www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Aur besoetakoa
Jon Mirande
1970, 1987

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: (H)aur besoetakoa, Jon Mirande. Pamiela, 1987

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV

 

        Biaramon goizean; salan zeuden, Theresa gosaltzen ari zen. Berak ez zezakean jan deusik, korapillo bat zeukan zintzurrean aurrari begira zegoelarik. Ez zen deliberatzen mintzatzera. Bear zuen, bai... Goizalde hartan bertan biek bear zituzten, biok gogaide izaki, bideak apaindu iges egiteko kalte egin nai zieten gaiztoei... Amar egun baizik ez zitzaizkien emanik izan, bainan amar egun hoik beren urren beldurgarriraino iritxi baino lehen, biok iges egiñik ziratekean, betikotz, etsai guztien elmenetik —aski bioztoi izango baziran beintzat. Damu bat samin baino samiñagoak osk egiten zion biotzean oraindik naiko osoki ezagutu ez zuen gorputxo zuri horri so zegokiolarik. Oraintxe ezagutu bear ote zuen, ala bi gorputzen elkarrekilakoa bere betegintzarrera eldu gaberik utziz, obeki eta goxokiago loak artuko zituzten, bata bestearen besoetan errendaturik izango zirenean? Gorputza ez-bear bat omen; edo eragozpen bat —bainan bai eta arimara daraman bide bat ere, Goizerriko mystikoek erakutsi zioten araura... Ondikotz! Theresaren arima haren arima haren aragia baino gaizkiago eta azalezkiago ezagutzen zuen oraindik... Ai, nonbaiteko almen batek nai izango balu, gaur biziko zituzten ordu apur horietan, arima bien egiazko elkargoa lor aal zezaten, mirari baten bidez. . . Ala gero izango ote zen elkargoa hura, begitasun bat bakarrik edo gerorako gertabide bat izaki orain artean egin zuten guztia?

        Bear zitzaion aurrari mintzatu. Ez zuen biotzik. Edatera joan zen sukaldera —eta obendun nabaitzen zuen bere burua, ez gaur mozkorti batek bezela edango zuelako lotsaren gatik noski, bai baitzekien Rusia guztietako vodka guztiak ez zizkiola zentzuak sorgortuko, ez biotza lasaituko.. bainan aurrak deus ez zuelako izango hark bere bidean lagungarri, aita besoetakoaren laguntzaz besterik. Agian oraindanik konfidantza emango zion Theresari... Iguriki zuen edaria asi zekion gogoan su egiten eta esan zuen: «Zatoz hona, enetxoa!». Magalean artu zuen eta billoak amultsuki perekatzen zizkiolarik begiak nigarrez betatzen zitzaizkion ezin bestez. Theresak arriturik eta izuturik so egin zion. «Theresa, asi zen berriz, nai zaituzte ene gandik urrundu, nai gaituzte biok elkarren gandik berezi!...».

        —«Ez naiz joango!», oiu egin zuen Theresak bere biotzaren barrutik, «Ez nauzu utziko, ez da?», eta tinko estutzen zen aurra haren bularrari kontra, nigarrez asten zelarik bera ere. Beldur ote zen joatera utziko zuela hark?... Ez Theresa, ba dakizu nonbait, zure arimak ba daki ezin utzi zaitzakedala iñoiz! pentsatzen zuen sendoki, itzik esan gabe jo zezan ezaguera horrek Theresaren oarmena, itzak illaunegi ziran eta.

        —«Ez, Theresa, esan zion, ez zaitut utziko joatera... bainan amar egunen buruan hona etorriko dira jende gaiztoak, eta eroan nai izango zaituzte urruti, betikotz... indarrarekin etorriko dira, eta neuk ez dudala zuzenik zure gordetzeko diote... O Theresa zer egingo dugu?

        Theresa bere hartan zegoen, «Ez naiz joango, ez ditzazula utzi eroan nazaten», berriro eta berriro esanaz. Gizonak so egiten zion erantzun gabe, ezpainak ixillik igituz biotzaren elkar-izketari Theresaren arimarekin jarraikitzen zitzaiolarik. Bet-betan aurrak oiu egin zuen: «Ez naiz joango! Naiago dut il!».

        Zurbildu zen gizona; begiak jaso zituen neskatoaren gandik, leiotik zeiar urruti so egiten zuela, urrutira. Atzera haren aldera inguraturik azkenean, esan zion geldiro: «Bainan, Theresa, ez dakizu zer diozun, eriotza zer den ez dakizu gaixo horrek...». Aurrak burua astinduz «Bai ba dakit» erantzun zion bereala.

        —«Eta nondik dakizu Theresa txikia?», galdegin zuen, aurraren seriostasunak gogo-garaitik irripar argal bat eraglten ziola.

        —«Ba dakit zure esanetik, eta zure liburuetan irakurririk . Ba zitekean, bai... ba zitekean aurrak hark bezainbat zekiela —edo hark bezain gutxi... Zer garrantzi zuen hori egia ala irudipen bat izateak, batak edo besteak laguntzen bazituen biak bide itzal, itzultzerik gabeko hartan gaindi, ordua etorria litzaiekenean? Neskatoaren arpegiari begiratzera menturatzeke, mintzatu zitzaion berriro:

        —«Eta ez zera beldur, Theresa?».

        —«Ez, enekin izango zeran ezkero!» iñardetsi zion, biotza urratzen zuen sukar batekin. So egin zion: haren begitartetik, ordea, agiri zen beldur zela... Luzaro ez zuten areago itzik izan... minutak eta orduak uzten zituzten iltzera, bata besteari estuka eldurik, bata bestearen gogoetak iragarriz noski. Gizonak aldia iritxi arteraino gaia aipatu gaberik lagatuko zuen obekienik, bainan, ixiltasun horren erdian, neskatoak galdetu zion beingoan: «Il ondoren ere elkarrekin izango gera, ez da?». Ene Theresa! neronek baneki! pentsatzen zuen etsiturik, zeuk zorioneko horrek ene liburuetan eta ene eleetan idoro duzun ziurtasun hori neronek baneuka!... Beti saiatu zen zindo eta egiati izatera aurraren edozein galderari buruz; bainan orain beraren zalantza, beraren ezagueraren mugak hari agertzea ankerkeria bat baizik ez litzake, eta azkenekotz esan zion: «Bai, Theresa, elkarrekin izango gera orduan ere». «Beti elkarrekin, gu biok bakarrik?», jakin nai izan zuen neskato kezkatuak —eta segurtatu zion hark: «Bai betikotz biok elkarrekin, eta gaizto guztien gandik urruti!».

        Biak elkarrekin betikotz? Biak bat egiñik betikotasunean? Batzuek hala diote, eta bestetzuek bestela... izugarriena da neronek ez baitakit zion bere baitan... Bearbada Theresak ba daki, ordea, adimen elkor alperraren urgulluak ez baitio hari ber-jaiozko ezagutza lausotu eta itzal erazi, eni zoritxarreko honi bezelaxe... Denborarik geiago utzirik izan balitzait, dena ikasiko nuen atzera, haren arima erneak eni irakatsiz... bainan beranduegi da, eta orain beldur naiz, ezin-geiagoko beldurraz, ordua ba delakotz eldu gure bion batasuna zulo beltz batean agian ondatuko baita, gure bien izana eta izenarekin batean — betikotz. Berdin izugarria, edo areago, osorik itzaltzen ez bagera ere baldin iratxo bi bezela egotekoak bagerade betikotasunean, elkarren gandik betiko berezirik edo, sordeis, geiago ez jakiñik elkarren berri... Bainan batak bestea areago ez ezaguturik ere, bata bestearen ganako irrika lauso bat, orduan ere iñork ez ulertua, geldituko zaigu beti, ez da, Theresa, ez da? Bainan oi! egia bada bi iratxo berezi ez gerala ere izango, arima-molekula parregarri bi baizik, bi arima-zati arimaz gabeturik geuri ez dihoakigun batasun alper eta anker batean galduko direnak!... Ene jainko zaarren aldareak zutik balira oraindik ez nuke beldurrikan, aspaldion joana nintzake Theresarekin batean gaiztoek eta txarrek aaztu erazi, gezurtatu nai diguten Gazteen Lur irrikatu hartara...

        Ezin zen... ez zezaioken ezerk, ez Oro zen Ezerk ez eta ezer-ezak ere, Theresa ken betikotz, jainko zaarren arnegatzalle ziren gizon eta emakumezkoek hori ezin lortu bazuten. Zer zen haren adimen ergel hori, zer ziran biotza ausikitzen zioten ezbai ergelok?... Guztiaren azalpena izan bear zen nonbait, zorion guztikoaren giltzekin batean Theresak eta elkarrekin idoroko zituztenak! Bestela deus ezin izan zitekean, deus ez zen sekula izan: ez Theresarekikorik, ez haren hor-izaterik itsas-bazterreko errialde zaar hortan, ez itsasorik, ez erririk, ez mundurik; iñon, iñoiz, ezer ez zen izan... Malkoek ez aal dute, ordea, ez-izatea ukatzen? «Oi! Theresa», deiadar egin zion nigarrez zoroturik, «ez dezazula kezkarik euki batere, beti elkarrekin izango gera bai biok, beti!».

        Eguerdiko amabiak ziran, bainan ez zuten bazkaldu. Ez zuten elkar utzi nai, ez minuta bat, ez sekonta batxo ere, arrats-alde eguzkitsu hartan etxetik azkenengo aldikotz elkarrekin aterako ziren ordura artean. Uste zuen Theresa konbentziturik zuela —ailitz bera hala!— ezen, naiz beldur lotsakor bat salatzen zuen oraindik haren soak, ez zirudien areago kezkaturik. Zentzu-bikotasun gabeko aurtasunaren zoriona eta saria!... Ziur ziur zegoen neskatoa gaua erori baino lehen bata bestearekin egongo zirela, betikotz betikotasunerako, eragozpenik eta areriorik izango ez zen atseden-leku loredun batean. Gizona beldur zen bai, beldur latzetan, harentzat egintza azkenean ametsaren senide izan zen mundu zaar hontatik alde egin bearrez. Otoi egin bear ote zuen? Zein jainkori ordea?... Alperretan ez aal ziran izango balizkako jainkotasun bati zuzenduko zizkion otoitz erdi siñetsiak?... Obe zuen Zoriaren meneko utzi zezan bere burua —zoriona ala zorigaiztoa zatekeenetz ez zekien, Theresaren gidaritza-pean izango zela baizik. Bai, agintzen zion bere biotzari, azkenengo egun horretan, neguko irripar bat zerakuskion uda-egun horretan, Theresa izango zuen gidari, ziurtasun baten jabe zirudien ezkero, lehen eta azken aldikotz —ala betikotz?— elkarrekin ibilliko ziren bide berrian gaindi. Lehenik, ordea, egiaztatu bear zion aur emeari osoro eta hura bakarrik nai izan zuela, irudien ez-bearreko mundu hontarako ere. Zaillena izango zen hori goratzen zitzaizkien eginkizunetan —zaillena eta premiñazkoena... Aurra ez zekion oar aleginduz —barka, Theresa, sekonta batentzat, minuta batentzat, esan gaberiko itz emana gatik ere uzten bazaitut, eskatu zion, aalge, bere biotzaren ixillean — mozkortzera joan zen, bere koldarkeria madarikatzen zuelarik etsituta. Barkamendua emango aal zion Theresak, bestela zaillegi eta ezin egiña baitzukean... itotzear den batek aize salbagarria urrupatzen duen legez, edan zuen irents zezakean alkool guztia —eta orain, nevermore... Dena urrendu artean iraungo aal zion mozkorrak!

        Abaguneari ixiltasuna zegokion. Ez zuten bearrunerik beren sentimenduak bata besteari erakustekotz: elkarrekin bizi izan ziren illabete horietan, paradisu bat berekin zekarten egun bete horietan, guztia esan zioten elkarri. Gogoan zerabilzkien gizonak arte labur hortan izan zirenak oro, aurrari gauaz ixillean egiten zizkion ikustaldietatik asita; denbora batean aalge bat ematen zioten orain poesiz jantzirik agiri zitzaizkion ikustaldiok —zergatik aalge izan, Theresaren gorputzaren ganako irrits bat euki zuelakotz? Lotsatzen aal dira edozein laztantzez senar-emazte zintzo, zuzenak?... Bai, bearbada, eta horren gatik idealismuz estaltzen dituzte beren irrits eta griña arakoiak, lotsak atsegiña eragoz ez dezaientzat... Theresak eta hark, ordea, ez zuten estalgiren bearrik, gizonen idalismu ergela baino milla aldiz idealezkoago izan baitzen, eta baitzen oraindik, heien elkarren ganako erakarmen zoratua!... Eta hain aurki Theresaren aurtasun oso egonaz egingo zuen sakrifikatzeak ere ez zion lotsarik ematen: aur garbia garbiago baizik ez zen aterako laztan bortitz hartatik eta bera ere irriki makur guztietatik ikuzirik, biok orbangabeturik betikotasunean edo ezer-ezean sartzekotz...

        Gogoetan egoten zen... Theresa ere bai, ausaz —ala poz igurikor, susmorik gabeko baten egoetan eramana zen jadanik aurra, irudimenez geroko zorion-leku ustekizunezko heietara? Hala antz ematen zuen haren irripar zerutarrak... Haren erru-gabetasunaren jabe izan aal balitz gizona ere, ordu hortan! Pattarrak barrua erretzen zion, adimena garretan ezartzen... bainan ez zen mozkor; ez zuen utzi nai mozkorra haren buruaz jabetzera —bere ezaguera osoa azkeneraino gorde zezan eskatzen zuen haren Zindotasunak. Joan bearko zuten laster... Seinale bezela, aspaldiko goizaldi hartan biek elkarrekin entzun zuten Schubert-en symphonia disko-inguratzallean igaro erazi zuen berriro, musika ixildu zenean jaiki ziran biak elkarrekin eta, bata besteari eskutik elduta, kanpora joan ziran.

        Itsasoaren aldera zebiltzan, ixillik, urrats lasterrean. Udako egun eder bat zen eta alde orotatik, uritikan, baserrietatik, ba zekusten jendea ondartzarantz abioan. Eguzkia zillar-koloreko zen eta errukirik gabe ixurtzen zuen bazter guztietara bere argi itsugarria; ugin berde-urdiñak eztiki austen ziran, ordea, ondartzaren egian... Bainan iñurri beltz iguingarri batzu bezela agiri zitzaizkien ondarrean jendeak —urrutirago bear zuten... Eta itsas-bazterrean ba zihoazen, aurrera beti —zelatan, heien zoriona gal erazi nai zuten gaiztoak ondotik jarraian izan bailituztekean... Udazalerik ez zen leku baztertu eta egoki batera eldu aal izan ziran, beren ezagunetatik iñor gurutzatu gabe. Ikusmena el bezainbatean zabaltzen zen heien aitzinean ondar zuri meea. Itsas-enarak baizik ez zituzten jakille izango... igerilaririk ez ontzirik ez zen ikusten heien oinetaraino atseden artzera zetorren itsaso bortitz eta ezti, bazterrik eta ondorik gabeko hartan eta haren beteak izuz eta errimiñez batera jotzen zuen aita besotakoa... bainan Theresa aurrera zihoan, lehena; eta beldurrez ez zuelakotz erakusten aurrak, aalgez eta urgulluz biotza gainezka zeukan gizonak, atzetik zerraiolarik. Theresa orain gidari, bai... Haren nai gurena egin dedilla!

        Ondartza hartako gunerik baztertuen, ezkutatuen itsaso zabalari urbillenera iritxi zirenean ere, aurrak zituen leenik udako jantzi ariñak kendu, eta gorputz zuria billuzik erakutsi zionean, bere aultasunean hain ikugarria, bere altasunean hain jauretsia, gizonak areago ez zekien etsipenez nigar-garraxika asi, ala zorionaren onaz belaunikatu eta Izatea bedeinkatu bear zuenetz... Bainan Theresa aiduru zen —orain, lehengo aldikotz bearbada, den mendren lotsarik gabe haren soari eta haren irritsari eskeinirik izanaz... Theresa aiduru zen, begi nabarrak samurtasunez beteak hari buruz jasorik, bera ere desbeztitzen zelarik — aur-beldurrik ez-ironeiarik agertu gabe haren gizontasun anker eta arrontaren gatik. Itsasoak eta zeruak esmaltezko zola bat egiten zioten neskatoaren gorputzeko urreari. Soa bazkatzen eta asetzen zuen aita besoetakoak hainbat edertasunez, hainbat urrezkotasunez... Ez zen deliberatzen urrats bakar batez ere haren gana urbiltzera, eta horrela egongo zen munduaren azkeneraino... edo itsaso zabala bere oguz heien arrapatzera etorriko zen arteraino... Beren elkar-jaurespideko azkenengo eginkizuna egitekoa zen ordea, ez zuen atzeratzerik! Joan zen aurraren ganaino, eta berari kontra artzen zuelarik esaten zion eztiki: «Deusik ez esan, Theresa, beldurrik ez izan... symbol bat baizik ez da, eta gerorako agintza bat... deus ez dezazula esan ez pentsa ene kontra min egin bear badizut, Theresa txiki horri!».

        Ba zekien Theresa txikiak... eta gizonak itsasoaren aurrez aurre artu zuenean, urratzen zuen zauriaren sakonaz eta erratzen zuen suaren garraz ezpainak tinkat eta begiak bustitzen bazitzaizkion ere, haren gorputza oro ikara jartzen zelarik, ez zuen ez intziri bat, ez aspera bat ere itzurtzera utzi,... Aitzitik, biak bategiñik ugin marrumarakarien aitzinean hor zeudelarik sekula amaitu bear izan ez balu bezela eretiak, bere irripar gozo lilluratua gorde zuen aita besoetakoak lagatu ez zuen artean. Orduantxe bakarrik erori zen ondartza epelean, ezindurik; eta gizonak, haren ondoan belaunikatuta, urraduraren miña musuka sendatu nai ziolarik, berriz eta berriz berresaten zuen mozkorturik, eroturik: «Orain elkarrekin izango gera beti, elkarrentzat elkarrekin beti!», bere biotzeko egarria aurraren odol berriaz autsi arterainokoan...

        ...Gero, deusetan geiago pentsatu nai izan ez balute bezela, itsasoan sartu ziran eta ugiñek bertan garbitu zituzten bekatu guztietatik. Oraindik ez zekien ongi igerikan Theresak, bainan gizonak gerritik atxikitzen zuen uraren gainean. Apur bat egon zen berdetasun hartan aurrarekin itzulika geroago eta aztunago, ordea, egiten zitzaion alaba besoetakoaren gorputz ariña, edan izan zuen alkoolak sorgortzen baitzizkion lohadarrak eta eguzki gorak zillar urtuz betatzen burmuinak... Alegintzen zen aurra joatera ez uztekotz, eta haren beso zurrunduak estuki eusten zion oraindik, etsituki, Theresaren gerriari... Ezer ez zuen areago gogoan zillarrezko irraida hura baizik; halarik ere olde lauso bati jarraikiz, gogor egiten zuen, besoak eta ankak nekez zerabilzkiela, kostari urbil egotekotz; bainan aurrak zabalerarantz ba zeraman, geroago eta urrutiago. . Ez zen ontzi bat agiri zabalera hortan guztian, ez argi-torre bat, ez arkaitz batxo ere... Noraino joan bearko ote zuten, eta noiz arteraino? Oi! Theresa, pentsatzen zuen, ez haren gogoak, haren gorputz nekatu osoak baizik, oraindik minuta bat bizi zaite enekin, oraindik sekonta zenbait soilki, eta zure tirriari amor emango diot gero... Zer zaizu memento kaskar bat betikotasun guztiaren aldean?... Bainan ez zitzaion deus esatera ausart... Nekaduraren aundiegiaz nai eta nai ez haren besoak itzurtzera utzi zuenean, undiña bat bezela abiatu zen Theresa, olatuen oldarrak eramana, itsas-beteari buruz. Moldegaizki saiatzen zen aita besoetakoak irakatsi zion antzora soin-adarrak igitzen, eta denbora apur batean itsasoak atxiki zuen bere gainean, ur-lili zuri zabaldu bat izan bailitzakean. Gizonari so egiten zion, hain urrundik jadanik! eta haren begitarteak beldur-antzik ez zekarren... Aurra begira zitzaiola, haren alderantz leiatzen zen igerika... Zer gogortasuna, ordea, haren gorputz guztiarena!... Laster neke ororen atsedena irabaziko zuen gorputz makal horrek, otoi! Theresaren ganaino eroan aal lezan, biak elkarren besoetan ondatzekotz ugiñen peko egoitza mysteriosetara... Oraindik lau besokada... oraindik bi... arren, haren besoen indarrak iraun lezan hartara... arren, itsasoko jainko aundiak esker hori egin lezaion... ez zuen Theresa hura baino lehen, hura gabe joatera utzi bear, otoi!...

        Theresa uretan amildu zen. Olatuek haren ikusmenetik kendu zuten baikoz, orroa bat egotzi zuen gizonak... ez horrelakorik, arren, itsasoko jainkoa, jainko anker hori!... hainbat dituk eure azalean ontziak, eta mariñelak, eta gal-zorian dauden bizi alperrak... horiek jo itzak, arren, baldin il-opariak nai badituk, ez ene Theresa!... Eta biotzaren oinaze izugarriaz, bet-betan, alkoolak eta eguzkiak sorturiko mozkortasunak alde egin zion... Gizagaindiko indarka egiten zuen Theresa ondatu zen gunera eltzekotz... ez zen geiago mozkor, bainan beranduegi zen... Ez! olatu aundiek atzera egin zuten, eta neskatoa berriz ere agertu zen itsasoaren azalean; oraindik begiratzen zion aita besoetakoari irripar batekin, bainan ez zituen lohadarrak areago mugitzen, haren gorputxoa ezindurik. Azkenekotz, pozezko nigarrak zerizkiola, haren ganain iritxi zen gizona, beso bat ezarri zuen estuki haren gerriaren inguruan, eta doi-doi urgainean egoteko mugimenduak egiten zituela, egon zen horrela arnas artzen deus esateko edo pentsatzeko ez gai. Mintzatzeko almena itzuli zitzaionean oiu egin zion, kostaren aldera atzera zeramalarik: «Ez, Theresa, ez gaitezan horrela il gizatzarren gatik! Ez dut nai il zaitezan, enekin gorde nai zaitut jende guztien gatik ere... Iges egingo diegu, gaur bertan iges egingo dugu norabait hala non erri hontatik iñork ez baitu jakingo non izango geran, iñor ez baita etorri aal izango elkarren gandik gure bereztera... O Theresa, dei egin zion belarrira, arnasa berriz ere artu ondoren, maite zaitut! Beste gizonek beren emaztea maite duten bezela, mutil gazteek beren andregaia maite duten bezela, eta geiago, eta obekiago maite zaitut, Theresa, eta ba dakit zuk ere maite nauzula... ez dugu beraz il bearrik, ez dugu il bear... Theresa, unkiduraren indarra gatik, alditxarturik zegoen haren besoetan, begiak itxita, sudur-zuloak zabaldurik, arpegitxoa zuri-zuria. Ez zuen muntarik! Entzun zuen bai... eta bizi zen... bere eskuaren pean haren biotza joka nabaitzen zuen. Ez zen ilko, ez zuten batak ez besteak il bearrik elkar maite zuten ezkero... Iges joango ziran gaur bertan atzerrira, itsasoaz bestaldeko atzerri urrun batera... Eta itsaso maitean iltzeko sartu ez balira biak, iñoiz ez zuen berak ulertuko zenbatetaraino maite zuen, eta nola, ez aur bat zelakotz bakarrik, ez garbi eta zuri eta orailla zelakotz emakume ezaiñen aldean, bainan Theresa zelakotz! Bizi bear zen, bai, haren bizia izatekotz. Eta beste jendeek haren gandik erauziko balute? Bizi bear zen halaz ere. Kentzen bazioten besteek, itxo egingo zion, igurikiko zituen bear ziratekean illabeteak eta urteak, eta harekin ezkonduko zen, jendearen gaiztakeriak indarrik ez lezan euki heien kontra, beste maitarien antzora beren zoriona goza aal lezaten elkarrekin, biak elkarrentzat bizi izanaz, Zoriak nai izango zukean bezain luzaro!

        Nekez zihoan aitzina, alde batetik aurraren gorputz konorte-gabetuak eragozten ziolakotz eta bestaldetik edan zuen vodka guztiaren pisuak... Bainan kostara elduko zen, ez zen urruti, ez zen hain urruti!... itsasoko jainko onak bizia barkatu bazion Theresari, segurki elduko zen itsasbazter salbagarri hartara... Pentsamendu hori baizik ez zitzaion gogoan geratzen, eta tai gabe itzok berresaten zituen ortz tinkatuen artetik: «Elduko gera, elduko gera», legorrari buruz geroago eta nekezago, eta aulkiago, indarka egiten zuelarik. Bai eta ugin eskerga batek, itsasoko jainkoak igorri izan balio bezela, jo eta uzkaili zuenean ere, Theresari uko egitera bortxatzen zuela, oraindik esaten zituen zorotuki, etsituki. Gero deus ez gogoaren gaua baizik...

        ...Legorretik ikusi zituen paseiari bakarzale batek ez-bearra bereala seinalatu zuen. Heien salbatzera leiatu ziran txalupak eta igerilariak beranduegi eldu ziran, ordea. Aurraren gorputza ondatua zen; uraren oldarrak engoiti ba zeraman hainbat gutiziatu zuen zabalerarantz, Gazteen Lur hainbeste amestu hartaraino... Gizona bakarrik zuten idoro, eta legorrera eroan. Ez zen illik... Urizainen etxeko gaixotegian, nekearen nekez izan bazen ere, bere baitara erazi aal izan zuten; eta begiak iriki zituen orduko aditu zuen Theresa joana zela —betikotz. Urizainek egiten zizkioten galderai ez zien deus erantzun nai. Zertarako jakin nai zuten?... Zergatik ez zuten bakean uzten?... Theresarik ez zen geiago mundu honetan —eta uste zuten ergel horiek bera mundu honetako zela oraindik, heien galde txoroei iñardesteko nekea artuko zuela? Utzi zezaten bakarrik... ez zen mintzatuko.

        Ondorio gabeko galdekatzeaz asperturik, azkenekotz amor eman zuten. Ezagutua zen gizona, etxe on bateko seme zen... ez zezaketen bortxa. Heien jakin-gurak biaramon artera itxo egingo zuen, bainan orduan mintzatu bearko zuen nai ala ez! Bitartean, ez zuen noski iges egingo... Eta urizainen buruzagiak agindu zuen beraren etxera lagun zezaten.

 

aurrekoa hurrengoa