www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Garoa
Domingo Agirre
1912

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Garoa, Txomin Agirre. EFA, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

XIV.
NAI TA EZIN

 

        —Eizera, Moxolo?

        —Eizera edo... Izerdi pixkat atera bear detalata, ibilli.

        —Izerdia aterako dek, baño eperrik eztek iñun billatuko. Etziok ezer aspaldietan.

        —Izango aldek zozoren bat edo beste.

        —Aizak, ara, or ziatorrek erbi bat, erbiñudea.

        —Zein?

        —Zabaletako andre zarra.

        —Baitare.

        Bazekian Moxolok zein zetorren. Enparantzan ikusi zualako erten zion bidera.

        —Egun on, Andre Josepa.

        —Egun on, eiztari.

        —Itz bat esan nai nikizu.

        —Zer dek, Moxolo?

        —Zure illobak itxuturik nauka.

        —Zeñek?

        —Malenek.

        —Itxuturik? Eztek orduan ezer ikusten.

        —Gauza andirik ez, baña zoriona non dagoan badakit eta bere billa nabil.

        —Berandutxo abillela uste diat.

        —Nola?

        —Zoriona beste batentzako dalako.

        —Martiñentzat?

        —Bai.

        —Etzaitzu aztuko Martiñek dirurik eztuala.

        —Ik eztakik ori.

        —Badauka ere, nik aña ez beñipein.

        —Zer daukaken guk etzekiagu, baña ontzurre ori erakusten dek beintzat, txilbor gañean.

        —Bat erakutsi ta asko gorde, asko; ontzurreak eta librak, Ana Josepa.

        —Urretan?

        —Urretan.

        —Joosus! Libraka urrea! Orratik ori ikustekoa izango da.

        —Ara bat emen.

        —Ori aldek libra bat?

        —Bai, libra esterlina. Eskerliña, eskerliña... Ori, mutil, eun errealekoa dek Oñatin.

        —Baña libra esaten zaio.

        —Ai enetxoa! esatetik izatera bide andia ziok. Orrelako asko bear dira libra bat egiteko.

        —Baño au ezta bakarra. Etxean ere baditut eta Bankoan eta korrituan...

        —Danetara, zenbat izango dira ba ire diruok?

        —Danetara, laurenbat milla ogerleko bai neureak, eta gero aitarenak.

        —Geiago eukala uste nian, ainbeste arrokeri jotzeko.

        —Gutxi alda ba?

        —Ez, gutxi ez; nekazari baten alabarentzat...

        Ana Joseparen barrua, urre pillaren argia bere aurrean irudituta, irakiten bezela jarri zan, ta barruko berotasunak arpegira erten zioten andreari. Gauza ona zeritzan odolekoai begiratzea, baño ainbeste diru ate-aurrean utzitzea ere ba...

        Igarri zuan besteak andrearen ezbaia, ta parre antzean, aoa belarrietaraño zabalduaz:

        —Banekian nik —esan zion— ezetzik etziazula erantzungo.

        —Eztiat ezer agindu, mutil. Berandu etorri aiz.

        —Lendik daukat eskabide eginda.

        —Zeñi?

        —Maleni.

        —Noiz?

        —Zortzi illabete bada.

        —Ta zortzi illabete andian eztik ezer aditzen eman?

        —Ez, lotsatia da ta.

        —Bada orduan...

        —Bat batera otu zitzaion Ana Josepari eskabideak luzapena bear zuala. Alde batetik diruari begiratzen zion, ta dirua beti zan atsegingarri; baño bestetik norbere itza jatea etzan itxurazkoa, ta gutxiago, etxekoen berri gabe, aidien kaltean epaia ematea. Gañera, Malentxok zer zerabillen ta ze gogo zeukan jakitea etzetorren gaizki. Arrek nai izan ezkero... baño bestela zer egingo zan ba!

        —Orduan zer?

        —Astia badagolata... ez gaitzazula ito.

        —Bien, bien; baña gogoan euki Martiñek eztizutela ezer eramango.

        —Berriz ere? Gizona, ire dirurik izan ezarren, baburrunak jateko lain badiagu.

        —Ala da, bai; baño ezta gaizki Martiñek baburrunak bear baditu, ni eznatorrela baburrun billa oroitzea. Nik Malentxo nai nuke, Malentxo bakarrik. Neuk emango diot jaten, neuk jantziko det, neuk ekarriko dixkat pitxirik ederrenak, neuk eramango det erri andietara, neuk...

        Ekin zion Moxolok maitetasuna esaten, Malentxo goratzen, Ana Josepa txurikatzen, ta bein abiadea artu zuanean, etzegoan mutilla ixiltzerik. Esan ta esan, eragin ta erabilli, geroago ta biziago, aspertu eziñik egon zan bere leloa Zabaletakoari azaltzen, iñork uste baño tankera obean. Ura etorria!

        Etzuan berealakoan amaituko, Ana Josepak itza kendu ezpalio.

        —Tira, joari Oñatira, naikua data. Ezari alperrik agortu. Ire jarduna, ezkongei guztien jarduna dek. Jardun ori gora bera, egin bear dana egingo diagu Zabaletan...

        —Ba, neuk deitzotadana ezpada...

        —Ik deitzokana ezpadek, zer?

        —Zer? Nere burua Urrejolako arkaitzetik bera botako detala.

        —Botazak nai badek.

        Zapuzturik eta mingañean zeuzkaten zitalkeriak nekez irentsiaz, batak besteari bizkarri eman zioten.

        Bazijoan amonatxoa, bazijoan baserrira, neskatxa gaztea baño pixkorrago, ardatza baño tenteago, bere artean mintzatzen, bazegoan gaiata. Arranian albistea!

        Moxolok, Oñatiruntz ibilli aldi bat eginda gero, andreagana biurturik, bere griña ta zima txarra onela esanaz erakutsi zuan:

        —Atso sorgin madarikatua! Ez siñistu, nere burua botako detanik ez siñistu! Ez nere bururik: besteren batena, zurea izatekotan. Bada-ezpadako erantzuera badakartzu, sentellas!...

        Ana Josepak etxeratu zaneko asi zan Maleni erausika:

        —Bazenki zer igaro zaitan! Moxolo Potolok erten dit bidera, eskean.

        —Eskean?

        —Bai, neskatxa baten eskean.

        —Neure billa.

        —Ara. Jakiñan gañean altzeunden?

        —Aspaldian dabil mutil ori...

        —Aspaldian, e? Guk ezgenkigun ba.

        —Zertako? Ezer egin bear eztanean...

        —Etziñateke, beraz, Moxolorekin ezkonduko.

        —Ezergatik ere ez.

        —Lau milla duro omen dauzka.

        —Berdin da ogei badauzka ere.

        —Orra ba, orra ba... Ondo da jakitea. Zalantza pixkat izan det, baño, tira, nai ezpadezu... Martin etorriko zaigu obeto. Moxolok diruak dauzka, bai, baño, egia, ezta baserrirako gizona ta ezta zu ere ardangelarako emakumea. Ardangelan zu epintzea, erregiña txerritegian jartzea bezela da, aketza lorez apaintzea. Eztakit nola otu etzaitan. Lau milla duroak ematen dirate min. Martiñek baleuzka... Utzia ta baldana bai gure Martin! orrek onezkero dirua aurreratuta euki bear zuan ba. Zeuk erakutsiko diozu aurreratzen, langillea ta etxekoia izaten, elizara joaten...

        Malenek etzizkion bukaerako itz auek entzun, Martiñen izena aitatu orduko, muker ta minkaitz, aldegin zion amandreari.

        Onen mingaña etzan, ala ere, gelditu. Belarrondoko tximak zapipera sartuaz, gañeko gonea kentzen edo oñetakoak aldatzen aizala, berak bakarrik jarraitu zuan:

        —Nora joan ote zait umea? Lotsakorra da, bai, lotsakorra da, ta eztu orrelako autuetan ibilli nai Tamal andia izango zan ori Moxolonean sartzea. Baña orixe dago ba! txanponak euki Moxolok. Lau milla duro bereak eta aitarenak gañera. Aitarenak geiago, askozaz geiago. Auskalo igaroko urtietan zenbat irabazi duan ardo zikiña edo ibaiko ura salduaz. Jaungoikoak badaki geure Iñaziok berak zenbat eman dion lapurrari alakoari... Eztio ajola, geu ere utsik ezkaude ta jaso daikegu oraindik Azkarragako baserria. Obe da belaunekoari laguntzea, obe da pakea.

        Ana Josepak onela ziarduan bitartean, aizan Mikalla ere, Azkarragan, Paula burutu eziñik.

        —Gauza bat esan bear diñat, neska, bakarrik gauden ezkero.

        —Asmatuko nioke.

        —Etzakiñat; ustegabea den.

        —Ustegabea, dio?

        —Bai, usterik gutxienean Jaunak zerutik biraltzen digun doaia.

        —Ainbestekoa ezteitzot ba.

        —Ago ixilik eta aditu zan. Gu gaizki bizi gaitun, oso gaizki. Nik eztiñat nere estutasunen erdirik agertzen, baño aspalditxoan estu asko bizi naun. Oliotarako etzeukanau, aora daramagun ogi pusketa zor ta lorrean jaten diñagu, nolako lotsariak igaro ditutan iñork etzekin Erañegun goizean, Anton Urdaik, ia noiz eman bear nion berea esan zidan, ainbesteren aurrean; gaur bertan, Panpotek, zorra ordaintzeko ordua dala adierazi dit.

        —Eta neri ezer aitatu ez!

        —Ezniñan aitatuko ere, orain dakitana ezpaneki. Ez larritu: guztiai emango zeñenau berena, ta laster. I ta Martin ezkontzeko era egokia etorri zaidan. I Zabaletara ezkonduko aiz, Manuelekin izateko; Martin etxerako geldituko den, Malentxo emaztetzat duala. Au zori ederra, Paula! Bein edo bein. Malentxorekin batera zetorkiñau dirua, baño baita ere diru ta ondasun guztien gañetik dagoana: zeruko argia, pakea, osasuna.

        —Ez amesik egin, ama: Malen ezta gurera etorriko.

        —Ezten siñisgarria, amesa zirudin, baño egia den. Amonari berari gogoratu zaion, ta Kataliñek eman zidan albistea lengo baten, ixillik euki diñat baña.

        —Kataliñek eta amonak nai duenik ezta gertatuko.

        —Bai, gertatuko den, Jaungoikoak nai din ta. Etorriko den Malentxo, ta berak alaituko gaitzin, berak jantziko din gure etxe zarra, bera izango den Azkarragako aingeru. Ik berriz Zabaletan, aitonen ondoan, zorioneko egingo den Manuel zintzoa, ta emengoak an ta angoak emen, nai degun tokian biziko gaitun, denok alkar ondo arturik, beti alkar maitatzen, illarteraño Jaunari eskerrak ematen.

        —Ez siñistu, ama: ni... Manuelentzat ez naiz izango.

        —Zer dion, neska?

        —Barruak eztit agintzen.

        —Manuel, gazterik iaioena, etxejauntzarik andienetakoa, oberik eztuan mutilla, inguruetan iñor ez bezelakoa, nai ez! Zergatik baña?

        —Neuk dakit.

        —Paula, ezaut gaur ezagutzen. I, nere poz bakarra, orain artean ain ona, ain leiala, ain errukitsua, ain ama zalea, ain... Ta keixu aldi onetan... (Negarrez) Paula, ik eznaun maite!

        —Itz oiezaz eriotza ematen dit, ama.

        —Eriotza neri zetorkiñat laster, neri. Ire ama gaixoa, txiro, beartsu, iguinduta ikusiarren, iri eztin ajola, ez, eztin ajola!

        —Ai ama! Biotza lertu bear zait! Kupitu bedi nizaz!

        —Ni kupitu, ta i?

        —Laztan bat, amatxo.

        —Bat ez, bi, lau, zortzi. Ara, ara, ta ara. Baño... ezkonduko aiz, ezta? Premi andian arkitzen naun ta!

        —Ezin neike! Ezin niteke!

        Izketa oiek ostiral bateko goizean ziran, epaillaren erdi aldera. Bazkal ondoan, Manuelek eta bere aitak Oñatiko azokara jetxi bear izan zuten, ta —esango aldegu?— baita ere Azkarragako Iñazio Marik. Jose gelditu zan etxaldeari begira, ta Martin alderdi guztietan usaika, Malentxo nun arkituko, neskatxari nundik zerbait adieraziko.

        Arratsalde beranduan, Malentxo aitonarekin atarian zegoala jakinda, berakana joaten ausartu eziñik, Martin, Zabaletako beitegian sartu zan ta beitegian billatu zuan Iturraldekoa, aberei bazka ematen.

        Mutil biok, aspalditxoan, ezin zuten batak bestea ikusi, etxeko zakurrak auzokoari bezela begiratzen zioten alkarri, ta beren arteko mintzoa aopeko marmarreta izan oizan geienbat.

        —Arratsaldeon.

        —Bai zuri ere.

        —Egualdi polita gaur.

        —Ederra.

        —Onelakoak badira, aurki joan bearko dek Urbiara.

        —Ori nai euke.

        —Zergatik diok?

        —Zerbaitegatik.

        —Min aldek? Nik auzia irabazi detalako min? Iz... ari ba.

        —Etzekiat auzia irabazi dekan ala ez, baño i ezaiz senargei ona Malentxorentzat.

        —Eu obea, eu. Ze uste uan ik? Gurera morroi sartu ta bertako jaun ta jabe izatea? Ez jaun ta ez morroi, ezaiz iñola emen izango.

        —I alaiz nagusi? Ik baño lan geiago egin diat nik emen.

        —Baita jan ere galanki, goseak ekarri ituen da.

        —Obeto itz egin zak.

        —Nai detan bezela itz egingo diat. K... egiten diat nik iri.

        —Zer esan dek?

        —K... iri, k... ire aita ordi akerrari, k... ire ama ustela zikiñari.

        —Jose kiskaldu zan. Lipar baten, tximista bezin agudo, Martiñi lepotik eldu, simaur lindinga jo erazi, ta bere gañean luze, zintzurretik estutzen zuala, zapladaka ezin aseaz, buru, musu ta okotzean ukabilka, txautu ta zukutu zuan etsai likitsa, artzanorak mendean daukan otsoa zukutzen duan bezela. Ikaragarrizko biraoak ertetzen zioten azpikoari, ta gañekoak, birao bakoitzeko, eskukada korotza ematen zion aora. Ortxe, arraiorrek! Nere gurasoen izen garbia, Jaungoikoaren izen donea loitu nai badek, ara satsa, ara ziriña. Jan zak, lizun orrek, jan zak!

        Borrokarien oiuetara beingoan inguratu ziran sukaldeko emakumeak, eta gallen ikusi zuanari eman zizkon Ana Josepak, atxur kirtenaz, iru edo lau zartateko, galantak baña.

        —Zertan daukazu zuk zer jo gure mutilla? —zion amonak, txilioka, suak arturik.

        —Orrek esan duana entzunda...

        —Orrek esan duana? Ta ik egin dekana? Ik, zital, gizatxar, naspillari orrek egin dekana?

        —Ori ta ni ezin gintezke zorro batean bizi.

        —Bada, orduan alde, alde, nai dekan lekura. Ori etxekoa da, ta i etzekiat nungoa. Mukizu bat etorri itzan, zer janik ez uala...

        —Aitu det, amona; len ere aitu det, eta gañera neuk ere banekian, bai ondotxo.

        Azkarragakoa txistuka, arpegia igortzika, ta norbaiti esteak aterako zizkola esaten utzirik, Jose aitonagana aurkeztu zan larrañera.

        Joanesek, nola gorra baizegoan, zerbaiten zurrumurrua baño besterik etzuan sumatu.

        —Zer izanda or? —galdetu zuan.

        —Ezer ez; Martin ta ni aserratu gera ta...

        —Ta?

        —Jakin nai nukeala ia zertan dagon arako bedorrek esan zirana. Malentxo neretzat izango zala edo...

        —A, bai! Ara ba, Jose, nik nai nian, baño ezin diteke... Berak, oraintxe bertan...

        —Naikua det, geiegi det. Ondo geldi bedi.

        —Nora ua, mutil? Ator onera.

        Ana Josepak, ukulluko atetik, zar-gaztien izketa urratuaz:

        —Ortzak loka loka jarri dizka! Aotik odola dariola ipiñi du nere illobea! Ergel, sepatsu, ziraun, kilimakor, gaizkille...

        ..........................................................................

        Ordu batzuk geroago, eguna zabaldu baño len, Zabaletakoak lotan dauden bitartean, Josek, jai-soñekoz jantzirik, sagastegiko estratan bera. Oñatirako bidea artzen du. Arpegia illun darama, illunagoa biotza. Nola ez? Auzotegiari betiko egiten dio agur, Zabaletatik betiko ateratzen da. Etxe artan egin ditu bere umetako jolas apurrak, antxen jan du izerdiz ondo irabazitako taloa, antxen uste izan du zorionaren edaria eran bear zuala. Bai, etxe artakotzat zeukan bere burua, baño angoa eztala esan diote ta beste aterperik eztauka!

        Naigabearen eztenak izugarrizko sastadak ematen dizka. Sastada zoliak Malentxoz oroitzean. Errukarria Malentxo! Esku onetan erori bear du... Ai! Neskatxa ura ezta itzeko emakumea izan «Iñorekin izatekotan, zurekin», esan zion bein, ondo gogoan dauka. Aingeru batek orrelako gezurra esan bear zuanik etzuan uste. «Zu ta ni anai-arrebak gera», azaldu zion, ta Jose anaia, esakerarik garratzenez iraindu zutenean, etxetik ertetzeko agindu ziotenean, itz gozo bat ez, begirada bigun bat ez anaiarentzat. Ez Malenek, ez beste iñork. Arkaitzezkoa zuten erraia.

        Min bizi bizia dauka Josek Joanesen oroimena datorkionean. Miate du aiton zarra: ura izan du bere gurasoa; ura da, Zabaletan, biotzik andi ta samurrenekoa. Eztio mutillak agurrik egin; badaki etxean gelditzeko eskatuko ziona, badaki umezurtzagatik arpegia aterako zuana; baña ori eztu nai umezurtzak. Entzunak entzunda gero, ikasiak ikasi ezkero, ezin dezake arnasarik Zabaletan artu: ito egingo lizateke, Ta gañera, Martiñen aurrez aurre berriz jartzean zeñek daki zertaratuko zan?

        Garbi ezta ezer ikusten, baña bide bazterrean norbait dagoala dirudu... Bai, emakume bat, neskatxa gazte bat... Paula.

        —Goiztarra zabiltz, Paula.

        —Zu goiztarrago.

        —Zerk zakarz?

        —Zu ikusteko gurariak.

        —Eskerrik asko... Negar egin dezu.

        —Egunoro nik negar. Bart arratsean egin ditut negarrik andienak... Norako asmoak dituzu?

        —Aldakit? Zeñek jakin non geldituko dan ekaitzak aurrean darabillen osto legorra?

        —Zuzpertu zaite, gizona, zuzpertu zaite. Zu etzera osto legorraren antzekoa.

        —Or nunbait. Ez aitarik, ez amarik, ez aiderik, ez dirurik, ez zeri eldurik, goian zerua ta beian lurra...

        —Eztizute ezer eman?

        —Eznuan artuko ere.

        —Baña zeuk ertengo zenduan?

        —Egin zazu jaurtigi egin nautela.

        —Zu jaurtigi!

        —Bai. Adu oneko egin ditzala Jaungoikoak.

        —Jose, zure gisa nago ni ere!

        —Ez, nere gisa eztago iñor.

        —Adi zadazu nere illeta: orretara etorri nazaitzu. Gure baserrian, atzo jakin detanez, oso bearrean gaude. Aita, bere bizi guztian, ziranak eta etziranak eralgitzen ibilli da, Martiñek gaiztakeria baño besterik eztigu ekarri, ardita zer dan ia eztakigu Ta nere amak eta gure amonak, etxea zerbait jasotzeko, ni Zabaletara ezkontzea nai luteke.

        —Ta Malentxo Azkarragara.

        —Utzi zaiozu orri. Ni Zabaletara, ni, Manuelentzat.

        —Zer gauza oberik?

        —Zer okerragorik esan naiko dezu. Alde ortatik dator nere inka. burutik berañoko larrua eskatuko balit, eznioke nik amari ukatuko; egundaño eztiot atsekaberik eman, egundaño eztiot ezetzik esan, ta atzo ezetz erantzun nion.

        —Ezetz?

        —Bai, ezetz. Ni eznaiz Manuelekin ezkonduko, ezta zuzi zuzi, zati zati, birrin birrin egiten banaute ere.

        —Zergatik baña?

        —Zergatik? Nik ere, zuk Malentxo maitatzen dezun bezela... edo geiago, beste bat maitatzen detalako.

        —Erruki zaitut.

        —A ze bi gauden gu!

        —A ze bi... bat izan bear gendukeanak!

        —... Agur, Paula, ikusi arte.

        —Eztirazu ezer geiago esaten?

        —Iñori baño esker obea zuri zor dizutala.

        —Besterik ez?

        —Ezin!

        —Agur ba agur!

 

aurrekoa hurrengoa