EZTEI EDERRAK ESKUAL-HERRIAN
Eztei ederrak Eskual-Herrian
Egin ditugu ihauterian
Bozkariorik haundienean:
Bai ahideak, mahain berean,
Adixkidekin bat egitean,
Zoriona zen gure artean!
Nahiz ez ginen haundietarik
Espos haukien bi aldetarik,
Ginen eskualdun garbietarik:
Jakintsun haundi jaun hoietarik
Zaiku ethorri batto bakarrik,
Izultzekotan gu xoraturik.
Burua gora handi-handian,
Bizar gorria kokots-azpian,
Jaun hura zagon denen erdian;
Gu oro ixil, mintzo zenean:
Iduri saindu hastapenean,
Satan ttipi bat zen azkenean.
Jakintsun horren jakitatea
Da Korodunen laidostatzea,
Jainkoa baithan ez sinestea;
Mundu hau eta gu egitea,
Ez deusetarik gauzen hastea,
Horren ustean, da subertea.
Erran du: «Ez da botheretsurik,
Gizona baino gorago denik,
Hari gaztigu eman dironik:
Ez zorigaitzik, ez zorionik,
Ez arimarik berex dagonik:
Akabo denak hilez geroztik!».
Tunanten gisa mintzatu baitzen,
Gazte gaizoek sinetsi zuten,
Ustez egiak argitua zen:
Ez zen ez gaizki irriz asetzen,
Haren gezurra ez zela galtzen,
Toki onean zuela saltzen.
Mendigaineko Piarresttipi
Beldurrik gabe zitzaion jeiki:
«Ixil zaite hor, ez mintza gaizki!
Arras zorotzat gauzkatzu naski;
Jakintsun zira, bainan ez aski:
Tontoak ere zerbait badaki.
»Huna oiloa mahain-gainean;
Arroltzea zen amaren pean
Gero xitoa sortu zenean:
Arroltzerik ez mundu-hastean,
Lehen oiloak erron artean;
Nork du lehena eman munduan?
»Nungo gizonak dautzu erranen:
Geirik gabe dut lana eginen,
Deus erain gabe, sortaraziren?
Hastapenean azirik ez zen;
Lehen bihia nork eman zuen?
Ikus-azu hor Jainko bat baden!
»Begira-zazu iguzkiari,
Arratsetako ilhargiari,
Gau izar-arte garbienari!
Zoin jakintsunek ditu ezarri!
Jarraik-arazten tenoreari?
Hor erraguzu nor den gidari!»
Jakintsun hura hasi zen kantuz,
Bere bizarra bihurdikatuz,
Gehiago deus ezin asmatuz...
Lehen erranak gero ukatuz,
Bere bunua ezin garbituz:
Hura zen, hura, tonto-Pilatus!
Pilatus horrek badu bai lagun
Mila batean sei-zazpi ehun:
Hek utz ditzagun ahalaz urrun!
Gu Eskualdunak, gauden fededun;
Jainkoa othoitz gau eta egun;
Gero zerua goza dezagun.
|