www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Peru Abarka
Juan Antonio Mogel
1802, 1881

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

DIÁLOGO PRIMERO

ENTRE EL INCULTO BASCONGADO Y BARBERO MAISU JUAN
Y EL CULTO CASERO PERU

 

Se dá principio al diálogo en una venta, donde se encontraron casualmente.

 

        PERU: Jangoikuak egun onak emon daijozala.

        MAISU JUAN: Bai zuri bere adiskidia.

        PERU: Berori baisen jaun apaindu batek oñak imini ardan-etxe onetan? Toki au gizon baldres, zantar, aziera txarrekuentzat obia da, berori languentzat baño. Ez naz ni Jauna; abarkak oñetan, txapel bat buruban, gerrestuba gorputzian; au da nire apaindurija guztija: baña etxagun, izen onaren zalia nasan aldeti, ez oi nas sartu ardantegijetan nora ezian, premiñaz, ta ezin bestez baño, ez jakolako etxagun begiratu bati ondo egiten buruba bat egitia gizon ospetsu, burrukari, ondatzalle, alper, ta baldanakaz. Ez nau oraingiño inok ikusi ardauak igarota, gatx eginda, zabuka oñak lokaturik, ez miña motelduta, ez begijak lausotuta, asko legez euren osasun, ondasun ta arimen kaltian. Bein baño geijagotan izan nas neure erriko Buru, edo Piel, ta darda gañian erabilli daruadaz ardao saltzallak belutu, edo ondo gautu artian daukeezanian etxe barruban nekezaliak, edo ate edegijaz ardaua salduten badabe debekauta daguan orduban. Ez deust ezek gorroto ta iguin geijago emoten nekezale edan-sarri, ta ardao zaleegijak baño. Zer esan nei bada berori emen ikusita? Aserratuko ezpalitxakio jakin gura neuke nor dan, ta zek ekarri daben ona.

        MAISU JUAN: Adiskidia; imini egizu txapela buruban, ta esango deutsut nor nasan. Nas bada oraiñago igaro dozun erriko Barberua, ta deitu nabee gaiso bategana. Pagau deuste bisitako errial zidarra; baña ain dollorrak izan dira, zein da ez deusten atera trago bat: alan sartu nas emen kuartillu bat atera, eta zerbait jaatera, bada urrin egiten jat neure etxia barurik biurtuteko.

        PERU: Nik uste neban bene benetako andikiren bategaz berba egiten nebala; agaiti nenguan txapela buruti kenduta lotsa nintzala berba egiten. Jakin baneu lenengoti Barberu txar bat baño etziniala, ez nintzan Jaunka zugaz egongo, ez da bere buru utsian. Eta Barberu errukarri bat, ta inoren gatxaz bizi dana; gaisorik ezpadabil zer jan ez daukana, ain arro ta apaindu? Ainbeste soñoko bitxidunez, eta ori astegun buru zurijan bidez zabiltzala?

        MAISU JUAN: Adiskidia, egizu berba modu obian: zuk ezdakizu zer dan Barberu izatia: lengo Barberu txaarrak ibilli oi zirian deshonretan euren opizijo onrauba; batuten zirian tabernetan ta nun nai; gitxi estudijau, ta gero ill edo bizi, errezeta bat egin, botikako asko artu eragin, erremienta txarrak euki, ta barriketa batzuk nekezaliai esanda, trago galantak ezarrita, Mediku jakitun batek baño pama geijago euki eruen. Baña gaur Medikuben pare gara. Asko aurreratu da Zirujijan. Ni egon nas Madrilgo ospitalian urte bijan. Asko ikusi dot; ta asko dakusanak, asko ikasi darua. Ostera bere dirautsut; zer dala uste dozu Barberuba?

        PERU: Barberuba barberu ta mozolua mozolo. Mozolua baño nun dago egazti edertuago janzirik? Baña ezdau inos mozolo izateti urten. Soñoko apaindubak ez deutsa gaisuari osasuna emongo. Biajon dagijala nire erriko Barberubak? Bere bideko janzija da txano gorri bat ta bere ganian txapel eskerga berrogei urte eukiko ditubana. Eztabil zu legez basatzarik basatza oñetako meiakaz, ta bai zaldi, berak beste urte ditubanian. Egija da, nun nai topetan dabela bazkari ta aparija. Guztijak asko gura deutsee bere lautasuna gaiti, ta jaten dau edozein gauza baserrijetan. Autor deutsut, ardao zaletxuba dala, buruba ta barruba berotu daruazala larregi, ta ori eria dan guztijan. Baña katubagaz zutinik zuzen egon ezin danian, topetan ditubala zanak, ta eskutur sendo ta ikara bagiaz ateraten deutsala ederto odola gaisuari. Au zelan dan ez dakit, alan dala bai.

        MAISU JUAN: Orra nik dinodana, orrelango Barberu perdularijo molde bagaak galduten deutseela pama guztija Barberutziari. Eta, ze kulpa daukee beste gure opizijokuak zure erriko Barberuba baldresa, ardaora emona, ta astaki bat bada? Aztuko jakon gaztetan ikasi eban apurra.

        PERU: Eztau berak orrelangorik uste, ta ori esango bazeunskijo berari, enzungo zendukez enzuteko onak. Ezdozu inos enzun bakotxa bere zoruak bizi dabela? Ak uste dau eztaguala bera legezko Barberurik Bizkai guztijan: bein banaan aterako deutsuz egin dituban osakintza mirariraño jo eragitekuak. Zuk barriz dinozu, astaki bat izango dala dongaro jazten dalako, nekezaliakaz bat egiten dalako, ta liburu zaarrak austu ta baztertuta eukiko ditubalako. Ak esango leuskezu soñoko bitxidunak, ta janz-barrijak eztakarrela jakiturijarik, ta bai liburubetarako nagitasuna. Enzun neutsan egun baten esaten nekezale askoren aurrian, ta bere euskera txaarrian, Jangoikuak librau zagizala Barberu modako, Dotore txar, apaindu, ta barritxubetati. Kortejante batzuk dituzu; igaro ten jakee denporia zertzuk moda dirian konteetan. Pigurerija guztijak gura ditube, Jauntxo egin gura dabee, ta andikijak baño apaindubago ibilten jatzuz. Ze kuraziño egingo dabee Barberu delikau oneek? Ibilliko dira gaisuen artian odolak mantxau eztagizan bildurrez sangrija bat egin biar danian. Alan zinuan, ta ikusi bazenduz orrelan janzita esango eutsuzan enzun gurako etzenduzanak. A bizi dau bere zoruak ta zu zeuriak: eta guk, nori sinistu? Ari, edo zuri?

        MAISU JUAN: Aren auaz, ta buruban, desberguenza gogorrak esaten deustazuz.

        PERU: Ze berba da desberguenzia? Nik eztakit. Esan gurako dozu lotsabagakerija. Egizu bada berba euskeraz. Ezteutsut nik lotsarik galdu, ez galduko bere; baña bai egija garbijak esan, ta minduten bazara, zeuria izango da erruba. Ezdozu igon biar zarian baño geijagora. Barberubaren izenak esan gura dau neure ustez Bizargillia; alan esaten deutsagu guk. Zuk dinozu apeitau bizar egitia gaiti; esango bazendu apaindu, apeitau ordian, ederto esango zenduke; zerren zubek apainduten dituzun gure arpegijak uraz, ta gero bizarra kendubaz. Zuk emoten deutsazu labañiaren izena gure arpegijak apaindu ta garbituteko erremientiari, ta obeto izentauko zenduke garbitzalle, edo apainkiñaren berbiaz. Euskaldunak bagara, zetarako berba egin ez geure asaben berbakuntzan? Zetarako esan barberuba, labania, ta onelango izen arrotz, zantar, ta erbestekuai artubak?

        MAISU JUAN: Agiri dozu, adiskidia, baserrijan azi zariala: eztozula inos Bizkai ta basoarteti urten. Barberu edo bizargillia baño geijago naz. Iru titulu emon eusteezan Madrilen, ta orretarako igaro nituban iru esamina krubel tribunale lotsa andiko baten. Nas bada Barberuba, Sangradoria ta Zirujauba.

        PERU: Ori baño geijago ezpadakardazu, ni nas Arotza, Argiña, Itzaña, Atxurlarija, Baso-azterlarija, ta errazago ikasten dira zure biarginzak niriak baño.

        MAISU JUAN: Guzurra dinozu. Asto andi bat zara. Asiko bazina zu norbait apeitetan, arpegi guztija itxiko zeunskijo odolez beteta. Artuko bazendu nire lanzetia, egingo zeunskio gaisuari zulo andi bat, edo bai ebagi zana: eta zer izango litzate azur ausijak konpondu biar bazenduz, edo osatu golpe andi bat artu ta heridu dana?

        PERU: Maisuba, eta zer egingo zenduke zuk burdi bat banatu, burpillak lokatu ta askora bat emongo balitxakezu? Etzenduke jakingo ziri bat egiten, ta galdubago largako zenduke burdi gaisotuba. Asiko bazina gero burtardatza egiten, apurtuko zenduke dana leundu biarrian ta ebagiko zenduke biar bada zeure oña edo berna azurra. Nok ikusi zeinkezan koltzagintza, arrijak landuten, soloko biarretan! Zu bialdu biar zendukeez basuen azterrenak ateraten, ta ebaten gero zeinbat burdi ikatz daguan arlo, edo saill andi baten. Bizar egiten ikasten dabee mutillak laster. Badira baserritar bizar egiten jarduten dabeenak ta zuk baisen esku bigun samurrak baleukez, ta ez laija, atxur, ta askora kirtenakaz azaldubak, etzeunskijue irabaziko temarik nok obeto egin. Odola ateratia, eskutur ikara bagia ta begi zolijak ditubenentzat, ez da orren gauza gatxa. Amabost egungarreneko ikasiko leuke edozein andrak, ta zuk baisen ondo edo obeto iminiko litukee txaplatatxuhak, ta eraatsi zauritxuban lokaarrijak askatuko ez dirian gisaan iñoren esku baga. Barriz; nok igarri zubei dakizuzan edo ez, osatuten zaurijak, ezagututen bedar onak? Zuk esan biar etzenduban ondo azija bazengoz, esan deustazuna aurkez aurke, edo neure musu garbijetan; guzurra dinodala, asto andi bat nasala. Asko nekezaleri esan bazeuntsa, etzenduban urtengo emendi beste barberu, edo zauri-osagillaren baten premiña baga. Baña ni naz gizon baketsuba, eruapen andikua, dongaro enzun arren, ez dakidana dongarik egiten; berba baten, Jangoikuaren bildurrekua. Gorde zaite bada aurrerakuan orrelan berba egiteti.

        MAISU JUAN: Ez egizu bada zuk bere ain dongaro esan nire opizijokuak gaiti.

        PERU: Ez dinot nik dongarorik zure biargintzia gaiti: gizon biarrak zaree zelan bait: bizarra kendu baga ezin egon geindez; atera biar da odola gatx askotan, baña neure ustez, ez ainbestetan, zelan ateraten dan; eta nik agindu biar baneu, odola ateratia gaiti ez leukee zubek legezkuak diru berezkorik eruan biarko, edo beintzak ez odolateraterik egin Osagille nausi, Medikuben izena emoten jakeenak gaisua ikusi, ta oneek agindu artian.

        MAISU JUAN: Zegaiti ez?

        PERU: Zerren bestelango gaiso ikustetan baño aloger, edo biar sari geijago emoten bajatzu odola ateratiarren, bildur izateko da diru guriak azi edo geitu ezdegizan odola aterateko preminak.

        MAISU JUAN: Orren arima galdukuak egiten gaituzu, zein da sangrijak emongo ditugun diru geijago irabazterren? Zer daki medikubak guk baño geijago nos biar dan sangrija?

        PERU: Beintzat ez dau itxutuko au diru gosiak odola aterateko agindubaz. Besteti; zegaitik orrenbeste arrotu zeure buruba uste izateko ak beste badakizula? Dakidana da, urte geijago iragoten ditubela ikasten gaiso osatutiak dakazan zeregiñak, ta guzurra ezpada, enzun dot, euren mendian egon biar dozubela zuk ta zu languak; ta ezin odolik atera zeinkeela euren baidurija baga. Bakotxak gorde biar dau bere tokija, ta ez agertu eragin soñokoz, edo aoz eztana. Ez dozu inos enzun esakera asko esangurako au; Marija bitxigina, suba da ogigiña? Eta beste oneek; Zulo bakotxari laakua: Aziak beria kirtena, ez dau gizonak izan biar urtena. Zure aita ta asabak bizi zirian arrotasun baga; artua beeukeen, pozik jaten ebeela; abarkak zirian euren oñetakuak, ta ortozik ibilten bere ez zirian lotsatuten. Eta zelan azi zendubezan zu? Zelan zinuazan eskolara?

        MAISU JUAN: Ori orrelan da. Baña nik igon badot opizijo honrau batera, zetako deshonrau biar dot erropa zantarrakaz janzirik?

        PERU: Zagoz issillik. Bizkaitarra zarian aldeti eginda daukazu idalgija; ez baña Bizargin, Odolateratzalle, ta zauri-osatzallia zarianeti. Eskerrak emon egijozuz nekezaleen onegitasunari, zeintzuk esaten deutsuben Maisu Jauna, ta berori. Ni nas iru etxaguntzaren jaube; buruba larregi urratu baga, badaukat zer jan, ta zegaz janzi, ta ez dot oraindino Jaunaren izenik enzun neure umeen aoti bere, ta gura bere ez dot. Badakizu barriz zelan jazten nasan. Zer ete daukazu geijago? Bizi zara iñoren gatxaz, iñori miñ emonaz, iñori odola ateriaz. Uts edo bete emoten dituzu osagarri izenekuak. Illtera badua, atxakija, esesinoe, ta akiakulia auan. Ai leenago dei egin baleuste! Ai nire esanak egin balira! Ai aua gorde baleu! Orain ezer ezin nei; datorrela Abadia Elessakuakaz. Or konpon eginda, biar alper edo kaltegarri baten sarija artuta, zuaz zeure etxera, lo egiten dozu atsakaba gitxigaz Osatuten bada zelan edo alan, zorijonian dei egin jatan; atera dot eriotziaren autzetati, au dinozu arkuntza guztietan, ta zoro zoro zanzubez nekezale gaisuak. Alan jazoten da nik ezagutu ditudan zure biargintzakuakaz: zure barri garbirik ezdakit.

        MAISU JUAN: Zetarako da ni bardin imintia zuk ezagutu dituzun Barberu txaar ta baldresakaz? Errebañu baten ardi batzuk dagoz mardo ta gizenak, ta bestiak makal ta argaltxak? Aek ezekijen Anatomijarik, nik bai; aek ez eben Ospitaletan oñik imini; nik egin ditut urte bi. Zetako erasoten deustazu lengua?

        PERU: Eta ze Anatomija dakije, nungo Gaisotegijetan egon dira andrakume azur imintzalla, barriketa ta berba laban baga azur lokatu, ta destokitubak zuzenduten dakijezanak? Zubek languak baño osasun bedarren ezagera geijago daukee onelangoren batzuk. Zer da Anatomija dontsu ta izen ospe andiko ori? Berbia banzugu; baña zer dan, ez.

        MAISU JUAN: Zuk ezin aitu zinaiz nik esan neikezan gauza asko Anatomija expliketako. Gure opiziokuak ebaten ditube gorputz illak, ta bein banaan ikusten ditugu barruban daukazan zati andi ta txikin guztiak. Badakizu gero zer nun daguan; nun min daben gaisuak; zek on leijon.

        PERU: O gizon gogorrak! Illai bere parketan ezdeutsazube! O zikin zantarrak! Ori epailla baten zeregiña da.

        MAISU JUAN: Zer da epallia?

        PERU: Epallia da zuk karnazeruba esango zeunskijona. Ikusi dozu inos onelanguak zer egiten dabeen idi ta belarluziak illten ditubenian? Alkandora besuak jaso, ta gañibet zantar bat aldian dabeela dabilz abere illen zatijak ateraten. Baña itxi daiogun oni gerorako, ta neuk aztertuko dot zure jakiturija andija, ta ikusiko dogu zarian edo ez ill-epalla edo anatomiko ona. Zer da baña bizijentzat zerbait aterako bazendu illak ebateti?

        MAISU JUAN: Adiskidia banua ni emendi neure etxera. Ez naz etorri ona trago bat ezartera baño, ta ez zure desberguenza ta burlak enzutera.

        PERU: Ez arren: emoten deutsut berbia ezdeutsudala aitatuko atsakaba emongo deutsudan gauzarik. Alan egin daiguzan bake osuak, emoidazu esku ori, ta adiskide garialako ezaugarritzat egin daigun alborokia, ta au neure diruti.

        MAISU JUAN: Ez dirudi orrek ondo. Zuk aterako bazendu ardaua zeure kostura, urrengo baten esango zenduke barberu ta zirujaubak diriala dollor, prestubez, zikotz batzuk, iñoren lepotik ondo edaten dabeela. Nik pagauko dot ardaua, ta pagau egizu zuk bazkari arin bat.

        PERU: Aurra bada, izan dedilla alan.

        MAISU JUAN: Neska (dice el Cirujano á una criada de la ventera) atera egin azunbre bat ardao, ta esaijon ugazaba andriari ipiñi daigula zerbait bazkaitako.

        LA MOZA: Ez nas ni neskia, neskatilla utsa baño. Ikasi egizu beste berbeeta bat.

        MAISU JUAN: Au zer da? Guztiak nire kontra? Ozta egin ditut bakiak gizon onegaz, ta esesten deust neska batek. Zer don bada neskatillia neskia baño onradago?

        LA MOZA: Zer dan? Neskatilliak urten lei nora nai bere ule trenza ederragaz; baña ez neskiak. Aituko dozu onenbestegaz.

        MAISU JUAN: Ez nekijan orrenbeste, ta parkatu egidazu opendidu bazaitut, ta atera egizu ardaua.

        PERU: Ezdaigun edan zerbait jan artian. Neskatilla, ekarri egiguzuz topinian ikusi ditudan arbi, aza, ta okelia erretillu baten. Ez egizu ekarri saldarik, ta bai katillu bat, ardaua gero edateko.

        MAISU JUAN: Adiskidia, zer da erretilluba? Platerian ateraten dira aza ta okelia.

        PERU: Erretilluba da euskaldunen platera. Ekarriko deuskuben erretillubak euko ditu gitxienez berrogei urte, ta iraungo dau beste ainbeste urtian. Zure bestelango platerok austen dira egunian bein lurrezkuak badira, ta bestelanguak, edo urtu oi ditu subak, edo ausita saldu edo trukau biar izaten dira. Zurezko kollara bat ekarten badeuskube, ezta gitxi izango. Barriz alperrak dira nik etxe batzubetan ikusi ditudan oratzalle, zubek tenedoren izena emoten deutseezunak. Zetako emon euskuzan Jangoikuak amar atzak edo atzamarrak? Askoz gozuago dira aza ta okela zati eskuz ebagi, atzakaz ta ogiz batu, ta jaten dirianak. Ondo izango da zamau lodi bategaz estalduten badeuskube mai ardao zetakaz zikinduba. Euskaldunak bagara benetan, bizi biar dogu geure aasabak erakatsi deuskubezan ekandubakaz. Serbilleta orainguen ordian eztaukazu imini baño aus zapi, edo marrats bat loitu etzaitian. Ekarri daigubela galleta baten ura, ardauari ezarri gura badeutsazu, bada niri ur-ardauak egingo leusket sabeleko miña. Nik biti bat; edo ardao utsa, edo geijenian ur utsa.

        MAISU JUAN: Errazoia daukazu: ezdira alkar ondo konponduten ardaua ta ura. Urte asko da urik edan eztodala saldaan ezpada.

        PERU: Neskatilla, ingira zaite, sabel-zorrija egin jaku, ta edan guria ainbeste berbaren ondoren. Dulabre ta ezertakuak dirian otseiñak, arin egin biar ditube gauza guztijak. Ekarri eiguzu ekarriko dozuna.

 

(Viene la moza con la comida despues de haber colocado la mesa mal ó asquerosamente cubierta y dice ella):

 

        LA MOZA: Egon zaree luzaro barriketan milla berba alper egiten, ta gero beinguan ito biarra. Ona emen lapiko galanta, ta pitxar bete ardao: ase zaiteze.

        PERU: Adiskidia, etzazaudaz zeure izenez, ta baketu garian ezkero, jakin gura neuke zelan deritxun.

        MAISU JUAN: Niri esaten deuste Don Juan Jauna, baña zuk esaidazu naozun legez: ta zeuk, ze izen dozu?

        PERU: Niri esaten deuste Peru batzuk, bestiak Periko: ezdot nik, umeetati bere, Jaunaren izenik enzuten, ta gitxiago Donenik. Izen ederra dozu. Done Juan, edo San Juan gauza bat dira. Donianiak esaten jakee San Juanetako egunai. Beraz zuk bere Doniane barri batzuk ekarriko dituzu, subak egin, donian bedarrak erre, ta egun gozatsu bat igaro eragiteko. Nik esango deutsut emendik aurrera Maisu Juan, ta zuk niri Peru, ta alan aituko dogu alkar, itxirik ezjagokuzan Donok Abade, ta bene benetan Andikijak dirianai.

        MAISU JUAN: Ondo dinozu, ta egija esango badeutsut igarten neban ezjaotala niri zuri baño gejago, ez Jaunik, ez Donik. Asko da berbarik, ta ekin dajogun aurrian daukagun oni.

 

Empieza á comer Maisu Juan y dícele Peru:

 

        PERU: Maisuba, bedeinkatu daigun maija; nire etxian ta baserrikoen artian beti jan aurreti alan egin oi da, baita jan ostian bere eskerrak emon Jangoikuari, zeñen eskubetati jatorkuzan on guztiak.

        MAISU JUAN: Ni baño obiak zaree, ezdot nik mairik inos bedeinkatu.

        PERU: Zer dinozu? Nun azi zara? Bedeinkatu egizu bada gaur esan eztaiguben kristinau gaistuak gariala.

        MAISU JUAN: Baña ezdakit zelan egin; ta egizu zeuk.

        PERU: Zagoz issillik. Zer esango litzate enzungo balitz baserritar batek bedeinkatuten dabela maija, ez jakinarren Barberu ain apaindu, ta Madrilen urtiak egin ditubanak? Eskolauba zara; erabilli ta irakurri dituzu liburu asko, ta zelan ikasi ez dozu?

        MAISU JUAN: Peru, ez naizu lotsatu ta errezau egizu zer edo zer agin artian, ta eranzungo dot nik bere aldodana igarriko ezdeuskuben moduban nok bedeinkatuten daben maija.

        PERU: Aurra bada: Asten nas, «Aitiaren, ta Semiaren, ta Espiritu Santubaren izenian»: Neure Jauna ta Jainkua, gure itxadote guztia zugan dago, ta emoten dozu bere denporan jaateko biar doguna. Zeure eskuba zabaldu, ta guztiok bedeinkatu gagizuz. Aita guria Zerubetan zagozana... (Reza.)

        MAISU JUAN: Ezdakit nik euskeraz Aita gurerik, ta eranzungo dot erdera.

        PERU: Maisu Juan: etzara ori esaten lotsa? Nos aztu jatzuz txikitan guraso, edo Eskola Maisubak irakatsi eutsuzan eskaari Elesiak artuta daukazanak, ta Kristo berberak irakatsi eban Aita geuria? Ezkonduba zara? Boozu umerik?

        MAISU JUAN: Ezkonduba nas, ta baditut iru ume; baña Amak dauka dotrinia irakasteko arduria. Ezda ori nire opizijua. Ez eban Jesu Kristok euskerarik berba egin.

        PERU: Ederto: ezda zure erdera mordolluan bere: baña nork nai jakin biar dau Aita guria bere Amaren sabeleti ikasi eban berbeetan. Zuri jaotzu Amari baño gejago umiai gauza on guztiak irakastia. Baña ezda orain berba egiteko denporia ta gakijozan aurrera: Doe guztien emolia ta gure Jauna; zure eskuti guk artu ta jan biar dogun guztia, zuk bedeinkatu egizu, Jesu Kristo zeure Semia gaiti, ta bere izenian. Aita, Seme, ta Espiritu Santubak guztiok bedeinkatu gagizala, ta Zeruko bere maira betiko eruan gaizala. Alan izan deilla.

        MAISU JUAN: Peru, nun ikasi dituzu erretalla luze orreek?

        PERU: Erretallak esango zenduke Elesako erregu ta mai bedeinkatutekuak gaiti? Obeto egingo zenduban kendu bazendu buruko kerizgarri, zuben auan sonbrelluba deritxona, guk kenduten dogun legez buru-txapela. Egija da zuben kapela barregarri, ta asmo barrikook ez diriala gauza, ez euriti, ez eguzkiti gizona gordeetako. Asko da: jan daigun.

        MAISU JUAN: Ze okela plaga da au? Zalago dago zoruba bera baño. Azook balzak ta keetsubak jaraozak. Arbijak gogor egosi bagaak.

        PERU: Maisuba, ondo milika, ta buperia zagoz. Uste zenduban ipiniko euskubezala eperrak, ollandak, ollagorrak, ta andikijen maijetako janari gozuak? Okelatzat ipini jaku aketirenaren aragi gazituba. Idi gizen, ta zezin egitekuak eruaten ditugu olagizon, ta aberatsen etxeetara, diru ederrak artuteko, ta gulanguen etxeetarako gordeten ditugu txaaltxu, idisko, bei zar edo aketirenak. Gose onarentzat ezdago jaaki dongarik. Aberatsen maijetan etxakee ain gogoz ekiten geeli gizen, ta egaztijai, zelan baserri etxeetan arbi, aketiren, ta aza lurruna darijuenai. Ogi zurija aentzat baño, gozuago da guretzat arto erregutada galanta. Talo ondo egiña auspian, morokilla, eznia, gaztañak, ta sagarrak daukazan nekezalia, dontsuago da andiki guztiak baño. Milikerijen artian ezda aragi sendorik egiten. Begiratu baserri mutill, ta gizon gaztiai, zein mardo, ta mamintsubak daukeezan matralla alde ta zankuak. Zimentu onak daukazan etxia, iraunkorrago da argalak daukazana baño. Ikusi egizuz andiki askoren alabak loraz ta bitxiz beteta. Itxurgatu, ta zurbilduta, gauza ez batzuk, argal, erkin, aise apur batek oeraten ditubala, oñak zerbait ezkotu, edo bustiten bajakez, estulga ito biar dabeela. Barriz gure neskatilla, euri ta aterri, eguraldi on edo txar, ortozik, edo abarka zulatubakaz dabiltzanak, zein desbardinak besteetatik? Atxurren, laijetan, irabatuten, landara jorraan ta biargeirik gogorrenetan, gizonen albo ibilli arren, eztarue ain erraz estulik atera; ez osagille edo mediku atzian ibilli. Barijekubelan okelia jaateko gatx andija biarko dabee. Jatsiko dira meza enzutera jai egunetan indriska, ta eurra bada bere; ta ain sendo ta indartsubak dira, zein da urun zaku, edo zorro andi bat buruban dabeela, artuko litukee besape bijetan andikikume bi, bide luzian eruateko. Ezda alan? Maisu Juan, zetako zabiltz bada arpegi txar, iguina ta mukertasuna agertuten erretillu onetan bota deuskubezan lapikokuai? Jaizu arin.

        MAISU JUAN: Jan biar zer edo zer besterik ezdaguanian. Baña bildur naz errebesau ezdaidan, edo aise dongas bete ez nadin.

        PERU: Jan daigunian erdiraño, emongo deutsut edaaten ardaua.

        MAISU JUAN: Ezin egon neinde artietan edan baga. Artu ditut zelan alan atskada bi aza, aketiren onen atal bat; ta iruntsiko badot, edan biar dot. Ekartzu laster trago bat.

        PERU: Eutsi bada neure eskuti.

        MAISU JUAN: Au zer da, Peru? Ardao oni ezarri deutsee ura; motela dago, indarrik ez dauka. Bestelango bazkarija. Artu daijogun kontu maija serbietan dabillen neskatilliari. Ze izen dau?

        PERU: Praiska deritxo: baña orrelangorik aitatuten badozu emen, izango da atralaka, ta baralla andiren bat. Neskatilliak esango deutsa ugazaba-andriari; asiko da agiraka, txilijoka, ta berbarik onen esango deutsuna, izango da guzurra dinozu. Ta zer dakit nik Pielari dei eginda barregarrizko gauzaren bat emen ikusi ez daigun? Maisu Juan, obe izango da isillik egotia, ta ez ezer aitatutia. Gizon sakatu ta eruapen andikoak ezteutsa kalterik ekarriko burubari; baña irritu, aserrakor, sutsu ta miñarinekuak euki lei gerora damukizuna.

        MAISU JUAN: Asko da zuk esatia, Peru; obeto dakizu oneetako barri, ta bazaut aserratuten bagara, eskatuko deuskula pagu andiren bat bazkari txar onegaiti; ta neurdin ezdeutsagu ura kenduko ardauari, ta ezdot uste beste zaragijetako ardaua egongo dala purubagua. Zer daantzut?... Kanteetan... Gagozan isillik zer dinuan... Peru, artu dozu goguan koplatxuba?

        PERU: Bai.

        MAISU JUAN: Zelan da?

        PERU: Ona.

                Aita semiak edanda dagoz

                Ama alabak jokuan;

                Ostera bere egongo dira

                Soñoko zaarrak kakuan.

        MAISU JUAN: Nor ete da kantoria?

        PERU: Nik ezdakit; itanduko deutsagu neskatilliari, ta esango deusku.

        MAISU JUAN: Praiska, nor da alango kantore ederra?

        PRAISKA: Aita seme batzuk juan dira sabaira, aita katu andijaz ta semia bere bai zerbaitakuan. Lo egiteko asmoz igon dabee, baña emon deutsa aguriak kantiari. Soñulari eder bat dozu ardaoz basa basa eginda bere.

        MAISU JUAN: Peru, esaidazu arren ostera bersua, ta aterako ditut papera ta tinteruba beti aldian darabildazan legez, eskribiduko dot aztu eztakidan

        PERU: Enzuizu bada ondo. Repite el verso expuesto, y lo escribe el Maisu Juan y dice

        MAISU JUAN: Berso asko irakurri ditut neure aldijan erdaldunen liburubetan; baña ez berba gitxitan gauza geijago esan gura dabenik. Ai ostera kantauko baleu! Ai! Asi da... Gagozan issillik. Peru, artu goguan... Kantau ditu berso bi: zer dino?

        PERU: Ona zer dinuan.

                Egun baten gaba eginda

                Ninoian neure etxera

                Larrapastadatzar bat eginda

                Jo neban beeko bidera.

                Jaso nenduben danau mankauta

                Bizkar azurra ausirik,

                Miñaren miñaz katu guztia

                Beinguan niri igarorik.

        MAISU JUAN: Zetan parau ete zan Piestia? Nok osatu eban? Berso oneek gejaguen eske dagoz. Banua eurak eskribietara.(Los escribe; y entre tanto oye que prosigue en cantar el borracho.) Kontu goguan artutiaz. Zer esan dau?

        PERU: Ona zer dinuan.

                Ekarri eusten egun-sentijan

                Maisu Juan Barberuba,

                Gurago neban neure albuan

                Euki Gaiskin Diabruba.

        MAISU JUAN: Ze diabru? Nungua da agure ordi kantore au?

        PERU: Nik eztakit, baña bai zeu aitatuten zaitubana. ta Diabruba baño gaisto gogorragotzat zaukazana. Zeure errikua da, ta zeure egokiren bat. Aurra, artu egizu lumia, ta daukazun ur balz orregaz eratsi eiguzu zapi zuri orretan esan daben laukua besteen onduan. Onak ta txaarrak, atsakabia ta atsegiña emoten dabeenak artu biar dira aserre baga. Etxatzu issilduko jazo jakon guztia bere soñuban esan baga. Ara,... badarraijo. Dino bada.

                Borreru arek birau nenduban

                Albo bateti bestera,

                Egon biar dau onek, zinuan,

                Begira gaur bazterrera.

                Asi zan gero erremientak

                Bere ziskuti ateraten,

                Otso bijotzaz barre eginda

                An egozanai esaten.

                Kangrenatzar bat jajoko jako

                Ondo ezpadogu sajeetan;

                Ezdira ez onlango heridak

                Bedartxubakaz osetan.

                Jaurtigi neutsan ostikadiaz

                Ezarri neban lurrera

                Sartu eztedin Maisu Juane

                Nire etxian ostera.

        MAISU JUAN: Badakit orain nor dan agure kantore au. Da ordi pusiga etxe guztija ondatu dabena; zoorrez beterik dago: tabernarik taberna dabill. Nosian bein darue banatuta, katubagaz duala, golpiak artuta. Alperrik illgo da nigaiti: ez nauka ostera atrapaurik. Nik ezdakit zelan osatu zan kantau daben tranzian: aragijak senduak ditu. Juan banakijo daguan lekura, irakatsiko deutsat zelan berba egin; eztaukat aaztuta egi-eustana.

        PERU: Obeko dozu jan, ta bakian itxi alango ordi galtzalla bati; ezpabere, orain adorerik beso ta oñetan euki ezarren, orrelanguak, edo bere semiak emon leikezu makillaka galanta, ta buruba ausita itxi. Ara oraindino soñubetan, ta eztira alperrik igarotekuak bere laukuak.

                Maisu borreru juan zanian

                Ekarri eusteen bertati

                Andratxu on ta errukior bat

                Auzoko erri bateti.

                Azur ta zauri guzti guztiak

                Zituban kontuz ikusi;

                Arpegi sona baketsubagaz

                Esan eustan onlan neuri.

                Txomin gaisua, ordu onian

                Bota dozu Barberuba,

                Ikusi gura ezpazenduban

                Lurrian bertan inpreinuba.

                Pasmo bedarrak biarko dira

                Eragozteko pasmua,

                Orma bedarrak gozatuteko

                Banatu jatzun albua.

                Egun gitxijan zara ikusiko

                Indar galantak arturik,

                Eta zure azur banatubetan

                Inkaren apur bagarik.

                Esan ta egin, aste barruban

                Urten neban neuk etxeti

                Gerri zerdenaz makilla baga

                Jan gosiagaz besteti.

        PERU: Maisuba, bantzuzuz dinuazanak?

        MAISU JUAN: Bai, Peru, ta nago ikaratuta, zelan gizon ordi batek atera leikezan alango bersuak, ta kantau ain klaru. Nik uste neban, eztarri gustia euki biar ebala katigatuta, ta berso gauzarik ezin gomutau litxakiola.

        PERU: Alan dirudi, baña ezda alan jazoten: ikusi ditut nik begijak lausotu, oñak lokatu, gerrija makurtu, ezpanak bisustu, txapela okertu, ta berbia moteldu ta zutinik egon ezin dirian gizon katutu ta ardaoz satstubak, eztarri garbi ta laztasun bagiaz soñuba joteko. Zelan dan ez dakit, bai baña alan dala. Iñosko azkorren dagoz orretarako, ta itanduten badeutsezu Aita guria, uts egingo deutsube amar bider. Asko da soñurik, amaitu daigun pitxarondoko ardaua, ta Jangoikuari eskerrak emonda, guazan oera; ni logura naz; ez dot ez eunezko, ez miesazko izararik biar, ez artulezko burkorik. Marrageruben izara latzen artian atserengo dot goisartian. Eznabee iratzartuko ez ardi, ez imitxen zirikak.

        MAISU JUAN: Gurago dot nik orrelango oera etzun baño, sutonduan egon eguna argitu artian.

        PERU: Agur bada, Maisuba, gois artian; gau on bat igaro egizu, ta dei egikedazu, ez ollarraren goisseko soñuban, ta bai eguna zerbait argituta. Egun on bat alkarregaz igaro badogu, obiaguak igaroko dituzu. Eruango zaitut egun batzubetako neure etxera. An ta bideetan erakutsiko deutsudaz gauza asko, ta esango dozu nos edo nos Baserritar batek irakatsi deutsuzala, erri barrubetakuak irakatsi ez eutsubezanak.

        MAISU JUAN: Eskerrik asko, Peru; zuaz, lo egizu orain, ta neure kontura goisian zuri dei egitia. Agur. Igaro egizu gizaajo orrek zuk bere gau on bat.

 

aurrekoa hurrengoa