www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Galtzaundi eta beste bertso asko
Ramos Azkarate
1880-1904, 1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Galtzaundi ta beste bertso asko, Ramos Azkarate (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1962

 

  hurrengoa

RAMOS AZKARATE OTAEGUI

 

        Tolosa'n jayo zan, 1847'garren urteko Martxuaren 28'an.
        Ain zuzen ere, egun ori Erramu-eguna zan urte artan. Orregatik jarriko zioten Ramos izena. Elizako paper-agerietan Ramon ipintzen du, bañan kopiatzallearen okerren bat izango da dudarik gabe. Berak beti Ramos firmatu baitzun eta danak ere ez baitzioten Ramos (edo obeto esateko) Ramox beste izenik eman. Gaur ere Ramox esaten dute Tolosako zarrak artaz oroitzean.

        Bere aita, Meltxor, Arabako Villarreal'goa zan, eta ama, Joakina, Villabona'koa. Zapataria zan. Bere lan-tokia izan zun euskeraz «Plazatxoa» ta erderaz «Plaza de la Verdura» esaten zayonean, «N. I» jartzen dun arkupean.

        Norbaitek esan digu denda txiki bat ere jarri zula azkenean, bañan ez dakigu zein tokitan.

        Bere emaztea Isabel Barrena izan zan, Urrestildarra. Seme alabarik izan ote zuten ez dakigu.

        Gaztetan liberala izan zan, bañan gero «konbertitu» ta karlista purrukatua biurtu zan. Orra nola dion berak:

 

                ...ni nere Erregien

                etsai nintzanian,

                nebillen Eliza ta

                Fueroen kaltian.

                Bañan ikusirikan

                zerbait istoriya,

                ikasi nuben zerbait

                maitatzen egiya;

                maitatzen Fueroakin

                euskaldun erriya,

                maitatzen euskera ta

                zure familiya.

 

        Liburu ontako lenengo ta bigarrengo zatia «Tolosako Iñauteriak» ta «Kezketan» izendatu ditugu. Seguru asko, oyetan egongo dira guganaño eldu diran Ramos'en bertsorik zarrenak. Etorri ugarikoa izan zan beti.

        Bi komeri ere asmatu zitun. Bata, «Ijituen kontratuba eta ezkontza» deritzana. Tolosako Plaza Zarrean zurezko agertoki bat altxa ta antxen aurkeztatu omen zan estrañako aldiz, Iñauteri egun batean.

        Komeria eman da gero, bazijoan bein Ramos, oitura zun bezela, Ibarre errira pasiatzen. Bañan Zumardi-Aundi'tik barrena igarotzean, ijitu mordo bat arkitu zun. Ayetako bat asi omen zan: «Auxe da, auxe da gure kontra komeriya egin duna». Danak Ramosengana bildu ziran. Ez omen zuten jo, bañan oso larri ibilli omen zan.

        Ori zan 1885-garren urtean. Urte artantxe frantzes batzuk Tolosara etorriak ziran elizan organua jartzera. Bolaratxo bat egin zuten lanean. Apirillaren 12-an estrañatu zan organua. Aurreko eguneta-n frantzesak organua afinatzen asi omen ziran ta bitartean arotzak Ostegun Santurako monumentoa jartzen. Polita omen zan: frantzesak atzean fiii..: fiii... organuakin ta Tolosako arotzak aurrean pim pam pum malluakin. Frantzesak amorru bizian jarri ziran, orrela ezin zitekeala organorik afinatu.

        Komeria bota zan egunean ikasi zuten frantzes oyek jendea bazijoala norabait eta zerbait izango zala pentsatuz segi egin zioten jendeari. Sartu ziran Plaza Zarrera, asi ziran ijituak eta eskribaua bere lanean, jendea berriz parrez lertu bearrean eta bitartean frantzesak arrituta ta oso seriyo nola ote zitekean jendea orrela parrez ta berak ezer konprenditu gabe.

        Beste komeria, «Beotibar'ko Jazarra». Ontan azaltzen dira orduko Tolosarren larriak, Gaon judua, Ama Euskeraren kezkak, ta beste gauza asko. Au ere Iñauterietan aurkeztatzeko egiña.

        1893 urtean Tolosako karlistak aldizkari edo rebista bat agertzen asi ziran: El Cántabro. Donostiko integristak beste bat zuten: El Fuerista. Mutur joka ibiltzen ziran beti alkarrekin.

        El Cántabro aldizkarian lan asko egin zun Ramosek. Geyen geyenetan, euskerazko zatia bere kontu egoten zan. Askotan etzun bere izena jartzen, izengoitiren bat baizik: Urrengo arte, R. Arranz-illun, Ur-zale batec, Gaiñchurisquetac, J. Zabalbidecuac, Iruretan-goyenac, ta abar. Bertsoak eunka ta eunka atera zitun. Noizean bein ipuiren bat ere bai.

Bere lan auetan denbora artako politika guztia ageri da. Politak esaten dizkie Sagasta'ri, Gamazo'ri, Nocedal ta integrista guztiai, El Fuerista aldizkariari, Cánovas'i ta bere etsai guztiai.

        Aldizkari orrek bazun beste saill bat: Arponazos deitzen zana. Onen oñean ez da iñoren izenik agertzen, bañan, batzuetan beintzat, Ramosen kontu egon oi zan. An azaldutako ziriengatik Ramosi eskatu oi zizkaten kontuak ta ez dago ortan dudarik. Izan ere, arpoya dantzatzeko etzan gizon makala.

        Aldizkariaren zuzendaria Franzisko Zeverio jauna zan. Bein edo bitan, aldizkariaren esanak zirala ta jaun ori auzitegira salatu ta deitua izan zan. Istillua konpondu artean, Ramos jartzen zuten aren ordez zuzendari.

        Beraz, aldizkari ontan «jauntxo» xamarra zan. Aldizkariak bost urteko bizitza izan zun (1893-1897) ta noizean bein Ramosen berriren batzuk ematen dizkigu. Orregatik, Ramosen urte oyetako goraberak, gañerako urteetakoak bañon askoz obeto ageri zaizkigu.

1894 urtean, Otsaillan, Juzgadura edo auzitegira salatua izan zan. Salatariak etziran nornai: Patrizio Orcaiztegui jauna, Tolosako bikarioa, Pedro Aldalur jauna, Azkoitiko bikarioa, Juan Bautista Pagadizabal jauna, Errezilko bikarioa ta Franzisko Felipe jauna, Amezketako bikarioa.

        Ara zer zan beren arteko istillua: urtebete lenago Ramosek bertso batzuk atera zitula, bañan legeak agintzen zuna bete gabe, au da, bertsoak alkatearengana ekarri gabe. Artean El Cántabro jayotzeko zegon, ta nun edo nola argitara zitun ta zer bertso ziran ez dakigu, zoritxarrez.

        Ta, noski: El Fuerista, pozik ta iseka, ta El Cántabro Ramosen alde.

        Alaxe zion onek: Ramosek bertso ayekin iñori faltatu bazion ere, zor zitzayen onra atzera bueltatzeko eskatu zezatela; bañan bertsoak legearen zeatasun ura bete gabe ateriak zirala ta kondenatzen bazuten, etzala orregatik iñoren izenikan zurituko.

        Auek dira El Cántabro'k dakarzkin arrazoibideak; apaizenak ez ditugu iñun ikusi. Auzia ere zertan gelditu zan, ez dakigu.

        1895 urtean Iñauterietako igandean, Otsaillaren 24'an, Tolosako Círculo Carlista'n Soroa'ren komeri bat aurkeztatu zan. «Alkate berriya» deritzana. Ramosek Lorentxo egur saltzallia'ren papera egin zun. Oso ederki aritu omen zan.

        Festaren bukaeran, Nocedal'en kontrako Ramosen zortziko bat kantatu zan. Jendeak txalo ta txalo, ta berriro kantatu bear izan zan. Festa dana asteartean berritu zan.

        1895 urteko Pazko egunean, Apirillaren 14'an, Ramosen «Ijituen kontratuba eta ezkontza» aurkeztatu zuten. Círculo'an au ere.

        Aritu ziran lagunak auek ziran: Antonio Antia, Teodoro Amonarriz, Joakin Arrese-Igor, Pedro Elosegui, Bitorio Iribarren, Inazio San Sebastian, Lorenzo Pujana, Joakin Alargunsoro, Jose Muñoa, Baleriano Mocoroa, Jose Azurza, Santiago Caballero ta Ramos Azkarate.

        Festa ederra izan zan. Tokia txikitxoa ainbeste jenderentzat. Komeria bukatuta jende dana txaloka gogotik ta Ramos agertokira azaldu bear.

        Urrengo igandean, Círculo'ko buruzagiak bazkaria eman zieten Izaskun'en komerian sayatutako lagunei.

        Ordu batean bildu ziran. Ogei ta bost bazkaldar ziran. Ayetako bat, Ramos.

Lendabizi, responsua errezatu zuten ildako karlistengatik.

        Bazkal ondoan, Ramosen kanta batzuk kantatu ziran. Gero, Baleriano Mokoroa'k jai artarako antolatutako bertso batzuk esan ta txalo asko bildu zitun. Urrena, Bitorio Iribarren'ek jai artarako gertutako kanta batzuk kantatu. Onek ere txalo asko bildu zitun.

        Arratsaldean bertsolariak. Geyena gustatu ziranak, Inazio San Sebastian ta Lorenzo Pujana izan ziran. Komerian lan egindako bi lagun ziran auek. Beraz, etzuten beste iñoren bearrik izan bertso-sayoa jartzeko.

        Ta eguna bukatzeko, dantza-soka atera zuten.

        «Ijituen kontratuba eta ezkontza» inprentatu ta salgai jarri zuten. Errial bana kostatzen zan. Saltzeko tokiak, Círculo ori ta Franzisko Muguerza'ren moldiztegia, Rondilla 8. Korreoz ere banatzen zan. Artarako, aitatutako moldiztegira amabost xentimoko bi sello bialdu ta kito.

        Komeri au bi aldiz antolatu omen zun Ramosek. Orain ez dezakegu besterik esan, bañan, komeria argitaratzean, Auspoa aleginduko da bi antolapen oyen kontua argitzen.

        1896 urtean, Iñauteriko igandean, Otsaillaren 16'an, Soroa'ren beste komeri au aurkeztatu zuten Círculo ortan «Lapurrak» deritzana. Ramosek Migel Martin'en papera egin zun.

        1896 urteko Martxuan, gogorra gertatu zitzayon. Istillu guzia kontatuko degu.

Ama Doloretako kofradiko diru biltzallea integrista bat zan, Ruperto Rezola. Bañan kofradiko zuzendariak ori kendu ta beste bat artu zuten.

        El Fuerista gaizki esaka asi zan: kofradi ortako zuzendariak karlista zirala geyenak, ta diru biltzallea berriz integrista, ta orregatik kendu egin zutela, ori Elizako gauzekin politika egitea zala, ta orrela.

        El Cántabro'k erantzun zion etzala ori egia, lengo diru-biltzallea integrista baldin bazan ere, berria ere alaxe zala, Círculo Integrista'ko konserje berbera gañera; ori garbi jokatzea zala, integristak berriz aspaldi ari zirala bidegabeko lanetan; Rezola'k bere egitekoa betetzeko astirik etzula ta konserje orrek laguntzen ziola diru-biltze ortan, ta gero soldata erdibana izaten zutela; ayen Círculo'ra iñortxo ere etzala joaten ta, bestela ezin, ta orrela, kofradiko diruekin, osatzen ziotela bizimodua beren konserjeari; ori, ori zala Elizako gauzakin politika egitea.

        Ta bukatzeko, orrela zion: «...resulta ser un hecho el que de antes sacaban de ella (kofraditik) los nocedalinos siquiera para potaje, como suele decirse, del conserge de su círculo

        Itz oyek piper-miñ aundia zuten. Konserje orri Pottaje esaten baitzioten gaitzizenez. Arrazoi oyek danak iñoren izenik gabe agertu ziran, bañan ezagun zuten nunbait etzutela Ramos beste jaberik.

        Ori igandeko zenbakian agertu zan, Mar txuaren 25'an. Urrengo asteazkenean, 28'an, Ramos pasieran zijoan, arratsaldero bezela, Ibarre'ko erria pasa ta Berastegi'ko kamiyotik Belaunza aldera.

        Pottaje orrek oitura orren berri bazekin ta zai zegon, izkutuan jarrita. Ramos gizajoa periodikua irakurtzen zetorren, lasai asko.

        Parean pasatzean ta ustez-ustegabean, Pottaje'k, zapla! sekulako ukabilkada eman zion arpegian. Ramos lurrera erori egin zan erdi kordegabetuta. Ala ere Pottaje jo ta jo aretu omen zitzayon.

        Inguru artan zebillen emakume bat ori ikusi ta karraxika asi zan. Ordun Pottaje'k alde egin zun Tolosa aldera.

        Gero jakin zanez, Pottaje'k ordubete pasea egin zun Ramos'en zai. Biaramonean alaxe zion El Cántabro'k : «De manera que el acto se ha realizado con premeditación, alevosía y ensañamiento

        Irazusta mediku jaunak egin zion lenengo senda-aldia. Baita ere Ibarre'ko juezari parte eman. Bañan, zoritxarrez, ez degu iñun ikusi Juez onek zer erabaki zun.

        1896 urtean, Uztaillaren lenengo egunean, Ramos Donostira bere arrebaren etxera bisitaz joan ta ataque bat izan zun.

        Medikua etorri, ikusi ta bildurtu egin zan. Elizakoak emateko. Gabeko amarretan ekarri zizkioten. Bañan pasa zitzayon ta, andik bost bat egunera, Tolosara itzuli zan.

        El Cántabro'k, berri au ematean, ataque au len izan zuana bezelakoxea zala esaten du. Lenengo ori noiz edo nola izan zun, ez degu iñun arkitu.

        1897 urtean, Ramos auzitegira salatua izan zan. Salataria nor ote zan, ez dakigu. Aitzekia: Ilbeltzan El Cántabro'n agertutako idazkiren bat. Apirillan, Donostiko auzitegian auzia Ramosen alde erabaki zuten. El Cántabro'k alaxe zion : «Estamos de enhorabuena nosotros y la justicia...».

        1897 urteko Urrillan, beste ataque bat izan zun. Lengo biak bezelakoxea au ere. Egun batzuk oyean egin ta atzera ondo jarri zan. Aldizkariak zionez, urte batzuk baziran gaitz ori barrenean zula.

        Len esan degun bezela, El Cántabro 1897 urtean bukatu zan, Abenduarean 29'an. Ramosek ala izendatu zitun bere aldizkari ortako azkeneko bertsoak : «Cantabro edo Cantauritarraren irakurlariyai agur bat despedidacua». Ta ala asten zan:
        «Buruzariyen erabakiak — benaz errespetaturik...».

        Buruzarien erabakia auxe zan: El Cántabro kendu ta onen ordaña eguneroko bat (El Correo de Guipúzcoa) ateratzen astea. Urte berean asi zan au.

        El Cántabro itzali ta illun xamar gelditzen zaigu ostera ere Ramosen bizitza.

        Etzitzayon denbora luzerik gelditzen: zazpi urte eskax. Azkeneko urteak Tolosako Erruki-etxean egin zitun.

        Euskeraren gramatika bat ere antolatu omen zun. Bere oroipengarritzat Erruki-etxeko moja Tolosar bati eman zion. Erruki-etxeko garai artako kapillauak (Don Miguel) ori jakin ta mojari eskatu zion. Eman bai ta atzera bueltatu ez, orrela galdua da gramatika ori.

        Elizakoak artu ta gauza guziak eginda, biotzetik il zan, 1904 urteko Martxuaren 26'an, 56 urte egiteko bi egun falta zituanean.

        Andik bi egunera El Correo de Guipúzcoa-k Ramosen bertso batzuk zekarzkin. Etzekin oraindik Ramos illa zala. Ala zion: «Elosegui-ko On Jose Jaunari bere santuaren egunean». Laugarren bertsoa ala da:

                Bizitu zaite urte askotan

                gaitzikan gabetanikan,

                euskalduntasun guziyarekin

                euskera onraturikan;

                euskaldunaren izen ederra

                birtutez goyendurikan,

                euskaldunaren izen ederra

                biyotzez maitaturikan.

        Egia esateko, ori zan dirurik ez euki ta balio aundiko testamentua egitea.

        Biaramonean periodiku onek berak eriotzako berria ematen zun. Esaten zun illa zala euskal lurreko gizonik famatuenetako bat, ondasunengatik eta biyarko egunarengatik kezkarik gabeko gizon arlote bat; edozein billera edo festara agertu ta danak, naiz pobre ta naiz aberats, naiz zar ta naiz gazte, pozik jarri ta gustora aditzen zutena; kasino batetik ala taberna bateko maitik berdin-berdin bertso-kantari aritzen zana jendea txaloka erotuta bezela jarri artean...

        Oraindik ere badaude Tolosan Ramos ezagutu zuten batzuk.

        Berai zor dizkiegu emengo berri asko.

        Txikia omen zan, errena, bizarra ta txapel aundi batekin ibiltzen zana.

        Lau gauza zitun biotzean: Euskera, Fueroak, Tolosa ta Probintziya.

        Munduan bizi zala, ala esaten omen zun «Zeruan, jai aundiren bat danean, euskeraz itzegiten dute». Beraz, Ramosentzat beti jai aundia izango da an goyen.

 

Antonio Zavala

 

  hurrengoa