www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soñekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIDE BERRIAK... BIDE GUZIAK?...

 

        Aspaldi ontan, berrizale geralako gizagaxook makiña bat erauntsi artu diagu. Saririk irabazi badegu ere, ari gera entzuten gereak eta bost! Esan beza, bestela, il onen 7-gko Argia-n «Bide berriak?» idazpuruaz idatzi duan «Euskaldun bat»-ek.

        Gure bideak euskera txukuntzekoak ez omen dira, naspillatzekoak baizik. Negargarrizko etsia benetan, gerez ezerez samarrak izan arren, maitasunaren indarrez euskerari aintza-bideak urratzen laguntzea amets gendunontzat.

        «Berrizaleok» (?) irabazi sariengatik, zenbait idazle —olerkari, dio— zapuztu egin omen dira. Gaizki egiña. Errez-zaleok aspaldi darabiltzuten zirikabideaz minduta, berrizaleok zapuztuko bagiña, ordun ere zer-esana izango litzake. Nik uste, mordollozaleak, erdi-merdi-zaleak, eta aurrera-zaleak, guziok bizi gaitezkela pakean. Zuk darakusazuna baño irizmen zabaltxeagoa bear, «solamente».

        Nik idazle errez-zale bakar bat ere ez det bere bidetik okerrarazi nai izan. Ostera bere artan jarraitu dezaten alegiñ egin izan diotet. Legezkoa al da gurekin, berrizaleokin, beste era batera jokatzea?

        Guk badakigu, idazle errezak, olerkari errezak, gure aldean «publico» aundia dutena; ta gure bakartasunean otxan-otxan etsitzen degunezkero, zer dala-ta zuek guri arrika?

        Baña, goazen arloagora. Zuen ustez, izkuntza baten elerti-pizkundea «orkesta» bat bezela, txotx apain baten bidez, zuzendu liteke: orain «piano», orain «crescendo», orain... «xalto bat gorago, mutikoak, irakurle guziok mail ortara iritxi gaituk-eta».

        Irakurle «guziok»... Nork esan dizu ori?... Zerorrek ere, «Euskaldun bat» orrek, atzera begiratu nai badezu, ikusiko al dituzu zu baño beragokorik anitz, bertsolari «naturala» besterik iresteko gauza ez dirana. Zergatik, bada, ez itxoin, bertsolariez guziak okitu arte, ta ordun, ez oraindik alegia, zuri atsegin zaizun erdi-mallako elertia onetsi?...

        Gauzak berezko bideetatik atera nai dituzute. Mallak elkarrekin lotuak bear dute, igotzeko malladirik osatuko bada. Gure elertia beste errietakoa ez bezelako eraz azitzea nai zenuteke, ta oker zoazte ortan. Opilla ez da jaikitzen legamirik gabe.

        Baña, lenbait-len aitor dezadan errez-zale aserrekoiak ere bear-bearreko ta nai-ta-naiezko zaituztegula. Elerti guzietan agertu izan zerate aurrerago-zaleei buruzki; urrengo gizaldiek, ordea, ez dute ukatu izan al, aien bultzaldi goragarria: akats eta guzi.

        Mendira, egunotan, igo baldin bazera, ikusiko al zenitun, negu-muñean, aritzak adar utsetan; otea loretan; untza, berriz, igali dariola... Ederrago al leritzaizuke, lurreko landare guziei, ostotzerako, loretzerako, umotzerako, egun jakiñak, egun bakarrak, indarrez ezartzea; esate baterako, Santa Kutzetan guziek lorea; igalia guziek San Juan bezperan; ta oietaz aurrera edo atzera egiteko ausarta litzakena, errotik atera, ta kito?

        Eskier dakit, ni, zure iritzirako, berrizale purrukatu ondagarria naizena. Alaz guziaz ere, aitorzen det errezera idazten dutenak berrizaleak baño askoz geiago bear ditugula, orea legamia baño ugariago bear dan bezela. Poema eder bat errezantzean norbaitek idatzi nai, ta al dedantxoaz laguntzen diot. Baita ere, «Euskaltzaleak»-i eskatzen, olerki-batzaldiak erdibitzeko, sari bat erritar-antzeko lanentzat ipiñiaz; bestea liriko zoro berrizaleentzako.

        Beraz, nor-gere irizmena zabalagotzea da bearrenik. Gure baratzean mota guzietako landareak bear ditugu. Ez degu zapuztu-arazi bear ez bertsolari mordolloa, ez olerkari garbi-antxekoa, ez eta ere berrizale biurria.

        Gero, «Euskaldun bat», oartu al zera beste gauza batez ere? Idazle berak, batzutan errez bestetan gaitz —gaiak zer eska— egitea ere gertatu ditekela? Ta zeintzu dira, gauza ixilleko ez badezu beintzat, zuk euskerari ukatu nai dizkiozun gaiak?

        Ara: gertatu polit bat esango dizut, errez-zaleekin ere geiegi etzaitean pio. Beñola, bazan olerki-sariketa bat. Iru epailari ziran, irurak errez-zale garaiak. Irurak nitun, sinistea gaitz egingo bazaizu ere, adiskide miñak. Olerki asko aztertu bearra izan zuten: mordolloak, erdi-errezak, zallak. Auzia zeintzuen artean izan zutela uste dezu?... Zallenen artean. Bai, jauna. Errez-zale ustel ez bestelako aiek olerki errezak bereala baztertu zituzten. Ogen au ez egotzi guri berrizaleoi. Azkenik, gaitzenari saria eman zioten.

        Ta onuzkero, bear bada, esaten asirik zera: «baña, irekin zer diat nik zer-ikusia? Arraio ori, nork egin au kofradiko?...».

        Bidez ala bide gabe, ori ez dakit, zeure itzok ipiñi didate eskuan kandela: «Alaz ere, oiek aipatu, oiek saritu». (Olerkari «berrizaleak», alegia). «Lauaxeta»-renik ez omen dezu irakurtzen, eta ark atera zun lenengo urteko olerki-saria... Nik, ain txutxen ere, bigarrengoa, ta oraindaño irugarrenik ez da izan... Beraz, nabarmentxo ikutu nazulako usteak etzaitu arrituko.

        Ementxe daukat, aurrean, nere aritz-abarra. Oker-irabazia dedala ziñez uste badezu, zere eskuetan uzten det: itz erditxo bat esatea aski dezu. Ezkur batzu baditu zintzilik, egia, baña ez jatekoak: proetxu gutxiko saria det ori: ori emanak ez nau txiroagotuko.

        Nor-gere eraz aldizka bederik jardutea ukatu bear badiguzute; saio oiek egitea euskerarentzat kaltegarri baldin bada; ori argi erakutsiko didazun ezkerotixe ixilduko naiz ni, lagunak ere or nonbait, eta orra pakea. Baña, elerti-gaietan ez da biderik zuzenena, norbere zale ta joeratik aterata ibillaraztea.

        Ta bego au emen onuzkero. Auzi ori geroak ebakiko du, ez zuk eta ez nik.

 

* * *

 

        Azken itz bat oraindik. Besterik okerreko ikusi baitet zure idazkian.

        «Lauaxeta»-ren Bide Barrijak ez omen dezu irakurri, bizkaierazkoa ote dalako, ta zuk gipuzkera baizik ez dakizula-ta.

        Bizkaiera, gipuzkera, lapurdiera, guziak dira euskera, ta euskera eder. Guziak bear ditugu mami-mamiko. Ta zuk —ainbeste euskaldunek «berrizale» etsi zaitzateken orrek— etzenduke, nere ustez, diozuna egin bear —zere burua apalegi erakusten dezu— ta ezago esan bear. Bati bost ipiñiko niozke, bizkaierazko idazkirik ulertzeko zu baietz izan gauza. Ala izanik, irakurri nai ez badituzu ere, etzazula beintzat agirian esan. Orrelako ateraldiak ez datoz ongi gure arteko pakerako, ta, ondoz, euskeraren onerako ere. Bai-baitirudi «Lauaxeta»-ri auxe adirazi nai diozula: «l, batetik berrizale, bestetik bizkaitar?... Utikan!». Ta au, zeran errez-zalea izanda ere, ez dezu zillegi.

        Agur, eta gaizki esanak barkatu.

 

Argia, 1932-02-21

 

aurrekoa hurrengoa