2en KAPITULA PIARRES ADAMEREN HAURREKO HITZTORIO BAT
Bidean ginohatzilarik, Piarres aitzinean, ni gibelatik, huna nola mintzatu zen:
«Egun naizen bezala aphaindua ikhusiz, hik uste duk behar bada, Pello, aldean dukan gizona etxeko-yaun aberax zenbait dela?
»Hire adinean nik ere uste nian arropak egiten zuela fraidea, bainan geroztik ikhusi diat eta ikhasi, nere gostuz, debru franko badela saindu itxura hartzen duenik.
»Gaztegi haiz oraino hi, Pello, gauza horren ongi pisatzeko; utz dezagun beraz hori hor, berdin aski goiz ikhasiko duk egia diotan ala ez. Orai yakin behar dukana duk ez naizela hik uste dukan gizon aberaxa, nahiz, ni baino beharragoko hainitz baden.
»On duk ere ikhas dezakan nik baino urhe gehiago duen hainitz balinbada Sarako herrian, ez dela bat nik baino irri gehiago egiten duenik. Zer nahi duk? Yainkoak holakoa egin nindian, eta ongi egin zian ! Izan hadi hi ere, Pello, ahal baduk, ni bezalakoa! Eta, orhoitzeko bethi Piarres Adame, gizon zuhurraren erranez, har zatzik eta atxik gogoan kantatzera nohan zenbait berxu hauk.»
Eta Piarresek, bethi aho-xokoan zagokalarik bere pipa motx eta beltxa, huna zer kantatu zuen, ezti-eztia, aire zahar hamahiru pontuko batean, berxu bakhotxa ederki doblatzen zuelarik:
1.
Yakinxunen arabera nork berak du berea,
Mundura agertu denean ekharria zortea;
Yainkoak egin bezala nik maite dut nerea,
Nahiz ez den, yenden ustez, zorionez bethea.
2.
Zaharren erran ederrez nola bainaiz orhoitzen,
Trebes heldu diren gauzak nik zuzen ditut hartzen;
Aitak zarotan ikhasi, gizon zuhurra baitzen,
Irriz hartuz, zorigaitza zorion bilhakatzen.
3.
Denbora heldu den gisa hartuz behar denean,
Aste guzia daramat bihotz onez lanean,
Argitik ilhuneraino, bethi lekhu berean,
Bikhe, trukes, ezten eta martiluen artean.
4.
Yarri banindu zorteak erregeren tronuan,
Errege zen gerthatuko nere tresnak eskuan:
Galduko ginuen naski biek gure tratuan?...
Egoitea hobe dugu beraz garen lekhuan!
5.
Zoroak ez duenaren bethi du gutizia;
Atxekabean bizi da nahiz bertzen ongia;
Zuhur gisa nik baitakit labur dela bizia,
Irriz nahi dut iragan ahal badut guzia!
6.
Maite duen zikoitzari nik uzten dut urhea,
Zilharrik ez dutanean aski baitut kobrea;
Nahiz izan, aberaxek, bizi-modu hobea,
Ez dute nik baino lehen akhabatzen urthea!
7.
Nere gisa zenbait bada, zorionez, herrian,
Alegera bizi denik zuhurtasun handian;
Basoak eskuan eta hitz ederrak mihian,
Gu bezalako guti da zeruaren azpian!
8.
Mahainean lagunekin naizenean yarria,
Naizela zait iduritzen munduko nagusia;
Gizonik aberaxena pobre bat da handia,
Guk bezala, berak ontzen ez badaki bizia!
9.
Yainkoak, maitha dezagun erran baitu laguna,
Behar dugu lagunentzat egin ahal duguna;
Adizkidek arpegia dutenean ilhuna,
Nerekin ethorriz dute kausitzen osasuna.
10.
Hiltzen naizen egunean adizkiden bilkhura,
Soka-dantzan ethor bedi ni lo nagon lekhura;
Zuhurrenak buta betzat azken hitz hauk burura;
«Irriz leher egin eta guan da bertze mundura!»
Piarresek, nola kanta hori akhabatu baino lehen hil baitzitzaion pipa, berriz piztu zuen; gero hola segitu hitztorio hasia:
«Badik, Pello, hiruetan hogoi eta hamar urthe Piarres Adamek lehen aldikotz, ikhusi zuela argia; han duk herriko-etxeko liburuetan ezarria: Piarres Adame, bere aita eta amaren semea, sortua Saran, maihatzaren 14an mila-zazpi-ehun eta hiruetan-hogoi-eta hamazazpian.
»Denbora hartan oraino urrun hintzen hi, Pello...
»Hitz-eman daroyat nere gaztetasuneko zenbait historioren erratea, bainan, gaztetasunaz mintzatu baino lehen, denbora badugunaz geroztik, behar darozkiat lehenik nere haurtasunaz zenbait hitz aiphatu.
»Nere haurtasunaz, Pello, amex batez bezala orhoitzen nauk. Bertzek erranik bazakiak, lau urthe nituelarik, umezurtz bilhakatu nintzela. Nere burasoak (Yainkoak bere lorian dituela!) Etxetxarreko borda txarragoan zituan maizter, eta baziteyan haz ahala haur; bainan, goizetik arrax lanean hariz porrokatuak, irabazten edo biltzen ziteyan gure eta bere hazteko dina.
»Urthe izigarri batez, gaitz handi, bazter guziak doluan ezarri zituen batek, gure aita eta ama ereman zitian; hobeko baitzen naski haurren erdiak ereman balitu, burasoak utzirik! Bainan Yainkoak ez zian hala nahi izan!
»Beraz, gelditu gintuan haur multxo bat, zaharrenak ez baitzuen oraino hik orai dukan adina, eta gaztenak hiru urtheren ingurua.
»Ikhusten dukan bezala, Pello, ez zuan beraz haurride guzietan bat talo egiteko ere on zenik, eta halere non zen irina, talo egiteko?...
»Hauzoko yende onek lagundu ez bagintuzte, nork daki zer bilhakatuko ginen? Bainan Yainkoak, bere ontasun handian, ezarri zian, guretzat ere bertzenzat bezala, gaitzaren aldean erremedioa...
»Ikhusi duk behinera, Pello, mendian, iratze edo othe-pean, epher-familia bat alhan dabilala? Zer da ederragorik, zer da bihotz-hunkigarriagorik harrak eta emeak xitoentzat duten amodio handia baino?... Umeak handitu diren arteraino, bere hegalez ibiltzeko on direneraino, epher aitamak ez dituk umetarik urruntzen... Hartakotz, berak ere, airean ibiltzeko ordean, umeak bezala herrestan zabiltzak...; Ihiztari gaiztagin bat dathorla...; tiro batez hil dezala aita edo ama... biak hiltzen ez dituenean?... Zer bilhakatuko dire xitoak? Zer bilhakatuko diren?... Eta Yainkoa, Pello, Yainkoa???
»Orhoit hadi, Pello, Yainkoaren borondatea, Yainkoaren ontasuna hedatzen dela, ez xoilki gizonen gainera, bainan oraino ihizien gainera, eta gizonen haurreri yanharia bezala xorien umeri ematen diotela behar duten hazkurria!...
»Beraz, adinarekin ezagutza ethorri zitzaitanean, kausitu nian Piarres Adame, honyo batek bere burua iratze ondo baten pean kausitzen duen bezala, Yainkoaren borondateak ezarri zuen lekhuan...
»Ez nauk mintzatuko nere sei haurridez, nahiz ikhusten dutan, Pello, hire begietan, yakin nahi hukela zer bilhakatu ziren haurrak, Yainkoak bere gana burasoak deithu zituen ondoan. Luzegi lukek guziez mintzatzea; berdin egungo egunean, zazpi haurridetarik bakharrik nauk bizi; bertzeak, lurrean exairik utzi gabe, burasoen aldera guanak dituk.
»Orhoitzen naizenean, nere amaren musuez eta aitaren lausenguez, oraino ere, Pello, loriatzen nauk, eta nigar bat heldu zaitak begietara. Ikhusten dukan bezala, ez ditiak ahanzten haurrideak ere...
»Nahiz sei urthetan abiatu nintzen eskolan, bederatzi urthetan ez nakian oraino irakurtzen. Bizkitartean, yaun errientak erraten zian, aditu nahi zuenari: ez zela, eskola zian, nik bezalako burua zuen haurrik.
»Egia duk buru bat banuela gaitza, sei hilabeteko aratze batek bezain handia; bainan ordean gogorra!...
»Ikhara bat heldu zaitak oraino zainetara, Pello, orhoitzen naizenean, denbora hartan, oraino haurtzar bat nintzelarik, egin nuen bekhatu batez. Ahalke ere behar nikek izan hiri gauza izigarri horren aithortzeko; bainan hitz eman baitaroyat nere hitztorioaren dena den bezala erratea, nere ile bakhar, luxe eta xuriek gorritu behar badute ere nere hitzari ohore eginen diat.
»Beraz hazilaren lehen eguna zuan; dakikan bezala, besta eguna, biziek hilentzat othoitz egiten dutena...
»Nola, meza-nagusiko denboran behar bainituen zaindu behiak sorhoan, argi-hastean yeikirik eta igandetako arropekin beztiturik, banohak goizmezaren aditzera. Hil-harrietara heldu naizenean, ikhusten diat elizako athean nere hegineko edo handixagoko haur multxo bat, liburu ttiki batzuek eskuetan, sos galdetzen hari direla mezara heldu diren yenderi, Domine ne... errateko.
»Nik Pello, ez nian libururik, ez eta ere beharrik irakurtzen ez nakielakotz; bainan ikhusiko duk zer malefizio debrua ethorri zitzaitan burura, eta, oraino gehiago dena, mezako denboran.
»Bertze haurreri biltzen ikhusi nituen sosek xoratu, liluratu ninditeyan.
»Elizan, ni nintzen alkhi berean yarria, bazuan nere hauzoko muthiko bat, ni baino handixagoa; izena zian Mattin. Nola baitzakien irakurtzen aski pulliki, eta bildu baitzituen meza aitzinean lau sos hilentzat othoitz egiteko, apheza aldarean zelarik, Mattinek erran zian lau aldiz liburu guzia, lau sosen Domine nea zor zuelakotz.
»Badiat beldurra, Pello, Domine ne hoyek, ongi erranak izateko lasterxko erranak izan ziren, bainan Yainkoak, dudarik gabe, aditu zitian halere.
»Meza ondoan, elkharrekin elizatik atheratu eta, Mattinek, nik galdeturik, uzten zarotak bere liburua, hobeki eginen baitzuen segurki berekin ereman balu! Bainan, nola haur on bat baitzen, eta uste izan baitzuen, nik erran nion bezala, axaleko xoriaren ikhusteko galdetzen niola bere liburua, Mattinek onhexi zian beraz, lagun on gisa, axegin horren egitea.
»Goiz-mezatik lekhora, meza-nagusia baino lehen, bazuan, denbora hartan, meza bat, arteko meza deitzen zena.
»Bertze haurrek bezala sosak bildu nahiz, deliberatu nian, Pello, Mattinen liburua eskuetan nagokalarik, bertzek bezala sosak galdegitea, berdin Domine nen ordean, erranen nituela arrosario dobleak.
»Orai ikhusi behar duk zer tribulazioneak izan nituen nere malefizio izigarria zela medio!
»Nola ni bezala eskolan zabiltzan haurrek baitzakiten irakurtzen ez nakiela, yarri ninduan, bakhar-bakharrik, Helbarrungo aldetik elizak duen athearen aldean, eta, nola yende guti sartzen baita elizan athe hortarik, egon ninduan aphur handi bat nihor ikhusi gabe ethortzen.
»Hantxe nindagoyan liburuaren axaleko xoriari beha, noiz eta ere ikusten baitut hurbiltzen emazteki luxe eta mehe bat; bainan ez nauk atrebitzen deusen galdetzera.
»Yadanik, ahalke ninduan nere buruaz!...
»Emazteki hori etxeko andre on zenbait izan behar zuan, ezen bazian kaputxa bat berri-berria eta burutik zangotaraino estaltzen zuena. Bazukek emazteki gisako bat ere zen, bainan, oraino ere, izpirituz ikhusten dutanean, iduritzen zaitak, Pello, debrua ikhusten dutala!...
»Beraz, elizako athea ideki baino lehen, emazteki horrek, sakela handi batetik atheraturik, ematen zarotak bi-soseko bat.
»Egungo egunean ere ikhus baneza, Pello, bi-soseko madarikatu hura, ezagut nezakek oraino, balitz ere bertze ehunen artean, nahiz eskuratu orduko sartu nuen sakelan eta gero denbora gutiz gozatu, berehala yakinen dukan bezala...
»Emazteki hori dudatu othe zen ez nakiela irakurtzen? ala nahi izan othe zuen bere bi-sosekoaren balioaz berehala segurtatu? Ez zakiat, Pello; bainan nik dakitana eta sekulan ahantziko ez dutana duk berekin sar-arazi ninduela elizan eta bere aldean yar-arazi belhauniko...
»Elizaren erdixuan bezala zian bere yar-lekhua.
»Piztu zituenean bi edo hiru argi, (ez nauk orhoitzen zenbat, ikhusi bainituen gero hogoi eta hamar bedere), argiak piztu eta, ni ordukotz harri zabal hotz baten gainean belhaunikatua bainintzen, erraten zarotak:
»—Orai has hadi, muthikoa.
»Liburua idekitzen diat, Pello, eta hasten nauk alegia irakurtzen ixil-ixila; bainan gure emaztekiak ez-bide zian gauza hala aditzen, ezen erraten zarotak oraino:
»—Emak gorako, muthikoa; eta begi bazterrez behatzen dik nere aldera...
»Ez zakiat, Pello, ez othe narokan liburua ere buruz behera...
»Orduan zer iragan zen nere baithan... zer ikharak ibili ziren nere zainetan!... zenbat argi ikhusi nituen dantzan hari zirela nere begien aitzinean... nere belhaun xorrotxak harri hotzaren gainean koskan hari zirelarik!!!...; ez, ez, Pello, ez zukek erran! Yainkoak begira haitzala, mutikoa, holako tribulazionetarik!
»Geroztik yakin diat emazteki horrek, beharri batetik harturik, merezi nuen bezala, herrestan, elizako athe handienetik kanpoan ezarri ninduela eta, nahiz eliza ez zen oraino yendez bethea, meza ez zelakotz hasia, izan zuan halere yenderik aski nere sekulako ahalkarazteko.
»Zer bilhakatu nintzen emaztekiaren errhi luxek nere beharria libro utzi zutenean, ez dik naski balio errateak?
»Etxe-gibelez etxe-gibel, landaz-landa, gathu zehatu bat bezala sartu ninduan etxera eta guan sorhora behiekin; egun guzian, behiak alhan zabiltzalarik, sasi xoko batean gorderik egon ninduan eta arrosario erratetik ez ninduan gelditu...
»Eguerdiko inguruan, ikhusirik Mattin aldeko landan, hura ere, ni bezala, behi zain zagola, eman nioyan bere liburua eta, denbora berean, emaztekiaren bi soseko madarikatua, zeinak erretzen baitzarotan sakela.
»Irakurtzen ikhasiz geroztik erran ditiat, Pello, ehun aldiz bedere, liburuan diren Domine ne guziak, erran arrosarioez salbu, agian Yainkoak barkhatuko darotalakotz haurreko malefizioa; bainan halere uste diat ez dutala sekulan ahantziko!...»
|