NEGUA
Neguaren hastean, zer da haize hori?
Ipharreko aldetik zaukuna ethorri?
Izotzak eta hormak, dauzkigu ekharri;
Arbolen ostoa da lurrerat erori;
Kanpoa biluzirik daukute ezarri.
Ikusirik mendiak xuritzen elhurrez,
Hegaztinak dohatzi hotzaren beldurrez;
Iguzkia ez dago arpegi ederrez;
Lurra ez du berotzen suharki indarrez:
Hortakotz da negua hiru hilabetez.
Udako xori, xoxo kantari maiteak
Ixildurik dagotzi, sasian gordeak;
Neguak suntsiturik kanpoko loreak,
Udan bilduen jaten hai dire erleak,
Uli ttipi balios ezti-egileak.
Airea bortuetan hoztu den pondutik,
Arthaldea zoin aise jausten den menditik
Joare-soin ederrak emanak lephotik,
Lerro-lerro, auhenka, artzainen ondotik:
Oihartzunak entzuten dira urrunetik.
Zelhaietan sartzean ardi'ta bildotsak,
Bortutik beha daude otso eta hartzak:
Errabian dagotzi, karraskatuz hortzak;
Bainan lotsatzen ditu bas'herri arrotzak,
Bai eta ikaratzen Nabarro-ren bozak!
Nahiz negua duen bildotsak sortzeko,
Ekhartzen du ondarra laster xutitzeko,
Amaren erraperat asmuka heltzeko;
Buxtana dirdiratuz, besoz belhauniko,
Xurgatzen du titia mundura deneko.
Lur langile zuhurrak ez du urrikirik,
Udako egunetan ongi bermaturik:
Urtheko hazkurriak badauzka bildurik:
Ogi artho belharrez zokhoak betherik,
Orai negu beltzaren ez duke beldurrik.
Bas'herriko emazte langile suharrak,
Zein ongi ditutzuen laguntzen senarrak!
Udan ongi hazirik borthako ederrak,
Horra orai neguko nasaiki xingarrak;
Horrek emanen ditu laneko indarrak!
Hazkurrien etsaiak udan dira sortzen
Eta udazkenean lurpean gordetzen;
Hormate handietan han dire suntsitzen;
Gero Primaderako guti da gelditzen:
Ulitxa gaixtagina neguak du hiltzen!
Negutik primaderan sartzen garenian,
Bozkariotan gaude lilien erdian;
Bainan erauntsiaren bethi beldurrian;
Aurthen ikusi dugu Eskualdun-Herrian
Egun izigarri bat ekhainaren bian!
Jakintsunek gaituzte guziak othoizten,
Neguko arratsetan balia gaitezen
Kazet eskualdunaren gora irakurtzen:
Batek irakurtzean, bertzeak entzuten,
Gure haurrek eskuara han ikhas dezaten!
|