|
I BESTE IZKUNDEEN ALDEAN
EUSKARA
Noiz eta nondik edo nola gure euskera onontz etorri zan, nork daki? Zerutik, edo Jaungoikoagandik, gizonen asmazio gabe, orien gañeko gauza bezala etorri zala, Euskerak berak bere era eder ta armonia paregabean ondo seguru esaten edo adierazotzen du. Beste izkunde edo lengoajeak, nork daki nastu ta batera ta bestera nola ibilli diran: Euskera, Jainkoak nai-ta, menditarte oietan beti nasgabe, beti garbi, beti seguru beregan gorde izandu da.
Txantxetan esan oi da, edo Euskaldunak esan oi dute, Jaungoikoak Paradisuan Adan gure Aitari euskeraz «Adan, non zera?» esan ziola. Euskera Jainkoaren gauza bezala, arako ta edozeñ lekutarako diña bazan, Jainkoak ala nai izan balu. Baña gauza ziertoa da, Jaungoikoaren izketa, Paradisuan ta gero ere, hebreoz izandu zala. Fedeak Eskritura sagraduan esaten digu, munduaren asieran, gizon guzien izkunde ta lenguajea bat eta bakarra zala: «Erat autem terra labii unius, et sermonum eorumdem.» (Gen. 11.) Gure Aita Cornelio A Lapidek, Eleizako Doktore ta interprete santuakin kontra atera, ta dio lengoaje edo izkunde ori hebreo zala, ta onek berak milla ta zortzi eun ta geiago urte bakarrik mundu guzian iraundu ta serbitu zuen, aurrenetik Babel-ko Torretzarra asi arteraño: orduan lengoajeen naspilla izandu zan: ta arrezkero ere nasgabeko hebreo garbia usantzen zala, dio gure Corneliok.
Heber Jaungoikoaren gizon ta Abraan santuaren asabaerena, edo irugarren aitonak, Abraan, Isaak, Jakob ta bere ondorengoakin, Jainkoaren fede ta Paradisuko lengoaje santua gorde zuten. «Heber vir sanctus... a quo orti et dicti sunt Hebraei, qui primigeniam Paradisi linguam Hebraeam cum vero Dei cultu soli retinuerunt.» (Cornel. in c. 10. Gen.) Eta au berau leku askotan dio. Babel-ko Torrea asi arteraño lengoaje hebreo bakarra ta guziak aditzen zutena zan: eta, ango beargilleai gogoa kentzeko, Jainkoak izkera berriak eman ziezten: batari griegoa, besteari latiña, ta orrela: guztitan berrogei ta amabosteraño, dio gure Corneliok, ta orrekin guziak nastu, elkar ezin aditu eta gizonak munduan banatu ziran: oiek berrogei ta amabost familia ziran. (Corn. In c. 11.)
Antziñako izkera zarren artean, guzien lenen, aurreneko ama ta asiera bezela, hebreoa beti kontatzen da, ta onegandik Syriaca, Caldeoa ta Arabigoa sortu ta jaio zirala: Latiñetik Italiako, Ungriako, Frantziako ta Españakoa, eta besteak orrela: «Hebraica matrix et genitrix, et Syriacae, Chaldaicae, Arabicae: Latina Italicae Valachicae, Gallicae, Hispanicae, etc» (Corn. Hic.) Baña euskerak, gaztelaniak bezala, aidetasun orren urkoa, nola dan umeakin amarena, ta latiñaren ume nola datekean, edo nondik batak bestearen antza duen, probatzea, orren erraz ezta.
Dana dala, antziñatik, orañ bezala, griego ta latiña beti estimatuenak izandu dira: eta, baldin latiñak eta griegoak berak itz, boz edo berba asko euskaratik artuak badituzte, ondo klaru Aita Larramendik erakusten duen bezala, euskera aiekin batean edo lenago zan señalea, eta izkunde lenen edo aurrenekoetatik bat euskara zala. Nola nai, zierto da, latin ta griegoak, batak bestea apañtzeko, elkarri eskua eman ta lagundu diotela, ta, lengoaje guzien artean, aurreskua beti artu ta eraman dutela. Gizon jakintsuen artean beti ibiltzean oien zori ona egon da. Munduaren partetik agirienetan jakin dan geiena, griegoz ta latiñez eskribitu izan da: eta, ainbeste libru ondo eskribitzeko ta oriek bear bezala irakurtzeko, esan edo itzegiteko, bietan erregla on asko eman dira.
Antziñako filosofo lenenak, erretorikoak ta, are geiago dana, Eleiza-gizonik andienak, misurik jakintsuenak, Espiritu Santuaren argiaz gidatuak, beren zeruko libruak lengoaje bietan eskribitu zituzten: ala Ignaziok, Polikarpok, Justinok, Klementek, Tertuliano, Origenes, Zipriano, Laktanziok ta beste eskritore santuak. Eleizako lau Dotore griego, Atanasio, Basilio, Gregorio Nazianzeno ta Krisostomok, nola lau latino, Anbrosio, Jeronimo, Agustino ta Gregorio anaiak, ta oien ondorengo guziak. Au dudarik gabe ditxa andia da.
Izkunde estimatu oiek biak ere beren oreñak edo tatxak bazituzten len; baña gero, asko-jakiñen artean oi dana, egunoro ta obeto polikitu ta apañduaz biak joan dira. Orañ dakuskuna da, jakintsuen ta jakinzaleen izkera edo lengoajeak latiña ta griegoa dirala: ta latiñaren estimazioa are andiago da, zeren Eleizaren izkera santa dan, eta gure Fedeko libru sagradu guziak latiñez daukatzigun.
Gure euskerak bazter oietan orrelako gizaseme andien patu onik izan eztu. Baña latin ta griegoak asko-jakiñen ditxa ta gloria ori izan badute, bere modura marabilla txikiago ezta, baizik miragarrizko prodijio andiago, euskera, soll-soll, bakarrik edo nik eztakit nola, bizirik ainbeste sekuletan egon dan ta dagoen: añ berez ta beregan, añ argi ta garbi, bere erio ta arerio guzien damu gorri gaixtoan badere. Alere asko, egieki, euskera galdu da. Baña ori ezta euskararen, ezpada euskaldunen desonra: bada oiek polikitu, apañdu eta edertu bearrean, lotsari gabe berak beren nagitasunez itxustu, larrutu ta desegin izan dute.
Baña, gure probetxo on askoren animak salbatzeko, euskarak burua jasotzea Jainkoak nai du: gure baserrietan jende prestuak dirauten artean, euskarak iraungo du. Esan oi dana: oiei lepoa ebaki edo bizia kendu gabe, euskara ezin utzi edo kendu diteke. Jaungoikoaren borondate jakiña da, aren fede ta legeko misterio ezkutatu ta dotrina sabaltzeko bear dana, sazerdote jaunen ministerio sagraduetan, euskeraz baizik emen egin ta esan bear ez dala. Ta lengo aitzakiarik orañ edolarik ez dute askok: bada Aita Manuel Larramendik, neke gogor ta estudio esan al baño andiagoarekin, ezin izango ta ezin egingo zana bere Artean egiñik, eziñak ta nekeak lazki garaitu zituen, ta ori ta bere iztegi edo dizionarioa, maisuak bezala, eman dizkigu.
|
|