www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kresala
Domingo Agirre
1906

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

XX

GEROAGO TA TXARRAGO

 

        Masia emongo ebala esanarren, ezin eban Anjelek iñondik iñora Antonirentzat masirik emon; ezin eutsan, naita be, neskatilla oni oparitxo bat eskiñi, ezin eutsan eregutxo bat opa, ezin eutsan eztiro itz egin.

        Atsekabetua ebillen mutilla beti neskatillearen igesi, ta bizitzeak irauten eutsan artean zorigaiztokoa izan bear ebalakoan. Indianoaren dirutik agertu eijakon zorigatxa. «Urreak indar andiak ditu, —ziñoan sarri beretzat— baña okerrerako geienetan. Urrerik ezpalitz ezlegoke lurrean ainbeste gauza oker, ainbeste zapokeri, ainbeste griña gaizto. Urrerik ezpalitz ezlegoke ainbeste lagun saltzalle, ainbeste andinaiko, ainbeste lapur. Urrea izan ezpalitz, gizonak askozaz onagoak, zuzenagoak, eta apalagoak izango zirean. Urrea geituten danean geitu oi da gizonen arrokeria, itxasoa gora datorrenean ibaiko ura geituten dan legez. Eztago geuri atuntsuko irabazitxoak dakarguzanean begiratutea baño. Andre Marietako egunak eta ezer eztan garizumakoak eztira emen bardiñak izaten... Urre madarikatua, biotz samurren gogortzallea, adimen argien itxumena! Bai, urreak itxutu ditu nire ama ta Mañasi be. Au, itsutua dagolako, ganbelu bategaz ezkonduko da, ta nire amak, neu ainbeste maite izan da, emakume arro, buruarin, geldu, epel bat emon gura deust emaztetzat... Urre asko barik bizi leiteke ondo. Biziko nintzan ni Mañasigaz. Nik lana egingo neban gogotik, eta berak etxea txukundu, atarakoa da ta. Ze garbi eukiko eban arek gure etxea! Jateko ta jazteko lain irabaziko neban nik, eta berak jatekoa ipiñi ta jantziak zaindu. Ze gozoa izango zan arek egosiriko lapikotxoa! Jateko ta jazteko aña eukiko gendukeala uste dot, eta zer geiago bear dau gizonak? A! Bai, etxeko poza, etxeko bakea, arrera ona, maitetasuna; orrek emoten deutsa osasuna gizonari, orrek lanerako arnasa barria, ta nik ezin neike ori Antonigaz izan».

        Anjel olango buruausteakaz ebillen bitartean, Mañasi, Arranondotik bialdu eutsiezan albisteak irakurrita, negarrez egoan Bilbon.

        A ze albisteak gurasoenak eta Joseparenak! Onenak batez be. «Ixil aldi andia izan da, —esaten eutsan Josepak— guzur asko ibilli dira emakumien aoetan, danon uste izan dogu galduta egoala, baña egia da oraingoan, ziur ziur dakit: Anjel laster ezkontzen da Antonigaz».

        Gurasoen estutasuna, bai, txarra zan; baña nasaitu zeitekean zelanbait Mañasik berak aurreratuta eukazan diru apurtxoakaz. Bestearentzat ezegoan iñungo osabiderik.

        Mañasiren negarra egiazkoa zan, barru barrutik berez etorkona, ta nagusien aurrean erakutsi naiezarren, arpegiko illuntasun da begi ederren gorriunean ezagutu eutsien bereala.

        —Zer darabilzu, emakumea, ain muker da tamal egoteko? —itandu eutsan etxekoandreak.

        —Ezerez, andrea.

        —Bai zerbait. Lagunakaz aserratu alzara?

        —Ez, andrea.

        —Gaixorik alzagoz?

        —Ez andrea.

        —Naigaberen bat emon aldeutsugu?

        —Ez, andrea, esatea be!

        —Ia ba, zer edo zer esan bear... Barri txarrak artu aldozuz zeure etxetik?

        —Bai, andrea, eztira ain onak be.

        —Zer diñotsue ba?

        —Ezerez, andrea.

        —Ezerez? Ezerezgaitik zagoz olangoa? Esaidazu niri zer daukazun. Badakizu emen ondo begiratzen deutsuguna, ta guk zerbait egin badeikegu...

        Neskatilleak, bere etxekoandrearen biotz da gurari ona ikustean, ezer erantzun barik, negarrari emon eutsan barriro.

        —Jakin bear dot nik, Mañasi, —jarraitu eban arek— zure etxetik zer diñotsuen. Erakarri daidazuz gaur goizean artu dozuzan eskutitz biak, ixilleko gauza astunen bat ezpadaukazu.

        —Ez neuke nik, andrea, berorregaz ixilleko gauzarik euki gura, berori nigaz gurasoa langoa da ta, baña... lotsatu egiten naz.

        —Gauza lotsagarrietan nastaurik alzagoz?

        —Ene bada ta, Jaungoikoaren izenean! Ez, andrea.

        —Emoidazuz, bada, zeure eskutitz biok.

        Emon eutsazan, da etxekoandrea irakurten egoan bitartean, gure neskatilla apal bildurkorra, epaia emon bear dabenaren aurrean dagon gaizkille baten taiuan, ikaraz jaokon begira.

        —Emakumea —esan eban epaizaleak bere arloa amaitueran, eskutitz biak estalkietan sartuaz— emen eztaukazu ainbesteraño naigabetuteko gauzarik. Zure gurasoak zarrak badira ta irabazi gitxian badabiltz, emongo jakoe zerbait, eta. . .

        —Ezteust, andrea, ainbeste ardura orrek emoten. Gurasoentzat dira neuk aurreratutako guztiak, eta eurok izango dira naikoa nire aitamak daukiezan premiña laburrari arpegi emoteko. Beste alde batetik dator nire samiña.

        —Emen diñoen D. Jose Antoniogandik?

        —Bai, andrea.

        —Zein da bera?

        —Indiano bat.

        —Zugaz ezkondu nai aldau?

        —Bai, andrea.

        —Ta zuk etzenduke gura?

        —Ez, andrea.

        —Zarra dalako?

        —Ezta ain zarra.

        —Diru gitxi daukalako?

        —Berrogei milla ogerleko baeidaukaz.

        —Eliz-emakumea izan gura dozulako?

        —Ez, andrea.

        —Beste Anjel orregaz zerbait izan dozulako?

        —Nik eztot ezer euki Anjelegaz.

        —Etzarie alkarren adiskideak izan?

        —Adiskideak?

        —Bai.

        —Ezteutsu berak ezkontzarako itzik emon?

        —Ez, andrea, ori ez.

        —Da ezta mutil ori Antonigaz ezkonduten Josepak diñoanez?

        —Itxurak alan dira.

        —Bada orduan. neskatillea, Anjelek egundo ezkonduteko itzik emon ezpadeutsu, ta gañera beste bategaz ezkontzeko aurreratua badabil; Indianoak ostera zeu gura bazaitu, aberatsa bada ta zeure gurasoak begietatik zear sartu gura badeutsue, zetan zagoz da zeri daukazu zer negar egin? Niri ezjatorkit ondo, gure etxearen kaltean izango da; baña maite zaitudalako ta zeuretzat ona dalako, gurasoak diñotsuena bera esango deutsut, Indianoagaz ezkondu zaitezala. Eztozu olango beta onik egunero izango. Asko gelditzen dira ezkongei euren aukera ta gogobetekoaren zain luzaroan egonda gero. Ez ibilli irudimenetan da eztabaidetan: begiak itxi ta aurrera. Begiak zabal zabal eginda gizonai ondo begiratzen asten bazara, etzara iñoren emazte izango: senargei batzuk zarkoteak dituzu, beste batzuk gaztegiak; batzuk txepitx burudunak, beste batzuk bekoki baltzegikoak; batzuk zatarrak, beste batzuk emakume itxurakoak. Danak daukie akatsen bat: edo andiak dira edo txikiak, edo arloteak, edo jokalariak... beti dabie zerbait. Amesetan ikusitako gizonak eztira lurrean bizi, edo eztira beintzat etorten gure billa... (Jesus! Gure Pakok entzungo baleust... Niri gura añakoa etorri jatan, Mañasi, egia da; baña ori noizean beingoa baño ezta izaten). Guazen aurrera. Gaur Indianoari gura izan ezarren, emendik urtebetera maite kutuna legez euki zeinkezu. Ara or alboko Maria Mendata, goizero elizara zalpurdi ederrean joaten dan andre apaña; jostun bat zan ori ta naiezean lez ibilli zan luzaro Zubiaur zarragaz ezkontzeko, baña ondo pozik eta maitero bizi da gaur bere gizon zintzoagaz. Ara or Josefa Olite, Bidebarrietako alargun aberatsa: orrek be Barrenkaleko zigarro-saltzallea zanean, ezeieban gura senartzat Eguren indianoa; bana eztau orain damu bere gurasoen esondeari jarraitua. Gogobetekoaren zain egon balira, nork daki zer izango zirean zartzara orreik emakume biok? Eta gaur ostera etxe andi ondasuntsuan jaiorikoak dirudie. Zeuk be, Mañasi, eneuskizu esan bear baña, beste edozeñek lango egokitasunak daukazuz zeure errian andre andi ta ona izateko.

        —Ixillik egon bei, Jaungoikoagaitik! Berorren esanakaz, nengoan baño geiago lotsatuten nau.

        —Baña ezteritxozu ain txarto andikia izateari.

        —Eznau, berorrek uste daben aña, aberats izateak arrotuten. Eztagoz ondasunetan gozotasun guztiak, berorrek ondo daki; ta gañera, ni aberats jaio eznazanean, Jaungoikoak aberats gura eznauan agiri argia da.

        —Zer? Gaurko aberats guztiak beti aberats izan dirala uste aldozu? Ez gaurkoak, eta ez atzokoak. Aberastasun guztien iturburuak beartsu ta urriak izan dira beti. Eztostazu entzun oraintxe esan dotana? Jaungoikoak emon da kentzen ditu gure ondasunak Berak gura dabenean. Jaiotzan emon ezeutsuna orain emon nai badeutsu, orixe da, nire ustez, orain aberats gura zaituan agiria. Ta beste aldetik, begiratu eikezu, Mañasi, alaba bakarra zareala, ta zeure gurasoen azken onari begiratu bearrean zagozala.

        —Eztakit, andrea, zelan erantzun; baña darabilgun autua asi daneko, gauza bat esateko gogoa daukat.

        —Zer da bera?

        —Nigaz zertu nai daben Indianoa eztala Jaungoikozko gizona, ta bear dan legezko euskalduna bez.

        —A! Nik eznekian ori. Orrek atzeratuten bazaitu, bide orretatik datorkizun oztasunari txalogarria deitxot; baña ortxe bertan ikusi zeinkezu Jaungoikoak zure eskuetan ipinten daben lanbide on bat: zeuk ondu zeinke Indianoa, zeuk egin zeinke elizkoi ta errizalea. Emakume batek oso asko daike maite dauan gizonagaz, bada ezkondu bear dabien aurrean guztiak dira arkumetxoa baizen bigun da otzanak. Eztozu, Mañasi, gizon bat zeure erriarentzat eta arima bat Jaungoikoarentzat irabazi nai?

        —Ta ezin bada?

        —Ezin bada, itxi. Itxiteko astia izango dozu. Asi zaite beñik bein zeure arloan. Esaiozu gizon orri ondu deilla, ta ikusiko dozula gero zer egin. Gelditu bedi onetan gure autua, ta legortuizuz zeure malkuok, eztaukazu zeri negarrik egin da.

        Amaitu zan jarduna, baña ez Mañasiren illetea. Etxekoandreak, gogo ta usterik onenetakoagaz, neskatillea poztu ta zorion bidean ipinten alegin guztiak egiñarren, da Mañasik arpegia alai erakusten arreta andiak ipiñi ta be, ezin eban onek egiazko alaitasunik agertu.

        Arranondotik urten ebanean, arimako itxaropenak, antxinetatik ainbeste txera palagutan eukazan itxaropen eztitsuak, ilteko zorian eruan zituan Bilbora; baña etziran oso il oraindiño, ta bizirik egozan bitartean, azken agur latza emon baño lenago iñoiz baizen obeto maitatzen zituan, iñoiz baizen obeto losindu ta elikatu, ta bere gurari beroaren bitartez, irudimenean sorturiko gorabera andien bidez, askotan siñistu eban emon eikioela Jaungoikoak bizitza ta osasun sendoa. Ai! Orain ezegoan olangorik. Il jakozan osoro ta betiko itxaropen guztiak, eta itxaropenak ilten diranean arimea baltzez jantzirik gelditu oi da! Orregaitik agiri jakon Mañasiri arpegiko irribarreak ezin ondo estaldu eutsan barruko naigabea; orregaitik ikusten jakon, bekoki goibelaren azpian da begi bitarte bigun gaixoaren zear, arima saminduaren progua ta biotz errukarriaren iljantzia.

        Ezeukan gogorik, baña bere etxekoandreari ez miñik emotearren, da onen betiko esanak jarraituaz, erantzun eutsien gurasoai ezeiela gaixotegi edo txiro-etxera joateko bildurrik euki ta Don Jose Antoniori esateko izan zedilla ona ta elizkoia, ta ikusiko zala gero zer egin bear zan. Oraindik ezegoala lasterka ibilli bearrik.

        «Edolabere —uste eban Mañasik— ezta esonde on bat emotea baño, ezteutsat nik itzik emoten, eztot neure burua lotuten da ortik etxat okerrik etorriko».

        Baña erantzuera orixe izan zan naikoa bere gurasoak eta Indianoa, gauza guztiak egiñak egozalakoan, pozez zoratzen jarteko.

        Andik laugarren eguneko arratsaldean, gure neskatillea, nagusien agindu batzuk eginda kaletik etxera sartu zanerako, eskutitz bat eta sedazko paper bigunetan baturiko gordairutxo bat emon eutsiezan Arranondoko emakume batek ekarri zitualata. Eskutitzean zirautsien gurasoak «D. Jose Antonio lurbirako gizonik onena zala ta bere ontasunaren agergarri ona joakola Mañasiri eskutitzagaz batera emongo eutsien gordairu barruan. Alango gizonik ezebala egundo iñon billatuko, ta luzapenetan ibilli barik, neskametzeari betiko itxi ta ainbat lasterren erabagi beur ebala gauzeak».

        Lenengoan ezeban Mañasik kutxatxoa edegi be gura izan: nazkatu egiten eban Egurbidekoaren opariak, eta, zanlakoa zala, urrengo goizean jaubeari biurtzekotan ipiñi eban oe gañean. Baña gero, bere arloetan ebillela, gordairu barruan egoana zer zan ikusi ta jakin naiak, ziri ortik eta ziri emetik, irabazi eutsan biotza; otu jakon, gañera, etxekoandreari esan barik ezingo ebala biurtu Indianoaren oparia, ta ikustea ta etxekoandreari erakustea erabagi eban.

        Sartu zan gelara, kendu eutsazan gordairuari lokarriak, edegi eban, da agertu jakon, bere abian gordeta dagoan sube biribilduaren antzera, sedazko oial eder gañean dizdizka, urregorri ta arriargitsuz egiñiko eraztun apain bat. Jesus! Zelango gauzak asmau dituan arerioak emakumien arimak zirikatuteko! Sarrakio andi bat egin jakon barru guztian Mañasiri, ta eraztuna ondo ikusteko asti barik kutxatxoa estaldu ta etxekoandreagana joan zan.

        —Ara, andrea, zer biraldu deustien.

        —Zeintzuk? Zeñek?

        —Neugaz zertu gura leukean gizon orrek.

        —Ederra da!... Baña zelan geiagoko barik?

        —Ara emen eskutitza be.

        —Azkar dabiltz —esan eban etxekoandreak paperari begirada bat emon orduko—. Arin nai ditue gauzok.

        —Ariñegi, andrea. Nik biar atzera biurtuko dot eraztuna.

        —Ez, gordeizu. Ibilli gaitean astiro ta patxada onean: erabagi obea emongo dogu. Biar edo etzi erantzungo jakoe. Lenengo beintzat jakin daiala gizon orrek eztala naikoa zugaz ona izatea, Jaungoikoagaz be izan bearrean gagozala.

        Mañasik, bere zeregiñen erdian, ezin izan eban aztu Arranondoko Indianoaren oparia. Oñetako barri batzuk jantzi bear dituan ume baten senera egon zan gau guztian opari orren gomuteagaz. Begiratu barik ikusten eban ederto, bere begien aurrean euki eban, ezin kendurik, eraztunaren argitasun deigarri biguna, ta etxeko lagun guztiak ezagutu eben, gauza atan, iñoiz baño artega arduratsuago egoala neskatillea oera joateko orduaren zain.

        Ordu ori eldu zanean, bere gelako atea ondo itxi, ta lenengo egin eban lanbidea izan zan, gordairoa barriro edegi, eraztuna astiroago ikusi ta ezkerreko bigarren esku-atzean ipintea. «Ezta makala eraztuna! —ziñoan, argiaren ondoan eskua ipiñita—. Artoberok Josepari emonikoa baño zerbait obea bada. Neure etxekoandreak daukazanak langoa ia, edo ia barik Jaungoikoak daki zenbat dirutan erosi daben au Jose Antoniok. Ta ondo egoki datorkit berau, egia esateko. Eskuak be, dan baño askozaz politagoa dirudi. Ikusiko baleust oraintxe neure eskuan Josepak! Anjelek ikusiko baleust!»

        Gau atan andiki ames asko egin eizituan Mañasik, eta esnatu zanean iñoiz baño bekoki illunagoa jarri eijakon.

        Asiko etezan biguntzen Indianoaganako gure neskatillearen biotza? Ez jakin, urreak indar andiak dituta.

 

aurrekoa hurrengoa