|
DENBORA ANTXIÑAKOEN ONDO-ESANAK
Octaviano,
Munduko jauna,
Lekobidi
Bizkaikoa.
(LELO KANT)
Nere ama eta amona andre A. de J. eta G. de J. maiteai
Gaba zan. Egun argan berean lege gogor, kaltegarri eta bidegabe batek zoriontasun eta onorea Euskaldunai kendu izan ziezten. Ni, etxe-balkoian sostengatua, Kastillako zelai latzari begira nengoen. Negar-malkoak nere aurpegiya bustitzen zuten, eta biotz gaisoak, miñaren ezpat zorrotzaz zulatua, oiuka eta aiezka bere aserre biziya agertzen zuben. Ah! zeiñ ederrak ikusten ziran illargi ta izarrak zeru garbi urdiñean! eta bitartean, zenbat suspiriyo, atsekabe eta illuntasun Euskal-erri maitearentzat! Ai! —nigan esaten nuben tristiro— gaur dena galdu da; danbolin-soñuak, artzai-irrintziak, neskatx-panderoak, erromeri-tuntunak, ola-dunbotsak, betiko ixildu dira Euskal-erriko mendietan. Onen ordez, ama guziyak ikustean beren semeak urteoro lapurtu dizaieztela, esango dute:
—Nun dira oraiñ fueroak? —Eta nik, orregatik, galdetzen det orain: Nola salbatuko gera, Jaun-Jaungoikoa, gu Euskaldunok?
Bat batetan, zuriz jantziya, lorez koroatua, eguzkia baño dizdizariagoa, etorri zan Aingeru bat, zeruko usoa bezala, nere aldera, esanaz: —Ez ikaratu; atoz nerekin: denpora antxiñakoen Aingerua naiz; nik erakutsiko dizut tranze estu ta larrietan zer egin oi zuten zure asabak. Nai dezu, ori ikustera, nerekin etorri?
Baietz, nik erantzunik, aingeruak, ama batek bere aurtxoa artzen duen bezala, artu ninduen, eta zabaldurik bere egal zuriak asi zan egaka autsirik zeru urdiñaren zabaltasuna.
Goiz errañuak mendi tontorrak urreztatzen dituztenean, txoriandra, lur illuna utzita, igotzen da zeruraño argiaren billa; eta gu ere, txoriandra baño ariñago, gijoazen antxiñako denporai bere goarpea ateratzera. Ez det iñoiz aztuko Aingeruak neraman bitartean ikusi nubena! Nere buru-gañean, zeru izarratua, Jaungoiko almentsuaren lanik ederrena; azpiyan, lurra, gizonen ziega eta glori betikoerako bide negargarriya. Emen zillarrezko ibai bat: an mendi goi batzuek; piska bat urrutixiago arkaitz idorrak, baso larratsuak, ujol apartsuak, ibar beltzak eta beste asko gauza naspillatuak, eta urruti urrutiago ere itxaso zabal ekaizdun eta mugikorra.
Bost ordu eta geiago egatu ezkero, tximista odoietatik erortzen dan moduan, jetxi giñan gu ere lurrera. Lanbro lodi batek inguruko leku guziyak estaltzen zituen, baño aize mee, garbi eta lurrinduak, esaten zidan: —Poztu zaite, Euskal-errian gaude.
Aingeruak, bere bi eskuak zerura altxaturik, ots egin zuben: —Euskaldun illak, esna zaitezte; zuen obietatik jaiki zaitezte; atozte kanpora.
Itz aiek esan bezain laster, lanbroa urratu eta bereala agertu zan zelai bat basoz eta mendiz ingurutua. Orra, orduan ikusi nubena!
Jende talde batek, aritz adartsu eta azkar bat ingurutzen zuben; an gizon, emakume, mutill, neskatx eta aurrak ikusten ziran, denak abere basatarren larruz estaliyak. Gizonak, Kantabroen ezpatak zinzilika soñeko beltzen gañean, ille luzea lotu gabe bizkargañean, eta oñ zabalak abarkaz estaliyak; emakumeak berriz soñeko zuriyakin, ille txirikordatuak bizkarretik bera eta oñ utsean.
Gizon eldu aritz itzalpean zegoen batek arbola-sustraiak eserlekutzat zituen. Bere soñeko, zai-makill eta abarkak artzaienak dirade; baño bere aurpegi eta era jakintsuarenak dira.
Agurearen aurrean, Erromatar gerrari bat beste askoz ingurutua, zegoen zutik, beren urrezko arma eta lantzak diztiatzen zutela. Gizon arrotz aiek, beren jantzi eta arma baliotsoakin Erregeak ziruditen Euskaldunen ondoan.
Agure eta gerran ark luzaro mintzatu zuten latiñez elkarrekin, eta azkenean, arrotzak bilorruski bat agertu zuen, esanaz: —«Ara, Erromako buruak zer dion», eta asi zan irakurtzen bereala era onetan:
«Octaviano, munduko Jabe eta Erromako Enperadoreak, Utxin-Tamaio, Begaiñ-Arrakill, Lekobidi, Lartaun, Zara, eta euskaldun buruzagi eta andizki gañerakoai, osasuna. Jano jainkoaren elizateak beindik betiko itxitzeko ordua etorri da. Jainkoak nai dute Enperadore jainkozkoen aginte-pean bizi dedilla mundu osoa. Asia, Afrika, Europak, badaramate erromatar uztarria, baño Hispaniako bazter urrutietan, berari zor diona pagatu eta eman gabe, dierri txiki bat batek bakanik betirauten du. Ni, jainkoen gogoak betetzeko jaio naiz. Orretarako, soldadu talde oñez eta zaldizko aundi bat bildu det Kantabriako itxas-kostetan. Ala ere, mundu osoari agertu nayian nere kupida, guda asi baño len bialtzen dizutet oliboaren erramua.
»Luzio Serjio, gizon argi eta txit jakintsu, nere mandatariak, esango dizute nola iritxi daiteken Erromaren adiskidetasuna. Nik eskeintzen dizutet bakea; ar zazute bada, o Euskaldunak! Bestela, ez dira ikusiko Euskalerrian ilkintz izugarri eta ondamen negargarriya baizik.
»Jupiter Kapitolinok gorde ditzala zuen biziyak. Portu-Victorian Martxoaren iduetan, gure Konsuladuaren zortzigarren urtean. Cesar Augusto, Enperadoreak».
—Zer? Utxin Tamaio, eskutitz zital ori irakurtzeko bildu gaituzu?, —otsegin zuben gizon azkar batek—. Tximist eta turmoiak! Ni eta nere guraso eta aurrekoak beti bizi izan gera uztarririk gabe mundua mundu danetik, eta nik, era berean, nai det ill.
—Bai, bai, Begaiñ Arrakill. Guk ere zuk bezala uztarririk gabe nai degu bizi ta ill, —deadar egin zuten batzarrekoak.
Utxin Tamaiok, keñu bat esku eskuikoarekin egin da, esan zuben:
—Adi nazazute, anaiak: oraindik ez det bukatu. Euskaldun gaiztoa ote naiz?
—Ez, jauna, ez; barka zaguzu.
—Nik itzegin det Erromako mandatariyarekin, eta orra zer dion:
«Euskaldunak Erromako Enperadoreari emango dizkiote urteoro zortzireun mutill azkar eta berreun neskatx eder: Mutillak, indartsuak diralako, Enperadore jainkozko gorputzaren soldadu zaitzat, eta neskatxak berriz, Enperadorearen emaztearen zerbitzaritzat. Batzuek, Erromako nagusiaren bizi estimagarriya gordetzen, besteak jauregiko zikinkeriak garbitzen, artuko dute —Erromatarrak dionez— lurrean dan onorerik aundiena.
»Nola, Euskaldunak, ez zerate poztutzen berri onekin?».
Orduan iskanbill aundi bat sortu zan jende artetik, eta denak oiuka, irrintzika eta txistuka asi ziran. Jendea isildu zanean, Utxin Tamaiok itz egin zuben onela:
—Adi zazute, arren, anaiak, Erromatarrak diona. Orrez gañera, Enperadoreari eman bear dizkiogu, urteoro ere, sei milla zillarrezko diru, eta bosteun idi, eta bi milla ardi, eta laureun bei, eta zortzireun urde, eta...
—Eta illargia edo eguzkirik ez? —galdetu zion artautsirik Begaiñ Arrakillek.
—Geiago, geiago ere, anaia, (eta au, eskatzen du beindik betiko); eman bear diogu gure arbola beneragarriya.
—Zergatikan gizon bidegabe orrek ez dizkigu eskatzen gure bularreko biotzak eta gure sabeleko erraiak? —esan zuben Lekobidik.
—Kanpora Erromatarra, kanpora, —deadar egin zuten batzarrekoak.
—Oraindaño entzun dituzute leoiaren itzak: orain datoz azeriarenak; aurki otsoarenak. Gu, Erromatarren agintepean jarri ezkero, izango gera txit zorionekoak, mandatariyak dionez. Gaur bizi gera basurdeen gisan mendietan, bigar biziko gera aberats eta aldunak urietan; gaur, larruz jantziyak gabiltza, bigar ibilliko gera sedaz ederki apainduak; gaur txaboletan bizi gera, bigar jauregietan; gaur jakiñezak gera, bigar jakintsuak. Sar gaitezen bada urrezko kaiol orren barruan!
Bestela, Cesar Augusto etorriko da bere soldadu-talde aundiakin, eta gizon-emakumeak illaz, aur-neskatxak salduaz, txaolak erreaz, landariak ateriaz, Euskal-erri guziya ondatuko duela bere izena borratu arteraño! Esan zadazute oraiñ, lagun maitiak, zer egin bear degun.
—Ill, ill —denak deadar egin zuten, eskuak zerura altxatuaz.
Itz au zartatu zan turmoi burrunbadaren antzean; oiarzunak esnatu, mendiak dardaratu, arriak zarrakatu, basoak ikaratu eta ibaiak Pirineo zurietatik itxasoronz saltoka amildu ziran, esanaz: «Ill, ill, Euskaldunak».
Utxin Tamaiok, altxaturik orduan, latiñez esan zion Erromatarrari:
—Erdalduna, zoaz emendik ta esan zaiozu zure nagusiari, mutill, neskatx, diru, idi, ardi, bei, urde eta gañerakoen billa etorri daitekela; guk itxedoten diogu gure mendietako burniak eskuetan arturik.
Erromako mandatariyak, biziro aserraturik, orzkatu zituen bere ezpañak, eta:
—Itzuliko gera, o zorigaiztoak —esanik— joan zan bere soldaduaz jarraitua.
Ez da erraz esatea zenbat Euskaldunak poztu ziran Erromatarren joatearekin. Ordea, Utxin Tamaioren bekokia illundu zan.
—Agintari ohoragarriya, esan zaguzu zerbait; danok nai degu zure boza aditu —esan zuben Begaiñ-Arrakillek.
—Ene semeak, erantzun zion Utxin Tamaiok, ez dezaket, nastua nago; atsegiñak itotzen nau ta oñazeak biotza erdiratzen dit. Badakit Euskaldun onak zeratela... baño Euskal-erri doakabea!
Eta agureak, itz oiek esanda, bere soñekoak urratu zituen.
—Esan zaguzu, arren, zerbait, —askok berriz esan zioten—. Zergatik zure begiai malkoak dariote?
—Nigar egiten det, ikusten dedalako Euskal-erriaren ondamena datorrela. Elkarterik gabe indarrik ez da. Kanpotikako etsaia txit aundiya izanik, oraindikan ere etxe barruan besterik daukagu. Denbora batean, Euskaldun guztiyak anaiak ziran; bake gozoan bizitzen zan gure mendietan; gaur etsaiak gera, ura eta sua bezala. Eta nik, zartu ta erdi-illik, ikusiko det nere erri maitiaren galera, ala nola artzai gal batek ikusten duen bere artaldea otso lapurragatik triskatua .
—Ez orrelakorik, ez, jauna, ni bizi naizen artean; esan zuen agure urtetan txit aurreratutako batek, irtenik jende talde artatik eta joanik Utxin Tamaioren ondora. Gorputz makurra eta bizar luze zuri-zuri gerrirañokoa zituen; segurki etzan Euskal-erri osoan beste gizon bat hura bezin zarra eta tristiagorik.
—Atoz, atoz, Zara, baldiñ badezu biotza, —ots egin zuben.
Itz oek adituta, denak ikaratu eta isildu ziran.
—Salba gaitzazu, Jaungoikoa! —esan zuben beregan Utxin Tamaiok.
—Zara, Zara, atoz! —ots-egin zuben berriro agureak; nik Lekobidi, Leloren aitak, itz egin nai dizut erri guziaren aurrean.
Orduan, gizon alai eta ornitu bat, ogei ta amar urtekoa bezelatsu, alderatu zitzaion, eta besoak gurutzeturik, esan zion:
—Emen nago, itz-egin zazu, jauna.
Lekobidi, Zara ikusi zubenean asi zan ikaratzen, eta lurrera ez bazan eroriko, Utxin Tamaioren zai-makillan bere gorputza sostengatu bear izan zuben; baña gero doi-doia susperturik, itz-egin zion onela:
—Antxiñako oroipen belzak, atozte laster gogora, ez lurrak, izutzeko, ezpada etorkizunaren onerako! Adi nazazu, Zara.
—Lelo nere seme kutuna eta zu, adiskidetasun aundian bizitzen ziñaten. Bein batean, joan ziñaten biak Urbasako mendietara eizera, eta gabean, agitz nekatuak eta edurrez bustiyak, Arañazko gazteluaren ateetan jo zenduten ostatu eske. Begaiñ-Arrakill gazteluko jaunak agindu zuben ateak idiki zizazkizutela, neguko gau otz hura estalpean igarotzeko. Sartuta sukaldean, nun arbola osoak erretzen zeuden, ezagutu zenduten Begaiñ-Arrakill jauna txit altsu eta aberatsa zala, jende asko an zalako. Menditar aien artean, neskatx eder lirañ bat, illargiya baño zuriago eta eztiya baño gozoagoa, zegoen iruñten. Eseri ziñaten su alboan soñekoak legortzeko, ta orduan neskatxak, ontzi bat arturik alderatu zitzaizuten, eta «ongi etorriak, jaunak» esanaz, garbitu zizkizuten oñak.
Begien itxi-idiki batian, biak erokiro maitatu zenduten. Amore negargarriya, ainbeste ondamen ekarri zubena!
Usoa zeritzon neskatx arek Lelori eman ziozkan bere biotz eta eskua.
Orduan, orduan bai, Zara, zure animan gorroto eta inbidiya sortu ziran. Eztaien pesta aundiak bukatu baño len, gabaz nere semearen etxean sartu ziñan, eta bera lo zegoela, ill zenuen eta ebatsi zenion bere emaztea. Legautsi izugarriya!
Lelo Bizkaiko Jaun zan orduan bi urterako, Batzarrak kondenatu zinduen iltzera; baña zuk, aide eta adiskidearen laguntzarekin, mezprezatu ziñituen batzarrearen lege guztiyak. Ordu ezkeroztik etorri dira gure gain ainbeste kalte.
Nik, menderatzeko Lelo nere semearen eriotza, bildu nituen nere zerbitzariyak, eta zure etxea erre, zure artaldeak lepo-moztu, zure alorrak desegiñ, zure basoak ebaki, eta azkenean, zure bost anai itsasita urkatu nituen bere amaren etxe-aurrean. Egite negargarriya, zurea baño txikiagoa, aundia izanik ere.
Berri oiek aditurik, Euskal-erri osoa nastu zan. Zure alde Araba Ipuzkoa eta Bizkai-erdia; nere aide, beste Bizkai-erdi, Naparroa eta gañerako euskaldunak, armak artu zituzten. Orduandanik, gure artean alkar-arteko gerrak badirau. Madarikatua izan zaite Leloren erallea!
Baña ez; eroa nago. Barka nazazu, arren. Euskal-erriaren onerako aztu gaitezen egun igarotakoaz. Nik ere, bidegabeak egin dizkitzut... barka nazazu, arren, Euskal-erriaren izenean. Eman zadazu eskua; musu eman nai dizut, eta nere semearen odola balu, nere negar malkoak garbituko dute.
Eta Lekobidi belaunikatuta asi zan Zara-ren eskuari musu ematen.
Ikusgarri miragarriya! bere semearen erallearen eskua musu ematen duen aita bat!
Batzarreko guztiak negar egiten zuten, eta zerua, odolez illundu zan, hura ez ikusteagatik.
Zarak, bere bi eskubaz aurpegiya estali zuben; bere bularra zizpuruka gora eta beera zebillen, ola baten auspoa bezela. Azken azkenean, deadar egin zuben:
—Barka nazazute, Euskaldunak. Ni errudunik aundiena naiz. Baño zu, aita gaisoa, jaiki zaite autsetatik, ez da on zure lekua, eta utzi zadazu zure oñai musu ematen.
Zara makurtu zan auspez jartzeko, baño Lekobidik, altxaturik, eragotzi zion, esanaz:
—Atoz nere besoetara, ene semea! Elkar gaitezen denok Erromatarren kontra.
Eta bi etsaiak laztandu ziran.
—Elkar gaitezen denok, elkar gaitezen, pozez beterik ots egin zuten batzarrekoak, eta etsaitasunari azken agurrak emanda, baita ere laztandu ziran.
Ber-berean, emakume eder gazte bat arkaitz gañera igo zan, eta urrezko arpa bat jotzen asi zan;
—Ixo, ixo —esan zuben Utxin Tamaiok—: adi dezagun Aitorren alabaren kantua.
I
—«Otsoak —Aitorren alabak kantatu zuben— otsoak basoetan biltzen dira; gosiak datoz janariaren billa, eta beren marruaz inguruko oiarzunak esnatzen dituzte. Gaur gabean, arzaiak lo egingo balute, artalde guziyak ondatuak izango lirake. Baña etxeko jauna, bere atearen aurrean zutik ernai dago, iriki ditu belarriak, eta zorrozten ditu aizkor eta geziak Gorbeako aitz eta arrietan otsoak iltzeko. Ez dira, ordea, otsoak eldu diranak, ezpada Erromatarrak».
II
«Zer nai dute gizon arrotz oriek gure mendietan? Etortzen dira gure ondra eta libertadea apurtzera. Aiek diote gure neskatxak ederrak eta gure mutillak indartsuak dirala; orregatik mundu jabearen zerbitzorako eraman nai dituzte. Euskal libertadeen arbolak munduari esaten dio: "agitz beldurtia zera", orregatik nai dute ebaki. Atzera, Erromatarrak! Jaungoikoak mendiak egin dituenean nai izan du gizonak etzitzatela irago».
III
«Eldu dira! eldu dira! zer lanzazko sasia! Aien kontzatzea denboraren galtzea litzake! Gu gitxi gera, baño batasuna egiñezkeroztik, ez diogu iñori bildurrik».
IV
«Erromatarrak burniz estaliyak gorputzak dakazkite, gureak billosak daude. Igo gaitezen goietara. Errotik atera ditzagun arkaitz oriek; amildu ditzagun mendio beera, beren buruen gañera. Lertu ditzagun, eriotzaz jo ditzagun. Eta gero, Erromatarrak iges egiten dutenian, jatxi gaitezen zelaitara eta jo ditzagun gure ezpat laburraz sabelean, gogor sabelean!».
V
«Begira, Euskaldunak; illargiya, bere argi zillarreztua dariola ageri da zeru urdiñean; eska zaiogun Jaun Jaungoikoari, salba dezala Euskal-erriya elkartasunaren bidez».
Belaunikatu ziran denok eta auspez jarririk, igo zan zeru goitsuetaraño otoitz bat, itxasoaren surmurraren gisan.
* * *
Orra emen, Aingeruak erakutsi didana.
«Aditzeko belarririk dituenak, aditu dezala».
Iruñen, Abenduaren 14-garren egunian, 1881-garren urtian
|
|