|
LARRUNEN BAZKAL-ONDOKO DESERTA
Non othe naiz ni aurkhitzen,
Zer zorion dut dastatzen?
Konpainia maitagarri batek
Oihuz nau abiarazten.
Izpiritu Larrungoa,
Esker dautzut bethikoa,
Zure bidez baitut iragaten
Egun bat dohatsuzkoa.
Beha dezadan inguru,
Lorietan naiz mukuru:
Jende plantez setiatua,
Beharrik nintzela sorthu.
Ermitau bat dut ikusten
Mortura ihes egiten,
Ejiptokoa, ohi bezala,
Debotez hau du publatzen.
Aphez, Beata Birjina,
Kalostretan nahi dena,
Munduko batekin banuke
Ikuskari konpliena.
Bistaren kontentatzeko,
Batzarraren osatzeko,
Dohainaren begira daudenak
Zenbat ez dut aurkhituko?
Atsegin emendagarri,
Gauza bat da miragarri,
Apetitu bat baita ikusteko
plat-guzien xukhagarri.
Ez, ez, esker mendiari,
Bai ordean jan gauzari:
Hortzak khamutsak ez baditugu
Zordun gaizko Mariari.
Bion daizula Maria,
Zaren luzaro bizia:
Gose-eztenari janarazteko
Antze duzu berezia.
Urthubiako friantak,
Zer dire zuen Banketak?
Gure Mariak ahantzten ditu
Zuen kuziner balentak.
Xokatua Bizkondea
Bai haren gorthea
Desafio ematen dautzute,
Gure Maria andrea.
Duzularik abantaila,
Dudarik ez den bezala,
Zure espostzat da erregeren
Sukhaldeko prinzipala.
Hauxe da, hauxe dohaina,
Ardietsi duzun oina;
Larrungo tupinan egin zare
Kuzineren erregina.
Zu horla lausengaturik,
Gu ere bai dostaturik,
Larrungo San Miguelen kapera
Ez dago berregindurik.
Dugun, beraz, abiadan,
Zerbaitto eman ofrendan:
Gerthakari gaixtotik Jainkoak
Gaitzan iduk bere goardan.
Orai presuna gazteak,
Orai zerura galdeak,
Hurbil den huntan eska detzagun
Bakhotxak dohain gureak.
Zu, Maria, altxaturik,
Gu ere bai dostaturik,
Etxeko andre Ihartzetakoa,
Ez dago horla pagurik.
Gure ostaler zalduna,
Hirriz kontent etzarena,
Erraguzu abiatu gabe,
Zer den gure penarena.
Galdetu duzu korteski,
Horra bada guk bizarki:
Jainkoari gomenda gaitzatzu,
Arren goazen dohatsuki.
Agur beraz, zaude brabo,
Berriz ikus arteraino:
Goiz onik baizen ezin dukezu
Larrun hauzo dukezuino.
|
|