|
XVII
JARDUN-ETXEAK
Emakumeak, biziko badira, jarduna nai ta naiezkoa dabie.
Orregaitik billatu oi ditugu beti autuan, edozein aldetan da edozer akiakulagaz.
Iturrian, buruko edarriaren zabunak ezin zaindurik eta sudur aurretik bera ta bekokian zear, ituxuraren irudira, ur tanto lodiak datorkoezala; erosketako enparantzan, etxerako bear diran elikaturak erosita gero, otzara zamatua, besoak eten arteraño, ezin jasorik dindilizka daukiela; nasa gañean, euren umeai bularra emonaz, edo kalearen erdian zabal zabal, bidezko guztiai bide-aritik ibiltea galerazoten dagozala; errekan, elizpean, etxeaurrean, leioetan; goizean, arratsaldean edo gabaz, asti apur bat daukien tarte danetan; bik edo lauk, ixillik edo deadarka, deadarka sarri, itz egin bear dabie edozetara ta edonun, noiz nai ta edozergaitik.
Norbait iñora joan bada, beste norbait errira etorri bada, urlia erriko gizona edo emakumea erbestean ikusi badaue, galanta badago, gaixorik badabil, eztul txarra badauka, alborengoa badau; auzoan jaiotzea, ezkontzea edo eriotzea gertau dalako, jaiobarria aitaren edo amaren itxurakoa dalako, orko edo ango neskatilleak ezkonsari ona daroalako, gorpuari olango edo alango iljantzia ipiñi deutsielako; goiko ta beko bizilagunakgaitik, txalopa jaubeagaitik, erakusleakgaitik, osagilleagaitik, udaletxeko agintariakgaitik; txankame, txotxapaindu, buztanikara, diruzale, andinaiko, koipelustre, ekin beti ta eragin mingain zorrotzari. —Jakingo leukie barri edo albiste bat lurpean gordeta egongo balitz be, ta uskeria izan daroe naikoa luzaroko jardun gogotsuetan egoteko.
Orretarako, gizonak euren batzar-tokiak daukiezan irudira, emakumeak be baditue euren jardun-etxe jakiñak.
Lenago, oraindik ez antziña, udako jai arratsalde ta neguko eguzki orduetan, etxeko atarian egin oi zituen billeratxoak, lauziri laumarikoak ogetamaikan jokatuaz edo batak bestea orraztuten euen bitartean, zerren bitarte orretan be ezin dira ixillik egon Arranondoko emakumeak... beste lekuetako guztien antzera. Gaur eztira ainbeste ikusten atarietan, baña ezin itxi daroe gabeko jardun-etxe aukeratua, batez be neguan. Zelan ba, sukalde batean danak inguratu ezkero, beste guztietan egurra ta argia aurreratuten badira?
Ta esan daigun euren goraldirako. Aurreratute orretan Euskalerriko emakumerik geienak mutillak dira, ta orregaitik, gizonak, irabazi aldietan, ardantegi edo sagardantegian bear baño erreztxoago txanpona emoten dabien bitartean, emakumeak askotan oidabiltz buruausten, txanponari nondik iraun eragingo edo txakur txiki bat geiago zelan irabazi edo atarako. Baña gauzeari iraun eragiten edo diruari ondo begiratuten Arranondoko emakume zintzoari eruango deutsanik ezta iñun jaio. Ori bai, eralgi ta zabalduko daue itza ugari, imillaunga edo imiñaka; baña ez dirurik. Dirurik ez eralgi, batu albada. Esangura andiakaz joaten dira batzarretara, baña beti doiaz eskulan, arazo ta irabazbideren bategaz.
Eztaroie gaur nire ume-urte gozoetako ardatz, goru ta matazuzkirik; eztira orain Arranondoko eskaratz sukaldeak sapio, mulo ta amukoen autsagaz loituten; ezta iñun ikusten ez matazarik, ez ardazketarik eta ez arilketarik, eta ezta entzuten be niri ainbeste ames eragiten eustien lamiña ta sorgiñen ipuin itzal bildurgarrizkorik. Orreik gauzok, sañez beteriko krusallu baltz koipetsuaren egunetako ekanduak, joan ziran betiko, beste oitura gomutagarri asko joan diran taiuan. Gaurko egunean andrazkoak batzarretan daroien zeregiña, sarea edo galtzerdia izan oi da, edo gona, praka ta atorra zarren arabakintea.
Krusalluaren egunak antziña joan ziran, baña oraindiño, gure andrazkuok, sukalde bakotxean argi motel bat euki daroe danentzat, merkiena. Ezta geiagoren bearrik sarea edo kaltzerdia egiteko, mutikoaren atorreari aitaren zarrenagaz idun, eskutur, mauka barriak ipinteko; senarrarenari arratadarik andienak josi ta paparrean soin-ale bat edo bi ezarteko, ta neskatoarentzat, amaren goneari aloz batzuk artu ta gerria zerbait estutuaz, gona polit bat egiteko. Eztala ona izango? Tramanaren alabak ezeuen oberik eukiko jaio ziranetik amabost urteraiñokoan.
Batzarrean batu ondorean errosarioa esatea da lenengo egin daroen lana. Lan luzea: nik eztakit norañoko Aita gure ta Abe Mari-en erreskadea esaten dauen azkenean, bidietan da itxasoetan dabiltzanakgaitik, gaisoakgaitik, il zorian dagozanakgaitik, etxean il diranakgaitik, aide ta ezagunakgaitik, Garbitokiko Arimakgaitik eta neke premiñetan dagozan beste askogaitik.
Danak aspertu barik jarduten dabie lan luze done orretan; Tramanak eta Brixek be bai, bada, zer esanik be eztago, olango billaldiak egozan tokian, Tramana ta Brix izaten ziran nagusi edo etxekoandre, biak etxe banatan. Etziran zorro bateko urunak.
Eta iñok ezeukean esango, Tramanori arrenetan egoanean, nasako Tramana bera zanik; ain samur-itxuran egiten eban arrena, goi goitiko deadar me ta erdi negarrezkoan, katuaren aueneko miauaren irudira, baña gero, errosarioa esandakoan, biurtuten zan bere betiko senera; goi-goitik be beraño erasten eban, eztakit nik zelan, bere itza, ta loditu, sendotu ta garraztuten jakon berealako batean. Errekisto biko orgañua eukan eztarrian, bere lagunak ziñoenez.
Arrenak amaitu ondorean asten ziran lagun urkoai narrua kentzeak, eta orduan erakusten zituan bere griña gaiztoak gure atso zabal onek.
Berau joaten zan etxean, gau baten, erriko gauza guztiak goikoaz bera ta azpikoaz gora erabilli ta gero, nor edo nork itandu eban:
—Zer egin zan Mari Errotaren ezkontzeagaz?
—Eztakigu. Galdu egingo zan edo... Ixillik dagoz beintzat Sardinzarrenekuok.
—Ondo bero ebiltzan ba eraldi batean. Beste zerbait egongo da or. Mari Errotak esan ei dau...
—Mari Errotak edozer gauza. Gurasoak bai, Anjelen gurasoak ibilli ziran berorik; baña semea guztiz otza eida olango gauzetarako.
—Otza, e, otza? Antonigaz izango da ze, neuk ikusi dot iñoiz besteren bategaz ondo gogozkoa.
—Zeñegaz?
—Mañasigaz.
Onetan, billaldira besteak baño beranduago eldu zan atsotxu batek, albisterik onenaren jaubea baillirean, bere burua jaso ta eskuari eragiñaz,
—Mañasii! —esan eban— Ai enetxoak! Mañasik orain gora begiratuko dau. Ezer eztakizue?
—Ez.
—Bada ezer ez izatea izan leike, baña niri gauza bat otu jat.
—Zer dala baña?
—Atzo illuntzean Egurbideko zimarroia Txanogorrinera joaten ikusi neban.
—Indianoa?
—Bai, ta berak urten da laster, Txanogorriren andrea, poz itxura andian, Joseparen billa ebillen, Mañasiri eskutitz bat egin bear eutsielata. Ortik artu neban atzo susmoa, ta gaur, Txanogorriri barri onak daukazan itandu deutsatanean, baietz erantzun deust, guztiz onak. Eztot astirik izan geiago jakiteko, baña...
—Aita ta semea ta!... Apetaldia da! Ikustekoa izango litzateke.
—Ikustekoa, esatekoa ta entzutekoa. Egundo olangorik!
—Orixe da azartona!
—Azartona zergatik?
—Ia ba, milloi bat baeidauka zimarroi orrek eta...
—Milloi bat! Auntzaren gaberdiko eztula da!
—Ta milloiagaitik zimarroia edo izurde ustela artu bear da senartzat?
—Ja jai! Izurdea ostera? Benetan, aren lepo lodi baltzak izurdearen antz pixkat badauka. Baña oraindiño itxurazko gizona dagotsu.
—Itxurea bai ta kemenik ez. Orreik, Ameriketan izandakuok, osasuna galduta etorten dira. Suldarrez beteta eidauka gorputz guztia, ta gañera gibeleko gatxa ta kuntzurrunetakoa be baeidaukaz. Eztabil ba beti Zestuako ta Zaldibarko urak edaten?
—Bai, ta orregaitik itxi eben Azeritxuneko Petrak eta Birigarroneko Mikallak, ez dirurik nai ezebelako.
—Ezkontzeko gogoaren bizarra dauka agureak.
—Ta lausotasuna andia ari alabea emon gura deutsienak. Aingerua lango neskatillea judioak baño okerragoko gizonari!
—Ori da bildotsa otsoaren auan ipintea beste.
—Ixo, ixo, eztakigu gauza ziurrik eta!
Baña etzirean ixildu. Bai zera! Ezin eben. Ain zan albiste ori jakingurearen esnagarria eze, entzun ebenetik eta bigirea amaitu arteraiño, bera izan zan gau atako jardungei bakarra. Erruki barik astindu zituen Indianoa ta Mañasiren gurasoak; ezin geiagoan mutildu, billostu ta barregarritu zituen irurak.
—Ikustekoa egongo da —zirautsen— Txanogorri balaunetarañoko lebiteagaz! Da emaztea sedazko parpalladun soñeko luze luzea jantzirik? Tramanak jasoko eutsan atzetik, kaleko autsetan loitu etxakion. Ja, jai! Amona mona se quera.... Indianoa barriz itzain ibilli eizan Ameriketan, ta andik etorri ezkero be, zaldun jantzia eukiarren, itzaiña baizen besterik etzan. Baña arroa andia, bizturiko zorri guztien senera. Ezeiekian beartsuari arpegirik emoten, da aurreragoko egun batean, Tramanaren agurrari muu erantzun eieutsan... Ezeukan Mañasik lan makala izketan ari erakusten Da Aitearen egiten gañera, ezekian da.
Besteak baño zentzun geiagokoa edo biotz obekoa zan andrazko batek.
—Gazteak —deitu eban azkenean— larregia be larregi da ta itxi daiogun gauza orri bakean, egia dan edo ez jakin arte bada be. Onek Tramanonek nastuko leuke...
—Ee? Nik orain? Nik ekarri aldot albistea?
—Ez, baña zeuk zirikatu dozu geienbat eta zeuk esan dozuz esatekorik andienak.
—Ondo egin dot, eta albiste orrek egiak urteten badau, obeak entzungo ditue, arpegiaren aurrean esan da.
—Baña beti izan bear dozu?...
—Bai, beti, Tramana txarra dalako, zeuek be etzara onak baña. Ez, zeuek bez. Tramanak emen txarria ilten dabenean, zeuek egoten zarie txarriari anketati eutsika, ta zeuek jaten dozuez gibel-odolosteak.
—Ba danok egiten dogu txarto, zerren ezkenduke lagun urkoa ainbestean iraindu bear.
—Iraindu ez? Zuzitu, banatu, birrindu ta itxasora jaurtiko nituke nik irurok; batzuk, euren neurritik urten gura daben zoroko, itsu, asto, ganbelu dongeak diralako, ta bestea, len be esan dot eta, panparroi, judio, ustel, izurde, zorribiztua. Eztiñot nik guzurrik: niri egin eustan erantzuerea, bardin bardin neuk diñotan langoa zan: muu!, olantxe.
Bigirako guztiak Indianoaren lepotik barrez estanda egiten jagi zirean. Iñor etzan aserratu, Tramana bera bez, itxurak egin arren; iñok ezeutsan ezer erantzun, «zugaz ezin leike» baño besterik.
Eta bazan norbait, jardun etxeko atetik urtetean, Tramanari barriro itanduten eutsana:
—Zelan, zelan esan eutsun?
—Muuuu! —egiten eban ostera be arek, lagunak algaraka eukazan bitartean.
Ain zuzen, orduantxe eioan Indianoa gizonen batzar tokitik etxera, ta urriñetik ezagutu ebanean murruskadaduna, bazirautsan bere artean: «niri espiritista batek esandakoa egia bada, gu izate batetik bestera biurtu albakeikez, Tramana beia, idia, edo zezena izango zan emakume baño lenago».
|
|