|
III ONDO ITZEGITEKO TA ESKRIBITZEKO
MOLDE EDO ARTEA
Eskribitzen asi baño lenago munduan itzegiten zan. Baña ondo itzegitea ta ondo eskribitzea, guzia bat edo berbera deritzala, dio Quintilianok: «Mihi unum, atque idem videtur bene dicere, ac bene scribere.» (L. 12 C. 10.) Onetarako lenengo artea edo erreglak eman zituena, elokuenziaren Aita, edo ederki itzegiteko moldea atera zuena, Isocrates izan omen zan. (Quint. L. 2 c. 15.)
Gramatika edo molde au da: «Ars emendate loquendi et scribendi.» Esan nai du: solezismo, barbarismo, uts edo falta, gezur ta oker gabe, zuzen ta beren lekuan ondo itzak esatea edo eskribitzea: eta onetan Isocrates txit argi, zorrotz ta dilijentea izan omen zan: Latinez itzegitea, ta arte edo gramatikaz edo onen erreglaz batean itzegitea, ezta guzia bat, dio Quintilianok: «Aliud esse latine, aliud grammatice loqui.» (Lib. 1. cap. 6.) Ori bera orañ: erdaraz edo euskeraz itzegitea, eta arte edo gramatikako erreglakin ondo itzegitea, ezta guzia bat: eta bat eta berbera da arrazoia.
Ondo ta bear bezala eskribitzen ta itzegiten ikasi dutenak, Isocrates baten ta gero Ciceron ta Quintilianoren alegin bizi ta berezkirozko aien dilijenziai asko zor die: ori erreglakin erakusteko, A, B, C, edo alfabetoko letra guziak banaka ikusi, begiratu ta esaminatu zituzten. Berealakoan edo beñgoan guzia idoro etzuten, ta utsak betetzea ta sobrak kentzea asko kosta zitzaien: griego ta latiña ondo jantzi ta apañtzeko, edergarri asko billatu ta beren alegin guztia egin zuten.
Gero, edo onontzago, orañ milla ta laureun urte bezala, Eleizako Eguzki argi eder San Agustin bat onetarako bere lezio ta erreglak gramatikako libru bat eskribitu, ta gazteai A, B, C-tik asi ta erakusten jarri zan. Maisuen maisu andi San Agustin bat onezaz dediñatu etzan, ta onra anditzat artu zuen neke au, Jainkoaren gloriarako ta animen onerako. Zergatik bada, euskaldunak orrezaz dediñatu bear dute? Onetan, neke gogorraz, Aita Larramendi batek jardun zuen, ta, berak dion bezala, ez bakarrik gure probinzia guztiz noblearen, ezpada Jainkoaren gloriagatik ta animen salbazioagatik, ta ori Elizako euskaldun maisu, konfesore ta predikadoreetan obeto seguratu ta errezago egiteko. Au bere marabillazko gramatikan egin zuen: obra on andia au, zerzaz pagatuko diogu?
Bizkaian, baita emen gure artean ere, sazerdote jaun asko ikusi ditut eskoletan obra on ori zelo ta arreta andiaz egiten: obra obeagorik errientzat ezin, ala fede, umeak ondo azitzea baño, egin dezakee. Argatik, maisu ta guraso umeai erakutsi bear dienak, ori ondo egiteko erreglak bearrago dituzte. Seme ta alabak txikitatik eskolan erdaraz ta euskaraz, edo guztitara, oitu bear dira, ta arrazoi gabeko lotsa beltz gaiztoa pisatu ta kentzera. Bestela, zer lotsa gaizto itsusiagorik, euskaldun galtzadun edo gizon egin bat, lau errengloi euskeraz ezin irakurririk, ez atzera ta ez aurrera, lotu-ta ikustea baño? Ta ori guzia, zergatik? Añ asia ta erraz lau egunean libru bat irakurtzen ez ekin edo jarduteagatik. Lau eguneko ejerzizio piska batekin seguru, erdaraz bezala edo aisago, euskeraz irakurtzera egingo zera: egin ta irakurri, ta nekerik ta lotsarik eztago.
Emen guraso ta maisuak falta andi bat erremediatu bear dute, ta gure euskerari orañdaño baño mesede geiago egiñ: jendeen artean beste lenguajerik euskera baño ditxa gabeagorik ezta ikusi, ta, gure jatorrizko edo jaiotzako izkera ez balitz bezala, ta euskaraz itzegitea pekaturik aundiena balitz bezala, giza artetik kendu ta lurpean ondatu nai dute, ta eskoletan sortija edo siñaleakin, azote ta kastiguakin, eragotzi nai dute: Zer erakeria itsuagorik au baño? Euskaldun prestuak, ez arren orrelako ofensarik zuen lenengo ta beti bear dezuten euskerari egin. Zuen juizioa non da? Euskalerrietan nola gauza onik izango da?
Araban nebillen batean, ango adiskide ta Erregeren guardietako kapitan baliente batek beñ esan zidan: «Aita: nola Euskalerrietan umeen aziera ona ta bear dan dotrinarik izango da, baldin euskera ondatzeko alegiñ guziak egiten badira, ta gure mutiltxo edo aurrai bildur ta azoteakin euskeraz itzegitea eragozten bazaie? Oiek berak gero edo eleizagizon edo etxajaunak izan bear dute. Eta, guraso edo kurak diranean, nola, egin premia dan bezala, beren etxe edo ergoienetan (erri txikiai onela Araban deitzen diete) dotrina erakatsi ta konfesatuko dute? Nola beren familietako artu-emanak ta beste bear diran gauzak ondo aditu ta zuzenduko dituzte? Ikusten deguna da: gazteak latin gramatika ikasten dutenean, naiz Gaztelaniaz, naiz Frantzesez, naiz Euskeraz itzegiten dute, ta ori eragozten ez diete. Gramatikako maisu famatu bat gure egunean izan zan, latin gauzak ere euskaraz erakusten zituena: ta franzes euskaldunai gramatikako erreglak euskaraz adirazi ta erakusten diezkate. Ala, ez eskolan ta ez gramatikan, euskara beñere utzi bear ezta.»
Soldadu jaun onek arrazoi andia zeukan. Al datekean disparaterik bidegabeena da, euskera gazteai debekatu ta, madarikatua balego bezala, kastigatu ta eragoztea. Eskolan bertan erakatsi ordu onean, ta erdaraz jardun dezatela; baña gero libre, naiz eukseraz naiz gaztelaniaz: orrekin bietara egingo dira. Bestela Gaztelara gazteak badijuaz; an burla ta lotsa andien kostuan badere, erdaraz ikasten dute: ta nola euskera kendu zieten, ta jarduten ez duten, beren erri edo etxeetara biurtzean, alde guzietara barregarriak oi dira: ta egiaz esan oi da: gaztelania ez ikasi ta euskera bai aztu. Gero emen lotsa andiaz dakuskuna: ez itz egiteko ta ez elkar aditzeko erdarazko ta euskarazko naspilla moldakaiz eta nazkagarri bat entzun oi da.
Bedeika nik dakidan maestra estimagarri errespeto andiko bat, bere grazia onarekin ta kastigu gabe ume inozente sei urtekoai ere, euskeraz, erdaraz ta latinez berdin, txit trebetasun andiaz ta ederki lotsarik gabe irakurten erakasten diena. Ojala ori bera maisu guziak egiten balute: mutil mutu lotu motel gutxiago errietan izango litzake. Baña utsegitean, oiei sosgeuz ta grazia onean, nola ondo irakurri edo esan bear duten, adirazi bear zaie, eta ez bildur ta ikarakin. Oitu bear dira, ez emengo izkeran bakarrik, ezpada edozeñ dialektotan, eta Frantzia edo Nafarroako edo Bizkaiko libruetan ondo ta trebe irakurtera. Onetarako diran erreglak ondo gordetzen badira, edozeñ euskera txitez beraa, suabe eta gozoa ertengo da: eta deadar, izu ta golpe gabe, ezpada onez, egun gutxian ondo esanzan, ederki ta nai bezala, irakurtera gure txikiak eta andiak egingo dira. Au gauza ziertoa da.
|
|