|
6en KAPITULA PIARRES ADAME OLHETAN. HAREN OMORE ONA
Piarres Adamek bere haurreko bigarren hitztorio hori akhabatu zuenekotz, hurbil ginen Olhetatik; bortz ehun bergetan bezala, eta, gure ezkerreko aldetik, bidearen hegian zen sasi handi baten ondora heltzean, nere aldera itzulirik, Piarres hor hasten da oihuka:
«Kontu, Pello, kontu!... Har makhila! Hemen dituk exaiak!...» Eta, denbora berean, bere makhila gorria buruaren gainetik birundan dabilkalarik, hurbiltzen da, saltoka, sasi hortara, boz ikharagarri batekin oihu egiten duelarik: «Axut! muthikoak, axut!»
Nik, gibelaxago gelditua nindagon lekhutik, ikhusten ditut orduan sasitik atheratzen, lehenik, bi zizpa-kanoien muthurrak!... zeinek, aithortzen dut, ez baininduten guti izitu... eta, gero, bi gizon bizardun, zeinek gutiago izitu baininduten, batean ezagutu nuelakotz nere anaya. Laster yakindu nuen bertze gizon bizardun hori Piarresen iloba zela, familiako aita prestu bat, eta, nere anaya bezala, gobernamenduko gizona. Biak gure bidera ethorriak ziren, ez segurki xede gaiztoarekin, bainan hoberenarekin.
Geroztik galdegin izan diot nere buruari nola othe zakien Piarresek gure bi ahaideak sasi haren gibelean kausitzen zirela; dudarik gabe, berak erraten zuen bezala, sudur handiko gizona zelakotz?...
Piarresek, zenbait salto eta burfurien medioz, exaieri harmak pausarazi ondoan, heyekin bakea egin zuenean, yauntzi gintuen biek gure maripulisak, eta Piarresek, espartinak khendurik, zapata eta galtzerdi ederrak soinean ezarri.
Gero sartu ginen, lauak batean, lerro-lerro, Olhetako plazan, erran nahi baita hiru edo lau etxe gisakoen artean, zeinek iduri baitzuten elkharri gibel aldea erakusten zutela, behar bada elkharrekin hasarre, edo muthur zirelakotz.
Gure ahaiden egoitza, zeina baitzen Kaserna, Olhetako plaza prinzipaletik berrehun bat bergaz oraino urrunago baitzen, eta bertze alde, aphur baten astia baikinuen bazkal tenorea baino lehen, hantxe, ostatu batean trikatu ginen eta hartu gintuen denek, Piarresek erreberritu, bazkariraino heltzeko indarrak.
Erran gabe doha, irakurtzaile maitea, mahain berean bazkaldu nuela Piarresekin; eta haren ondoan yarria ere nintzen, gure ahaidekin.
Bazkari ederra ginuela, ez da dudarik; orhoitzen naiz oraino bagintuela tripakiak eta guziak! Piarresek yan baitzituen zizter osoak, zeren eta gauza guriak baitzituen bereziki maite, ez bada hortzek trabatzen zutelakotz... bainan ez zituelakotz oraino guanik ethorriak! eta, nola batzuetan, uste gabean, kokoxa behera jausten baitzitzaion herde xorta zenbait, aldi batez ilobak, errabiarazi nahiz, erran zion Piarresi: «Osaba, emazu kontu! Herdea darizu kokoxa behera!» Eta Piarresek: «Ah! tontoa! Hobe huke hik ere herdea balarikik! Ez dakik bada haurreri, hortzak ethortzean, hasten zaiotela herdea?...»
Ederki bazkaldu ginuela, erran gabe doha, bainan yanhari eta edari hoberenek baino on gehiago egin zarotaten niri, Piarresek egin-arazi zarozkigun irriek.
Eta gero, bazkal ondoan, Olhetako plaza prinzipalera guan ginenean?... Urthe hartan, hauzo hartako bestan kausitzeko zoriona izan zutenak segur naiz orhoitzen direla oraino Piarres Adameren omore onaz. Nola, lehenago erran dugun bezala, gehienek ezagutzen baitzuten Piarres, eta hunek ezagutzen baitzituen gehienak, ikhusten zituen guzieri Piarresek ematen zioten berxu bana, zakizkan aire guzietan.
Hobe dugu lehen bai lehen heltzea Piarresen hitztorioetara eta bera aditzea mintzatzen. Hargatik erran behar dugu, zenbait hitz laburrez, Olhetako besta eder hortan bazirela xirola, ttunttuna eta xirribika ere, eta yotzen zituztela superki muxiko, faldango eta bertze dantza suerte hainitz; ilhun nabarrean, gure ahaidetara bildu baino lehen, Piarresek eman zuen haitada bat borthitza muxikoetan; denak gelditu ziren dantzatik hari behatzeko. Loria zen ikhustea orduan Piarresek bere makhila gorri letoidun ederra eskuan, zein ederki pikatzen zituen dantza zahar eta eder hortako pontu guziak, ezker eta eskuin biratzen zelarik, aitzinat salto, gibelat salto... Noizetik noizerat zenbait haiztur ere artean egiten zituelarik.
Azkenean, arras unhatua, izerditua eta porrokatua, guzieri salutanzia eder bat egin ondoan, hurbildu zen nere ganat eta erran zarotan: «Pello, goazen etxerat.»
Afalduxe ginuenean (ezen bazkaldu berriak ginen, eta zenbait egunentzat ongi izateko gisan), etxeko andreak, Piarresek galdeturik, erakuxi zarozkigun guretzat ziren bi oheak ganbara berean.
Axegin hartu zuen Piarresek!... dantzan lehertua zelakotz.
Pipa bethe eta phiztu ondoan, huna nola mintzatu zitzaitan bere ohetik, nik neretik aditzen nuelarik:
«Bihar, bazkal-ondoan, lothuko gaituk, Pello, gure bideari, etxeko alderat, ikhusten baitut nik erranak egiten ditukala orai artean; beraz muthiko prestu bat haizela, erranen darozkiat bihar, bidean, nere gaztetasuneko hitztorio eder bat edo bia. Orai nahi baduk, lokhartu baino lehen adituko duk bat laburra, bainan egia, eta gerthatu izan dena Espainian, Madrileko ondoan.
»Idek zatzik beharriak, Pello, eta ez hadila lokhar.»
DON PAXEKO ETA DONA INKARNAZION
«Sekulan gerthatzen bazaik, Pello, guatea Madril deitzen den Espainiako hiri famatura, galde zak non den Puerta de la Luna, eta athe hortarik ilkhi ondoan, ikhusiko duk bidetik ezker, harako, han, mila bat bergetan bezala, etxe multxo bat, haizti eder baten hegian. Haiztiaren erdiko yauregi hura deitzen duk Ezkur-Jale, zeina baita seinale bat, yauregi hori egin zutenean, lekhu hortan bazirela eskualdunak; bertzenaz nola izanen zen yauregi hori, deithua Eskurjalen egoitza?...
»Mendeak eta mendeak ditik, Pello, Espainiako errege handi batek, bere populu gaizoaren nekez eta izerdiz, (zuzen zen bezala?) egin-arazi zuela yauregi eder hori, behar zuelakotz, hiritik kanpoan, udako bero handietako, egoitza fresko eta gisako bat, beretzat, bere familiarentzat eta korteko lehen gizon eta emazte gaxoentzat.
»Yauregiaren oinetan den herri ttiki eta pullitak izena dik: Buen-Retiro.
»Denbora hartan Buen-Retiron bizi zituan bi senhar-emazte, senharra Paxeko, emaztea Inkarnazion. Ez ziteyan haurrik nahiz aspaldi esposatuak ziren. Hauzoko mihi tzarrek erraten ziteyan "damu zela segurki doña Inkarnazionek ez izatea haurrik, zeren, hitzuntzikerian iragateko ordean bere denbora guzia, haurren arthatzen iraganen baitzuen behar bada parte bat."
»Erraten ziteyan ere andre hori, franko nahasia balinbazen emazteki batenzat, Paxeko, bere aldetik, gizon gisa, franko esku zalukoa zela, eta bere burua etxean fierkisko errespetarazten zuela. Zenbaitek erraten ziteyan oraino aditzen zituztela, bereziki igande arraxetan, Inkarnazionen deihadar batzuek?...
»Ah! Inkarnazionek izan balitu besoak eta eskuak hain azkar nola baitzuen mihia abil!... Ba, bainan, nahiz idekia, nahiz hexia, Paxekoren eskua gauza borthitza baitzen ordean? Horra zertako, ezin bertzez, aspaldiko denboretan Inkarnazion bereak golkhoan zagon, bortz aldiz egiten zuelarik bere baithan: "Ago, ago, Paxeko! ethorriko duk orena, hik ere hartuko ditukana hireak eta asto beltxarenak!..."
»Astelehen goiz batez, Andre Inkarnazion, goizean goiz yeikia, bezperako haitadaz oraino naski orhoitzen zelarik, yo harat, yo hunat, hauzoz-hauzo zabilayan, bethi bezala berriketan... Hor ikhasten dik nola, Ezkur-jaleko yauregian, dona Resurrezion, errege eta erreginaren alaba bakharra, hiltzeko menean den, bezperan oilasko hexur bat zintzurrean gelditurik!... nola, korteko miriku abilenek ezin athera dezoketen hexur hori andre prinzesari...; eta nola errege eta erregina nigarrez urtzen hari diren!...
»Berri ikharagarri hori ez zuan hain laster barraiatu Buen-Retiroko herrian, non arpegi guziak goibeldu baitziren; xoilki Andre Inkarnazion, aphur bat gogoetan egon eta, beharri gibelean hatz-egiten zuelarik, baziohak haya-haya, yauregiko athera. Athezainak, Inkarnazionek galdeturik, segitzen dik andre hori erregeren lekhaio lehenaren gana. Jaun lekhaioak galdetu dionean zer nahi duen, Inkarnazion mintzatzen zaiok gisa huntan:
»Jaun lekhaioa, orai berean ikhasi dut doña Resurrezion, gure prinzesa maitearen bizia irrisku handian dela, oilasko hexur txar bat dela medio; ez omen baita ere denborarik galtzeko, horra zertako ethorri naizen, jauna, zuri erratera badela, Buen-Retiron berean miriku bat hainitz abila; hezurretako gauzetan beriziki hainitz aditzen zaiona; neronek frogatua dutalakotz behin baino gehiagotan, mintzo natzaitzu hola... Miriku horrek izena du Paxeko. Erran behar darotzut ere, yauna, miriku horrek ez duela aithortu nahi mirikua dela. Bizkitartean, segur naiz, nahi badu, berehala sendatuko duela doña Resurrezion maitea. Bihotz onez obeditu nahi ez badu, lau edo bortz gizonek makhila mehetto banekin, eman dezotela zurra-aldi bat ona, eta ikhusiko duzu nola sendatuko duen eria!...»
«Hola mintzatu ondoan, Andre Inkarnazion, bereak golkhoan, eta irri falxo bat ezpainetan, bazohak etxera, eta ez zuan iragan oraino oren erdi bat, non korteko bi yaun handi ethorri baitziren, erregeren partez, don Paxekoren bilha.
»Paxeko gaizoa, sekulako harritua jaun erregek egiten dion ohoreaz, aphaintzen duk ahalik ederkiena, handi-handienean, eta, segitzen ditik bi jaun hoyek, Andre Inkarnazionek irri ederrik egiten duelarik segurki leiho gibelean gordea dagon xokotik!...
»Yauregira heldu diren bezain sarri, jaun lekhaio lehenak sar-arazten dik Paxeko ganbara eder batean, eta, nola ez baitzen denborarik galtzeko solas alferretan, erraten ziok berehala:
»—Paxeko, nahi duzu, bai ala ez, erregeren alaba sendatu?
»Paxekok errepusta:
»—Nola senda dezaket nik erregeren alaba edo bertzerik ere, mirikua ez naizenaz geroztik?...
»—Hox! aski solas, dio yaun lekhaioak, nahi duzu, bai ala ez, andre Prinzesa sendatu?
»Paxekok:
»—Bainan ordean, erraten darotzut, yauna, ez naizela...
»Orduan, Paxekori mintzatzeko ere denborarik gehiago utzi gabe, jaun lekhaioak egiten dik kheinu bat eta, bet-betan, lau gizon atheratzen dituk lau aldetarik, haga luze bana eskuetan, eta hantxe hasten pinpi-panpa, yo eta yo, Paxeko gaizoaren zurratzen, yotzen dutelarik, batek bizkarrean, bertzeak aztaletan, bertze batek errainetan, laugarrenak beheraxago...
»Paxeko orduan deihadarka: "Ai, ai ai! ai, ai, ai!..."
»Nola doña Resurrezion aldeko ganbara eder batean baitzen bere aita errege eta ama erreginarekin, galdetzen dik zer diren oihu izigarri hoyek, eta bere aita jaunak erran dioenean oihu hoyek direla miriku handi baten deihadarrak, Andre Prinzesak gauza hori hain bitzia kausitzen dik non hasten baita kar-kar-kar irriz, eta, krik! hor heldu zaiok ahora zintzurrean gelditua zuen hezurra!...
»Orduan, errege jauna, hezurra eskuan harturik, baziohak lasterka Paxeko gaizoa oihuka hari den lekhura eta ikusten dik gero eta gehiago umatzen hari dutela!
»—Geldi! —egiten dik oihu yaun erregek—Geldi! Sendatu du!... Sendatu du!...»
»Eta denbora berean hartzen dik Paxeko bere besoetan eta tinkatzen hainbertzetaraino, non Paxekok uste izan baitzuen, bertzek zurratu ondoan, jaun horrek itho nahi zuela!... Zer axegina izan zuen gero, yaun erregek, besarkatu eta, erran zionean: "Milesker, don Paxeko, milesker! Biba zu! bai, biba zu, segurki! Ez nuen uste bazela nere erresuma guzian, ez eta ere bertzetan, zure negurriko, zure abileziako miriku bat! Nahi dut izan zaitezen, hemendik aitzinat, nere korteko miriku lehena! Zato, don Paxeko, zato, sendatu duzun eriaren besarkatzera, eta emozu ere musu pare bat andre erreginari!..."
»Horra, Pello, zer gisetan emazte baten malefizioak ezagut-arazi zuen Espainiak egundaino izan duen mirikurik handiena!
»Gero, don Paxekoren sariztatzeko merezi zuen bezala, errege yaunak nahi izan zian miriku handi hori bizi zadin kortean bere emazte doña Inkarnazionekin, eta egin zian don Paxeko ez zakiat zenbat yauregi, ontasun eta miliunen yabe, naski berak ere aise irabaziak zituelakotz?...»
Piarres, hitztorio hori akhabatu eta argia hil ondoan, lokhartu zen, eta ni ere ba.
|
|