|
1en KAPITULA NON, NOIZ ETA NOLA EZAGUTU NUEN PIARRES ADAME
Mila-zortzi-ehun eta berrogoita bortzean, Buruilaren hastean, astelehen goiz batez, Sarako ezkilak bederatzi orenak yotzen zituelarik, muthiko gazte luxe bat, hamabortz urtheren ingurua nonbait han zukena, Leheteko yauregiaren hegian barna Azkaingo bidean haya-haya zohan.
Gizonek bezala egin nahiz, bizkarrean ezarria zuen maripulisa, makhila txar baten gainean trebeska, eta lephoan artha handirekin inguratua zuen xerrenda nabar eta herxiak erakustera ematen zuen igandetako arropekin aphaindurik bideari lothua zela.
Itxuraz muthiko horrek bazuen adin bereko muthiko hainitzen egite. Geldirik iduri zuen xirio bat, zabilanean, xarlango bat.
Borda-handiko aldapa gora muthiko hori ikhusi zuenak igaten, erranen zuen bazuela, xarlangoaren itxuraz bertzerik, erran nahi baita itxurarekin abilezia.
Beraz, gantzak hanbat trabatu gabe, mendixka horren gainera igan zenean, bertze aldean den erreka zolara yauxi baino lehen, gure muthikoak, begikolpe batez, besarkatu zuen San Inaziora heltzeko segitu behar den orga-bide luzea, esperantza izan balu bezala bideko lagun baten han ikhustea.
Nahiz denbora hartan ez ziren bide hortan astean lau arima ibiltzen, ortzirarez salbu, zeinetan baita Doni-Yoaneko merkhatua, fortunak nahi izan zuen, egun eta oren berean, kausi zadin gizon bat bide beraz Azkaingo aldera zohana.
Ikhusteko zen orduan muthiko horren zangoek, patarra gora on baziren, patarra behera zer balio zuten! Ximizta bezala bide laburrez firrindan erreka-zolara yauxirik, ur baten gainetik salto eginik, gure muthikoak, Amen errateko behar den denboran, orgabidea iragan zuen, eta, aitzinean zohan gizonak bazituen oraino ehun bat urhax bedere egiteko San-Inazioko kaperarat heldu baino lehen, muthikoa yadanik aldean baitzuen.
Gizonaz mintzatu baino lehen, erran dezagun muthikoaz azken hitz bat. Yakin zazu beraz, irakurtzaile maitea, muthiko hura zela lerro hauk hemen iskribatzen dituena bera, eta nola hartua baitut luma eskuan, ez nitaz mintzatzeko bainan nere bideko lagunaz, nahi baduzu hortan utziko dugu muthikoaren hiztorioa.
Beraz, erran dutan bezala, San-Inazioko kaperarat heldu baino lehen, nere gizonari hurbil nintzen, bainan oraino bortz edo sei urhaxez gibeletik.
Nola ezagutzen bainituen Sarako yenderik gehienak, gizon hori gibeletik ikhusiz iduritzen zitzaidan ez zela Saratarra izan behar.
Oraino ehun bat urhaxetan nintzelarik ikhusi nuen gizon horrek nik bezala ezarria zuela maripulisa bizkarrean, makhilaren puntan trebeska, bainan makhila nik baino ederragoa eta azkarragoa zuela. Ni nere gisan bezala, hura ere berean igandetako arropa ederrenekin beztitua zen. Soinean zituen galtzak eta bizkarrean zinzilika zuen maripulisa oihal beltz ederrezkoak ziren; zangoetan espartin berri-berriak; eta gero, ondoratzean ikhusi nuen bezala, barneko seda leguna, dir-dir-dir egiten zuena, hura ere beltz-beltza; buruan zuen gaphelu urdin eta zabalaren azpitik yausten zitzaizkon bizkarreraino ile kroskoil eta luxe batzuek, elhurra bezain xuriak. Ezagun zen gizon adinekotto bat behar zela izan.
Ikhusi nuen ere, oraino urrunxko nintzelarik, gizon horrek, makhila esku batez zarokalarik, bertze eskuaz kheinu batzuek egiten zituela, nahiz ez zuen nihor aldean.
Aithortzen dut kheinu-meinu hoyek urrundik ikhustean nere buruarekin egon nintzela gizon horrek othe zuen bedere martilu-kolpe bat nonbait, eta aphur batez, gelditzekotan ere izan nintzela gizona urrunduxe artean; bainan, haizeari medioz, aditurik kanta errepikaz zagola, eta gogoraturik naski eskuaz ahoa laguntzen zuela, atrebitu nintzen hurbiltzera halere.
Gero, ohart-arazteko gure gizona norbait bazuela aldean, eztul bat egiten dut. Harrabox bat hoin hurbil aditzean, nere gizona salto batez itzultzen da «Axut!» oihu egiten duelarik, eta bi begi handi idekitzen dituelarik, erraten darot boz izigarri batekin:
—Nongoa haiz? Norat oha?
Orai gure arteko solasez mintzatu baino lehen, erran dezagun bi hitzez gizon hori aitzinetik ikhusiz, zer itxuretakoa zen.
Ikhusi zuenean haren begi handiek eta oihu ikharagarriak ez nindutela hanbatik izitu, gizon horrek, emeki-emeki, ezarri zituen bere begiak Yainkoak eman zioten negurrian eta boza ere ba. Beraz, ez zen iduri nahi zuen bezain gaiztoa.
Athorra bat bazuen soinean elhurra bezain xuria eta athorra horren fola hain zen ongi lisatua non xut-xuta baitzagokon lephoan eta igaten baitzitzaion beharriez gorago. Lephoko bottoina zilharrezkoa zuen eta beheraxago paparoan zuena hexur xurizkoa. Soinean ez zuen galtzerdirik; geroago ikhusi nuen bezala, galtzerdiak ezarriak zituen zapatekin maripulisaren azpian eta makhilaren puntan gurutzatua zuen mokanes baten barnean. Galtzak moda zaharrean eginak, erran nahi baita zubi handia zutela. Aitzinean kobrezko botoin handi bat, hori-horia, eta urheak bezala distiratzen zuena. Ezker eta eskuin, saihex bakhotxean, bottoin ttiki bat, naski hexurrezkoa eta oihalez estalia. Galtzen zubia sakela zuen aldetik idekia, dudarik gabe han zituen doxa, harri, karyo, nabal eta bertze asko errementen aiseago hartzeko.
Saltoz nere aldera itzuli zenean, bazuen ahoaren eskuineko xokhoan pipa motz bat beltz-beltza, estalki hori batekin, eta nola dilindan ahoz behera baitzagokan, ezagun zen ez zuela hortzen artean bainan ba ezpainen artean. Egia da itzuli eta mintzatu baino lehen, nere gizonak pipa eskuan hartu zuela.
Beraz erraten darot:
—Nongoa haiz?
—Sarakoa.
—Sarakoa?
—Ba yauna.
—Saran zeintakoa haiz?
—Matxinenekoa.
—Hanbat gaizto hiretzat.
—Zer?
—Ez, deus ez... deus ez... zer duk izena?
—Pello.
—Pello?... to! to! to! ez haiz hi beattar izana?
—Ba yauna.
—Ezagutzen nauk beraz?
—Iduritzen zait lehenago ere ikhusi zaitudala, bainan ez naiz segur.
—Beha nezak ongi, eta orhoit hadi!... zer! ez duk ezagutzen Piarres Adame?... Eta Saratarra haizela diok? Nork ez du ezagutzen Piarres Adame, Saran eta bertzetan, famaz bedere?... Behin ikhusi nauenak ez naik ahanzten!...
Egia da hurbildik edo urrundik Piarres Adame ikhusten zuena ohartzen zela berehala gauza batez. Ez dakit balio duen gauza horren hemen aiphatzeak: Zertako ez?...
Beraz giristino, yudu eta bertze guziek bisaiaren erdian Yainkoak ezarria dugun haltura, Piarres Adamek negurri gaitzekoa zuen. Espantu handirekin mintzo zen bere sudurraz, eta ohore handi bat zitzaion ez baitzuen egundaino nihon kausitu edo ikhusi nihori negurri hortako bertze organo bat. Erraten zuen ere Piarres Adamek, behin aditurik Nafarroako herri batean, ene ustez Alduden, bazela errotazain bat sudurrez fama handia zuena, guan zela, behar den moldean aphaindurik eta bere makhila ederra eskuan harturik haya-haya eta mendiz-mendi nafartar famatu horren herrira, eta, han, gudua ikhusi zutenen arabera, Lapurdi Nafarroari nagusitu zela; herri hartako hauzo aphezak eta konseiluko hiru gizonek erran zutela goraki eta paperean ezarri: Nafartarrak franko luxea zuela sudurra, bainan mehea; aldiz laphurtarrak luzea zuela eta lodia; beraz Piarres Adame nagusi zela...
Ni ere orhoiturik sudur hori ikhusi nuela lehenago ere behin baino gehiagoetan, erraten diot Piarresi:
—Ba yauna, orai ezagutzen zaitut.
—Ez duk damu, Pello, erraten darot Piarresek, ez duk segurki damu, orhoitu baihaiz azkenean! Ezen hiretzat ahalke handia lukek, hire adinean herriko lehen-gizonetarik baten ez ezagutzea!...
Gero, burua altxatuz eta daldaratuz, Piarresek, ezpainen artean eta bere buruarekin mintzo balitz bezala, aditu nuen erraten zuela: «Ba, segurki balio dik Xuberoan eta Nafarro beherean barna famarik handiena izateak, herrian berean doi-doia ezagutua izatekotz?... Egia duk nihor ez dela bere herrian profet...»
Hola, aphur bat gogoetan egon ondoan, Piarresek athera zuen doxa sakelatik, bethe bere pipa motz eta beltza, eta ezpainen artean eta xokoan dilindan ezarri; gero, nabal baten gibelaz harri bat yoz, pindarrak athera eta karyoa piztu; azkenean labeari su eman.
Orhoiturik ez niola oraino erran norat nindoan, galdetzen darot, bigarren aldikotz:
—Norat oha?
—Olhetara.
—Olhetara? Bestara beraz?
—Ba yauna.
—Ongi duk; ni ere Olhetara nohak; nahi baduk, eginen diguk bidaia elgarrekin, eta nola iduri baituk, nahiz behar bada zerbait badakikan, badukala oraino gauza hainitz ikhasteko, bidean guazilarik erranen darozkiat nere haur denborako eta geroztikako zenbait hitztorio; nahi duk?
—Ba yauna, nahi dut segurki eta gogotik halere. Hainitz maite ditut hitztoriak, eta sinhesten ahal duzu ez dutala erortzera utziko zure hitzetarik bat xoilki.
—Ongi duk beraz, Pello, eta orai aski duk beharriak erne atxikitzea.
Badut beldurra, irakurtzaile maitea, Piarres Adamek niri erran hitztoriak, hark erran bezain ongi ezin ezarriko ditudala zure begien aitzinean. Ez dut bada borondate ona eskas, bainan nola, Piarresek niri gauza horiek erranez geroztik, urtheak eta urtheak iragan baitire gainetik, badaiteke nere memorioak ezin bilduko dituen aski fidelki hark niri erran solas guziak, nik zuri hitzez hitz errateko. Halere, hasi naizenaz geroztik behar dut segitu ahal dutan hobekiena.
Orai utz dezagun Piarres Adame bera zenbait hitztorioren erratera.
Huna nola erran zuen lehen hitztorioa.
|
|