ANDREN APHAINDURAZ
Setiatuak gabeaz,
Izituak gerlateaz,
Melankonian ez erortzeko
Gaiten arin kantatzeaz.
Ez da ez berdin sujeta
Gure herrietan falta:
Mende huntako andderei esker,
Badakigu nola dosta.
Bion daiola modari
Bai halaber modistari,
Sortzeak eskas eman guzien
Hura dugu konpligarri.
Oi, zenbat duen sekretu
Nahi bada probetxatu!
Ñaño berez jigante egiteko,
Behar den guzia badu.
Marianak nahi baitu
Hedoiak buruz ukhitu,
Girgileriaz eginikako
Ustai erdi bat aski du.
Baldin beldur bada-arroxa
Dorrea haizeak etxa,
Jendek hirririk ez egiteko,
Huna molde bat errexa.
Zimendutzat eman betzo
Zenbeit istupa xorointto,
Segoz hek ongi gantzutu geroz
Haizeaz da trufatuko.
Heldu bazaio dorrera
Marmalorik tentatzera,
Hei jazartzeko badire-ezpatak
Eginak moda berrira.
Ez nik, oihuz dio, ez nik
Horlako ausartziarik,
Beldur ninteke zenbeit gaztigu
Izan nezaken zerutik.
Marianak asmu hau du
Entzun orduko gustatu,
Ordean arroxa lagun nahiz
Huna nola zaion lothu.
Ago ixilik sinplea,
Hori dun bada-erratea:
Gure grekak ez ditun hain gora
Nola Babelgo dorrea.
Horla behar ditinagu
Gizon gaizoak tronpatu:
Nahi ez bahaiz hainitz bezala
Bethi neskatxa urdindu.
Hi behar haiz, hi, ixildu
Edo nerekin aithortu,
Mutzurdin hanbat ez leitekela
Ez balitz hanbat aphaindu.
Nongo gaztea, nahi dun,
Zin zinez hurbil dakigun,
Gure kan [...] ikusi eta
Laster gibela goanen dun.
Herrian nork ez othe du
Nik diodana frogatu?
Zenbaitek ez dituzte senaitzat
Bere parurak izatu?
Othe da bada Laphurdin
Hautan bezanbat mutzurdin?
Halaber ez dakusat badela
Nihon hain bertze berregin.
Ikusazue Katixak
Zein gora tuen fontantxak
Bada ez omen tu beherago
Manatu kalendabuxak.
Huna non den berregina
Iduri andre-erregina,
Damu-gaixtorik ez du izanen
Espostzat zenbeit dauphina.
Ez ahal da aldarerik
Hau bezala aphaindurik?
Aranzazuko birjinak ere
Deus ez du hurbilekorik.
Elizan da ikusiko
Bertze guziez gorago:
Arren da tenplu sainduarentzat
Errespetuz estaliko.
Ethorri zaio dolua
Ordutik du mandelua,
Munduko legeak nahi baitu
Ibil dadin kukuldua.
Hauk duk hire ohorea,
O mundu dohakabea!
Jaunaren ministroen gainetik
Hik daramak, hik, florea.
Predikariak gaur goitik
Ahal dagozke ixilik
Elizak bere men aldetik
Ez duen zauri berririk.
Handitarik xumetara
Andren [...] sehitara,
Heldea nota gaitz hau da hala
Banatu guzietara.
Getaria andreari
Ezin jarraik eta nahi
Estofaz ez bada fazoinaz du
Madama handi iduri.
Pegarrekoek hain guti
Nahi dute parrik utzi
Lehiaz guziak hari dire
Zein ederkienik jauntzi.
Etxetarik ethortzean
Zirrikituna soinean
Doidoia zakiten animatzen
Motho bat buru gainean.
Hala baitziren aspaldi,
Aprendizkotarik ilkhi:
Tinun baten moldatzeko orai,
Non artexagorik aurkhi?
Ez da buru pelaturik,
Ez eta kasko murritzik,
Alegiako tupeta zenbeit
Egiten ez dakienik.
Adi zazue zer duten
Ilen azpian ematen,
Istupa, xanpela, eta zurda
Bertzerik ez da ikusten.
Holakoz dire eginak
Antantur eta tinunak,
Funts hortan dohaz gure arbaso
Xoratuen tuntinak.
Balitz ontasun gosea
Greken antolatzailea
Urthea gabe egin lezake
Dorrearekin etxea.
Petenta saltzaileak du
Bere botika berretu
Zorionean egun batez zen
Gure herrira agertu.
Gure sehien soldata
Damurik hobea ez da:
Zirikuz egin eskularruak
Ez lituzkete ez falta.
Gabe hargatik ez dire
Lonazkoak bada ere.
Brasadatic lephora-iguzkiak
Eskuak beldurrez erre.
Hitz batez dituztenean
Zapata gonak soinean,
Baionako panpinak diduri
Ditutzula aitzinean.
Aparailu eder hortan,
Besta eta igandetan,
Bide berritan laurazka dire,
Ikusiko pasaietan.
Nola othe dute ahantzi
Etxetan zer duten utzi.
Haintzur, jormaiak. Helaz, hetara,
Behar dire berdin jautsi.
Nihor bada ene koplez
Estomakatzen suertez,
Goragalea khentzeko dire
Soberanoak ordainez.
|