|
OKENDOREN ERIOTZA
«Euskal-erriaren alde»
Ainbeste seme eman zituzan
Itxasorako zoliak,
Liorrerako ez gitxiago
Gerrari bildurgarrrak.
ARRESE
I
Dama Maria de Lazkano, leioaren ondoan zegoen.
Maiatzak, zelaiak loraz eta arbolak ostoz estali izan zituen, baño oraindik oztxo egiten zuen; orregatik sukaldea zegoen egur igarrez eta lodiz ondo ornitua.
Egun ortan asi zan goizean goiz euria, istan bat atertu gabe. Uli-mendiko tontorretatik errekak amiltzen dira saltoka; zerugoiean, argiya iltzen ari da; lurrean laño ubelak eta itzal beltzak ibarretatik eta ibai ertzetatik geldi geldi igotzen dira, lurreko osoaren zuritasun eta urdintasun guziyak borratu naiez. Gau eta egun, batak bestearen kontra gogorkiro jazartu dute noski, eta eguna, bere etsaia garaitu diolako mundu onetatik ote badijoa, bere lots aundiya eskutatzeko. Argi-gutxitu arrek, argitasunaren azken agurra dirudi; etxea, aizeak erabillia dardaratzen da, eta leio zabaletatik sartzen dira gelara itxaso aserretuaren orroi izugarriyak.
Bat batetan, neskame gazte batek atea idikita, itz egin zuen onela:
—Andrea, andrea, berri onak dakarzkit, berri onak...
—Zer den, Praska, burutik jauziya aizan?
—Ez, andrea, ez; berri onak dakarzkit...
—Noiz arte, emakumea, egongo aiz esanaz «berri onak dakarzkit?» Esan itzan, bein betiko, berri oriek, nik jakin ditzadan.
—Nagusiya eldu da; La Capitana eldu da; portua, jendez betea dago; ango deadarrak! ango txaloak eta pozgarrizko oiuak! denak, atsegiñez zoratuak, dirudite...
—Bai ote? Ene Andre Birjiña Maria! nere senar maitea eldu da? Donostiyan dago? eta biotzak ez zidan ezer esaten! Zorionekoa milla eta milla bider gaurko eguna. Uste nuen, ez nuela iñoiz ikusiko! Urtetan aiñ aurreratua, eta beti itxasoan! beti etsai amorratuen artean! Baño, egiya da, Praska aditu dedana? Nola, noiz artu den berri maitagarri ori?
—Ni neronek ikusi det, andrea. Joana nintzan Donostiara aurrak eskolatik ekartzera, eta ikusi nuen jende asko Portu-alderontz joaten zala. Eskuadra Errealaren ontzi bat, jendearen iritziyan, abiatzen zan Portu-barrura. —Goazen, esan nien aurrai, ikus-zaletua, goazen ontzi on ikustera. —Gu portura eldu baño lenago, ontziyak aingurak botarik zeuzkan. Mariñel batzuek, aurrak nork ziran ezaguturik, eskutik kendu zizkidaten, esanaz: —Oien aitona oraintxe dator. Ots, eraman ditzagun ontzira; ongietorri obeagorik ezta izango segurki munduan On Antoniorentzat. —Ala egin zuten, eta jendeak ikusi zituenean aurrak ontzi-barrura sartzen, txaloka eta oiuka asi zan. Ni berriz, etorri naiz etxera berorri berri oiek emateko.
Bazirudien zerbitzari leialak denborarik bidean galdu etzuela. Bere kopeta izerdiz eta euriyaz arras bustiya, eta asnase estutua zeuzkan; gonak ura txirrian zeriotela, aztal eta oñ narru-gorriyak loiaz zikinduak egon arren, zearo agertzen zuten Praskak etxera lenbaitlen itzultzeko, naiz nekeari, naiz bide txanari etziola kasorik egin.
—Uste det, esan zuen Dama Mariak, nere biotza pozez lertzera dijoala. Diotenez, atsegiñak iltzen du; nola ni, bada, oraintxe niteke bizi? Baño... zer egin bear det? Portura joango naiz? Itxedongo diot emen? Itxedoten badiot, zenbat oñaze datorren bitartean! joaten banaiz, jende guziaren aurrean laztanduko gera... Zer lots aundiya neretzat, atso gaixo bat naizelarik! Zer erbaltasuna arentzat, humanta bat dala... Emen gelditzen naiz; estutu zaite, biotza!
Gaba da; odeitzarrak goiean, laño beltzak lurrean ikusten dira; illuntasuna alde guzietan. Leio zabaletatik sartzen dira barrura euri-jasaren txirristak eta itxaso aserratuaren orro izugarriyak!
Etxeko andreak agindu zion neskameari leioak itxi eta argiyak piztu zitzala, baño eginbear on bukatu baño lenago, Dama Mariak esan zuen:
—Ago ixillik, Praska; ezten entzuten ots aundi bat urruti? Gizonen irrintzi, oiu eta kantak dirudite. Begira, Donosti-aldera, begira!
Donosti-aldetik, argiera bizi bat ikusten zan; argiera hura geldi-geldika aurreratzen zan Manteo-tolareko baserrirontz, eta argi-elkarrekin, oi-ezbezalako iskanbilla bat zetorren; ala nola turmoia oñaztarrekin.
—Uste det, esan zuen neskameak, nagusiya datorrela eta jendeak atzetik darraikiola.
—Bai, ori da, Praska; ezten entzuten nola oiu egiten duten «bizi dedilla Okendo?»
Ikusgarri ustekabekoa! Emen atso zimurtuak; an, gizon azkarrak; piska bat urrutiyago, neskatx min-berak. Zar eta gazte, txiki eta aundi, aberats eta pobre, arrantzale, nekazari, alogerari, soldadu, itxas-gizon eta baserritarrak ibiltzen, mogitzen, aurreratzen, zabaltzen an dira, itxaso osdun eta naspillatuaren antzean. Oietako askok, argi-zutiyak dakarzkite; jende-taldearen erdiyan, gizon bat, adiñean txit aurreratua, illargia baño zuriago, auldua, nekatua, lurrerontz makurtua, ildakoaren antzekoa, zaldiz dator. Bere kaparen toles-artetan ume bat dakar. Aurrak, buru-gorritxoa estalkitik atereaz, esan eragiten dio jendeari: —Begira, nolako kabia egin duen aritz ustelduan uso zuriyak! —Beste illobak, soldadu baten besoetatik musuak eskuz igortzen dizkio ingurutakoai, eta jendea zalantzan dago, zeiñi geiago dio maitatzen, edo zar beneragarriari, arratsalde bat aomenaren eguzkiyaz gorritua dalarik, edo aurrai, egunsenti bat inozenziaren eta esperantzaren intzaz bustiya diralako.
II
Arras luze eta zabala da Manteo-tolareko baserriaren sukaldea, baño ezin kabitu dira gau onetan onera bildu diran jendeak.
Maia ongi ornitua dago janariz; ardo-napartarra zagietatik dario iturriaren ura bezela, eta ikustekoa zan bai! zenbat Peralta-zale bildu ziran sukalde ortan.
Okendo, maiaren buruan exeri da; eskuion, bere emaztea, ezkerrean bere illobak ditu; denak asetzen diraden bitartean, bi edo iru ogi-azal bustitzen ditu ardoan. Dama Maria izuturik, baño bere izu-ikarak beregan gordeta, tristiro ikusten ditu, nola senarraren aurpegiyan agertzen diran eriotza berealakoren aztarnak.
Bat-batetan denak isildu ziran, eta Miguel de Horma, Iruñaseme kapitan aomen aundiko batek, esan zuen: —Jakin nai dezute nola gertatu zan jazarra? Belarriyak idiki itzatzute ongi.
Zan egun bat eguzkirik gabea. Arkitzen eziran Franzia eta Inglaterrako itxas-aldeak; euri-auts-erre bat botatzen ziguten lañoak; ipar-aldeko aize bizi batek aurpegi eta eskuak autsikitzen zizkigun minki. Gure La Capitanaren bela apurrak aizeaz erabilliyak, arrano erituaren egoak bezela dardaratzen ziraden: ontziaren soldadu eta mariñel guziyak aitonatuak giñirudien, gure buru eta aurpegiko illeak apar zuriz estaliyak giñituelako.
Bezperan, ogeita bat ontzi Españatar, eun eta amalau bajel Holandarren kontra, zortzi ordu eta geiago peleatu izan ziran gogorkiro. Baño D. Lope de Hoces, bere jende geienarekin, su eta garren artean biziya galdurik, eta etsaiaren kopurua ain geiegia zalako, beste sei ontzi Españatar errendatuta, gure Armada sakabanatu zan, etsaiari kalte aundia egin arren, bada ordurako, Holandarrak galdu zituzen ogei ontzi. Onela, laguntzarik gabe, geratu giñan itxaso genasi artan.
Bat-batean, ixiltasuna urratu zuen boz batek: —Etsaia degu ezkerrerontz!
Itsasoaren zabaltasun urdiña, mantxa beltzaz estali zan. Ontzi holandarrak dira. Otso lapur, arrano arrapari, buzoka gosetien eran, belak aizez uanditurik, hereje madarikatu aiek datoz. Gertaera arrigarriya! armada oso bat, ontzi baten kontra! Orduan, norbaitek esan zion On Antoniori, obe zala Dunasko portura itzulzea. —Ez beza nai Jaungoikoak! —erantzun zuen On Antoniok—, nere aomena kutsutu dezadala billaukeri orrekin. Etsaiak ez dizkit ikusi nere bizkarrak oraindikan. Mutillak, emen ill bear degu! —Armada Holandarrak ausarze sinisteziñ ori ikustean, arritu zan lazki, eta asi zan bere sutunpadi guziakin gure La Capitanari erasotzen. Burniyak airea illunduta, ontziaren inguruan dinbi danba egiten zuten sutunpak; ura igotzen zan zeruetaraño: gu, aparraren odeien erdian, itsu eta gorrak genbiltzan. Soldadu eta itxas gizonak infernuko kazkarabar hura ikusita, asi ziran ikaratzen, eta jatxi ziran eskotillapera. Okendok oiu bat egin zuen, itxasoaren orroari gañez egin ziena, eta ezpata narrugorritua eskuiko eskuian arturik, igeslarien ondoren oien biotzak alaitzeagatik joan zan, eta asi zitzaien esaten onela: —«Adiskide maiteak! zergatikan iges egiten dezute? Zuen zañak ez daramate ia Españatarren odolik? A! zein erbal eta latxo dan zuen gogoa! Zortzi egun oraindik ez dira, etsai ori, agintari ori, bajel oriek ber-berak, gure La Capitanaren aurrean, iges egin dutela. Begira, eztegu beste erremediorik peleatzea baitzik, bada eguzkiya itxasoaren barrura eroriko da errazago, ni bizitzen naizen bitartean iges egitea baño. Ikaratzen zaituzte iltziak? Ilko gera gure Errelijio Santua eskudatzeko; ilko gera gure Errege eta Erreinuaren izen ondradua azken mallara igo-erazitzeko. Asko gudari dirala diozute?... Obe; onela, gure loriaren lekuko geiago izango ditugu. Utzi bildurra; ea, aurrera, nere mutillak!».
Soldadu eta mariñelak itzaldi sututsu au, aditu bezain laster, eskotillapetik irtenda, itzuli ziran, nor bere tokiya betetzera. Ikustekoa zan pesta hura! Burniya airean, illuntasuna zeruan, apar-zuriya baga ferdetan, mastillen sokak zart egiten, ontz oolak dardaratzen, berreun sutunpa sua botatzen, eta itxaso ezopeak bere orro izugarriarekin esaten: «emen dauzkat ura, odol guziya garbitzeko, ondarra gorpuz denak obiratzeko». Baño alper alperrik ziran etsaiaren kemen guziyak. Gure La Capitana goaraitezgarriyak, Holandako Armadaren, geiena alderatu zitzaiozkan ogei ontziak, galdu zituen. Holandarrak ikusirik beren indar guztiyakin ezin azpiratu zuala gure bakarra erabaki zuan azken erasoa emateko, abordatu bear zuala Okendoren ontzia. Onetarako paratu zituen La Capitana, Almiranta eta beste bi buke holandarrak. Baño, zer balio du beleak arranoaren parean? On Antoniok donario ederrean, bela apurrak izaturik, esan zuen:
—Geldi bedi bakoitza here lekuan; piztu itzatzute metxak.
Etsaia, alboratu zitzagun bezin prest, Okendok deadar egin zuen:
—Su! eta deskarga lodi bat La Capitanak botaturik, Holandarrak ozka, aiezka, oiuka, birauka, muzinka, errenka, zaungaka sakabanatu ziran itxas-lanbro-tartetan.
Zenbat txalo egin zituen jende ark, Hormaren itzaldia aditu zuenean, ezin esan liteke. Denak asi ziran deadarka: —Bizi bedi Okendo! bizi bedi La Capitana! Gure erritar aundiya bizi dedilla beti betiko!
Agure batzuek samurtasunez negar egiten zuten zokoetan, beren malkoak lotsagatik ez agiri naiez.
On Antoniok, Aralarko eta Hernioko elurrak baño aurpegi zuriago zeukan. Keñuak eskuakin egin zituen, denak ixil zitezen; eta itz oiek esan zituen:
—Biotz biotzetik eskerrak ematen dizkizutet, o lagun eta adiskide kutunak! Nik ere, asko maitatzen zaituztet. Etorri naiz beste eginkizunik gabe, nere azken agurrak zuei egitera. Ez dezute esan bear: «Bizi bedi Okendo»; itzala, autsa, ezereztasuna da gizona; aundiya izatea, Jaungoikotik dator. Ez nitzan izan ni, ez, Holandako eun ontzien, garailariya, ezpada Jaunaren esku guzialduna: aren laguntzarik gabe, ordu onetan, itxasoko arraien janariya izango giñan. Eskerrak eman dizazkiogun, bada, Euskaldun baten bitartez, ainbeste aomen Españari Jainkoak eman nai izan diolako».
Denak belaunikatu ziran eta jaiera irazekiarekin errezatu zituzten Aita gure eta Ave Maria bat. Beriala, Okendo jaiki zan eta esan zuen:
—Berandu da; bigar goizean irten biar det Coruñarontz.
—Nola? —Dama Mariak galdetu zion—; Donostiatik alde egiteko asmoak dituzu? Ezin liteke; eriya zaude, argala zaude. Geldi zaite emen, zure indar aulduak suspertu artean.
Emazte leialaren eta jende danaren ondo-esanak, erreguak, eta negarrak alper alperrik ziraden. On Antoniok eranzun zien leiatzen ziotenai:
—Agindu dit Erregek La Capitana eraman dezadala Coruñara, eta bear bada, nere obedientziya progatuko det illaz. Baño uste det Jaungoikoak indarrak emango dizkidala, Coruñan sartu arteraño; gero...gero... ai! Atoz nere besoetara, atoz nere biotzeko Mariya, nere bizitza osoaren lagun garbiya, nere argiya, nere eztiya, atoz! Zenbat aldiz itxasoko ekaitz eta jazarretan zure oroitzak diztiatu zuen neretzako, artizarrak baño geiago! Atozte, zuek ere, aurrak! Musu bat... eta beste bat... eta beste bat... eta milla, eta milla eman zaiozkazute zuen aitonari... Euskaldun onak izan zaiztezte... Ai ene! nai nuke ill emen! Agur nere aragiaren eta ezurren zatiyak!... Agur, Euskal-Erriya!
Itz oiek esanda gero, irten zan Okendo; bi malko agitz lodi begietatik zerizkanak, ezkutatu ziran aurpegiko ille zuri-zuri artetan. Nork ikusi du leoi portitza negar egiten?
—Ah gizajoa! —dio Dama Mariak—; eztet ikusiko sekulan.
—Aitona itzuli dedilla laster; eztegu nai joan dedin —diote aurrak.
Bitartean, Okendo abiatzen da portura; jendea dijoa bere ondoren; pozaren irrintz eta kantak mututu dira; beinik bein, «Viva Okendo» batek, gauaren ixiltasuna austen du. On Antonio triste dijoa Portu-alderontz. Zerua, atertu dalarik, izarratua dago; izar aiek, Okendoren koroaren arturgiyak dira.
III
Illabete bat igaro zan.
Corpus-Cristi eguna da.
Coruñako ezkilldorreak, errepikatzen daude. Etxeen balkoietan ikusten dira damatxo ederrak, aur alaiak, zaldun galantak, denak lumaz, sedaz, urrez, terziopeloz eta beste asko gauza baliosoz ederki apainduak; karriketan, emendik ara, behetik gora, jira-biratzen ari dira baserritarrak, itzulamilka, bulzaka eta ipurkadaka leku on bat artu naiez, prozesioa ondo ikusteko. Noizik beiñ, jende-taldeak kaiaren ondoan zegoen etxe aundi baten aurrean, gelditzen dira, eta goardia ematen duten itxas-soldaduai, zerbait galdetzen diete, eta erantzuera aditzean itzultzen dira zeruari begiratuaz eta aurpegi tristeakin.
Sart-gaitezen etxera. Gela aundi bat, illuna; bazterrean oe bat; oean, eri bat; oen gertuan, apaiz bat; eriaren eta apaizaren urrutiyago, argi bat mai-gañean ipiñia; orra, zer topatzen degun etxean.
Ezpañ zuriyak; sudur zorrotza; kopeta izerdi otzaz bustiya; masallak igor eta ubelduak; asnase estua ditu eriyak eriotza berealaxekoaren aztarnak agertzen ditu bere aurpegi ansiatuak. Iltzen dagoana, On Antonio Okendokoa da; apaiza, Aita Gabriel de Henao, kondairazalle famatsua.
On Antoniok begiyak idiki zituan, eta Aita Henaori galdetu zion:
—Zer esan dute sendagiñak?
Aita Henaok zizpuru bat egin zuen, baño itz bat erantzun gabe.
—Esan zadazu, arren, egiya. Badakizu, Aita, eriotza asko aldiz ikusi dedala nik gertuan. Ez nau bada batere ikaratzen.
—Samiña da egiya, baño ona. Sendagiñak diotenez, laster ikusiko dezu Jaungoikoa; laster irtengo zera mundu negargarri onetatik.
—A! aiñ urrean dago eriotza?... Nere Jaungoikoa, zure naia, zeruan bezala, lurrean ere egin bedi.
—Beti aundiya zera, On Antonio! Nik, gure salbatzallearen izenean, diotsut: zorionekoak negar egiten dutenak, bada poztuak izango dira.
—Aita, ez nago oraindik sensurik gabe, eta nai det artu azken oleazioa beriala. Aita, lagun nazazu Sakramentu konsolagarri orrekin.
Olio-santuak erakarri zituen Aita Henaok, eta Okendoren lagunak, La Capitanaren soldadu eta agintariyak, sartu ziran gelara; denak zeramazkiten kandela irazekiyak eskuetan. Itxas-gizon aiek, aizez, ekaitzez, eguzkiz eta perillez gogortuak egon arren, beren ezpañak autsikitu zituzten ez sollozatzeko.
Azken oleazioa artu ondoren On Antoniok esan zuen:
—Aita, mesede aundi bat eskatzen dizut. Urkamendira eramaten dutenai ere, beren azken gogoa egiten dieztee.
—Esan zazu nai dezuna. Guziyak emen gaude zu zerbitzeko, ala arimaren gauzetan, nola gorputzekoetan.
—Badakizu, aita, ogeita bost egun oietan sukarrak odola irakin egin didala. Egarriyak itotzen nau; barruneko suak kiskaltzen dizkit erraiak. Agonia luze onetan, gogo bat bakarrik izan det, gau eta egun; ur preskoa edatea. Sendagiñak debekatu zidaten, esanaz, ur preskoak kalte aundia egingo zidala. Oraintxe, iltzera noa, eta ez ur preskoak eta ez beste gauzarik kalte aundirik ezin egin dizadake. Eman zadazu, arren, azken pozkida ori.
Aita Henaok, bertatik, eskeñi zion baso bat urez betea.
—A! zoratzen ari naiz! Ur preskua, ur garbiya!... Euskal mendietako ura dirudi. Uraren bitartez, mendi berdeak, baserri zuriyak, baso orritsuak, nere biotzeko Manteo-tolareko etxea dakuskit... Atoz, ur konsolagarriya, ur opatua, ur benedikatua!
On Antoniok artu zuen edan-ontzia, eta alderatu zuen ezpañetara; baña edan baño lenago, eskua beeratu, eta esan zuen:
—Zer? gure Salbatzalleak kurutzean «egarri naiz» esanaz, Judu zatarrak eman zioten beazunez nastutako ozpiña edateko, eta pekatari aundi bat naizelarik, emango diot nere buruari zeru eta lurraren jabeak izan ez zuen atsegiñ au?
Eta botatu zuen edan-ontzia lurrera, non puskatu zan osotoro.
—A, On Antonio, berriz eta berriz esango dizut Salbazallearen agintz eztiya; zorionekoak negar egiten dutenak, bada poztuak izango dira.
Une onetan, prozesioa Elizatik sorturik, Flandesko Eskuadra Errealaren sutunpak, asi ziraden disparatzen, eta etxe osoa dardaratu zan. On Antonio oean eseri zan, eta eriotzaren zotiñez ia larritua, deadar egin zuen:
—Etsaia dator... itxas-gizonak, nigana!... La Capitana perillean dago... ez dizkio ezarriko bere atzaparrak... prest zaude... para itzatzu sutunpak... gure alde Jaungoikoa badegu... aurrera mutillak... Bizi dedilla España... aurrera... aurre...
Baño ezin zezakean bukatu: azken ansiyak estutu zuen eta erori zan burupe-gañera. Jesu-Kristo gurutziltzatuaren imajiña bat alboratu zion Henaok. Musu eman zion, eta ill zan.
—Jaunak, On Antonio Okendokoa ill da —esan zien gelakoai Aita Henaok. Ill da Santuen gisan zorion aundi bat gerrari batentzako!
* * *
Orra, Jaungoikoaren eta Fueroen arbolaren azpian jaio zan baten bizitza eta eriotza.
Zeiñ izango dira gureak, Euskaldun-gaztelatarrak?
1883
|
|