer jaten. Malenek urdaiazpiko zatia ipintzen dio ogi gañean, baño Joanesek eskura zer eman dioten eztaki. Gogamen astunak dauzka iñolaz ere.
—Eztet ondo itz egin —jarraitzen du. Gizonak berarekin eraman oiditu bere oiturak, onak edo txarrak. Geugan dago iñoren oitura txarrik ez ikastea; bai, geugan. Gugana datorren ikazkiñak ezkaitu beltzituko, geuk nai ezpadegu... Badantzuzute auspo soñularia, filarmonika? Nik eztakit Euskalerrira zeñek ekarri duan, baño badakit zeintzuk jotzen dute: euskaldunak, menditarrak...
Bazkaritxo amaitu da. Malenek eskale bati ematen dizka enparatuak. Josek biotzaren jakia nai luke: maitetasuna. Joanes urrutira begira dago, gaztetako egunetara.
Aguratxo bat jarri zaiote aurrean begira, makil buruan esku biak eta eskuen gañean okotza ipiñita.
—Adiskidea —galdetzen du— barkazioz, oñatiarra altzera?
—Bai.
—Zabaletakoa?
—Bai.
—Joanes?
—Bai.
—Antzeman dizut orratik.
—Eznaiz ba zuzaz oroitzen.
—Orain dala ogetamar urte alkarrekin jan genduan arako zoko artan.
—Izan leiteke.
—Ala da. Bergarako azokan esne-bei eder bat saldu ziazun, ederra alare, ta bei diruak artzera etorri ziñan.
—A, bai! Aingeru jaola! Austin zera zu, elgetarra!
—Elgetan jaioa, iragoko larogei urte auetan Arriolan bizi naizena.
—Aspaldiko Austin! Urteak dira ba alkar ikusi eztegula.
—Esan det: ogetamar.
—Ez algera geiago iñun ikusi?
—Nik etzaitut geroztik begiz jo. Lenago bai, lenago sarritxo ikusi oigiñan, bata besteaz artu-eman asko erabilli oigenduan, alkarri ondo lagundu oigiñon.
—Bai orixe, bai anbat; zuk eta nik, Azurtzako Militonek eta Irigoiengo Kaisparrek alkar billatzen bagenkian. Zer egin zuten adiskide aiek?
—Il ziran.
—Il ziran?
—Bai, antziñatxo. Baita Zezeagako Turubio ta Eguzkitzako Txomin ere.
—Gizon zintzoak, gizon maitegarriak.
—Gaurko egunean gutxi bezelakoak, Joanes.
—Gaurkoak ere gure ondorengoak dira, Austin.
—Bai, baño gugandik etenak. Zuaitzetik ebakitako adarrak dirudite, adar igarrak. Galeran dijoaz euskaldunak eta Urkiola bera galeran dijoala deritzot. Goizean etorri naiz, Aramaion ezkonduta bizi dan seme batek ekarri nau, ta bereala gogait egin det emengo alderdiak ikusten. Eztago emen adiskide on bat. Ezagun batzuek ikusi ditut, baño ezpañetatik ezpañetarako izketarte otza izan degu alkarrentzat: biotzetik biotzera itz egiteko, egiazko adiskidea bear da, antziñetako lagun zarra Nere aita zanak esan oizuan: urdaia ta ardoa urtekoa; adiskidea urtetakoa. Orregatik poz andi bat artu det zu ikustean.
—Eskerrikasko. Zu ikusi baño lenxeago zerbait gogoratzen ainitzan, ta zure itzak nere ustien oiartzuna dirudi. Ala ere zalantza pixkaren bat badaukat. Gu zarrak gera, Austin; naigabetuak gaude, ta biotz naigabeak itz garratzegiak oiditu. Gure gazteriko egun alaiak joan zitzaizkigun, ta egun aientzat gordetzen degu oraindik animetako maitetasuna. Nork daki, bada, gure ustea zuzena ta ziurra dan ala ez?
—Neuk dakit, zeuk jakin bear zenduke. Oraingo Urkiola ta gure gaztetakoa eztira berdiñak, ta ordukoa obea zan.
—Oraingo eguzkia ta nere umetakoa berdiñak dira, gaurko lorea ta ordukoa berdiñak, orduko ta oraingo arrautzak era berekoak; baño gaurko eguzkiak ezin poztu nau, gaurko liliari eztiot usairik artzen, arrautzopilla txarra dagola iruditu zait. Geu gaude gu alperrik galduak, Austin.
—Joanes, edo eznaiz zure oiarzuna, edo ni txurikatzeagatik, zure iritziaren atalen bat barruan gordetzen dezu. Nik badakit gure zentzunak alperrik galduta daudela, baño ez gure animak Aitortzen det lengoak dirala eguzkia, loreak... eta arrautzak, baño ezin ukatuko dezu au eztala lengo Urkiola. Len euskal-usaia, garo usaia zegoan emen; gaur, mendiko egurats garbia oso kirastua dago.
—Bai ote?
—Makilla eskuetan daukatan bezela.
—Zeñek kirastu du?
—Zeñek? Gaitz da erantzuten... Uri andietako aizeak, baserritarren griñak, gizon batzuen siñiste otzak, askoren nasaikeriak; arrotzak eta euskaldunak, etsaiak eta geuk, danak et danok. Zu pekataria esaten badakit, baño Ni pekataria etzait aztu.
—Ederki mintzatu zera, adiskidea. Jarri zaite nere ondoan gauza oiek obeto argitaratu ditzagun, pipakada bana erreaz. Zuek, gazteak, etzaudete ondo gure illetak entzuten; zoazte, bada, orrutz zerbat ikustera.
—Ondo gaude, aitona.
—Ez, zoazte; erosi itzatzue gozo batzuk etxerako.
—Illobak aldituzu, Joanes?
—Illobak.
—Landare onak! Garo artean artu dezatela lurra, Aloñatik urrean.
—Amen.
Adiskide zar biak beren erabakiak ematen dabiltzan bitartean, gure gazteok, gizartetik zear dijoaz alkarren lotsaz, batak besteari begiratu gabe, ezertan arretarik ipiñi ezinda. Zer egiten duan eztakiala, ainbeste opil erosi ditu Josek, kopeta illuna darabil Malenek, biotz gabeko neska mutillak dirudite biak, aserratuta daudela esan leiteke.
Bat batera:
—Jesus! —dio neskatxak—. Gauza lotsagarriagorik.
—Zer da?
—Osaba Iñazio Mari dantzaurrea egiten.
Egia zan. Giza-uztai baten barruan, tanboliñaren aldemenean, Zabaletako aizkolari ospetsua, Azkarragako Paula ta Martiñen aita obeto esateko, birbiztuta, ardoak berotuta, esku baten txapela zuala, paparra agirian ta gerriko txistana atzeko aldean dindilizka, besoak zabalik zebillen goragoraka, alzituan gaitasunak erakusten, baño zabulunak neurtu eziñik eta oso parregarri.
—Peru Odolki atzezko!
—Sokan dauden guztiak dira oñatiarrak, Moxolo Potolota.
—Jas! Ez lotsatzea osaba, orrelako gizonakin bere burua bat eginda! Aldendu gaitezen, geu iñork ikusi baño lenago.
—Arritzen aiz.
—Zergatik baña?
—Moxolo emen eukita iges egiten dezulako.
—Nik eztaukat Moxoloren bearrik.
—Benetan?
—Eznaiz gezur zalea. Goazen aitonagana.
—Ez apur baten, Malentxo; ez, Jaungoikoaren izenean. Izketan asi geran ezkero, gauzatxo bat esan nai neukizu.
—Zuk?
—Bai. Aspaldian daukat nik zuri agertzeko uste bat, ames bat...
—Zaude ixillik.
—Ixilli, beti ixillik! Ito egin bear det beraz nere gogoa.
—Badakit zer esan nai zendukean... Badakit maite nazuna, baño ez itxaron nigandik ezer.
—A! Zure itzala izateko eznaiz duin!
—Ezta orregatik!
—Bai, biotzak adierazten zidan: utsa naiz, oinpean darabiltzun autsa bezela naiz, Zabaletako morroia!
—Ezta ori. Zabaletan morroirik eztago. Zu ta ni anai-arrebak gera... Jakin zazu bein, zure barruko arra kentzeko. Iñorekin izatekotan, zurekin izango naiz; baño ez itxaron, Jose, ez alperrik itxaron. Billatu zazu beste bat, zure idekoa. Neskatxa on bat opa dizut, ni baño obea opa dizut.
Eta orrela itz egitean, txit bigun begiratzen dio mutillari, errukizko begi ederrak erakusten dizka.
—O Malentxo!
—Ixo. Naikua esan dezu, geiegi erantzun det. Guazen azkar.
...................................................................................
Aitona biak, oso samurturik, agur egin diote alkarri.
—Agur Austin.
—Agur, Joanes, lagun zarra.
—Noiz arte?
—Josapateko zelaira arte.
Zabaletakoak ekin diote etxerako bideari, danak ixillik, barruko ames ta etsipenai begira danak.
Urkiolako alaitasuna ezker eskui asi da zatitzen: algaraka dijoa, algaraka ta lekaio luzean egiñaz bide, baso ta ibarretan zear; urrutiko baserrietatik tuntun ots berria dator gure bidaztien belarrietara aizetxoaren egoetan.
Ta ots bigun arrek gizonak poztu edo samintzeko eskubidea izan bear du; tuntun arrek, norbera ixillik dagoanean, bakoitzari barruko amesa zirikatzen dio, bakoitzari norberak nai duan bezela itz egiten daki.
Ara Joseri zer esaten dion: «Iñorekin izatekotan zurekin izango da. Ta bat edo batekin izan bear. Au egun ederra!»
Ara zer Maleni: «Agertu bear zitzaiona agertu zaio. Nere biotzetik astuntasun andia kendu det. Au pakea!»
Ara zer Joanesi: «Zureak egin zuan. Au larria!»
Aiton-illobak badabiltz Oñatiruntz, egun argitan dabiltz; baño anima, gerora begira, lañotan bezela daramate. Usteak uste dirala, nork daki etorkizunak zer gordetzen digun?
...................................................................................
Biaramon goizean Peru Odolki, tronpolloz apaindua, ezkerreko begia estaldurik zuala, sendakiñaren galdezka zebillen Oñatin.
—Zer dek, Peru? —esan zioten.
—Atzo Urkiolan izan giñan da...
—Moskorra galanta, e?
—Iñoiz bestekoa ez ba.
—Borroka egin aldek?
—Ez, Moxolo Potolok jo ninduan.
—Zer zalata?
—Malentxo izan omen zan Urkiolan, ta nik esan bear omenion Moxolori. Nik zer dakit ba nor nun dabillen?
—Orregatik aserratu alzan?
—Aserratu? Gizon beroagorik eztet iñoiz ikusi. Pitsa zeriola, arao ta birao, ekin zion ukabilka, ta ni artzeko.
—Beti bezela. Txanpaña ere artzen omen diozuta.
—Bein bakarrik txanpaña, geiagotan ostikadea.
—Ez astoakana joan, ta egin lana gogotik.
—Lana, lana! Lan egitea ere naikoa astakeri da ba.
|
|