PERTSULARI AIPATU BAT: TXIRRITA
Oraino bizi diren gutarteko hainitzek ezagutu izan dute, mende hastapenean, Txirrita, pertsulari eta kantu-emaile gipuzkoar famatua.
Mutil zaharra, ofizioz hargina, lanari tiro emanik, maiz ostatu edo pestetan zabilan.
Ditxolaria eta zirtolaria, bere bitzikerieri esker, denak abusatzen zituen eta denek maite zuten.
HAREN ATERALDI ZONBAIT
Astelehen goiz batez, tranboa hartu nahi zuen etxerat erretiratzeko, bainan diru pilik ez zuen zarpan... Lanean ari ziren hargin adixkide batzueri buruz joan zen, diru eske...
—Baduzue enetzat lanik, zioten galdatu?
—Ba, ez da hemen lan eskasik zuten ihardetsi.
—Ha, ez nian bertze beldurrik, zuen atera Txirritak!
* * *
Bertze behin, ostatu batean, bere iduriko Prontxio izena zuen hargin batekin, parioa egin zuen zoin alferrago...
Lekukoak harturik, Prontxio lurrean etzan zen eta han hila bezala egon...
Sahetsean aldiz, Txirrita zutik zagon, tente potente, mugitu gabe...
Azkenean, Prontxio altxatu zen, erranez
—Parioa irabazi diat... Hi baino alferrago nauk, ez baitiat izan xutik egoteko kalapiorik ere...
—Nik aldiz etzantzekorik ez diat izan, zion atera Txirritak!
Eta parioa irabazi zuen.
* * *
Arnoa maitegi eta lana hastiro zuelakotz, Txirritak ez zuen begitarte onik bere amarenganik... Elgarren artean larri bizi ziren. Behin, ostatuko lagunek, bere ama lehiotik erakutsiz, galdatu zioten, trufaz, emazte hura ezagutzen zuenetz... Huna zer pertsu bota zioten Txirritak:
Ema lepo luze hoi, dezue nere ama,
Errenterian dauka sorginaren fama.
Astian jartzen ditu, hiru'do lau gona,
Ni tzarra naizela-ta, ez dek hori ona!
* * *
Txirritaren pertsulari lagun ezagutu bat zen: Pello Errota. Hau ohartu zen, behin, Txirritak bi atorra soinean bazituela, eta hortaz trufa egin zion pertsu batez... Huna zer errefera ukan zuen:
Hauxe da lotsa, dutana hartua,
Bi ator dituala'ta!
Edozoin gauza esaten degu
Arduak nastu-ta:
Pellok bi nundik jauntziko ditu.
Bat besteik ez du'ta.
* * *
Xenpelar bertze pertsulari bat zen, hura ere omen handikoa... Bixta eria zuen, eta begitarik heldu zitzaion halako dario bat. Txirrita, pixka bat edana, erdi-lo baitzagon ostatuko mahainean. Xenpelarrek pertsuka gaitzeko trufak botatzen ziozkan burutik behera. Noizpait, Txirrita ernatu zen eta, xutiturik, huna zer pertsu zion eman bere kitzikariari:
Gizon hunek egin nahi dauzkit,
Burutik beiti farrak.
Berak ere merezi ditu'ta,
Entzunen tu ederrak.
Huneri ongi garbitzekotan
Begitako makarrak,
Hamabost egun, aintzur batekin,
Biar tu gizon bakarrak.
* * *
Urte hetan, ez baitziren laborariak orai bezala tresnatuak, jokia eskuz xehatzen zen, otasketa deitu tokian, trebeza izena zuten tresna batzuekin... Jokia jotzea, lan nekea zen beraz...
Egun batez, Txirritari bere anaiak duro bat eman zion, jokia jo zezan, bera bestarat joaiteko.
Txirritak duroa hartu zuen, batere ez jokirik jo, eta ostaturat segidan sartu... Han atzeman zuen bere anaia... Hunek galdatu zion: «Jo duk bederen jokia?». Txirritak errepusta: «Hameka desafio egin ziozkaiat, bainan jotzerat ez nauk atrebitu!»
* * *
Berako bestetan, pertsulariak, etxe balkoinetik aritzen dira pertsutan.
Urte hartan, Txirrita eta Pello Errota hasarretu ziren, pertsutan lotu-eta, eta gaxtakeriak elgarri erran zituzten...
Txirritak Pellori ohoin bat zela, eta Pellok Txirritari: «Hi berritz mozkor bat!». Huna bi pertsu, elgarri eman zituztenak lehena, Txirritak; bigarrena, Pello Errotak.
Nehoiz ezin ixildu errotaren tranka,
Zakuari kenduikako artoaren laka.
Bertze mundukotz hori, ai zer debru bazka!
Ixtilu gorri asko ikustekoak dauzka.
Zuk ere ez ahantzi ardoaren saltsak.
Pasatu berriekin, oi zer kontu latzak!
Kakiterat joan-eta, galdu ditu galtzak,
Esposeko eginak oihalezko beltzak!
* * *
Baitugu aski aipaturik Txirritaz beraz, bi hitz orai haren obraz.
Txirrita ez da gorapenetako pertsulari bat... Ez zuen gisa hartako izpiritua eta jakitatearen argitasuna...
Txirrita pertsutan ari da bere gorputz eta bihotzarekin, izpiritu xorrotx eta gordin-aire bat duela gidari... Hortako, haren izaria hainitzena baita, gehienek Txirritaren pertsuak gostukoak dituzte.
Hemen, agertuko ditugu Txirritaren hiru kantu: Neska zarraren eta Jituen kantuek erakusten daukute Txirritaren izpiritu irrikin, maleziadun eta «biper eta gatza!»...
Nagusia eta bordariaren kanta hor da lekuko, Txirritak bazazkiela ere sentimendu bero eta gozoak ibiltzen...
Ohartuko gira bertzalde Txirritaren koblak, beren musika eta puntuez, zoin plazerkor diren beharrientzat...
* * *
Abisu: Konprenitzeko errextasunarengatik, han hemenka doi bat saindatuz, hemengo eskuarean ditugu ezarri Txirritaren kantak.
(P.L.)
IJITUAK
Esplikatzera noa kontuak
Ijito jende hoienak.
Nola diraren gure artean
Gertatu izan direnak.
Alferrak edo're mozkorrak
Erdi ohoinak gehienak.
Okasionea ta eskandala
Eskastutzen ez zaienak.
Beren asto ta zakur eta ume
Hemen dabiltza igande t'aste.
Kaxketadunek maiz aintzinean
Ereman bai izan dituzte.
Berak bainon lehen gibelat etorri
Ta pian hartzen gaituzte.
Beste holako nazione bat
Nihun badenik ez dut uste
Beren asto ta zakur eta ume
Dabiltza joan etorrian.
Emaztekiak lasto galdeka
Kasikan larru gorrian.
Gizonak berritz lanketa aitzaki
Beren aixturrak gerrian.
Siñale bat utziko dute,
Sartzen badira herrian.
Emaztekiak haurrak hartu'ta
Eskera badoazenian.
Etxeko andre amoinatxo bat
Jainkoaren izenian,
Konplimendu luzea bainan,
Arrazoin motza azkenian.
Gauza guziak gero berentzat
Nehor bixtan ez denian.
Ebatsikako aberiekin
Dakite nola jokatu.
Hemen hartuta urrun ereman Han saldu edo trukatu.
Hangok berritz hunat ekarri
Jabiak ez ditzan topatu.
Kontu garbia nai duenak ez
Ijituekin ein tratu.
Ijituetan guti izaten
Dirare berritz antzuak
Naturalezaz kasta gogorrak
Ta gainera umetsuak
Bizkarrian bat, tripan bestia
Bi sahetsetan batzuak
Sail galantekin ikusten dira
Dabiltzala gehientsuak.
Usaindutako janhari jaten
Dira paregabekuak,
Arima salbu, zakur goseak
Diraren bezalakuak.
Nahiz izan usteldu ta lurpian
Luzaki egonduak,
Estimatutzat daramazkite
Horiek horrelakuak.
Sasietako oihalak eta
Oilo ebasten atsuak.
Ta karriketan moltsa miatzen
Dabiltza mutil gaixtuak.
Gizonak berritz mendietarik
Behorrak eta astuak.
Gauza gozorik sendi badute
Azkar hedatuz eskuak.
Atsoluzione beharrik ere
Ez da izaten hoiekin
Aita Sainduaren ahalak
Omen dituzte berekin
Ahaideak berdin ezkontzen dira
Elgar nahi dutenarekin
Hortarako gaztedanik prest
Nahiz katixima ez jakin.
Kontratuetako ere ez dute
Sekretario beharrik
Gastuan zertan ibiliko da
Xorokerian t'alferrik!
Berdin ahaide ezkontzen dira
Lekuko gabe, bakarrik.
Ostatuetako arnoa bada
Ez da bertzeren beharrik.
Neska mutilak gertatzen bada
Berentzat elgar hartzia,
Aipatu diren omenak hortan
Ere baderabiltzia.
Buruaz gora botako dute
Hautsi dedila eltzia.
Zonbat puska egin, hainbeste urtekotz
Eiten dute ezkontzia.
Etxe, harrobi, ola, teileri
Lehiorrak dauden tokira
Gehientsuetan gauetarako
Erretiratutzen dira.
Hurbildanikan egon izan naiz
Nola dabiltzan begira.
Ez dute onik haserretu-ta
Zanpakatzen ez badira.
NESKA ZAR BAT TENTATZEN
Dozena bat bertso, nahi nituzke jarri,
Pestetan kantatzeko, denbora pasagarri,
Horien emaiterat hunek nau ekarri,
Bihotza diot eskaini, zenbait neska zarri.
Neska zar bat tentatzen, hasi naiz lenguan,
Izana ere halako pollita zegoan.
Umil eta serios, hitz egin ginduan,
Bainan xantza guziak ez dira munduan.
Izketan hasi ginen, biak gozo-gozo
Ezkontzeko mandatu, egin diot atzo.
Leihotikan oihuka ama-ta bi atso:
«Ez duk arrapatuko uste bezin mantso!»
Ama abiatu zait hasarrez betia.
Lehenbiziko oihua: «Zonbat duk dotia?
Hainbeste gostaikako alaba maitia!
Lastima izango duk hiri emaitia».
Zure familiari errespetuz heldu,
Inozente daudenak ez ditezen galdu!
Diru trukan alaba nahi zinduke saldu?
Lenago gustokorik ez al zaio gertatu!
Ner'espos-gutizia, ari da ja hozten:
Errexki dela diote zonbaitek ezkontzen
Agintza on bat egin-ta, ez bazira ontzen,
Lanak izango dira zurekin konpontzen.
Ez duzu sinetsi nahi, egia erran-ta-re.
Zintzua nahi ginuke, pobria izanik ere.
Gure bazterrak baino hobeak nun dire?
Alaban sasoina pixka bat joan-ta-re!
Bere alabarentzat horrenbertze fama!
Nik ez dut sinistutzen, haizeak derama.
Zuen bazterrean nik egitea lana?
Izan laiteke baiñan... ez dut uste, ama!
Ez dela uste duk, hori nahi duenik?
Urrats ibiltze onik, mutil zarrak ez dik.
Nere alabak ez zaukak, ezkontzeko kezkik!
Hi ez bezalakua, aise bilduko dik.
Hitz bat erran biar dut, nere borondatez.
Ez banau nehork lotzen grilla edo gatez,
Ezkontzeko idaiak banituen ustez
Arnoa maitatzen dut, andriaren partez!
Mutil maliziadun, deabruz betia,
Ez dizut zabalduko, gehiago atia.
Bein ere ez zaitut izandu bihotzez maitia.
Niganik libro zira, hor konpon zaitia!
Horra hamabi bertso oraingo berriak,
Bere andregaiari Txirritak jarriak.
Eman dauzkit desgusto ikaragarriak,
Nigar egin lezake nigatik harriak!
NAGUSIA ETA MAISTERRA
Oraiñ artian ni izandu naiz
Aitatxi, zure nagusi.
Errenta zintzo pagatu dezu
Bere kapoin eta guzi.
Zu bainon gizon umilagoak
Ez ditut asko ikusi,
Orain etxe saltzerat goaz
Nai bazinduke erosi.
Larogoi duro zuen errenta
Etxeak orai artian.
Zehorrek hala pagatu dezu
Berrogoi ta hamar urtian.
Lengoan bertan gelditutzia
Ez da neretzat kaltian.
Bost mila duro balio ditu
Ta konpondu gaitian.
Zer familia izandu degun
Jauna, nai al duzu orroitu!
Hamabi haurren aita naiz ni ta
Semiak hamar baditu.
Lan egiteko nehor guti ta
Mainean ezin kokatu.
Baneukake nun enplegatua
Bost mila duro banitu.
Han aditu'ta beste aldera
Itzuli zen nagusia,
Erranez: «Nik zer falta daukat
Zuk ume asko hazia?
Ez dezu hainitz estimatzen nik
Egiten dautzutan grazia.
Zuek hartu nahi ez badezute
Bada zeinek erosia».
Eskerrik asko, nagusi jauna,
Bakian gaiten bizi.
Eta hitzak bururatu gabe,
Ez bedi joan ihesi,
Argi dabilan gizonak ez du,
Arrazoin txarrik merezi.
Nai duenari saldu bezaio,
Guk ez ginezake erosi.
Aziendaz eta laneko tresnetaz
Baginduan indarra.
Heiekin ere ez dugu orai
Arras alderdi ederra.
Zazpi balio luketen gauzak
Bostetan eman beharra.
Hau pentsatzian etortzen zauku
Begietarat nigarra.
Hamabi lagun mahain itzulian
Muntatzen gira jateko
Gehienaz ere heietarik bost
Irabazirat joaiteko
Pazientzia hartuko banu,
Hanbat ez nuke kalteko.
Jaungoikoari eska diezogun,
Osasuna emaiteko.
Oraitxe berritz aldatu behar
Kanpain edo karrikara
Norbaiti egin beharko zaio
Bizi lekuen galdera.
Esplikatuaz nola izan den
Familiaren galera.
Gure Jainkoak nai duen arte,
Nonbait mantenduko al gera.
(Gure Herria, 1958, 65-75)
|