|
II EUSKERAREN IZKERAK
EDO DIALEKTOAK
Itsu-itsuan askok esan oi du, euskera asko dirala, edo erri bakoitzean bere euskara dala; baña zer dioten ez dakite. Ezta ori egia: euskera bat da. Euskara bat onetan, egia da, dialekto edo izkera asko dirala. Autore grabeetan askotan irakurten det griegoan bost dialekto ziradela: Atikoa, Aelikoa, Dorikoa, Jonikoa ta Komuna edo guziena. Onela bada, Frantzian, Nafarroan, Bizkaian, Araban ta Gipuzkoan, beren izkerak, bakoitza bere erara dira: ta ori gauza berria ezta.
Onen gaiñean ere A. Larramendik, Artean ta Iztegian, guzia edo geiena, besteak ez bezala, erregla seguruakin erakusten du, baldin euskaldun jakintzalerik bada, eta oiek, Jainkoaren gloriari ta animen onari begiratuaz, orietan dakartzien abisoak ondo ikusteko pena edo neke puska bat artzeko gogoa badute: baña lastima da: libruak irakurten ta mesede edo onegiña ezagutu ta estimatzen baño, ezker gaiztoak ematen errazago da. Nere animako sentimentu edo miña da, etsaiak alde onetatik animetan egiten duen kaltea, ta, neke gutxi bat ez lau egunean artzeagatik, nagitasunez libru onak utzi ta asko beren jakineztasun edo ignoranzia itsuan betiko geratzea. «Noiz artean, —Dabid santuarekin esan dezaket— noiz artean, gizasemeak, orren biotz pisua izango dezute? Zergatik banidade edo utsa asmatzen ta gezurra billatzen dezute!» (Psal. 4.)
Dialekto edo itzera oien gañean soseguz pensatzen duenak gauza miragarri ta ezin ukatuko dan bat aurkituko du, eta da, euskaldun bakoitzak izkera zeñ era ta armonia ederrean gordetzen duen, edo dezakean. Nafarroan len ta oraiñ, bertako ta are geiago Frantziako libruen sokorruaz, nolerebait errazago beren izkera gorde izan da; baña orrelako lagun gabe, alde oietan eta Bizkaian beren izkeran zeñ ederki iraun duten ikusteak, txit arritzen nau, ta edozeñ admira dezake: eta marabilla au ondo ikusi, entzun ta aditu gabe, ezin, ala fede, sinistu liteke.
Ainbeste milla anima edo gizon ta andrerekin igaroko ogei ta ainbeste urteetan Probinzia oietan Mixioetan jardun bear izan det: eta egunoro ta geiago admiratu izan nau guzietako ta, ez gutxiago, Bizkaiko itzegiteko era ta armoniak. Besteak bezeñ ondo, ta gauzaren batzuetan bearbada obeto, izkeraren legeak an gordetzen dituzte. Guziok Señorioko, Nafarroako ta emengoa ondo bageneki, añ ederki batean, nola bestean ta iruretan, boz, itz edo berbaz usatu ta jokatuko genduke.
Gauza bi alere onen gañean ziertoak dira. Bata, Bizkaitarrak berak, askok beñtzat, gure dialektoan berenean baño predikatzea naiago dutela: eta Bizkaiko predikadore asko gurean predikatzera oitu edo egin dirala. Bestea da, an, ta emen ere, nik ez dakit nola, baña gizon geienak moldekaiz ta gogorkiago, eta andreak berenez poliki ta emekiago itzegiten dutela. Baña orregatik, ya dakus edozeñek, ala gizaseme nola emakumeetan, euskera beti bat eta berbera dala. Gisa onetan edo bestean itzegitea, ferian edo dendan erosten dan gauza ezta: bakoitzak bere dialekto edo izkerari jarraitu ondo: oitura, usu ta kostunbrea ala da, ta aurrera ere ala izango da.
|
|