|
7en KAPITULA BESTA HIRUGARRENA OLHETAN
Biharamun goizean, zazpi orenak ez ziren urrun behar izan ni atzarri nintzenekotz. Behatu nuen berehala Piarresen ohera «Egun on» errateko xedearekin, bainan ez nuen ikhusi, ez Piarresik ohean, ez eta ere piparik bezperan pausatu zuen lekhuan.
Egia errateko, lehen mementoan, beldurra izan nuen ni gabe hartu othe zuen bedere Sarako bidea; bainan, nola Piarres esperientzia handiko gizona baitzen, eta, dudarik gabe, goizean goiz yeikirik, ganbaratik athera baino lehen, ohartu baitzen lo nindagola kintaleko harri bat bezala, amoreak gatik eta uste izan ez nezan guan zela etxera ni han utzirik, ezarri zituen bere makhila eta maripulisa, bat bertzearen aldean, ohearen zangoetan, nik, atzartzean, berehala ikhusteko gisan.
Atzarri bezein laster ohetik salto egin nuen, eta, beztitzen hari nintzelarik, aditu nuen Piarres norbaitekin gorasko mintzo zela, haserre balitz bezala. Bigarren boza iduritu zitzaitan haren ilobarena zela. Dudarik gabe elkharren kitzikatzen hari ziren, bethi bezala, irri egiteko; eta, ni, beztitu eta, hek ziren lekhura, sukhaldera, guan nintzenean, ilobak erraten zion osabari:
—Zer! osaba, zureak gehiago dire naski oraino, atzo arraxean ereman duzun bizia ereman ondoan?... Ez zare ahalkatzen, zure adinean, plaza publikoan dantzan haritzeko?... Zer erran behar dute ezagutzen nauten yende onek, yakiten dutenean nere osaba zarela?...
Piarresek:
—Ago ixilik, iloba, ago ixilik! Atzo ni dantzatzen ikhusi nautenek, zerbait aditzen bazaiote, yakiten dutenean hire osaba naizela, erranen ditek merezi dukan baino ohore handiagoa dukala ni bezalako osaba baten iloba izatea, eta, hi bezala mintzatzen direnak, hi iduri hauten zoro handi batzuek izanen dituk!... Atzemak hori, iloba!...
Gero, ohartu zenean ni ere sukhaldean sartzen nintzela:
—Hor haiz, Pello —erran zarotan Piarresek— hor haiz? Egin duk lo?
Nik:
—Ba yauna; milesker! atzo arraxetik hunat lo bakhar bat egin dut.
—To, hik baino lo gehiago egin diat beraz, ezen egin ditiat bortz edo sei bedere... Egia duk Olhetako eta hauzo-herrietako kukuso eta zimitz guziak nere ohera deithuak eta bilduak zituztela..., dudarik gabe nere erne egon arazteko, edo, behar-bada, nere irex-arazteko?... Urosa nauk, segurki, oraino hemen bainaiz; ezen, utzi banio kukuso edo zimitz bakotxari Piarres Adameren odoletik edo haragitik xoilki untza bat erematera, ez nindukan gehiago ikhusiko, Pello, osorik, ez nere puskarik ere...; argia hil orduko, arranoak eta beleak hiliki bati lotzen diren bezala, azienda izigarri hoyek lothu zaizkitak alde guzietarik asikika, deus ere errespetatu gabe?... Eta, oihurik egin ez badut, yakiten ahal duk, Pello, hiregatik dela... zeren ez baihindutan nahi iratzar-arazi!... Hauk guziak hola dituk... eta ez zakala uste izan azienda hek guziak bere baitharik ethorriak zirela ohe debru hortara, baizik ere xede tzarreko norbaitek harat bil-araziak edo ekharriak...! Batzuek hola arthatzen ditiztek beren ahaideak, ikhusten dukan bezala!...
«Hoik guziak hola, Pello, gosal zak; horrako ophor hortan duk hire gosaria; sarri bazkalduko diguk ahalik hobekiena, hemen ez bada, bertze nonbait..., eta, gero, lothuko gaituk Sarako bideari... zenbaitek axegin izanen baitute... eta guk ere ba, Pello?»
Erran gabe doha, Piarresek, ni yeiki baino lehen, eginak zituela gosari ttiki eta handiak, eta erreak ere zenbait pipa, ilobak eta biek mokoka-aldi franko ematen zutelarik, elkharrekin trinkatuz.
Piarresek berak erraten zuen: ez zuela exai handiagorik adiskideak eta ahaideak baino, eta, elkharrekin zirenean, ez zirela kontent non ez ziren hasarre.
Oharturik berriz ere osaba-ilobak, bethi bezala, piko eta piko hasten zirela, nik irexi nuen lehen-bai-lehen, kilimiliklik, Piarresek erakuxi zarotan ophorraren barnekoa, eta gero, baikinuen, Yainkoari esker, denbora franko iragaiteko bazkarira heldu baino lehen, guan ginen, Piarres eta biak, itzuli baten egitera Berrako mugaraino, eta han, harroka baten hegian, yarri eta, pipa zirikatu, bethe eta phiztu zuenean, huna nola mintzatu zen Piarres:
«Hi eta ni, Pello, Sarako haurrak gaituk; badakik guretzat ohore handi bat dela hori?... Sara duk herri guzietan maithagarriena eta famatuena; ez nauk hola mintzo segurki, neroni Saratarra naizelakotz... Ez!... gaizki lukek bere buruaz espantu egitea...; bainan, hargatik, batere nere burua goregi altxatu gabe, uste diat erraten ahal dutala Piarres Adame bezalako gizon guti ikhusten dela bazterretan. Ez diat maite mintzatzea, Pello, Yainkoak eman darozkitan dohain handiez, zeren bere baitharik ageri baitire...; bainan erran zukek ez dutala begiratzaile eskasik nabilan lekhuetan.
»Ez duk ikhusi, Pello, atzo berean, Olhetako plaza printzipalean, nori beha zagon bestara ethorria zen yende guzia? Muxikoetan hasi nintzenean, begi guziak nere aldera itzuli zituan!... Bakhotxak haxa ere doi-doia hartzen zian, beldurrez den mendren harraboxa eginez, hux egin-araz zezan nik egiten nituen piko edo haizturretarik bat!... Han kausitzen ziren guzien bihotzek, bereziki andrenek, nik bezenbat salto egiten ziteyan ! Eta, heronek ere, Pello, segur nauk egiten huela hire baithan: "Zer ohorea guretzat, Saratarrentzat, Piarres Adame gure herritarra izatea!"
»Eta orai gure artean erran zezakeyagu Olhetako bestak besta hixak izanen zirela aurthen, Piarres Adame, Saratarra, han kausitu ez balitz.
»Yainkoak nahi izan dik egundainotik Saran kausi zaitezen gizonik abilenak; hautarik zenbaiten izenak ezagutzen dituk naski, Pello, bainan badiat beldurra ez dakikan, behar bada, zein abilki yokatu zen behin Sarako yaun hauz'aphez bat, zeinak izena baitzuen Erremundegibehere. Hitztorio hau herriko-etxeko liburu handian etzana duk, erakustera emateko bezala Saran, bethitik ez bada, aspaldiko mendetan bedere, ez direla eskas izan gizon abil eta yakinxunak.»
|
|