|
II
Gau hartan ez zuen begirik itxi. Nola galduko zituen lotan aurraren irudiaz oroituz igaro zitzakean ordu prezios hek? Hura lo zegoen noski dagoneko —hain zen gaztea eta...— bainan ez zuen dudarik leku bat gorde ziola bere aur-amets garbietan. Gauerdiko ixiltasun iztunean, gauko illunpe izarniatuan, gogoratzen zituen gizonak alaba besoetakoaren gorputz txikiaren atal guztiak, ikusten zituen berriz ere haren arpegi-marra fiñak, haren ille-motots leporaino eroria, ezti bat aorako, urre dirdaitsu bero bat eskurako, eta haren larru malgu epela hain laztangarria; berriz ere entzuten zituen belarrietan besoetan zeukalarik neskatoak esan zizkionak oro, bere botz ikara, unkigarrian. Eta naia oro tinkaturik hartara ematen zuen Theresak ere hura ikus zezan bere lotan, era entzun zezan bere ametsetan hark esatera ausartu ez zitzaiona.
Biotza dantzan zeukan biaramon goizen jaiki zenean. Kantatzez jantzi zen eta salara jatsi. Theresak ez zuen eskolarik egun hartan; bere alkian exeri zen, haren aiduru. Laster etorriko aal zen. Gosaria ekarri zion neskameari agurra otzanki biurtu zion; edonori barkatzeko gertu zen halako arrats bati zerraikion egunean... Egia zen itzal batek illuntzen zuela haren poza, oroitzen zelarik egun hartako arrats-aldean emaztegaiarekin izan bear zuten elkar-ikustaldiaz —bainan ez zituen susmo txarrak utzi nai biotzeko ozkarbia naastera. Jakingo zuen Isabela konbentzitzen aurra betikotz harekin egotekoa zela, ezkontzak ezin alda zezakeala ezer ere. Men egin bearko zion Isabelak opariñari, berak egin zion bezela! Asi zen tea edaten, gogoa urduri alaba besoetakoaren etorreraren begira —urduritasun alaia zen ordea... Zer izango ziren Theresaren lehengo eleak, zer esango zion bezperako gertatutakoaz? Esango, deusik ez noski, bainan asko adi araziko zion bere ixillean. Ezagutzen zuen aur ixilla... oraindik ez gura zuen bezainbat, eiki, bainan ezagutza hori geituz joango zen egunero, ezkutapen berriak argitara eraziko zituen egun orok Theresaren aur-nortasunarekikoak... Irrikiz zegoen ikerkuntza hori lehen-bai-lehen astekotz.
Azkenekotz Theresa agertu zen. Beste goizetan bezela etorriko zitzaion bekokia eskeintzera, musu bat eman zezaion aita besoetakoak. Honek susmatu zuen bezela, deus ez zion esan oiko agurraz kanpo bainan gizona oartu zen, aurra salan sartu zen orduko matraillak gorrituxe zitzaizkiola exerita eta haren aiduru ikusi zuenean. Galdegin zion, begietara so egiñaz: «Ongi lo egin duzu Theresa?». Orduan ere ixillik egon zen aurra, bainan irripar egin zion epaixka aita besoetakoari eta irripar ixil, itzurkor horrek edozein iñardespen balio zuen. Gizonak jarraitu zuen bere tea urrupatzen neskameak gosaria zerbutzatzen ziolarik Theresari. Laster, biok gosaria artu ondoren eta berak maia eraiki eta garbitu ezkero, merkatura aterako aal zen neskamea eguneko erospenak egitera, kanpora joango aal zen, edonora, biok bakarrik etxean utzirik goizalde guztirako. Nork zekien noiz gertatuko zitzaien horrelako beste goiz bat, elkarrekin izateko jakille baten gabean... Geroarekiko kezkak gerorako lagatuz, betegintzarre bat izan dadilla oraingo goiz hau bederen! murmurikatzen zuen gizonak, otoitz-antzean, Theresari so zegoelarik.
Azkenean, eta ez goizikegi, atera zen neskamea. Kanpora joanik zela segurtatu aal izan zenean, jaiki zen gizona, eta salatik ilki. Theresaren alkiaren atzetik igarotzean, aurrari illea perekatu zion, eztiki eta amultsuki; deus ez zion ordea esan. Bibliotekan sartu zen bainan ez zuen libururik ez aldizkaririk irakurtzeko gogorik. Bere besodun jargian exeri zen, eta radioa pizturik, musikako emisio bat billatu zuen. Musika goibel bat entzun nai zuen, ez latin-errietakoa iñolaz ere, Alemania edo Rusiakoa baizik; samur eta ozena, barrurakor eta oroz-gainekoa batean, halako bat soilki zen gai haren atsegiñaren laguntzalle izateko. Ezer ez baitzuen bere gusturako arkitu, radiola itzali eta Schubert-en «Amaitu-gabea» ezarri zuen disko-inguratzallean. Egokiagorik ezin asma...
Eta bereala, Theresa etorri zitzaion aldamenera, itunben baten ondotik izan bailitzakean —bainan ez zuten ezer itz-artu... Haren oinetara jarri zen aurra, alki apal batean; liburu bat zeukan eskuan, eskolako liburu bat tindaz orbanduxea... Ez zuen zabaldu; ixil ixilla entzuten zion symphoniari —zorionez, hain gazte izaki, musikazalea zen eta biok, gizona eta aurra, mugitzeke egoten ziran, ez zioten elkarri begiratzen ere, Franz gizajoaren doiñu its, biotz-erdiragarriak ots egiten zielarik arimari. Diskoa azkenekotz bukatu zenean, ez zuen beste bat ezarri. Begiak erdi itxita, uzten zuen musika jainkozko hori haren baitan are durundatzera, Theresaren hor izateaz ederrago, joriago, zentzuz zamaturikago zen musika hori... Eta aurrak, ikusirik oraindik ez zuela itz egiteko gogorik, ibcre liburua iriki zuen eta asi zen irakurtzen, ezpaiñak igituz zerbait aapeka esan balu bezela —leitzioren bat ikasten ari zatekean, eta gizonak irripar egin zuen, bere pentsamendukari jarraitzen ziolarik.
Apur baten ondoren, galdegin zion: «Zer ikasten ari zera, Theresa?». Aurrak izketarako gertu zela konturaturik, laster itxi zuen liburua eta erakutsi zion. Biotz-mugida batekin so egin zien aurliburuko textu eta apaingarri lau heiei... Theresaren ispiritu berria, Theresaren nortasun txiki, preziosa, kulturaren ezagutza egiten ari... ikugarri eta zoragarri zitzaion asmo hori. Bainan bekaizkeriak osk egin zion biotzean, bet-betan otu zitzaiolarik arrotzak izango zirela aurraren irakasle. Zer eskubide zeukaten heiek haren adimena formatzeko? Zergatik heien gandik ikasi bear zuen Theresak? Damu zuen sekula eskolan ezarri izan zuelakotz, berarekin gordetzeko ordez, bera egoteko ordez haren irakasle bakarra. Egiazki, ez ote litzake solas atsegingarri bat izango, bene-benetan bere eskuetan artuko balu alaba besoetakoaren eskolatzeko kargu hori, haren pentsaeraren erraiñu bat izan ledin aurrarena. Ziurrik zegoen Theresak —naiz ez zen orain artean eskoliersa ona izan— bere alegiñak oro egingo zituela hark irakatsitakoak ikasteko. Eta berak zekien guztia irakatsiko zion, eta guztia ulertzera ekarriko zuen, eskoletako programak moldatzen dituzten asto jakintsuak eskandaliza erazterainokoan. Theresa philosophia ikasten... Theresa latin eta grekoa ikasten... Theresa hark moralari eta gizarteari buruz zituen doktriña garratzak ikasten, ulertzen, onartzen... Oro ar, ez zen burutasun zoroa... Erabakitzen bazuen jakintza-gairen bat edo beste alaba besoetakoari handik aurrera berak irakatsiko ziola, aitzaki bat da zukean harekin bakar bakarrik egoteko, bibliothekan edo haren gelan, Isabelarekin ezkondu ondoren ere, ez zuen uste andregaiak beaztoparik ezarriko zionik, kontuz ibiltzen baziran beintzat. Aspergarri izango zitzaizkion irakats-aldi horiek eta trankil trankillak utziko zituen biak. Maltzurkeria txiki orrek alaiturik, irri egin zuen eta Theresak burua eraiki zuen, igurika. Bainan liburua itzuli zion gizonak eta galdegin: «Zure leitzioa ikasi al duzu?». Aurra beste zerbait entzun aiduru zatekean eta haren arpegian zen poz galdekorrak alde egin zuen, botz txiki batekin erantzuten ziolarik: «Bai, ba dakit». Ez zekien, ordea —liburua aitzaki bezela baizik ez zukean artu; eta gizona esetsi zion zorrotz samar: «Ez zera langille, Theresa deus ez duzu ikasten, deusik!», bainan haren begietako parreak gezurtatzen zuen zorroztasun hori. Jarraitu zuen hala ere: «Bai, Theresa, merezi zenduke zigor zintzadan, aur alper bat baizik ez baitzera, bainan...». Theresa zigortuko? Iñoiz ez zuen egin, iñoiz ez zitzaion gogoratu ere egitea! Gaixo Theresa, pentsatzen zuen, ni baitan irakur aal bazeneza ez ziñake nire beldur, zure begiek ez lidateke nire biotz-min gozoa den aur-izu urragarri hori erakutsiko... Ez zuen joko, ez, edo-ta, sekula egiten bazuen, haren nigar gazien eztitasuna dastatzea gatik izango zen bakarrik, bera izan zekiontzat gero kontsolagarria! Eta amaitu zuen bere esana: «bainan ba dakizu ez zaitudala egingo, ez da?», eta Theresaren begiak ezerik ageri zirenak, idortu ziren beingoan, gizonak zutik erazten eta beso bat gerri-inguruan ezartzen ziolarik. Bere gorputzari kontra estuturik, eta musuak ereiñaz haren ille argietan, esan zion: «Lan egin dezazun nai dut ordea, andere bat oso eskolatua izan zaitezen nai dut, enekin egon bear bazera». Bai, ala izango zela, hala egingo zuela zin egin zion Theresak —zernai egingo zuen etxean egotea gatik! «Eta emendik aurrera, jarraitu zuen, neronek eskolatuko zaitut. Nai duzu?». Nola ez zuen nai izango... «Bainan zer nai duzu irakats dizaizudan? Esaidazu». Aurrak ez zekien, bainan irriz esan zion: «Nik ba dakit zer irakatsiko dizudan: latiña...», eta gaiñeratu zuen, Theresaren belarrira aapeka: «Latiñak ba du alde on bat: Isabelak iguin du, naiz ez duen zuk baino geiago susmatzen zer den ere, eta biok bakarrik utziko gaitu noski, hartan jardungo dugularik!». Aurrak ere irri egin zuen, poz arren —ziur zen latiña horrengatik ikasi nai izango zuela.
Ez zuten beste eskola aipurik izan. Minutak eta orduak aurrera zihoazkien, laster neskamea merkaturik itzuliko zen, bazkaltzeko tenorea izango zuten sarri, eta bazkal-ondoan... Gizonaren gogoa goibeltzen asten zen, pentsatzen zuelarik orduan andregaia etorriko zitzaiola eta bearko zuela arrats-aldea harekin igaro, aurra utzirik. Zergatik emakumearen oroipenak bear izan zuen ain betegiña, hain akats-gabekoa zen ereti hori illundu eta eragabetu, ziotsan biotzak erasiaka, begiratzen ziolarik alaba besoetakoari haren aldamenean zutik, arpegi politta oro alai, gerri medarra haren besoan malgurturik landare gazte izan bailitzakean.
Bainan Theresa ere Isabelaren etorri bearraz gogoratzen zen, eta eguerdiko amabiak urbiltzen ari ziren araura, haren alaitasuna itzaliz zihoan, begiak seriotzen zitzaizkion eta noizetik noizera so egiten zion luzaro gizonari, eia bere itza gordeko zuenetz galdegiteko bezela. Ixillik egon ziran biak bazkal-artean, neskameak merkatuko berriak kondatzen zizkiolarik etxeko jaunari. Zer ajola zitzaizkion... Zertarako bakezko azken minuta horiek naastu nai zizkien atso zantarrak... Bainan, haren ixiltasun mutiriari kasu eman gabe, eta atsegin sadiko batekin bezela, itz-jarioa sekula baino aundiago zuen itz-ontzi gaizkindu hark! Oro pozkario eta irripar zen, beste bien goibeltasuna geituz zihoalarik. Ba zekien gizonak Isabelaren etorrerak ziola biotza alaitzen emakume zaarrari. Ezkontzari buruzko antolamendu batzu egitera zetorren noski, eta bere biziko gertakizun bati bezela begiratzen zion neskameak ezkontza zoritxarreko horri. Aur-danik ezagutu eta zerbutzatu zuen ugazaba beregisako hura azkenekotz beste gizonak bezela egitera gertu zela, gogoa betatzen zion otsein zindoari —bearbada, uste zukean bere otoitzei esker izango zirela ezteiok... Bere gisara atxikia zait, bai, esan zuen leialki gizonak bere baitan, irudi zaio noski seme bat bezela maite nauala, eta halaz ere, haren maitakeria horrek ez du nire ardurarik; nigan ezarri dituen itxaropenak betatzea arren, onartuko du betiko zorigaitzean bizi nadin, eta ene zorionerako bidean sartzeko aski bioztoi banintz, lehengoa litzake ene gaitzesteko, enekin egon den urte guztiak gatik, enetzat egin dituenak oro gatik eta guztiz ere. Zer ergelkeria samiña jendeekilakoa!».
Iru orduak irian Isabela etorri zenean, gizona bere zoriari amor emanik zegoen. Halabearrak eskatzen zuen ezkero... Isabela itzur ez zitekean gaitza zen ezkero... Gaitz hori gaitz-erdi baizik gerta ez zedintzat ordea, bederen bear zituen alegiñak oro egin Theresa heiekin bizitzea onar zezaiola andregaiak. Aal bezain laster mintzatuko zitzaion auzi hortzaz, eta ez zuen hortan amor emango, zer nai esanik ere Isabelak.
Anderea agertu orduko, bere gelara joan zan Theresa laburzki agurtu ondoen, biak utzirik sala aundian. Isabela ez zen noski aurraren esker gaiztoaz konturatu? Gizonak begiratzen zion emaztegaiari, ezpañetara zetorkion nazka ezin ezkutatuz. Halaz ere, bere buruari aitortu bear zion emakume politta zela... Esku ona izan zuela aukeratu zuelarik esaten zuketen haren adiskideek —adiskiderik baldin bazuen oraindik. Hori zitzaion mingarrien. Berak eta bere oguz zuen aukeratu, orain urtebete edo zela —Theresa haren etxean sartu baino askoz, askoz lehenago. Oaidetzat izan nai zuen —oi! sensualitatearen ergela... Bainan politta zen, naiko aberatsa, eta senitarte onekoa; eta bein, zoritxarreko gau batean, ezkontzeko itza eman zioten elkarri... Berak hala nai izan zuen, berak zituen lehengo urratsak egin bere zoritxarrerako bidean —eta zaldun batek ezin dezake bere itza atzera ar, emakume bati badio ere eman. Ala bai?
Illea arro, begien ñirñira dirdaitsuegi, bularra jori, Isabela ez zen noski etorri ezkontzarako azken antolamenduez itz egiteko soilki... Begiratzen ziolarik, zakur-eme bat orkara gogora erazten zion senargaiari eta, nardaz beterik, soa inguratu zuen haren aldetik. Bainan iñondik ere ezin zezaioken bere iguiña erakuts irrikatzen zuena lortu nai bazuen, zenbat kosta ere sekula baino amultsuago agertu bear zitzaion gaur andregaiari, eta horrengatik, aal zuen bezain otzanki erantzuten zion, Isabelak erriko esamesak kontatzen zizkiolarik, edo ajola-gabeturik uzten zuen baten edo besteren berri ematen ziolarik, edo-ta ezteietarako egin erazi zuen jantziarekiko albistea jaulkitzen... Hain pairu aundikoa izan zitekeanik ez zuen esperantza, bainan, zion bere baitan, ez-jakin noiz artera iraungo didan, horrela luzaz jarraitzen badu eme ergel horrek!... Eta beraren hypokrisia asten zitzaion barruan ausiki egiten ere... Beste biderik ez zegoen ordea.
Madarikatzen zuen Isabela ezagutu zuen aspaldiko egun hura, orain urtebete zela. Urtea ezagutzen zuela, bai, bainan lehenbiziko gaua goizera eldu gabe ba zekien ez zuela harekin egon bear, ezin zitekeala neska apain dotore, adimen uts eta modari jarraitzalle harekin bizi izan Susmo bat baizik ez zen, haren arimak zuen irriki bakarra, irriki mingarri, gozo eta errimiñezko hura oraindik oarkabean baitzeukan... Bainan arimari jakin izan balu nola galdegin, bere zorionerako, iñoiz ere ez zen noski abiatu izan zen bidetik asiko. Iñoiz ez zen Isabelarik izango. Bere gurasoak galdu ondoren itsas-bazterreko etxe zaar artan asi zenean bakarrik bizitzen, uko egin bear zion ordura artean ezagutu zuen mundu irudikor, azal-utsezko eta aspergarriari; jendekilakoa utzita, bere bakartasunean iguriki bear zuen zeruak edo zoriak eskeiñiko zion abagunea —eta delako abagunerik sekula ez balitzaio gertatu, obe izango zen bere eriotzaraino, edo bere buruaz beste egingo zuen eguneraino, bere amets gurenarekin bizi izan balitz, santutasunaren billa dabillen eremutar bat irudi. Koldar izan zen ordea, ez baitzion munduari uko egin nai izan, bide erreza aukeratu zuen —zergatik, arren zertarako? Naimenaren txarraz ala biotzaren onegiaz, besteak gatik ala bere buruaren bakerako? —eta abagunea etorri zenean, beranduegi zen; lotua zegoen dagoneko. Ez! beranduegi ez zen oraindik... andregaiari kanpoa eman bear zion Theresa haren etxean sartu zen egunetik, lehen sotik susmatu baitzuen gerorakoa, lehen alditik esan bai zion biotzak... Bainan oi! aste bat baino geiago, lehengo gaua baino geiago, zergatik egon ote zen Isabelarekin? Sensualitate izendun or-eme iguingarria izan zen kausa... Alabainan, oraindik agrada zitzaion orduan emakumearen gorputza, ez zituen haren gogoa eta biotza baizik erdeinatzen... Edo bederen, uste zuen oraindik Isabela baten aragi mardul eta beroak emango ziola haren etsipen ixillak eskatzen zuen mozkorraldia. Ustekeriaren uskeria! ez al zekien vodkak, oro ar, obeki lausotuko ziola arimaren min sendatu ezina —eta beste sorgor-emalleak ere ba ziran, orain artean dastatu gaberik utzi izan zituanak. Edozer onargarriago izango zen Isabela bat baino.
Orain, emaztegaiari begira zegoelarik, errukirik gabe oartuz haren larruaren zimurtxo bakoitzari, haren begi-petako beltzari, haren irri-egite iñozoari, geiago ez zuen ulertzen zergatik gau bakar bat ere galdu zuen sekulan, gorputz ikol hortatik atsegin apur bat atera nairik; haren aragiak aazturik zuen iñoiz beste aragi horrek eman zion ikara eta harekiko solas iguingarria berriz ere asi bearrak izotzez betatzen zituen haren zañak oro. Bainan ez zuen itzurbiderik... eta Isabela deus esatera ausartu gabe lotu zitzaionean, utzi zuen aoa berean ar zezaion, naiz haren izate guztia biurtzen zen laztan horren pean. Zorionez anderea ez zen konturatu atzekaldera asi zuen igikundeaz...
Iñor besteri ez zen ezagun etxe guztian. Nora joanik ote zen aurra? Karrikara agian, eskolako lagun batzuen gana, edo parkeko zugaitzen artean zegoen bakarrik paseiatzen gaixoa... Neskamea ere ilkia zen. Halaz ere, ez zen egon nai izan andregaiarekin goizaldea Theresarekin igaro zuen lekuan, ez iñork atzemango zituelakoan noski, bainan profanatze bat izango zelako; eta Isabelaren musuak ausartuago eta gosetuago egin zirenean, ixillik bere lo-gelara ereman zuen. Andereak ez zukean horrelakorik itxaroten eta esker onezko begirada eze bat eman zion —zakur batena irudi norbaitek otapur bat botatzen dionean, pentsatu zuen sorbaldak eraikiz.
Isabelak ba zekikean edanari emana zela, sekula ez baitzuen nekerik artu bere joera «makurrak» iñori ezkutatzekotz —bat ezik... Halarik ere begitartea zapuztu zitzaion senargaiak, atea itxi ta giltzatu ondoren, beste edozer baino lehen liburutegi baten barrutik pattar-botoilla bat artu eta botoillatik bertatik txurrut egin zuenean. Zergatik manerarik egin eme horren aurrean bere neskamearen aurrean egiten ez bazuen, ez ziran bata bestea baino ohoragarriago noski! Aski esker aundia egiten zion Isabelari bere burua hari salduz; amaiturik zeuden harekiko zaldunkeriak oro. Bainan Isabelak ez zuen itzik esan —naiz irudi zitzaion gizonari erdeinu bezelako zerbait erakutsi zuela haren arpegiak, ala oker ote zegoen? Erdeinua erdeinuaren truk, kito gera... pentsatu zuen irripar batekin, alkoolaren su ona haren gorputz guztian zabaltzen asten zelarik. Su horrek, ordea, ezin urt eraz zezakean haren izotza. Bearrik Isabela ez da ezertzaz konturatuko, eskatzen zion Zoriari, amor eman dizadan Theresaren geroaren gainean. Edatetik landa, zigarrillo bat piztu zuen, lasaiki, andregaiari agintzen ziolarik soinekoak erantz zitzan. Pozik men egia zion emakumeak.
Ba zekien Isabelaren gorputz osoa billuzik ikusteak haren erdeinua, haren narda geituko, ugarituko zituela ezinagoan, eta horixe zuen nai. Begiak iguinez bazkatzen zituen andre gazteari begira bere larrugorrian, iguinez eta gorrotoz. Eta pentsatzea bein Theresa ere horrela biurtuko zela, aur baten gorpu mendre, bere aultasunean hain ikugarria zenaren ordez, neska baten gorputz betegiña eskeiniko zuela haren aoari, maitari basati eta arronten atsegiñetarako baizik egoki ez litzakeana!... Are gorrotagarriago zitzaion Isabela, aurra geroan zer billakatuko zen irudimenera zekarkiolako, eta eme-gorputz hori zigorrez eta ugalez zeatzeko naikari bat ezin garaituzkoa senditzen zuen bere zaiñetan, zillarbizizko ugin otz bat bezala. Bein egingo al zuen. Orain aldiz, berak zuen gorputz ezain horren menpeko izan bear... Bere jantzi soiñean gorde zuen, bainan zigarrilloa patxadan itzali eta punta auts-ontzian leertu ondoren, joan zen oean etzatera Isabelaren ondoan.
Alkoolaren gain Isabelak ezarriko al zuen haren gorputzaren sogortasuna... Begiak selauara jasorik, uzten zuen emakume irritsua aragi zainildura laztandu zezaion, bere buruari gogor egiñaz andregaia saietsera ez bultzatzekotz. Goragale bat zuen, Isabelari zerion usain okaztagarria aora zetorkion, haren billoetatik, haren besapetik, haren sabeletik, gorpu il baten usaina izan bailitzakean. Eta egia zen illik zegoela eme-gorputz hori, harentzat bederen, besteen artasun txepelak desiragarri arkitzen bazuten ere. Gogoratzen zitzaion nonbait irakurri izan zuen izu-ipuin bat... nola senar jeloskor batek bere emaztea il eta honen oaidea zurrunari bizirik esegi zuen, bekatuzki maite izan zuen aragiaren ustelduraz asebetetzeraino goza zedintzat. Hura ere epaiturik zegoen halako zurrun bati loturik bizi izatera handik aurrera. Bainan ez gaur, arren, ez gaur! oiutzen zuen haren etsipenak... Ba zekusan Isabelak ez zela beste aldietan bezela, apur baten buruan utzi zuen eta, besoa haren lepoan emanaz, haren eskua bere sabelari kontra atxikiz, so egin zion zerbait galdetu nai izan balio bezela. Eskerrik asko emeari, azkenekotz utzi baitzuen! Aske zuen eskuaz txukatu zuen bekokitik ixurtzen zitzaion izerdia. Ikara zen. Egar-su zuen. Jaikitzera zihoan garbitokira joateko godalet bat ur billa, bainan Isabelak, aginduki, ez zedin mugi esan zion aapeka. «Zer da?» galdegin zuen estonaturik. Ixillik egoteko keinu bat egiñaz, oetik jatsi zen andere gaztea, gelako jantzi bat —gizonarena...— soinean ezarri zuen bereala eta atera joan zen oinpuntetan. Beha egon zen hor, otsik egiteke. Gizona ere jaiki zen kezkaturik, eta Isabelaren ondora joan. Beingoan andereak giltza ingura eta atea iriki zuen: txiki, zurbil, goibelik hor zegoen Theresa, kordoka jarririk atea ustekabean iriki ziotelako. «Zer ari zera?» galdetu zion Isabelak, asarreturik, besotik garrazki astintzen zuelarik —eta andregaia iltzeko gogoa etorri zitzaion gizonari, hori egin zuelakotz. ?Zoaz emendik, zoaz kanpora!» jarraitzen zuen Isabelak, eta bultzakada eman zion aurrari eskallerari buruz. Nigarra begian zuela korrika joan zen Theresa, Isabelak bortizki atea ixten zuelarik. Ez zen berriz oean etzan bainan, haren ertzean jarririk, zigarrillo bat piztu zuen asarrez oraindik ikara zituen eskuekin. Gizona haren erasiaren aiduru zen, itxaropen oro galdurik sekula bere naiera erakarri aal izango zuela orain. Ez zuen luzaro iguriki. «Zergatik alaba besoetako hori zure etxean artu duzu?» asten zen Isabela, «aur ergel, muker eta biziotsu bat baizik ez da... pentsatzea gure zelatan egon dela hor, ate-atzean, gelan sartzen ikusi gaituenetik... Zergatik ez duzu ezer esaten, ala barkatzen dizkiozu haren manera horiek?».
—«Zer nai duzu esan dizazudan?», erantzun zion, bere buruari oraindik gogor egiñaz egonarria gordetzea arren.
—«Deus ere, deus ere, hain barkakor zeran ezkero; bainan ziur izan nai naiz gaurdanik neurriak artuko dituzula gu ezkondu eta aal bezain denbora gutxiren barru hemendik joan dadin».
—«Eta non ezarriko dut?».
—«Nai duzun lekuan, eni berdin zait ni gandik urruti dagoen ber. Ba dira etxe bereziak Theresa bezelako umezurtzentzat; ez da han gaizkiago izango, eta ni, askoz obeki izango naiz hura gabe!».
Eskerrik aunitz, eskerrik aunitz ere balizkako jainkoari! pentsatzen zuen gizonak Isabelaren asarre-aldi horren aurrean. Azkenekotz, azkenekotz hark berak ematen zizkion bere burua askatzeko zio bat eta bide bat. Aal zuen bezain lasaiki galdegin zion: «Eta ez badut nai Theresa joan dadin?».
Arriturik begiratu zion Isabelak, itxaroten ez zuen ukatze horri ez-jakin zer erantzun. Bainan laster bere baitaratuz, botatu zion arpegira: «Nai izan bearko duzu. Edo Theresak etxe hontatik alde egingo du aalik eta lasterren, edo ni naiz hemen ez sartuko! «Zeorrek aukera zazu».
Eskerrik aunitz, bai edonori edo edozeri, azkenean apentzaren mementoa etorri zitzaiolakotz. Emakumearen gana senditzen zuen gorroto eta erdeiñu guztia bere mintzoan irarriz, esan zion, ez-ajolatuarena egiñaz: «Aukera aisa dut: Theresa hemen egongo da, eta zeu, joan zaitezke bereala». Ezti bat izan balitz bezela jakitzen zituen Isabelaren begitartean agiri ziran arridura, gorroto indargea, lotsa, bai eta biotz-miña ere. Bakoitzak bere aldi biotz-min izateko; Theresa gaixoaren arpegia nigarrez eragabeturik bere begien aurrean zekusanean, ez zuen batere errukirik nabaitzen haren oean exerita zegoen emakume asarretu eta lotsatu harentzat... Bitartean Isabelak bere ispiritua bildu zuen ordea, eta egotzi zion: «Zorotua zaude ala? Uste al duzu hori onartuko dudanik, ezkontzeko itza emana didazunean? Jendeek zer esango lukete orain eztaiak autsiko balira!». Bai, beti jendearen esana garrantzikoena Isabela bezelakoentzako... Poz gaizto batekin haren mintzoaren iñakina egin zuen: «Jendeek zer esango lukete?», eta jarraitu zuen ankerki: «Irri ederrik egingo dute noski zure lepotik, gaixoa, batez ere ezkontza zergatik autsi den egiazko zioa jakiten badute! Zu bezelako eme eder bat bere alorrean amaika urteko neskato batek garaiturik izatea... ez duzu paper ona jokatu komoidia hortan!».
Isabelak ez zuen guduka oraindik galdutzat eman nai. Gizona atzera irabazi bearrez, beste bide batetik saiatu zen. Nigar beroak zerizkiola murmurikatu zion: «Bainan zure andregaia naiz, maite zaitut! Zuk ere maite ninduzula zenion... Ezin egotz nazakezu horrela, otoi, ez dezazula egin! Barka ezaidazu esan dizudana gaitzitu bazaizu. Nai baduzu, Theresa gurekin egongo da, orobat zait zurekin ezkontzen naizen ezkero...».
«Jainko onak makurretik zain nazala! zu bezelako emazte bat izatetik alegia», iñardetsi zion Isabelaren otoitzari. Geiegi zatekean... odol-otz guztia galdurik, eskumuturrak borobildurik. andregai izandakoak garraxi egin zion: «Urdea!» bainan parrez artu zuen irain hori:
—«Bai, urde bat zera zu, eta zure alaba besoetako bikaiña...».
—«Isabela kontuz!», esan zion zemaikor, exeri zen kadiratik zutitzen zelarik. Bainan besteak zuhurtzia oro utzirik, jarraitu zuen:
—Bai, ba da aspaldi oartu natzaiola zuen elkarrekilakoari... hala ere ez nuen siñetsiko hortara elduko ziñela, jende guztien irri-gai eta zure etxekoen lotsa-gai izatera, urdanga txiki hori dela kausa».
Jauzi batez haren gainean izan zen. Itz batxo emakume amorratuari esan gabe, belar-ondoko bat eman zion matraillatatik beera hala non ukaldiaren indarrez haren buruak paretari kontra eman zuen, eta orroaka asi zen Isabela miña, lotsa eta asarrea gatik. Bainan ez zion kasu egiten haren zaratari... berriz ere beste belar-ondoko bat eman zion, eta oraindik beste bat... Isabela asi zen sudurretik odol ixurtzen. Zurratuz ilko zuen gizonak, bet-betan gogorapen izugarri bat otu ez balitzaio. Non zegoen Theresa, nora joan zen iges Isabelak hain garrazki esetsi zionean? Etsiturik, lotsaz illik, pentsa zertara gertu zatekean neskato gaixoa... eta zoro bat bezela, barruko kezka ilgarriak zeragiola, gelatik atera zen lasterka so bakar bat emateke oegainean intzirika, gorputza umeldurik eta arpegia odoletan zetzan emakumeari. Eskalleran gurutzatu zen iskanbillak izuturik goiti zetorren neskamearekin... —ez zuen uste kanpotik sartua zenik eta heien liskarra entzun bear zuenik, bainan ez zuen ardurarik... Haren aldamenetik igarotzean, galdegin zion mokorki: «Ba al dakizu non den Theresa?». Neskameak biotz-gainean zeukana esatera zihoan, bainan gizonaren begietan erretzen zuen su basaren beldur izan zen noski, eta erantzun zion: «Parkean barrura ikusi dut joaten...». Parkeak itsasorako bidera ematen zuen. Zoro bat bezela lasterka abiatu zen alde hartara. Bidera eldu baino lehentxeago, ordea, ezinagoko poz bat artu zuen haren biotzak, ezen, ez urruti, aur baten nigarrak ezagun ziran. Parkearen azkenean, bideari urbil, olezko etxola bat zegoen, han, eguraldi txarretan, egoten baitziran sarri bera eta alaba besoetakoa, amets egiten edo irakurtzen, edo bazterrei so. Aterik ez zeukan delako etxolak, eta aitzinera eltzen ikusi zuen Theresa barruan, lurrean eserita arpegitxoa eskuekin estalirik nigar-zotinka. Urbildu zitzaion eta haren ondoan jarri zen, amultsuki ziotsalarik: «Theresa! ni nauzu, ez nigarrik egin...», eta nai zion begitartea estalgabetu eta besoa lepo-inguruan ezarri. Bainan aurra biurtu zen eta esan zion mutiri: «Utzi nazazu!». Bortxaz kendu zizkion eskuak arpegiaren gainetik eta begietara so egiten ziola mintzatu zitzaion berriz ere: «Ni nauzu, Theresa, barka ezaidazu pena egin badizut», eta aurra beti ere etsai zitzaiolako biotza erdibiturik eta haren aldera inguratu nai ez zela ikusirik, belarrira murmurikatu zion: «Isabela joana da, iñoiz ez da itzuliko!». Aldi hontan Theresak burua eraiki zuen, haren begiak oraindik mesfidakor ziran bainan itxaropen-leiñuru bat asi zen heietan argitzen —argi hori eguzkia baino berogarriago izan zitzaion gizonaren biotzari. Jarraitu zuen: «Bai Isabela gaiztoa joan da betiko, eta zeu beti enekin egongo zera, biok bakarrik beti», eta bezperan bezela musu bat eman zion begietara. Orduan Theresak siñetsi zuen, haren nigarra ez zen atertu, bainan zorioneko malkoak ixurtzen zituen orain, biotz beteegia laxatzen zutenak, eta gizonak besoetan artu zuenean etxera eramateko, burua tinkatu zuen harenari kontra eta azkenekotz, gau illunean agiri den artizarra, irripar egin zion bere nigarren artetik, eta eskua igaro zion laztanduz billoetan, aita besoetakoak berari egin oi zion antzera.
Isabela egiaz joanik zen. Neskamea baizik ez zuten arkitu etxean; oraindik nausiaren asarrearen beldur baitzatekean, ezer ez zien esan bainan begirada gaizto bat eman zien biei eta sukaldean sartu zen bereala, heiekin agitu nai izan ez balitz bezela... izurrite batek joak izan balira bezela. Hainbat obe, pentsatzen zuen etxeko jaunak, erasiak biarko uzten baditu, orduko ba duket iñardespen bat gerturik! Theresa besoetan oera eraman zuen. Oean eratzan eta, amultsuki laztandu zizkion oraindik gorri eta bero zeuzkan matraillak, eta itz kontsolagarriak esaten zizkion aapetik. Bainan kontsolaturik zegoen jadanik... Ereti baten buruan, gorputz eta gogoaren nekadura, edo aita besoetakoaren laztan ariñak zio zirela, lokartu zen Theresa. Gizona oin-puntetan atera zen gelatik... gau hartan ez zen itzuliko, lo egin bear baitzuen Theresa gaixoak. Bainan orain ba zekien segurtasunekin gau guztian aurraren ametsetan egongo zela, haren amets erneetan aurra zegoen bezela. Gau hartan ere ez zuen lorik egin.
|
|