|
5en KAPITULA NOLA YAINKOAK ADITU ZUEN PIARRESEK ARANAREN PUNTATIK EGORRI ZION OTHOITZ LABURRA; NOLA SARIZTATUA IZAN ZEN, ABILA ZELAKOTZ
«Orai ikhusi behar duk, Pello, nola Yainko onak aditu zuen zerutik, nik, irrisku latz-garri hortan, arbola madarikatu haren puntatik egin nion othoitz kharxua! Hemen izanen duk froga bat, muthikoa, ez dukala behar sekulan galdu Yainkoaren baithan izan behar den esperantza!...
»Arbola azpian zen axoak, ikhustean trapu tzar bat bezala inguruka gain-behiti yausten nintzela, beldurrez gainerat eror nindakion, ihes egin zian etxeko aldera, ehun debruek ereman balute bezala!
»Denbora berean, Yainkoaren borondateak nahi izan zian, aldaskaz-aldaska, arbolaren ondoko harrasi baten gainera eror nindadin... mirakuilu handi bat izan zuan gauza hala gerthatzea; begiak idekitzean, han kausitu nian Piarres Adame iztapeka harrasiaren gainean... eta nahiz hartu nuen kuskako bat gaitza (erran ez daiteken lekhu batean) halere, ikhusiz Manuelen sagardea geroago eta gehiago hurbiltzen hari zela, eta, nola ez bainuen gutiziarik batere sagarde horrekin ezagutzen egiteko, salto egin nian, laster halere, harrasiaz kanpora, eta gero, naski penxatzen dukan bezala, Pello, debruek hausteko, tarrapataka, lasterrari eman, Larrondoko aldera yausten den galtzada behera, segurki gibelat hanbat behatu gabe!...
»Nik salto, eta golkhoan nituen aranek salto, ez ninduan gelditu lasterretik Ayimareneko hegian baizen... Handik, aditurik deihadar batzuek urrunean, gelditu eta itzuli ninduan, eta hor ikhusten diat, Pello, Yainkoak nere othoitza nik egin baino ere hobeki aditu zuela!... Ezen Manuel, nere Lehenbizkaitar irriegiletarik bat atzemanik sasi-gibelean, han hari zuan, yo eta yo, sagardearen giderraz muthiko abil horri zurra-aldi ederrenaren ematen, merezi ere zuen bezala!...
»Nahiko nian, Pello, muthil traste horrek eman balio bertze lagun hari ere karatosa-aldi bat ona, sagarde gider berarekin, bainan uste izateko duk abilenak ihes egin zuela, eta bertzea, piro bat bezain tontoa baitzen, ezin urrundu zela aski laster Manuelen sagardearen menetik.
»Nik orduan, Pello, nahiz bortxatua nintzen noizetik noizerat kuskakoa hartu nuen lekhuaren pherekatzerat, (errainetarik beheraxago), ez nian denborarik galdu nere behien aldera guateko, segurki eskerrak bihurtzen nituelarik Yainkoari, zeren, min gehiago gabe, irrisku ikharagarri hortarik athera ninduen!...
»Hiru dotzena aran gutienean ekharri bainituen golkhoan, Mattinek yan zitian gehienak, irri ederrik egiten zuelarik segurki nik ibili nituen tribulazionez; bainan, Mattin alegera bezain ni goibel ninduan, Pello, eta zertako?... Zeren bainuen, nere baithan, halako beldur bat nere aranen hitztorioa ez zela hortan akhabo!...
»Ondoko gauean, amex egin nian errientak bazakiela nere abileziaren berri, eta eskolan, erregela handi bat eskuan, nere begira zagola, merezimenduaren arabera nere sariztatzeko.
»Biharamunean, izan ninduan, eskolara guateko ordean, bipher egitekotan ere, bainan, goiz-xago edo berant-xago, berdin atzemana izanen nintzelakoan, guan ninduan halere eskolara.
»Zer ikharak nituen galtzetan, eskolara igatean!...
»Athea ideki eta, ikhusirik errienta yarria zagola malxoki bere lekhuan, atrebitu ninduan, ni ere, yartzera nere alkhiaren gainean.
»Nere bi Lehenbizkaitarrak yadanik han zituan, eta ohartu ninduan berehala batek airos eta alegera bezain bertzeak ilhun eta goibel zuela bekhundea, azkeneko hau orhoitzen zelakotz naski oraino Manuelen sagarde giderraz?...
»Goizeko eskola erran eta, naski penxatzen dukan bezala, izan nian, Pello, esplikazionetto bat nere bi Lehenbizkaitarrekin. Bainan muthiko hoyek batek eta bertzeak, yuramentu eginik, "Fundi!" erranik, uste izan zutela egiazki, eta oraino ere uste zutela aran-ondo madarikatu hura mundu guziarena zela, elkharrekin bakea egin ginian, eta, guan ninduan etxera ethortzean baino alegeraxago, gauza hortan akhabo zelako esperantzan.
»Aditu duk behinere, Pello, erraten goitatuz ez dela frankotan deusik galtzen? To! huna non den egia horren froga bat!...
»Arraxaldeko eskolan, ordukotz bezperako tribulazione guziak ahantzia, hari ninduan, burua bi eskuez harturik, egin ahalak egin, katiximako kapitulu baten ikhasten, noiz eta ere aditzen baitut, kask-kask, norbaitek yotzen duela eskolako athean; errientak, bere lekhutik altxaturik, athea ideki duenean, ikhusten diat, Pello, emazteki bat propiki emana, ederki aphaindua, mintzo dela yaun errientari khar handi batekin, zerbaitez errenkura balitz bezala.
»Barneko aldera sarthu denean, behatzen diat ongi emazteki hori, eta nor uste duk, Pello, ezagutzen dutala?...
»Nere aran-azpiko axoa!!!
»Nahiz ederkiago beztitua zen, bezperan baino ere ehun aldiz izigarriagoa kausitu nian axo-zahar hori. Egia duk, bezperan, ez nuela ikhusi gain-behiti baizen?...
»Beraz, Pello, ikusi eta ezagutu dutanean emazteki hori, eta bereziki haren boz erlhaxa aditu dutanean, iduritzen zaitak, muthikoa, ehun-mila xinhaurri bedere aztaletan gora igaten zaizkitala, eta, ikhararen bortxaz, katixima erortzen zaitak eskuetarik...
»Errientak, kheinu batez, alxarazten gaitik guziak gure alkhietarik, eta lerro-lerro ezartzen eskolaren buru batetik bertzera.
»Orduan, yeneral bat harmada baten aitzinean ibiltzen den bezala, axo madarizione hori, errienta ondotik, heldu duk gure aitzinera, haur guziak, bat bertzearen ondotik, bere begi gorri ikaragarriekin desbiztatzen dituelarik!...
»Ni, Pello, lerroaren erdixuan bezala ninduan, eta, ikhusi naueneko, erhi zimur eta luze bat nere aldera hedatuz, erraten dik xiztuka bezala: "Horra non den!... hori da!"
»Axoak ez zian oraino akhabatu erraten "hori da!" non errientak, beharri batetik harturik, hitz baten errateko ere denborarik utzi gabe, eskolaren erdira ereman baininduen airean!...
»Han, muthikoa, batean beharri batetik, bertzean bertzetik, ahoa ezker eta eskuin beharrietaraino egortzen nuelarik, errientak axoaren aitzinean ibili nindian trapu tzar bat bezala oren laurden bat bedere, harritzeko ere baita nola ez zitzaizkon nere bi beharriak eskuetan gelditu!
»Gero, zango batetik harturik, ezarri nindian leihotik kanpora dilindan eta hola han atxiki ez zakiat zenbat denbora, sofrikarioaren eta izialduraren bortxaz alditxar bilhakatu bainintzen!...
»Nere baithara bihurtu nintzenean, axoa eta nere lagunak ere aspaldi guanak behar zituan izan eskolatik. Ez nian ikhusi errienta ere, eta ahal nuen bezala altxaturik etzina nindagon lekhutik, guan ninduan etxera, arrolaka, ederki umatua, yuramentu egiten nuelarik ez nintzela segurki gehiago bide-hegietako aran ondoen gainerat iganen!...
»Horra, Pello, nola abila izateak, batzuetan on bada, bertzetan ez duen ondorio onik!...»
|
|