|
Irakurleari, berri onak
Erroman, erriaren errenta andi eta fama ere andiagoarekin, ondo itzegiten ikasteko, edo Elokuenziaren eskolak aurreneko iriki zituena, Marco Fabio Quintiliano izan zan. Au, autore andi askok diotenez, jaiotzaz edo bere jatorriz, gure Españako semea omen zan. Eskola oiek, konseju aundiaz ta berariaz, Erromak para zituen, gazte alperrak galdu ta munduaren desonragarri izango ziranak, ondo azi ta Erromaren onragarri izan zitezen. Eskola orietan ogei urtetan maisu onek Erretorika jende gazteai itxit ederki erakutsi zien: eta ikasle edo dizipulo señalatu asko atera zituen: eta, besteen artean, Plinio bigarren edo gazteena bat izan zan. Ciceron-en urrengoa Quintiliano esan edo kontatu oi da: eta onek, ark baño ere obeto gauzaren batzuek begiratu, ta len baño molde obean ta argiroago agertu edo utzi zituen.
Ogei urteak ainbeste jenderi erakasten igaro, eta, Marcelo Victorio bere adiskide laztanaren erreguz, onen semearentzat, amabi libru, munduan txit estimatuak, orañ «letra ederrak» deriztenak, ondo ikasten asitzeko, egin zituen. Orietan, maisu agudo ta suabe paregabe onek, antziñako autore erretoriko, poeta eta beste gizon andi lenagoko guzietan ikusi ta ikasi zuena, iñork bestek ez bezela, moldaturik eman zigun: eta gazte bat aurtasunetik nola ondo azi bear dan, A, B, C,-tik asi ta gizon prestu, txit jakintsu edo biribill egiñ arteraño, «letra eder» guzien ikasteko bide ta lezioak begien aurrean klaro ifintzen ditu.
Orañ bada, irakurle kristaba: baldin Quintilianok, Marcelo bere adiskide kutunagatik, ta Geta aren semea mundurako ondo azitzeagatik, amabi libru, ainbeste erregla ta lezio banaka argituaz, atera bazituen, guk gure Jaungoiko guzien Aita maiteagatik ta animen salbazioagatik, zer ez degu egin bear? A! Batetik bestera asko dijoa! Gure intenzioaren aldean arenak zer ikusi etzuen. Ark lurrerako, guk zerurako: ark giza arterako, guk Aingeru arterako umeak ondo azitzea nai degu: eta guzia, ez guretzat, baizik Jainkoaren gloriarako izan dedin. Baña ori, edo al deguna egiteko, goragotik edo antziñagotik asi ta ur garbia bere jatorrizko iturritik artu bear degu: ta euskararen berri beste izkeretatik nolabait atera bear degu.
|
|