www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Zuzentze bat... izan gura dauana

 

        Azkengo larunbatean esan genduan leku onetantxe Lexonako txaunburuak «ez dauzala ipiñi gura izan euskal izen bi, esanik Eleizako legeak ez dauala olakorik aginduten».

        Egun bertanixe, eguerdi aurretik agertu ei zan ona Lexonako txaunburu ori, ta gure Artezkariari esan eutson zuzendu egin bear zala izparra, egia etzalako ta au ta ori ta bestea.         Gure Artezkariak erantzun eutson, egia ez bazan, poz-pozik zuzenduko zala egindako okerra; ta itundu ziran, txaunburuak idatziko ebala zuzenkunde ori.

        Araiñegun (astartea) arratsaldean eldu zan ona Lexonako txaunburuaren idazkia. Gure Artezkariak nire mai gaiñean itzi eustan atzo argitaltzeko, baiña atzo ez neban ipiñi, beste gauza batzuk neukazalako; ta gaur argitaltzen dot.

        Espaiñeraz dator guk emen euskeraz egin genduan arren; euskeraz ipiñiko geunke, baiña bildur gara abade orrek edo bestek ez daiela esan espaiñeraz-tik euskera-ra biurkeran zelanbait aldatu egin dogula berak diñoskuna. Orra ba espaiñeraz abade orrek diñoana:

«... y dejando a usted en completa libertad para que dé a la rectificación la forma que juzgue más conveniente, sólo quiero consten en ella las afirmaciones siguientes:

        Primera: Que el señor cura de Lejona, cumplió en el caso que ha motivado esta su defensa, ha cumplido y (D.m.) espera cumplir lo que está ordenado por la Iglesia y sus legítimos Pastores en lo referente a la imposición de nombres en el Santo Sacramento del Bautismo.

        Segunda: Que en el cumplimiento de la misión que su Rdmo. Prelado le confiara al nombrarle cura de Lejona, no admite distinciones de razas ni de políticas y que debiendo ser y siendo todo para todos, en frase del Apóstol, para ganarlos a todos para Jesucristo, no tiene el mal gusto de arrimar el ascua a sardina alguna».

        Or ikusten danez, ez dau ukatzen guk emen ipiñi genduena: «euskal izenak ez ebazala ipiñi gura izan». Auxe esan genduan, eta... gaur barriro diñogu, egia dala, eta bigarren umearena izan zanean itandu eutsoen abadeari «ia zegaitik ezin leikezan euskal izenak ezarri», ta zegaitirik ez eban agertu.

        Berorrek diño bere zeregiñetan ez dauala abenda bat bestea baiño geiago artzen: «no admito distinción de razas». Ori olan bada... zegaitik erdaldunen umeei erderaz izena ezarri, ta euskaldunenai ez euskeraz? Ori al da bardin artzea bitzuek? Ori ez al da erderazko opillari sua egitea?

        Erdaldun batek esaten badau bere umeari María de las Nieves izena ipinteko, bereala, zer-esanik baga, ipiñi ta kitu. Euskaldun batek eskatzen dau bere umeari ipiñi dagiola Miren Edurne... bai zera! ezin leitekela, ezin, ezin... erderaz ipiñi bear jakola... baiña zegaitik? Ez dago zegaitirik, etxako ipiñiko ta kitu! Eta gero: no tiene el mal gusto de arrimar el ascua a sardina alguna.

        Esatea bat, egitea beste bat; eta guk egitea begiratu, ez esatea.

1915-VI-17

 

aurrekoa hurrengoa