|
IX KRISTAU DOTRINAREN ERRETORIKA
Onen gañean A. Larramendi aserrezko dago, eta arrazoi andiarekin, maisuak bezala, puntu bearren au erakusten du. Bere iztegiaren aurrenean edo prologoan, lezio jakiñ eta erregla errazak eman zituen: eta oriek ondo gordetzen badira, gure euskera txit beraa, suabe ta gozoa ertengo da. Euskerak, beste lengoaje askoren aldean, bentaja andiak ta esan diran pribilejioak ditu, ta gramatika justu edo egiñ-egiñaren orazio edo itzaldiaren zortzi parteak txit ederki usatzen ditu, ta bakoitza bere lekuan zuzentzeko erregla seguru ta errazak ditu.
Orregatik añ laster ta añ erraz euskera A. B. Recio batek ikasi zuen: ori bera gero A. M. la Portak, ta A. F. Beliciak ta beste askok. Onetarako, edo erraz ta ondo ikasteko, itzegiteko ta eskribitzeko, euskerari besteen aldean asko laguntzen dio, besteak bezala, letra asko edo itzen erdiak ez jatea(k), baizik, libruan dagoen bezala, guzia aoz esateak. Naspilla gabe ta garbiago da onetan euskera: eta izkera obeto egiña edo perfezio geiago duena, ori da. Esan dan guzia euskerak orobat Jaungoikoaren gauza altu andietan, nola emen beko edo bestelako jakiñetan, bere erreglakin osoro ta ederki gordetzen du. Ta ori da, ta ez besterik, egiazko erretorika edo elokuenzia egiñ-egiña bera.
Gaberdi illun batean ta arantzaz alde guztietatik beterikako bide batean bezala, euskara edo euskaldunak zebiltzan: ta A. Larramendi, berari bakarrik zegokion ausardi justuaz, beargai edo irteziñ onetan sartu zan. Gizon baten ezeze, askoren diña zan egitekorik gaitzen onetan, berariazko ta berezkirozko Jaungoikoaren argi ta doai gabe, Aita Manueli berari esan izan diodan bezala, ez berak ta ez bestek ezin gauz onik egingo zuen. Alere bere edadearen lorean guzia benzitu ta guzia egin zuen.
Baña lan gogor onetan A. Manuelek artu zituen neke latz eta garratzak gure Probinzia guziz noblearen gloriagatik bakarrik izan etziran: gorago ta altuago begiratzen zuten. Esan nai det, beñ ta berriz berak dion bezala, Jaungoikoaren onrari ta animen onari begiratzen ziola, ta ori aren neke guzien azken fiñ eta koroa izan zala: gure Jainkoaren lengoaje bizi bakar au animen salbaziorako landu ta polikitzea: onetan bere alegiñaz alegindu edo esmeratu zan, ta Jaunaren dotrina ta legea bear bezala erakusteko bide zuzen segurua berak agertu ta argitu zuen.
Zeruko maisu edo Jesukristo beraren egiteko jainkozkoa da zeruko bide edo dotrina, fedea ta legea, ez dakitenai ondo erakustea: Jaungoikoa ezagutu ta amatu dezaten argia ta eskua ematea, egiazko ta zeruko erretorikaren erregla ederrakin au egiteko, urrengo abisoak maisu euskaldunak gorde bear ditu.
I da: Nolako erreberenziaz dotrina
artu bear dan.
Jaungoikoaren itza ondo ikasteko ta erakusteko, esan ta entzun bear da. Baña nola? Au bear bezala ezagutu, pisatu ta esaminatzeko, ni sator itsua naiz, ta besteak nere lagunak: zeruko urregille, lapidario edo artisjakin linzeagoa bear degu: beste Agustin bat edo maisuen dotore, dotoreen maisu ta Eleizako zeruaren Eguzki argi eder, munduko ikasle guzien Erakaslerik jakintsuena: onek iñork ez bezalako lezioak ematen dizkigu, ta Jainkoaren Itzak zenbat balio duen erakusten digu. Ta San Agustin batek zer dio?
Leku batean Santuak dio, Jainkoaren Itza ta dotrina zeruko arririk ta perlarik preziatuenak ta urrezko zirzilluak bezala dirala. (Hom. 26 ex 50.) Beste sermoi batean Jainkoaren Itza ta Jesukristoren Gorputza balio ta estimazio berdin batekoak egiten ditu: ta argatik dio: «Quanta solicitudine» nola erreparo ta erreberentzia al dan andienaz Jesukristoren Gorputza komulgatzean artzen degun: «tanta solicitudine observamus ne verbum Dei quod nobis erogatur, dum aliud aut cogitamus aut loquimur, de puro corde deperiat»: ala, ta neurri artan bertan Jainkoaren Itza artu, entzun ta gorde bear degula. Ta Kristoren Gorputza errespeto gabe artzen duenak baño, Jainkoaren Itza arreta gabe artzen duenak kulpa gutxiago ez duela.
II da: Dotrina erakusteko nola
prestatu bear dan
Ala Bizkaian nola emen, zelo andiko sazerdote jaun ta animen artzai lezio au ondo artzen dutenak dirala badakit. Oien beren dotrina, itzaldi edo sermoiak euskeraz eskribitzen dituzte. Ala fede, nekea da; baña neke guziak amorioak benzitzen du. Itzez esan edo erakatsi nai dutena, kontuz onela eskribitzea askorentzat txit erazko konbeni dan bidea da. Bakoitzak bere errikoakin itzegin oi duen bezala, bere erara lenago paperean ezarri, kontuz etxean nai bezala irakurri, ta gero pulpituan, errespeto andiagoaz, errazago, gogotikago ta biziroago, esango du.
Gaztelako Eleiza askotan agindurik dago, ta gizon jakintsuak ere libru edo paperik pulpituan esan ta dotrina erakusten dute. Munduko esamesak oñperatu, ta gure euskaldunak ere au egitea obe litzake: obeto milla bider esan, ta frutu geiago aterako litzake. Onela guziak berdiñ ta guzien nekea arinduko litzake. Onetan nik dakusdana, ta juiziozko persona aditu askok diona da, Jesusen Biotzeko platika edo dotrinak txit ederki irakurten, gustoz ta debozioz entzuten dirala. Gauza argiago ta obeagorik oriek baño pulpituan esaten ez dala, askok senti dute ta esan oi dute. Ori guziak txit klaro ta kontentuz aditzen dute: lezioa egiten duenak paperetik errazago irakurten du. Pakez ta soseguz beti dotrina, ta al bait ere aserratu gabe, obeto aditu ta biotzetan sartuko da; eta ori euskerarik al dan jakiñen ta klaruenean.
Gure fede ta lege santuak, ta Jainkoak naien dituen dotrina-gaiak edo asuntoak, eta enzule edo auditorioak bearren dituenak, dirade geiena konfesio ta komunio gaizki egindakoen gañean: eta ori, bear dan esamen konzienziakoaren faltaz edo lotsaz, ta maliziaz pekatuak ez ondo esanaz, edo penitenziak ez kunplituaz, biotzeko damu ta are askoz geiago egiazko proposituaren faltaz, nola pekatuen bidetik ez aldegiñaz, konfesio ta komunio asko txit gaizki egiten diran.
Batzuetan, nola ondo konfesatu ta frutu andiaz komulgatu bear dan: nola Jaunari graziak eman, ta zer denbora artan eskatu bear zaion: zer fede, errespeto ta debozioaz mezatan, Santisimoaren aurrean ta eleizetan egon bear dan. Besteetan, juramentu, birau ta maldizio, ezin-ikusi, aserre, gorroto ta etsaiai ez barkatu naiaren gañean, edo gaitz iriztez, edo deseozko pekatuen gañean: ejenplo gaizto edo beatztopa ta eskandalo, tabernako jokoko egoera luze ta edaleen griña itsu, aragizko gusto itsusi, jolas edo ibillera torpe, itzketa edo deseo galduen gañean; eta bakoitzari berea ostu edo gaizki kendu edo artua, aldian puska badere biurtzeko obligazio estua, ta orretara bereala asitzeko bideak.
Dotrinaren puntu txit bearrak dira, umeak Jainkoaren bildur santuan azitzeko legeak: guraso ta familia-buruak oriek ondo zuzentzeko, eta umeen gurasoakiko amorio, obedienzia ta errespetoaren oblizioak: dotrina ikasi ta erakustea, konfesatzera bialtzea, lagun onakin ibilli ta goiz etxeratzea, etxeko pakea, ta elkar ondo artu ta ikustea: bere ta etxekoen estura, gaitz edo nekeak pazienziaz ta Jainkoaren izenean ondo eramatea: nola orietan, Jaunaren erregalo ta gorañtzi gozoetan bezala, aren borondatea egitea, Jesus onaren zerurako bide erreal segurua dan: nola gure ditxa guzia, gure borondate ukatu, autsi, ta ez ori, ezpada Jainkoarena egitean dagoen: bakoitzak bere estadu ta bizi-moduko gurutze ta karga amorez egunoro artu ta Kristori gogotik jarraitzean dagoen. Eta au Jesus beraren dotrina, egunoro bearren deguna, ta egunoro erakatsi ta predikatu bear litzakena da.
Onetako gai guziz Jainkozkoa da, San Juan dizipulo amatuak egunoro ta beti aoan ta biotzean zekarren dotrina: «Jainkoaren umeak elkar ama ezazute»: nola karidade onezaz Lege santu guzia kunplitzen dan, ta Jainkoaren alaba estimatuen ta maiteena nola geide edo projimoaren amorio au dan: zuretzat nai dezun guztia zure projimoari zuk egitea: ta zuretzat edo zuri iñork egitea nai ez dezuna, zure geideari ezertan zuk ez egitea, nola Jainkoak eman dizun neurri ta erregla bakar justuena dan. Zure lagun urkoarentzat zuk beti biotz beraa idukitzea, ta animarako ta gorputzerako al dezun on guzia ari egitea, Jainkoaren zeñ marka ederra dan, ta Jainkoaren Biotzaren antzekoa nola zurea ortik egiten dan.
Azkenik, nola miserikordiazko obra, limosna ta besteak pobreai Jainkoaren izenean edo amorez egitea, zerurako ondasun andiak biribillatzea, ta Jesusen Biotzean gordetzea dan: eta, bere Ebanjelioan dion bezala, azken juizioko egunean, miserikordiazko obra oietatik, bear bezala egin edo ez egiñetik, onai ta gaiztoai zeruko edo infernuko sentenzia Kristok nola emango dien. Orduan, guzientzako Juezaren pagabide edo aranzel berdin justua, miserikordia izango da.
Guzien Errege ta Juez oni nai dakiola, gure probinzia guziz noble onen buruak bere antzera egin, ta miserikordiaren balioa ondo ezagutzeko, bere argiaz zuzendu ta erri jakinenetan animen onerako onelako miserikordiazko etxe onak jasotzera animatzea. Oietan pobren gorputzetako alibio ikusten danak, ez du zer ikusi aien animetan egiten dan onarekin. Milla bider orietako miserikordiazko miserikordiazko obra espiritual andiak, korporalak baño geiago balio dute.
A Jaun prestuak! «Miserikordia nai det ta ez sakrifizioa», dio guzien Jabeak ta Juezak. Miserikordiaren eske dabil Kristo, ta ez beretzat, baizik zuentzat. (Matth. 12.) A, ta zenbat anima galdu miserikordiaz irabazten diran! Orregatik pobreak zuen artean beti, Kristok dionez, izango dituzute. Erri-bestekoai beren libertade eskekoa kenduko etzaie. Baña orien artean zenbat dabiltza, ta nork daki nola ta zer legetan? Ez dotrinarik dakiten, ez ezkonduak ala bestelakoak diran, non da noiz konfesatzen diran: Erriko ta Eleizako buruen kezka, ta oriekin ezin buruatua; zeren batetik bestera igeska dabiltzan. Ta zenbat, Sakramentu ta konfesio gabe, gaizki bide orietan illik topatzen dira?
Neke puska da errietan orretarako bide seguruak edo errentak arkitzea. Alere miserikordiak guzia berdintzen du. Erri askotan orañ egiten dan limosnaz, zierto da pobre asko bizi dirala. O Jaunak! Eta zenbat zeruko bendizio ugari eder andiak pobreen orazioetatik zuen animetan, etxe ta errietan ikusiko diran!
Eta ona non dotrina-gai edo asuntorik bearrenak esan ditugun: eta Espiritu Santuak, Trentoko Konzilioan nai dituen gaiak, gaitzetik iges egin ta onari jarraitzeko, oietara datoz. (Ses. 5. C. 2.) Orien berri ematea igande ta jai andietan: «Diebus saltem Dominicis et Festis solemnibus... cum brevitate, et facilitate etc.» Askotan, ta laburtxo, ta erraz adituko dan izkeran nai du. Noizean beñ ejenplotxo bat kontatzea, urrezko iltze batekin bezala, dotrina gure euskaldunen biotzetan jositzea da. Pekatuen kontra aserre-aldiren bat iñoiz bear badere, baña guzia pekatarien amorez, guzia pakez, pazienzia ta espirituko suabidadez beterik, San Pablok dionez: «Argue, obsecra, increpa in omni pacientia, et doctrina» (2. Tim. 4.) «Instruite in spiritu lenitatis». (Gen. 6.)
Konfesore ta predikadore jaunak, Maisuak bezala, begien aurrean idukitzea nai nuke, gure jendetxo onak, agitz geienetan birtuteen edertasun ta amorez, pekatuen itsustasun ta gorrotoaz baño, Jainkoagana erakartea obe dala. Lenengo bide seguruago ta prestuago baizik ezta: ta birtuteai jarraituaz, obeto ta errazago orien kontrako pekatuetatik iges egiten da: bide onetatik lasterrago ta frutu geiago anima onetan egingo dute.
Jainkoaren dotrina bear dan fede ta debozioaz esateko, lenagotik ondo pensatu, begiratu, ikusi ta ikasi bear da; eta ori, latin edo gaztelaniarik munduan ez balitz bezala. Au egiten duen euskaldunak, nere kontu, dotrina ondo, eskribitu, ikasi, esan ta adierazoko duela. Latin edo gaztelaniatik euskerara biurtu nai bada, ori ondo biurtzeko edo traduzio onaren legeak gorde bear dira: eta ez itzak berak, ezpada oriek esan nai dutena, edo orien sentidua ondo pisatu, ta euskeraz nola ondo esango dan kontuz konsideratu, ta ori eskribitu bear da.
Beste izkerak bezala, gureak ere bere itzaldi egoki txit biziak, berezko ta berariazko ederrak ditu. Baña erdarak era batera, ta euskerak bestera. Onek era postpositibo, ta ark prepositiboan. Esan nai du: gaztelaniak beti aurretik dakarrena, euskerak azkenerontz beti botatzen duela: eta itzak beren lekuan, gaztelaniaren kontra ifintze orretan, euskeraren era eder, aire edo txiste guzia dago. Bestela itzez itz erdaratik euskarara biurtzen badezu, txit itsui, doakabe edo moldakaitz irtengo da, eta mutillak esan oi dutena: «comer aviamos echo nosotros: bien que está, Padre», eta «a ti la lengua que no te saque pues». Itzez itz biurtzea orra zer dan. Eta edozeñ lengoajetan orobat da.
Lenago ondo prestatuta ere, Jainkoaren itz santua bear dan errespetoaz artzean lana dago. Ciceron tristea, lurreko onragatik, bere erretorika guziaz, zeñ ere zan, ta lenago alegiñ guziaz prestaturik zeñ ere zegoen, alere Erromako Jaunen aurrean itzaldia asitzeko, utsegiteko bildurrak beti, berak dionez, artzen zuen. Jaungoikoaren lege ta dotrina, Ciceron-en egitekoen aldean, zeñ gauza mea, preziatua ta andia dan, edozeñek dakus. Latin usia puska bat duen gizon juiziozkorik nor da, erdaraz edo euskeraz sermoi bat irakurri ta beste gabe, latiñez pulpituan predikatuko duenik? Itzoro galdu ta trabukatuko litzake. Bada euskerazko erretorika berbera da, ta erregla ta lege berdiñak dira. Probetxoai erakasi bear zaien Jaunaren dotrina, ez banoan, ezpada benerazio guziaz artzeko gauza da.
III.— Dotrina galdetzeko ta esateko
modua
Dotrinaren puntutxo oiek eskribitzen nagoela, ill berri triste bat etorri da, edo sazerdote J. D: Ignazio Iturbe, igaro dan egunean nola uste gabe ta bat-batean ill-otza gelditu dan: Jainkoak bere glorian duela. Onek, Billa-erreal-ko Bikario zala, jai-egun guzietan dotrina egin edo esplikatu oi zuen, ta txit atsegin andiaz askotan aditu izan nuen. Onen jarduera santu edo ejerzizio era guzietara ederra ta erraza zan, eta onela egiten zuen.
Eleizan zeuden guziak berarekin batean belauniko jarri, soseguz boz altuan ziñatu, kontrizioko aktua egin, ta entzunleak esertzen ziran: era onetan bera pulpituan zutik zegoela, eskolan bezala ta paperetik, kartillako orazioak berak klaru esan, ta tonu artan esanaz, guziak erantzun edo esaten zituzten: Aita G., Abe M., Salbea, Kredo ta Artikuloak, Legeko ta Eleizako Mandamentu, Sakramentu ta miserikordiazko obrak. Zer jarduera edo praktika ederrago ta bearragorik oriek guziok ta kontriziozko aktua egitea baño? Orrekin lotsa ta bildur gabe guziak berdin: txiki ta andi, gazte ta zar, gizon ta andreak, betiko esanaz, erdi lotan bazeuden ere, nai ta nai ez bezala, guzia ondo ziekiten.
Ejerzizio eder onen ondoren, dotrinaren puntu berariazko bat berak azaltzen edo esplikatzen zuen: ez luze ta ez labur, bere neurri onean; baña bere euskera klaru, egoki ta errikoai akomodatu ta zegokienean: texto edo latiñik batere gabe, aserre edo inkietaziorik alerik gabe. Ala auditorio guzia aoak txabalik, txit gustoz ta debozioz egon oi zan. Au berau egiten duten beste Artzai onak badira. Ojala guziak berdin onela beren eleizetan egiten badute. Oriek jakinde edo estudio andirik ez idukiarren, marabilla aundiak orien paperetik ikasiko lirake.
IV:— Dotrina galdetzeko modua.
Espiritu Santu, egun oietan etorri zanak, gure biotzak emen argitu ta bere amorez zuzen ditzala. Puntu onetan, nola Euskalerrietan era edo manera jakiñik ta guzientzat berdiñik orañ artean izan eztan, egokiro itzegitea erraz ezta. Gure itzaldi ta izkera geienetan uts egiten degu: ta orañgoa ezta. San Agustin batek zion: «Multa improprie loquimur, pauca proprie; intelligitur tamen quid velimus». Esan nai du, gauza asko ez-egokiro ta gutxi egokiro, ondo ta bear bezala, esaten ditugula: alere elkar edo zer esan nai degun aditzen degula. Jakintasun bere parerik munduan ikusi etzuenak, edo Agustin batek añ umilkiro ta ederkiro au badio, besteok zer esan dezakegu?
Animen kargudun edo dotrinako esaminadoreai lastima andia diet: eta gure jende jakin-ez gaxoakin pazienzia zabala bear da, eta au baño ere prudenzia andiagoa nai da, pobretxoai txit beren erara galdetu ta badere, bearren dan dotrina ondo aditzen duten ikusteko, edo dakitena nolerebait ateratzeko. Ondotxo bada, ta suabero artu ta gauzarik errazen ta jakiñenetatik galdetzen asi bear da; orrela animatu, ta lasterrago ta zuzenago ikasi dutena erantzungo edo esango dute.
Bestela gogorki estu edo txorrotzegi artzen badira, lotsatu, bildurtu ta ebakiko dira ta gauz onik egingo eztute. Ziekiten dotrina-puska bera ere, nastu ta oker edo gaizki esango dute; ta bear dana dakiten edo ez, orduan ta orrela esaminadoreak juiziorik ezin egin dezake. Eskusatu, bada, arren, Jaunak, eta geienean alde batera jende itsu gaxoai ondo ez datozkien galde edo preguntak utzi: seguru ez dakizkite, ta orien premia edo jakin bearrik ez dute. Emen era betera guziai dotrina galdetzeko erregla laburtxo bat edo ejenploa falta da.
Kura jaun guzien biotzak Espiritu Santuak argitu, berotu ta giatu ditzala, beren ejenplo ta dotrinarekin anima asko salbatzeko. Amen.
Onen ondoren librutxo bi laster aterako dira. Bata, «A. S. Ignazio-ren Ejerzizio-en gañean afektoak, beren ejenplo ta dotrinakin».
Bestea: «Ondo iltzen ikasteko ta ondo iltzen laguntzeko ejerzizioak».
Azkenik, Jainkoak nai badu, A. Astete-ren Dotrina Kristiana edo Kristau Dotrina, gure euskera garbian; baña emen usatzen dan izkerarik jakiñenean; uste ta alegin guziaz ondo limaturik, eta Probintziako ta Bizkaiko gure euskaldun onenak, ta Teolojiako maisu askok urrezko librutxo oni dagokion estimazioak, txit ondo ta kontuz ikusi ta begiraturik.
Aita Mendiburu-ren zelo andiak Nafarroako erara libru eder probetxuzko asko atera dituen bezala, Jainkoaren ontasunari eskatzen diot, Bizkaiko biotz nobleren bati ango era ta dialektoan zeruko dotrina ta ejenploen libruak ateratzeko, arren argi, zeloz ta gogoz bete bat eman diozala. Alper alperrik leiatzea da: animen onerako, Bizkaiko, Nafarroako ta Gipuzkoako iru dialektoetan eskribitzea, guztiz premiazko ta gauza txit bearra da. Gure izkera, beste bien erdikoa bezala, Nafarroan, baita Bizkaian ere, geiena aditzen da. Baña ez Nafarrak Bizkaikoa, ta ez Bizkaitarrak Nafarrena aditzen dute: ta bata besteagandik urruti ta bakoitza bere bidetik dabill. Jainkoak guziak zuzen ditzala bere gloriarako. Amen.
|
|