|
Ez zuen iges egin. Urizainek ateraino lagundu eta aske utzi zutenean —ez ordea etxearen zuzenbidea arretaz ikasi gabe— lo-gelara igo zen bereala. Lurrean belaunikatuta, burua oe-zurari kontra joka, Theresari oiu egiten zion: «Oi! Theresa, ziotsan, jadanik zure deia ba dantzut, bainan ain aula, hain ezagungaitza... Gaua aski luze izango da, ordea, eta zure botzak indar artuko du, geroago eta areago, zure izate berriari oitzen zatzazkion araura... Bainan engoiti dakizu... otoi esaidazu ba dakizula zure ondotikan nentorrela, ez zaitudala utzi! Berriz ere jende gaiztoek naute zure gandik berezi nai izan... bainan aldi hontan ere ez dute beren naia iritxiko! Hori entzuten duzu, Theresa, ene maitea, ene andregaia, ala zure belarriek ez dituzte oraindik mundu hontako otsak arrapatzen? Oiu egingo dizut entzun nazazuntzat, oiu egingo dut hala nola pareta, eta laño, eta itsaso, eta mundu oso baten artetik entzungo bainauzu eta nigan siñetsiko...», eta bere orroez betatzen zuen etxe utsa, begitartea eskuekin estalirik, soa tapaturik arimaren begiak zabal zekizkiontzat. Horrela egon zen gautu artean... Horrela egon zen gaua jin ondoren ere, illunpean, konorterik gabe lurrera erori arteraino... itsasotik zetorren aizeak, etxearen inguruko zuaitzak astinduz, Izadiaren erostaka eztia entzun erazten zuelarik gau-illean. Eta gauaren erdian atzarri bazen gizona, zugaitz anaiok ez zuten geroan zer ikusi zuten salatuko, gelako leioaren aldera beren kima gorak makurtzen zituztelarik obeki behatzekotz.
Biaramonean goizean goizik joan zen urizainen etxera. Ba zekien inkesta bat izango zela bezperako gertakizuna gatik, eta egun hartan bertan haren galdekatzera etorriko zirela. Iñolaz ez zezakean egun hartan bere askatasuna gal! Horrengatik aurrea artu zien eta berez esan zien... jakiteko zuzena zuten guztia. Ez besterik... Atzera-galderarik gabe behatu zitzaizkion «ez-beharra» nola gertatu zen jaulkitzen zielarik. Bainan, naiz lekuko batek ikusi zuen aurra salbatu nairik aleginka, ba zekien mesfida zirela. Nolaz ez ziratekean... Aisa oartuko ziran urez bezainbat alkoolez blai egiñik zegoela salbatzalle ergel heiek legorrera ekarri zutenean... eta bestalde, xede oneko jende moralzale batzuek eman zioketen, noski, Theresaren eta haren bizieraren berri... Inkesta jarrai bezate gura duten bezainbat, pentsatzen zuen amaitu zuenean, gure ezkutapenak oro ager bitzate, bai, atsegin bazaie, eta heien irakaskintzarako eta eraikidurarako izan bedi ikasiko duten guztia! Joatera uzten zuten ezkero... Urizain-buruzagiak eskatu bezela, zin egin zuen errian egongo zela, heien eskumenean, gauza dena garbitu arteraino. Eta ilkitzera utzi zuten.
Ez zen bere etxerantz abiatu. Ez itsasoari buruz ere. «Theresa, itxo egin, ekuru-gaitz ez izan!» esaten zion neskatoari, «Ez dadila zure botza hain ozen izan, jendeek entzungo dute bestela, eta berriz ere gure bereztera saiatuko dira... Theresa, barkatu, gure maitasunaren ezkutapenik salatu badiet ergel horiei nai-gabetatik... Gure apentza date heien jakite hori! Ala erdeinuz barkatu diezu jadanik? Ala apentzaz eta erdeinuaz bestaldean izan bear gerade oraindik?»... Uriko kaleetan gaindi ibilki horrela gora mintzo zela —bere buruarekin, uste zuten zoro bati bezela errukiz so egiten zioten paseiariek... zoroak, hek ziran zoroak! —pintorearen etxera eldu zen. Sartu zen. Han zegoen antzelaria, aiduru noski. Ez zion itzik esan —ez zuen esan izan bearrik: beingoan gizona asi zen mintzatzen, eta jaulki zion beren maitasunaren kondaira guztia, deus ixildu gabe... bere duda, eta gezur, eta aulkerietatik batxo ere ezkutatzeke... bainan bai eta Theresak nola barkatu zion ere ez bazuen jakin besoetan gordetzen, eta nola haren begira zegoen orain Sartaldeko ur-jauregi irrikatuetan, beti aur, beti urre, beti elur izango zen printzesa bat, loreen eta kristalezko abardun sagar-ondoen artean... Pintoreak lilluraturik bezela entzuten zuen eta azkenean, beren bien zoriona oro azaldurik joatekotz jaiki zenean, ez zion itz egin ez deus besterik galdegin. Ba zekien orain. Etxe-ateraino lagundu zuen; ez zuen besarkatu, ez zion bosteko bat eman ere, bainan luzaro jarraiki zitzaizkion haren begiak, bestea itsasoaren aldera zihoalarik.
Aldi hartan ez zuten gizonaren gorputza arkitu, Theresa ito zen gunean luzaz billaturik ere. Ergelak! engoiti urrutira ba zeraman Theresa eraman zuen ugin gora hark berak... urrutira, heien elmenaz bestaldera, heien munduaz bestaldean dagoen Gazteen Lurrera, han, undiña eta itsas-nesken artean, igurikitzen baitzuen aurrak, bere gorputz eta arima berriz bategiñen eskeintza hari egitera gerturik. Beti iraungo zuen eskeintza bat... Eta parregarri iduritzen zitzaizkion txalupa horiek pintoreari itsas-bazterrean zegoelarik, zur eta metalezko ontzi horiek, iratxo-antzeko gizonez kargaturik, haren bi lagun betikotz elkartuen billa zebiltzanak... Eta txalupek beren billaketa alperrari amaia eman ziotenean azkenekotz, kostan egon zen oraindik, ez goibel bainan etsiturik, eta gogoetatzen: «Nago ulertu duten, heien etxean ibiltzen nintzalarik, zenbateraino begietsi izan ditudan! Leenago ezagutu banitu, obeki lagunduko nituen, obeki lagunduko genion elkarri... Nago ikusten nautenetz orain, beren ugarte doatsu heietatik eta ene biotzean irakurtzen dutenetz...». Bainan aizeak eta ugiñek baizik ez zioten erantzun... ez zen aur edo gizon zoriontsu baten botza ezagun heien artetik... urrunegi ziran jadanik. Beranduegi esnatu zen... ez zuen balio itsas-bazter uts hartan luzaroago egon zedin, pentsatu zuen aspera batekin; urira itzuli baino leen, ordea, azken begirada bat eman zion, ixillik, illuntzen ari zen ur berdeari eta, beingoan, uretara jaurti zuen eskuinean zekarren urrezko zaldun-eraztun bat, itsasoko jainkoari oberenda. Ez zen ankerra izan biontzat.
Urian sartu zenean pintorea, bere bakartasunaren azta jasan-eziña zeukan. Ez zuen lagunik, ez zuen gerorik —amets bat baizik ez, gerorako laguntzat, eta amets alperra... Zer egin bear zuen? Gizona eta aurra —eta Isabela, neskamea, lengusua... ordaint erazi bear aal zien oraindik bizi zirenei beren ankerkeria bi maitarien aldera? Bainan nola?... Erdeinuak geiago balio zuela ikasi zuen... Gizona eta aurra pintatuko zituen elkarren besoetan, bere oroimen amultsua gidari; heien elkarmaitatzea izan zen mirariaren kondaira idatziko zuen, bere bizi guztirako gomutagarri. Uts eta utsune bat izango zen haren enparantzako bizi guztirako... Miraririk ez zen berriz izango, Jainkoek ez zioten hari Theresa bat emango... beranduegi otoiztu zituen. Iñolaz ere ezin sar zitekean gaur bere etxean, bere etxeko jende zintzo eta zuzenen artean! Paseianten ajolarik gabe nigarrez ari zela, karrikako lehengo ostatuan sartu zen, bere amets etsigarria alkoolean itotzeko.
|
|