|
8en KAPITULA PIARRES ADAMEREN 3en HISTORIA
1555an, Erremundegibehere Sarako hauz'aphezak egin zuen abilezia.
«Mila bortz ehun eta berrogoi eta hamabortza zuan; uda azkena.
»Denbora hartan, Pello, Saratarrak eta Zugarramurdiarrak gerlan zituan, batzuek bertzen kontra. Huna zertako:
»Sarako arthalde bat mugarriz alde hartara alhatzen zenean, Zugarramurdiko artzainek, zeinen nagusiak komentuko fraideak baitziren, franzes arthalde hori, inguruan harturik, erematen ziteyan, aitzinean, fraiden komentura. Orduan, fraiden eskuetaraz geroztik, adio arthaldea Saratarrentzat!
»Sarako artzainek ere, nola erne baitzauden, penxatzen dukan bezala, ikhusten zutenean Zugarramurdiko arthalde bat mugaz alde huntara alhatzen, edo xoilki mugarat hurbiltzen, hek ere inguratzen ziteyan berehala arthalde hori eta ekhartzen Sarako plazara. Gero han, lehenago hamar ardi edo zikiro galdu zituenak, atzematen zitian hogoi, eta gehiago ere ba, ahal bazuen.
»Ikhusten duk, Pello, holako egitate ixusiak elkharri eginez, Sarak eta Zugarramurdik amodio guti behar zutela izan batek bertzearenzat.
»Bainan nola lehenago ere, orai bezala, bi herri amulxu hoyetako yendeak handizki malxoak eta pazientziadunak baitziren, ez zituan berehalakoan elkharri yokatu. Egia duk bi herri hoyetako yaun hauz'aphezek egiten zituztela beren eginahalak beren herritar malxoen malxoki egon-arazteko.
»Zugarramurdiko hauz'aphezak izena zian Haranxipi; Sarakoak Erremundegibehere. Noizetik noizera, bi yaun hoyek biltzen zituan elkharren ganat, konxeiluko bertze zenbait lagun abilekin; bazkaltzen ziteyan ederki, batean Saran, bertzean Zugarramurdin, denek elkharrekin. Nork pagatzen zuen bazkaria, ez zakiat, Pello; zeren, herriko-etxeko liburuak ez baitu erraten; bazukek hauz'aphezek pagatzen zuten, hala nola konxeiluko gizonek... non ez zuten pagatzen... bertzek?... Bainan, berriz ere, hori ez duk gure egitekoa!... Goazen beraz aitzinat!...
»On duk orai yakin dezakan, Pello, murde Erremundegibehere, Sarako hauz'apheza, herriko aberexuenetarik bat zela; bazitian arthaldeak Larrunen, Ibantelin, Harxurian eta, hox! zokho guzietan.
»Nola bera errotazaina baitzen, muthilez zain-arazten zitian bere arthalde handiak.
»Astelehen goiz batez, argia hasi baino lehenago, heldu zaiok Piarres, Harxuriako artzaina, hax-hantua, erraten diolarik: "Oh! yauna, atzo, arraxalde aphalean, mendiaz bertzaldean nintzelarik antxuekin, Zugarramurdiko fraidek ereman edo ereman-arazi dituzte beren komentura gure berrehun ardiak, beren ahariekin, mugarriez hunatako alhan ziren lekhutik. Ohartu naizen bezein laster, guan naiz Zugarramurdira, eta han ikhusi ditut gure ardiak preso daudela, komentuko korrale handi batean!..."
»Solas hoyek bere nagusiari erratean, artzain gaizo hori ikharan zagoian, dal-dal-dal, beldurrez nagusia borthizki asaldatuko zen, berri hori ikhastean. Bainan, nola ez da harritzen Piarres, ikusten duenean nagusi hori, asaldatzeko ordean, ez dela den gutiena ere tuntitzen? Baizik ere, eskuineko eskuaz, kopeta pherekatu ondoan, beharri gibelean hatz egin eta, irri falxo bat ezpainetan duelarik, erraten diola: "Ongi duk, Piarres; athor nerekin herriko etxera."
»Han, yaun Erremundegibeherek iskribatzen dik letra edo eskutitz bat Zugarramurdiko hauz'aphezari, erraten diolarik: "Adiskide Haranxipi, zato faltarik gabe, lagun bat edo biekin, eguerdi baino lehen; ahate bat salxan, oilo bat eltzean, antzara bat gerrenean eta ni lorietan, zuen beha gaude."
»Ematen ziok eskutitz hori Piarresi, erraten diolarik: "Hau eremok berehala Zugarramurdiko yaun hauz'aphezari. Laster egik, Piarres, eta, bidean iragaiten haizelarik, errok Mattin, herriko muthilari, dathorla herriko-etxeko salara hamar orenak baino lehenago."
»Piarres bideari lothu denekotz, yaun hauz'apheza baziohak bere axudantaren ganat, huni erratera zer iragaten den eta zer xede duen.
»Yaun axudanta herriko gizonen artean abilenetarik bat zuan, kasik Erremundegibehere bezein abila; izena zian Lahetxipi.
»Yaun hauz'aphezak erran dionean nola bezperan Zugarramurdiko fraidek ebaxi dioten berrehun buruko arthalde eder bat, eta zer gisetan yokatu gogo duen bere berrehun ardien bertze berrehunekin, ahal badu, atzemateko.
»Lahetxipik tinkatzen ziok eskua, erraten diolarik:
»—Biba zu! Erremundegibehere; ez da zu bezalakorik!... Oraintxe ikhusten dut eta aithortzen goraki merezi duzula, nihork baino gehiago, Sarako herri famatuaren aitzindari izatea!... Ethorriko naiz, ni ere, herriko etxera, eta, lagunduko zaitut zure xede handiaren bethetzen!...
»Hola elkar aditu dutenean axudantak eta biek, yaun Erremundegibehere atheratzen duk, eta, nola ez baitzuen batere dudarik egiten Zugarramurdiko hauz'apheza ethorriko zela, eguerdi baino lehen, ahate salxaren, oilo egosiaren eta gerreneko antzararen usainean; nola behar baitzuen ere aitzinetik mintzatu Mattin, herriko muthila, baziohak herriko etxera hamar orenak baino lehenxago; han kausitzen dik Mattin eta huna zer erraten dion:
»—Adi zak, Mattin, eta har ongi buruan erratera nohan hau; denbora laburrik barnean, segurki eguerdi baino lehen, hunat ethorriko dituk Zugarramurdiko hauz'apheza, eta haren lagun bat edo bia; sar-araz zatzik ganbara huntan eta yar-araz horrako alkhi horren gainean; errotek berehala heyekin naizela, eta, orduan, athor heroni, ni, axudantarekin, izanen naizen bigarren ganbara hortara; uste-gabean bezala, utziko duk athea idekia; aditu behar ditek ongi, zer ordena ematen dugun axudantak eta nik.
»Mattin Zugarramurdiarren beha dagolarik lehenbiziko ganbaran, yaun Lahetxipi heldu duk hauz'aphezaren ganat eta sartzen duk bigarren ganbaran.
»Erremundegibeherek hartzen dik eskuan antzara luma xuri bat eta erraten ziok bere lagun Lahetxipiri:
»—Lahetxipi, fraidek ez zakitek franzesa; nik ere ez hainitz; are gutiago zakitek eskuara...; ni berriz, ez nauk arras trebe españolean... Iskribatzen baniote latinez?... Zer iduritzen zaik?
»Lahetxipik:
»—Zer! yaun hauz'apheza, badakizu latina ere?
»—Nik, bazakiat zer nahi, behar denean!
»Eta, murde Erremundegibeherek, hitz bakotxa gora-gora erraten duelarik, iskribatzen dik, ezti-eztia, paper plama eder batean:
Canaillibus monaca,
Volatibus moutones!...
Si non renditibus tropotos,
Justicia condamnorum
A rasibus codarum!...
»Zeinak erran nahi baitu eskuaraz:
Fraide xirxilak,
Ebaxi ditutzue gure xikiroak!...
Ez baditutzue gibelat ekhartzen gure
arthaldeak,
Justiziak kondenatuko zaituzte
Beharriak moztuak izatera!...
»Holako latin ederra aditzean, xoratua, Lahetxipik tinkatzen dik yaun hauz'apheza bere besoetan...; Hunek, eskutitza plegatu eta hexi ondoan ostia gorri batekin, ematen ziok adreza hau:
Patri monacorum, Zugarramurdi.
Erran nahi baita:
Zugarramurdiko fraiden aitari.
»Denbora berean, yotzen ditek athean kask, kask, kask; Mattinek idekitzen dik athea, sar-arazten ditik bi gizon, eta yar-arazten. Gero, heyeri zenbait hitz erran eta boz aphalean, baziohak bigarren ganbararat... Han, yaun hauz'aphezak erraten ziok, alegia aphal, bainan franko gora, ongi aditua izateko:
»Mattin, adi nezak ongi; bazkaldu dukan bezein laster, habil etxez-etxe, eta errotek ixil-ixila, herriko yende guzieri, nola Baionatik heldu diren, egun arraxeko, bortz ehun soldadu, beren aitzindariekin, hortzetaraino harmatuak; yadanik bidean direla...; Guziek atxik detzatela oheak prest-presta... Bihar goizean, argitu baino lehen, Sarako gizon guziak yuntatuko gaituk harmada horri, eta, guanen gaituk Zugarramurdira guziak elkharrekin, gure arthalden bilha...; baina, nihork ez dezala deusik aipha?... Ah! zer irriak egin behar ditugun!!! Uste ziteyan naski Zugarramurdiarrek, aski zela Sarako arthalden ebastea, gero yabe izateko?... Ageriko duk fraidek, artzainek eta bertze zenbaitek ere, zer itxura izanen duten, bihar goizean, soka banetarik dilindan ezarri ditugunean!...
»Adi zak oraino hau, Mattin; herritar guzieri mintzatu haizenean ixil-ixila, habil berehala Zugarramurdiko fraiden komentura eta emok hunako eskutitz hau, eskutik-eskura, fraiden aita edo yeneralari, aditu nauk ongi Mattin? Beraz, habil!»
«Yaun hauz'apheza hola mintzatu eta ixildu zenean, Mattin, baziohak, bere gaphelua eskuan, bertze ganbararat, eta han ikhusten ditik, berak yar-arazi zituen alkhian, gure bi yaun Zugarramurdiarrak, eta, ahantzi izan balu bezala errateko yaun hauz'aphezari, bi yaun hek han kausitzen zirela, itzultzen duk yaun Erremundegibehereren alderat eta erraten ziok boz erdi aphal batekin: "O, yauna, badu yadanik aphur bat Zugarramurdiko yaun alkhatea, bere lagun batekin, zure ikhustera ethorriak direla; hementxe dire, alkhi baten gainean yarriak!"
»Zer! dio Erremundegibeherek, zer! Bazukek yaun hoyek hor diren yadanik aphur huntan, eta ez darotak deusik erran, Mattin?»
»Denbora berean, yaun hauz'apheza bere axudantarekin bazohak Zugarramurdiarretarat, eta sar-arazten ditik konxeiluko salan, Mattin bere aldetik dohalarik izan dituen manuen bethetzerat.
»Erran gabe zohak, Pello, gure bi yaun hauz'aphezek, beren bi lagunekin, elkharri agur erran ondoan, ez zutela denbora handirik galdu lehenago aiphatu ditugun oilo, ahate eta antzaren ikhustera guateko.
»Herriko liburuek erraten ditek ere: bi Saratarrek hegastin hoyen hegal eta izter osoak irexi zituztela deskanxurik ederrenean, bi Zugarramurdiarrek doi-doia hegal punta bat edo bia bakotxak xurgatzen zituztelarik. Gero, erranez, batek emaztea eri zuela, bertzeak haur bat kokolotxarekin, hartu ziteyan biek Zugarramurdiko bidea, debruek ereman balituzte bezala.
»Nahiz badiren lekho bat eta erdi bedere herri batetik bertzerat, ez ziteyan eman xoil oren bat bide horren egiteko, eta sinhesten ahal duk heyen lehen lana, herrirat heltzean, izan zela, ez beren etxetara bainan ba fraiden komentura guatea. Yaun hauz'aphezak erran dioenean zer irrisku izigarrian kausitzen den Zugarramurdiko herria, zorigaitzezko arthalde hura dela medio, fraiden aitak biltzen ditik bere azpiko guziak komentuko kaperarat, eta han yartzen dituk denak othoitzean, noiz eta ere ikharagarriko martilu kolpe bat yotzen baitute komentuko athean...
»Mattin zuan han, yaun Erremundegibeheren letrarekin... Fraiden aitak berak, lasterka ethorririk, hartzen dik letra hori Mattinen eskuetarik, eta irakurtzen dik artha handi batekin... Gero, erraten ziok Mattini:
»—Habil berehala hire nagusi handi yaun hauz'aphezaren ganat... Habil!... laster egik!... eta errok, nere partez, egun berean, iguzkia sartu den baino lehenago, haren berrehun ardiak bertze berrehunekin eremanak izanen direla, gure artzainez, Sarako mugaz bertze alderat.
»Orduan Mattin lotzen duk lasterka bideari, eta hax-hantua, heldu denean Sarako mugarat, han kausitzen ditik, yadanik ethorriak, yaun Erremundegibehere eta Lahetxipi, zeinek yo baitzuten harat dudarik ez zutelakotz komentuko fraiden borondate onaz.
»Mattinek egiten ziok yaun hauz'aphezari fraiden aitaren mandatua hitzez-hitz, eta aphur baten buruan, hor heldu dituk fraiden lau artzain, ekhartzen dituztelarik aitzinean lau ehun ardi Sarako eremuetarat, barkamendu galdetzen dutelarik nagusi fraiden izenean.
»Murde Erremundegibeherek, hartzen ditik hantxe, berrehun ardiren ordean, hiru ehun ardi, laugarren ehuna uzten duelarik yeneroski yaun Lahetxipi axudantarentzat eta konxeiluko bertze menbroentzat.
»Ikhusten duk beraz, Pello, egia niola erranez orai bezala lehenago ere gizon abil eta yakinxunak ez direla eskas izan Sarako gure herri maitean.»
Piarresek hitztorio hau akhabatu zuen heltzen ginelarik gure ahaiden artera, zeinak gure begira baitzauden mahainean yartzeko.
Hau da, irakurtzaile maitea, Piarres Adame gure adiskide zaharraren haurreko hitztorioen, erran nahi baita, lehen partearen akhabantza.
(Denbora laburrik barnean, berriz hasteko xedea dugu mintzatzen Piarres Adameren gaztetasuneko, bai eta ere zahartasuneko hitztorio zenbaitez.)
J. B. E. SARATARRA
|
|