www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXVI.garren OTOITZ-GAIA

 

 

A.

Kandelari-eguneko Jesusen elizaratzeak erakusten digu,
guk geren buruez egin bear duguna

 

TULERUNT PUERUM IN JERUSALEM;
UT SISTERENT EUM DOMINO.— Luc. 2. 22.

 

        Deus ez dakien aurrak bezala, egin zituen Jesusek bere aur-denborako gauza guziak; eta, besteen artean, Kandelari eguneko bere elizaratzea, ta elizako bere presentazioa. Bere presentazio, edo elizaratze au egin zuen gure Jesusek gañerako beren gauzen eran, edo ongi oarturik, berariaz, bear bezala, ta guri erakusteagatik, guk geren egin-orduetan egin bear duguna. Baña zer ote da gure Jesusek gaur guri erakusten diguna? Benik bein, guk, egitera beartuak gauden geren gauzak zuzen egitea; ta gero guk egitea, egin bear ditugunak ezezik, beste zenbait ere.

        Zer egiten du gaur Jesusek, guri gauza oriek era orretan egiten erakusteko? Egun artako legeak ziona. Zer zion legeak? Egin zekiola gure Jaunari lenbiziko semearen presenta, eramanik orretarako seme lenbizikoak Jaun beraren etxera, edo eliza berezira. Baña egin zuen Jesusek bere elizaratze orretan, ta elizako bere presentan, beste edozein israeldarrak egiten zuena baizik? Bai? Zer bada? Guzia bere naiez egitea: bada egin zuen gure Jesusek presentazioko legeak zion guzia; ta etzuen beartzen Jesus, israeldarrak bezala, semeen presentazioko legeak; lege au alabaña ama-ume bekatarientzat egina zen; ta, ez Jesusek, eta ez Jesusen Amak izandu zuten bekaturik, ez orduraño, ta ez bein ere. Egin zuen bada Jesusek gaurko bere presenta, bere Aitari atsegin egiteagatik; eta, atsegin osoa Aitari egin naiez, egin zuen guztiz zuzen, ta ezinobeki; bada egin zuen, alik lenena; egin zuen bere Amaren eskuz; ta egin zuen, berak nai zuela, ta premiarik bage.

        Bai: benik bein, egin zion Jesusek bere Aita maitagarriari alik lenena bere buruaren, edo zen guzi-guziaren gaurko presenta; bada present au egiten zen amaren erditzetik berrogeigarren egunean; ta, egun au etorri orduko, agertu zen Jesus presen-tegian, edo bear zen elizan, ta Jaunaren begietan. Eta, a zer presenta! Parerik gabekoa!

        Egun artan Jesus elizan sartzean, erran zekikeon Aita Eternoari: ona Jaungoiko maitagarria, ona non dezun zere eliz onetan, oraindik agertu den presentik ederrena; ta present, agertu diran ta ager litezkeen semeen presentak baño geiago ta geiago balio duen seme-presenta! Ez dezu ezagutzen zuk au, ezaguntzaz beterik arkitzen zaran Jaungoiko maitagarria? Ez da, ez, dirudiena. Bekataria dirudi: baña ez du bekatu-kutsurik ere. Zure Jakiundea da, ta Trinitateko bigarren Persona, gure amorez Ama Birjinaren ume ta aur-egiña. Emen dator Jaungoiko-gizon zure Seme au, gure zorrak bere gain arturik; eta dator, zuk nai dezula, guzi-guziak bertatik ateratzera. Badu, bai, aur jaioberria izanagatik, zerekin edo nondik oriek atera; egin dezaken gauzarik txikienak balio du orretarako diña, ta agitz geiago. Lenago ere egiteko onez onara etorri naia zegoen: ta, etorri ezpada, zure legeak diona zuzen baño zuzenago egiteagatik, izandu da; ta bidenabar egiteagatik, zuk naien dezun bidez, ta moduz.

        Zer bidez, edo moduz egin izandu zion Jesusek bere Aita Eternoari gaurko bere presenta? Bere Amaz baliaturik. Amaren eskuz egiteagatik bere Aitari gaurko bere presenta, egondu zen Jesus Elizara gabe, legeak ziona Amak egin artean; edo jaio ezkerozko berrogei egunetan; bazekien alabaña Jesus maitagarriak, lurreko onak edo Santuak, eta zeruko guziak baño geiago balio duela beraren Ama Birjinak; eta, gañerakoen eskuetatik baño, bakar onen eskutik obeki artzen duela Jaungoikoak edozein presenta. Erdi-berrien legeak ziona egin orduko, ta egun orien buruan artzen du Jesusen Amak bere Semearekin elizarako bidea, an bien izenean, ta biak nai dutela, Aita Eternoari egiteko Jesusen presenta.

        Elizara zeneko, zekienak bezala, nolakoa zen zeraman presenta, errain zion Jesusen Amak Aita Eternoari: ona non dezun, ekusten dezun presenta! Jaungoiko-gizona da, dakusazun bezala! Jaungoiko-bezanbatean zure Semea da ta Seme guztiz maitea! Nigan artua du, duen Gizatasuna; ta orregatik nere Semea ere da; ta, berez, gogoa, ta nai duela, dator; ta ala ezpaletor ere, ekarriko nikezu nik dakardan bezala, ta emain nikezu, ema-dizudan bezain gogoz, ta biotz osoarekin.

        Artu zazu bada, zuri nik zor dizkitzudan ondasun, ta doaien alde. Anitz da, bai, nik zuri zor dizudana; baña, zuganako nere zor guziak baño milla, ta milla bider geiago balio duen presenta da orain nik nere eskuetan dakardan, ta zuk emen ekusten dezun presenta. Artu zazu bada zeren zurea den, den bezala; ta artu zazu bidenabar mundu guziak zor dizunaren alde, ta gure guzien onerako. Orrenbat merezi du, bai, dakizun bezala; baita geiago ta geiago ere.

        Zure Ama Birjinak au dion artean, zer ote diozu zuk, gure Jesus maitagarria? Nai dezula zatoz, ta bortxarik gabe? Naiezko presenta da, gaur Aita Eternoari zere Amaren eskuz zuk egiten diozun presenta? Nola-ere! dio, ta ezin naiagozkoa! Gizon egin zeneko presentatu zion Jesusek Aitari bere gizatasuna; present au berau egin izandu zion bere Jait-egunean, egin izandu zion bere Zirkunzisioan, baita beste anitzetan ere; baña, nioiz ere baño egokiago egiten dio egungo egunean; au zen alabaña, Jaunak orretarako berezi zuen eguna.

        Elizan sartu orduko bada, ta, nior oartu bage, eginen zion Jesusek biotzez ta begiz, bere Aita Eternoari, al zuen agurrik andiena; ta errain zion, itzik atera gabe, naiez ta biotzez: Badakit, bai, nere Aita maitea, norañokoak diran bekatarien zorrak, eta zein balio gutikoa den zor orien alde gizon utsak egin dezakeena! Badut nik ere, zuk zerorrek emanikako nere gizatasuna. Ona non natorren, au arturik, zuk nai dezun guzi-guzia egitera; ta, beste gauzen artean, zor orien alde zernai egin naiez nator. Nai badadezu zea nazaten orien alde, ona non dagoen orretarako nere bizkar minbere au. Aranzez odoltu bear banaute; ona nere buruko loak; baita buru guzi-guzia ere. Gurutzean josirik ill bearra banaz ni, ona iltzeetarako nere eskuak eta oñak; eta ona azkenean nere odol guzi-guzia; naiz, au ateratzeko, urra ditzatela nere zañak, nere loak, eta nere bular au, ta biotz bera ere. Zer nai dezu, bada, dagidan zor orien alde? Errazu nai dezuna: Baditut, zuk emanikako bearriak; eta adituko dut, zuzen egiteko, erraten didazun guzia. Ps. 39. 7. Hebr. 10. 5.

        Zein begi onez begiratuko zion Ait-Eternoak, bere Seme Jaungoiko-gizon Jesus maitagarriari, ekusi zuenean zein laster, zein gogoz, zein esku zuriz, ta zein ziñez egiten zion beren buruaren ta gauza guzien presentak? Ontzat artzen bazituen Abelen, Noeren, Abranen, ta bertze lege zarreko gizonen present txikiak, nola artuko zuen Ait-Eternoak, anbat eta anbat balio zuen Jesusen presenta? Ez da erraz guk au adiraztea! Ekusi zazu zerorrek, al dezun eran, astiz ta gogoz begiratzen diozula.

        Gero begira zaiozu aldi onetan Jesusek erakutsi zizun egitekoari; ta ikasi zazu zere Jaunari presentak egiten; ta egiozkatzu garai onean, Ama Birjinaren eskuz; ta biotz on garbi-oso batekin, naiz obligaziozkoak izan, edo zuk egin bearrak; naiz zure naiezkoak, edo borondatezkoak. Orrela zuk oriek egin ezkero, ongi artuak izain dira, bai, zure presentak; eta oriek ark zugandik artzean, emain dizu zere Jaungoiko emalle andiak zuri dagokizuna.

        Au zuk erditsi nai badezu, egiozu jaiki orduko zere Jaungoiko maitagarriari, zere biotzaren, ta egun artako zere gauzen presenta; ta, Jesusen Ama arteko arturik, eska zaiozu, egun guzian biotz ongillez, asmo garbiz, gogo beroz, nai on, ta maitatze ederrez beterik, edo zuzen-zuzen, ta berak nai duen eran ibiltzeko grazia. Zoaz gero, al bezain len, bere elizan Jaungoiko berari zere presentazioa, edo zere adimentuaren, zere naimentuaren, ta zere zaran guzi-guziaren presenta egitera: baña zoaz, zere Jaunari atsegin egiteagatik, eta Jesusen Amaz baliatzen zarala.

        Ori egiten dezunetik, begira zaiozu zuk zere buruari, Jaunari emanikako gauzari bezala, ta gorde zazu, alik ongiena; eskatuko dizu alabaña jabeak, gutiena zuk uste dezunean; ta, orduan kontu ona zere buruaz zuk ez ematera, gaizki artuko zaitu, artzeko zaituen zere Jaungoikoak; eta galduko zara sekula guzirako.

        Egunoro egin ote diozkazu zuk zere Jaunari era onetako presentak? Gorde ote dituzu zuk, zere Jaunaren gauzak bezala, zere oroimendua, zere ezaguera, ta zere biotza? A! ta zein guti! Ori nik egitera, edo nik ori egin izandu banu oraindañoko nere denboran, nagoenetik beste gisan negoen ni gaur! Gaur izain nintzan ni nere Jesus onaren biotzekoa; ta nork daki zenbat ondasunekin arkitzen nintzan ni nere animan! Baña zer eran arkitzen ote naz ni? Jaungoikoak daki! Berak didala oraindañoko nere utsen barkamentua, ta gaurdanik badere, Jesusek bere presentazioan erakutsi didan guzia zuzen egiteko grazia. Bai arren, bai!

 

 

Voca nomen ejus, Accelera
spolia detrahere: Festina praedari.

Isai. 8.3.

 

        Ageri da, Jesus maitagarria, zein egokia den zere Aitak Isaiasez zuri emanikako izena, oni erran zionean, deitu bear diozu: Ots fite, zoaz lasterka, osturik daramana kentzera, ken egiozu lenbailen duen guzia: Bada presentazioko eguna etorri orduko, atera ziñan zu zere itxetik, eta elizara ziñan, zere Jaunari an erratera: Ona ni prest sulezeko guzien kontra: nai badezu, kenduko diot, eta luzatu gabe, munduan sulezeko gaistoak eraman diotena. Kendurik, eraman diote, Aita nerea, zu ezagutzeko bear den zeruko zure argia; ta utzi dute bekatuaren illunbe galgarri gaistoan. Nai dezu bada, atera dezadan nik mundu galdu au bere illunbetik, emateko gero, bear bezalako zure ta nere berria? Badagiket, bai, nik au guzia, zuk zerorrek ongi dakizun bezala; ta badagiket, bat ere trikatu gabe. Zer diozu bada, nere Aita maitea? Zure naia aditu naiez nago. Banoa, nere lan au egitera? Izenaren egokia, Jesusen lan andi au adirazten duen izena!

        Eta niri dakokidan izena ote da, nere bataioan niri eman izandu zidatena? Ordutik Kristo Jaunaren izenekoa naz ni, edo kristioa, edo kristaba? Zer bizi da kristabaren bizia? Ongi badabill, ta Ebanjelio santuak adirazten dion eraz, gurutzea ta martirio gogorra, edo goizetik arratseraño kontuz bizitzea, naikunde makurrak garaitzea, gogoari atsegin gaistorik ez egitea; nai ez dituen zenbait lan aragiari eragitera, ta gogoz ta biotzez gure Jauna beti maitatzea. Lan onetarako prest ote nago ni goiz-arrats, gau-egun, ta noiznai ta beti? Ori da gaur niri nere Jesusek erakusten didan lenbiziko gauza, edo egitekoa. Egin baneza nik (eta zuzen) gaurgero badere, lagun zakizkit egiten, nere Jaungoiko maitagarria. Bai arren, bai!

 

 

Ego Mater pulerae dilectionis,
et timoris, et agnitionis, et santae Spei.

Eccli. 24. 25.

 

        Nai dezu zuk bear bezalako bitarteko bat, zere Jaunaganatzen zaran aldietarako? Orra non dezun Ama Birjiña. Au da, bai, Aingeru, ta Tronu, ta zeruan arkitzen diran gañerako guziak baño gure Jaungoikoak ebeki artzen duen artekoa, au da alabaña Aita Eternoaren Alaba guztiz onetsia; au Semearen Ama maite-maitea; ta au Espiritu Santuaren Esposa berezia. Birjin-Ama onen eskuz egiten badiozu zuk zere gauzen presenta, zor zaitzun baño ederkiago artuko zaitu zu, bai, zere Jaungoiko maitagarriak, eta emain dizu zuk bear dezun guzia; bai, ta anitz eta anitz geiago ere.

        Nai dezu zuk orain zere oben guzien urrikia, ta zere Jaunaren beldurtasuna? Nai dezu zuk orretarako, ta zere gauzak zuzen egiteko, zere Jaunaren ezaguer argi andi bat? Nai dezu zuk, zere Jaunak oraindañoko uts guziak barkatuko dizkitzulako, bizitz-on bat egiten lagunduko dizulako, ta azken-grazia emain dizulako uste, ta esperantz andi bat? Nai dezu zuk bidenabar zere Jaunaren amore ta maitatze bero-sendor bat? Balia zaitez bada Bitarteko onez, edo Jesusen Amaz: au da, zuri zere Jaunagandik ongien-ongien ori guzia erditsiko dizun bitartekoa.

        Baña artu naiko dezu zuk, Ama maitagarria, ni bezain gauza txar-errebes bategatik onenbat egiteko? Naiko dezula baneki nik, atsegin ta kontentuz beterik geldituko nintzake! Naiko dezula deritzat, bai, Ama birjina; bada zure Seme Jesus maitagarriak gaur egin duena, niri erakusteko da: ta, erakutsi dizkidan gauzetatik bata da, zutaz baliatzea. Ona bada ni Birjin-Ama maitagarria; ona non natorren ni, zuri ziñez eskatzera ar ditzatzula, arren, nere biotz txar au, ta, nere Jauna maitatzeko nik orain nere baitan arkitzen dudan gogoa, gañerako nere gauza guziekin batean: ta ar ditzatzula, guzien presenta zere eskuz Jaun berari gaur egiteko. Egizu nigatik anbeste; ta bidenabar eskatu bear diozu nere Jaungoiko maiteari didala, arren emendik aitziña, nere gauza guziak zuzen egiteko bear dudan bere laguntza, ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Christus dilexit nos, et traditit semetipsum
pro nobis oblationem,
et hostiam Deo in odorem suavitatis.

Ephes. 5. 2.

 

        Ekusten dezu, zenbat zor diogun guk gure Jesus maitagarriari? Guri ongi naiez, artu ditu bere gain gure zor guzi-guziak; eta, orretarako, agertu zaio Jerusalengo elizan bere Aita Eternoari, ta erran izandu dio, onekin berarekin dela gaurgero aren egitekoa. Ona, (erran dio aldi onetan Ait-Eternoari); Ona ni prest zor orien alde nai dezunerako. Bertan, gero, edo zuk nai dezunean, nik egiñen dut orien alde, manatzen dezun guzi-guzia. Ez dezu, ez, zer begiratu nere nekeetara; andienak ere pozik artuko ditut nik, zuri gizonen zorrak pagatzeagatik, eta baketan geldi zaitezen zu, nere Aita maitea, nik maite ditudan munduko jende guziekin.

        Orra, bekatari txarra; orra, zugatik gaur gure Jesusek bere Aita Eternoari erraten diona. Eta zuk Jesusi ordañez bezala, zer erraten diozu? Zer dakit bada? Nik erran bear nikeona da: eskerrak, eta eskerrak zuri, nere Jesus maitagarri onegia! Orrelakoa zu ez izatera, nola zuk ar zenetzaken, gu bezain ume txar galduakgatik artu dezun adinbat neke ta egiteko? Ez dakit nik gaur zer negiken, nere onean zuk aldi onetan egiten dezunagatik! Ona ni, nere Jesus maitagarria, nere aldetik prest, eskerdun onaren eran, zuk nai dezun edozein gauza egiteko. Zer nai dezu bada dagidan nik, zor dizudan amorearen alde? Zure eskuetan uzten dut orretarako nere biotz au; esku beretan uzten dut nere adimentua; bai, ta nere oneste ta nai guzi-guzia ere.

        Guzia da guti, zure amoreari nik zor diodanari eranzuteko, ta nere oben gaisto ta zor andien alde! Lenago nik ezagutzera, orain adiña bazen ere, zer gauza den oben kulpa, ta oraindañoko nere gaizkia, ez nuen egiñen, ez beintzat anbestetan; ez, eta bein ere! Egiñak ez dute, egin nituelako damua beste zuzenbiderik. Damu dut, bada; ta ziñez alere! Ta damuko nuke, nere bizi guzian gaizki bat baizik egin ezpanu ere. Orra bada, Jesus maitagarria; orra, nere egin guzien alde, gaur egiten dizudan present txarrekin batean, oraingo nere urriki au ere; ta, berriz orrelakorik ez egiteko gogoa. Gogo au ere Zugandik datorkit niri, nere beste gauz onak bezala; ta, gal ez dezadan, indazu zere laguntza ta grazia; baita lengo nere utsen barkamentua ere. Ori eskatzen dizut, itzez ta biotzez erraten dizudala: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa