MALAXKA TA AKULIÑA
Iruñan 1909garren urteko Azaroaren 15 egunean
Aste Santua goiz etorri zan urte artan. Etxe-tellatuak elurrez estaliak zeuden; erreka-txistorrak zelairik zelai lasterka zijoazen. Kaletxo estu batian, bi ateren artian, istil aundi bat zabaltzen zan.
Bi etxeko-alabak, nexka-koxkor oraindik ziranak, ondo apaindurik, ederki jantzirik, meza ondoren joan ziran istilera; ura erabilliaz nai zuten jostatu. Ume gaztena asi zan istil-barrenen sartzen, eta nagusienak esan zion:
—Begira, Malaxka, ire amak joko au! Urez busti baño lenago, oñetakoak erantziko zetiñat nik: egin ezan nik bezela.
Nexka-koxkorrak ankutsik eta gonak gora, istil barrendik bata besteagana alderatu ziran. Malaxka busti zan belaunetaraño.
—Ur aundia dago, Akuliña: au bildurra!
—Ezta gauza aundia ori —erantzun zion lagunak—: orko ura da aundiena; aurrera zaite, kaikua!
Bildu ziranian esan zuen Akuliñak:
—Kontu, Malaxka, kontu, abill polliki! Bestela, soñekoa loyaz zikinduko didan.
Lagunak itz oyek esaten zituen bitartean, Malaxkak erabilli zituen oñak, eta Akuliñaren soñekoari, eta begi ta sudurrari ere bai, loya bota zien. Soñeko berria zikindua ikusirik Akuliñak, aserratu zan, ta belarrondoko eder batzuek emateko Malaxka nai zuen arrapatu.
Izutu zan Malaxka. «Txorakeri bat egin diñat» esanaz, iges egin zuen etxerontz.
Akuliñaren ama, etxetik irten zan eta alabaren soñeko zikindua orduantxe ikusi zuen.
—Non zikindu den ire gona, aurra? A zerriya!
—Malaxkak egin dit.
Akuliñaren amak arrapatu zuen Malaxka ta zartako bat eman zion.
Malaxka txilioka, ojuka asi, ta aren ama jetxi zan kalera.
—Zergatik jotzen dezu nere alaba? —galdetu zion emakume aserretuak, beste amaren gaiñ irañ-irañak jarioz.
Autsiabatzak egin zuen zart. Bi amak buruko illeak asi ziraden elkarri sustrayetik ateratzen. Etxeetatik irten ziran gizonak, elkargana bilduta, mordoak egiten zituzten. Bakoitzak suminki itz egiten zuen, auzokoen esanak aditugaberik. Esku ta makillak zebiltzan airean... Atso batek (Akuliñaren amonak), su ta garrak itzali nayez, esan zuen:
—O adiskideak! zer egiten ari zerate zuek? Onelako pekatu itsusia Pazkua egunetan! Poztu-bearra badegu gaur guk!
Iñork etzion jaramonik egin; Jaungoikoari eskerrak, etzuten lurrera bota eta ostikopetu. Atsoak doarik itz egiten zuen... Laguntza amonagana etorri zan, Akuliña ta Malaxkaren aldetik.
Emakume-autsiabartzaren bizkitartean, Akuliñak soñekoa garbitu du. Berriz, istilera korrika itzuli zan, arri-txiki bat artu zuen eta asi zan lurra leuntzen, kale-berarontz ura joateko irten-gai egoki bat idiki naiez. Malaxka etorri zan ere, eta makiltxo batez erreten bat zabaldu zuen polliki.
Kale-auzoak ostikoka, makillaka, ukabilka ari ziraden... Izpi bertan, istilleko ura, amona eztitzallea zegoen tokiraño, eldu zan. Bi umeak, erreka ertzetik, alboratzen ziran.
—Ura, gu baño, lasterrago badoa; geldi-erazo ezan, Malaxka —oju egiten zuen Akuliñak— geldi-erazo ezan!
Malaxkak zerbait nai zuen esan; baña alaitasunak itzak ebaki zizkion.
Bi umeak korri-korrika zijoazten eta far egiten zuten ikusiaz nola ezpal bat ur-goyan emen, ur-pean or, igeri zijoan. Auzo-billeraren tokiraño joan ziran onela.
—Begira, gizonak! eztezute Jainkoaren bildurrik! Zuen autsibartzea umetxo oiekgatik zan —eta umeak, beren mukertasuna azturik, elkarrekin jostatzen ari dirade oraintxe. Diot nik, zuek baño zentzu obeagoa dutela.
Auzokoak begiratu zioten nexka-koxkorrai, lotsatu ziran txit, ta ayen buruai iseka eginda, bat banaka, triki traka etxeratu ziran ixilka.
«Baldin aurrak bezela ezpazerate, etzerate Zeruetako Erreinuan sartuko».
|