|
AGINTZA
I
Gaba da. Aitor ingurutua dago, bere illobatxo maitetaz, zeñai kontatzen die Lekobide, gerratzalle famatsu euskaldunaren kondaira; aur txikiena, adintsuaren belaunetan eseria dago, ta aren bizarraren ille luze zillarrezkoakin jostatzen da. Arteak, sukaldean txingarrak botatzen ditu; kanpoan, ekaitz andi bat ozenduten da.
II.
Bat batetan, esku batek atean jotzen du, eta zakur sumiña zaungaka asten da. —Nor da or? —Aitorrek galdetu zuen, eta zakurra etzan ixiltzen. —Munia —bere errañari Aitorrek diotsa—, atea idiki ezazu: Jaungoikoari onesten etzaio iñork euskaldunen atean alferrik jotzea.
III.
Muniak atea idiki zuen, eta gizon ubel ta luze bat, oñak odolturik eta soñekoak urraturik sartu zan; aren gorputza ikaratua zegoen, bearbada otzaz, bearbada bildurrez. Adintsuak, ikusi zuenean, esan zion. —Benedikatua izan dedilla, Jaungoikoak Aitorren etxera dakarren arrotza.
IV.
Muniak aparia prestatzen du; aur jakinaiak bere begi urdiñakin, bidebilleari begiratzen diote. Arteak sukaldean txingarrak botatzen ditu: kanpoan ekaitz aundi bat ozenduten da.
V.
Apaldurik, eta arrotzaren soñekoak idorturik, Aitorrek esaten dio: —Nor zera? Zergatik etorri zera mendi oetara? — Arrotzak negarrez eranzun zion. —Zorigaiztokoa naiz; etxe, sorterri, eleiza gabe nago; igesi nabill, ostoen otsak eta ujolaren dunbotsak iruditzen zaizkit nere etsaien zaldien trostak direla; nere animarentzat pakerik, eta nere begientzat lorik ez da. Pelaio, kantabriako dukea ni naiz.
VI.
Arrotzak Guadaleteko kondaira kontatzen duen bitartean, etxadia asberaka dago, sartaizak mendiko aritz bizkorrenak ateratzen ditu. An Españia argal ta galgiroz betea Moroak garaitua izan zan.
VII.
Goiza da... eguzkiak argitzen du mendia, txoriak zuaitzetan kantatzen ari dira, eta intzak loreen artean arturgiak baño geiago diztiatzen du. Pelaiok, Aitorren eskuari musu eman eta esaten dio: —Agur, jauna, ez naiz beñere aztuko zure etxean artu nazula, gose ta nekatua nengoenean, arri bat gabe nere burua sostengatzeko, eta nere oñak igestearen nekeaz odola zeriotenean. Gaur ez dezaket zuentzat deus ere egin; baño bigar, nik esango diet nere seme eta mendekoai, Euskaldunak errespetatu eta maitatu ditzatela.
VIII.
Eskerrik asko, jauna, —Aitorrek dio—; guk ez degu deus ere eskatzen, ezpada pakean mendi santu oetan, gure fuero ta oitura onakin bizitzeko baimendua. Zoaz Jainkoarekin, eta oroitu zaite Aitorri egin diozun agintzaz.
IX.
Arrotza dijoa; Aitorrek, bere etxadiaz ingurutua, txutik etxeko atearen ondoan, Jaungoikoaren Ama santuari errezatu zion. Pelaio urrun zijoalarik, bele bat etorri zan etxeraño. Aitorrek ikusi zuenean, musu bat eman bere illobai, eta tristiro esan zien, «nere semeak, Erdaldunaren agintzak gezurrak dira».
|
|