|
HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO ZORTZIGARREN ERREMEDIOA: MIHIAZ KONTU EDUKITZEA
KAP. XLII
258 Baldin bistaren portaleari eduki behar bazaika begia, eta egin guardia, segur da etzaikala gutiago egin behar gustuarenari. Hain ongi eduki behar da kontua bataz nola bertzeaz. Eta gustuaz mintzo naizenean, mintzo naiz ahoari ukitzen zaitzan gauza guztiez: hala mihiaz eta minzatzeaz, nola ianaz eta edanaz.
Lehenbizikorik behar da banoki, ergelki, arintki eta desonheski minzatzetik begiratu. Zeren Iondone Paulok dioen bezala: Corrumpunt bonos mores, colloquia mala (1 Cor. 15). Solhas gaixtoek galtzen dituzte aztura onak. Eta erraiten dute filosofoek ere: Voces sunt signa conceptuum. Mihiak deklaratzen du zer dadukan bat bederak bere gogoan eta bihotzean. Nor nola mintzo baita kanpoan, hala ohi da barrenean. Zer baitaduka gogoan, hura aipha nahi du iendartean, mihia da bihotzaren mandataria, mihian da ezagun nor den bat bedera, eta bai nongo den ere. Iondone Petri ezagutu zen bezala.
Eskusatu behar dira eta gibelatu hitz alferrak, arinak, iokolariak, dostailluak, eta guztien gaiñetik desonhestak, banoak eta ergelak. Zeren hek iratzartzen dute lo datzana, eraikitzen dute ihizia eta eragiten behar eztena. Hek dira su pitzgarriak, eta elkharrekin trebatzeko bideak. Halako hitzetarik behar duzu eskusatu zeure mihia, baldin nahi baduzu begiratu emaztètarik zeure burua.
§ 1
259 Halaber begiratu behar duzu emaztèkin sobera solhastatzetik, konbersatzetik eta hitztun izaitetik. Zeren heken konbersazioneak eta solhasak berekin du eztia, berekin du balakua, linburtzeko okhasinoa, eta bai elkharri lotzeko kola, biska eta lekeda ere.
Emazten artean dabillanak, hekin solhastatzeaz atsegin hartzen duenak, eta guztiarekin ere eztela erortzearen beldur erraiten duenak, sinhets arazi nahi du, eztela haragiz egina, eztela gizona: edo sua golkhoan gorderik, arropei lothu gabe erabil dezakeiela: edo ikhatz bizien gaiñean orthusik, oin-zolak erre gabe, ibil ditekeiela (Vid. Basil. de constit. monast. cap. 4). Ordea erraiten du Spiritu Sainduak eztela posible hala egitea: Numquid potest homo abscondere ignem in sinu suo, ut vestimenta illius non ardeant? aut ambulare super prunas ut non comburantur plantae eius? Sic qui ingreditur ad mulierem (Prov. 6). Emaztèkin ibiltzea eta kalterik ez errezibitzea, suan erre gabe egoitea bezala da. Nor nahi den, eta nolakoa nahi den zarela: zaren handi edo ttipi: zaren debozinoz eta intenzione onez bethea; finean, zaren zeure ustez harria baiño gogorrago eta urrea baiño finago, baiña emazteak bere hitz leunaz, solhas garaziatsuaz, eztiaz eta emeaz, beretakotuko zaitu, zentzutik atherako, liluratuko eta bertze aldera itzuliko zaitu. Zabiltza errota hartara: irina lothuko zaitzu; hurbil zakitza: kutsatuko zaitu. Halatan erraiten du Iondone Paulok: Fugite fornicationem. Ihes egizue emaztètarik, haragiaren bekhatutik, ibenzue zuen eta okhasinoaren artean murru bat, ez elkhargana hurbil. Eztu erraiten Iondone Paulok, bertze bekhatuez bezala, emaztètako bekhatuari defenda gakitzala: eztu erraiten harmetan mokhoz-mokho iar gakitzala, baiña dio, fugite, ihes dagigula (Vid. Aug. de honestate mulier. cap. 1). Erran bailleza bezala: bertze bekhatu guztiei behar gatzaizte, Iainkoaren faborearekin batean, kontratu eta defendatu, baiña haragiarenari ihes egin: halatan behar dugu garaitu eta biktoria erdietsi. Zeren bertzela, hurbilduz gero, elkharganaz gero, solhasean bakharrik iarriz gero, gaitz da kutsatu gabe gelditzea, sarean sarthu gabe itzurtzea.
260 Ezta zuhurtzia, izurria den lekhura, erremedioetan fidaturik, ioaitea. Alde egizu, ihes egizu, hura da ez izurriztatzeko erremediorik hoberena eta segurena. Bada emaztètako bekhatua izurriaren pare da, kutsuz doha, asko du ukitzea, asko du hurbiltzea. Har dezagun beraz Iondone Pauloren konseillua, dagigun ihes, ezkaitezilla okhasinota sar eta ez iar.
Lehenagoko enperadore gaixto heken denboran, hetarik ihes egiten zuenak galtzen zuen martirioaren palma eta koroa. Koroa hura erdietsiko zuenak, martir izanen zenak, etzuen ihesik egin behar. Baiña diferent da kastitatearen ez galtzeagatik, ihes egitean: ihes egite hura, okhasinotan zarenean, zeure buruaren begiratze eta bortxatze hura da martirio eta martir izaitea. Hala erraiten du San Agustinek: Nemo dicat, fratres mei carissimi, quod temporibus nostris martyrum certamina esse non posunt; habet enim pax nostra martyres suos; nam libidinem fugere, pars magna martyrii est (Aug. sermo 240 de temp.). Ezterrala nehork, ezen orai gure denbora hunetan ezin datekeiela martirik; badira bai orai ere martirak. Zeren haragiaren aphetitu desordenatuen benzutzea, emaztètarik ihes egitea, eta bere buruaren hetarik begiratzea, balentia handia da eta martir izaitea.
§ 2
261 Ordea zergatik erraiten da, bertze bekhatuak defendatuz eta kontrakarrean iarriz, behar ditugula garaitu, baiña haragiarena ihes eginez? Lehenbiziko arrazoiña: zeren gizona eta emaztea, sua eta istupa bezala baitira. Beraz eztira elkharrekiko on; hurbiltzen badira, eztira. ezta segurantzarik, apart egoitea da hoberenik. Bigarren arrazoiña: zeren ezpaita on, hurbiltzeaz indar hartzen duen etsaiari alderatzea. Hala da bada haragia eta haragiaren bekhatua. Zeren gure haragia lehen geldi eta sosegu onean zegoena, bertze haragiagana hurbiltzeaz pizten da, ernatzen da, indarrean sartzen da, etsai bihurtzen da. Eta nola errege batek herabe bailluke bere etsaien kontra guduan eta konbatean sartzera, liakienean bere soldadu propioak bere traidore dituela, bere kontra iaikiko zaitzala, hala behar dugu guk ere izan herabe haragiarekin ihardukitzera eta gerlan sartzera. Zeren gure haragia, traidore bat bezala, gure kontra iaikitzen baita.
Arrazoin haur emaiten du aditzera eta bai deklaratzen ere San Tomasek, erraiten duenean: Peccatum semper est fugiendum; sed impugnatio peccati quandoque est vincenda fugiendo, quandoque vero resistendo. Fugiendo, quando continuata cogitatio perseverans, auget incentivum peccati, sicut accidit in luxuria. Resistendo autem, quando cogitatio perseverans tollit incentivum peccati sicut accidit in omnibus peccatis praeter luxuriam (S. Thom. 2-2ae q. 35 art. 1 ad 4). Bekhatutik bethi behar da ihes egin, baiña bekhatuaren akhometamendua, narritamendua, eta tentamendua, batean behar da ihes eginez eta apartatuz garaitu, eta bertzean defendatuz, kontra eginez, eta borrokatuz. Baldin defendatze hartzaz eta hartan pensatzeaz, gutitzen bada bekhatuaren tentamendua, nola egiten baita haragiaren bekhatuaz bertze bekhatu guztietan, orduan hobe da defensan iartzea eta tentamenduaren kontra borrokatzea. Baiña baldin defendatze hartzaz eta hartan pensatzeaz pitztenago bada sua, eta handitzenago tentamendua, nola egiten baita haragiaren bekhatuan, orduan behar da ihes egin, eta ez nola defendatuko den gogoetan iarri, zeren gogoeta hura bera da su pitzgarri.
Eta ihes egitea da, hartako okhasinoetarik, solhasetarik, inkontruetarik, eta gogoetetarik begiratzea. Zeren dirua ezta segur ohoinak diren lekhuan; ez ardia otsoen artean; eta ez istupa suaren aldean. Gauza perilosak dira hauk elkharrekiko, eta bai gizona eta emaztea ere berak bakharrik bi bian egoiteko.
§ 3
262 Baiña oraino bi bian egoiteaz, halako perilik ezpaliz ere, bada bertze arrazoin bat, emaztètarik apartatzeko, heken artean ez maiz ibiltzeko, eta solhasean ez sobera egoiteko, zein baita exenplo onaren emaiteko, eta eskandaluaren eskusatzeko dugun obligazinoa. Ezta asko zeure konzientzian barrena kasto, garbi eta onhest izaitea, baiña kanpoan ere, eta munduaren alderakotzat ere, hala behar duzu izan: Providentes bona, non tandum Deo, sed etiam coram omnibus hominibus (Rom. 12). Bere arauaz, Iainkoaz bezala, munduaz ere, barrenekoaz bezala, kanpokoaz ere, egin behar da kontu.
Ongi heldu da pontu hunetara emazte prestuaz Spiritu Sainduak dioena: Quaesivit lanam et linum et operata est consilio manuum suarum (Prov. 31, 13). Bilhatu zituen illea eta lihoa, eta biak bere eskuz landu eta obratu zituen: illea kanpoko, eta lihoa barreneko. Lege Zaharreko Arka famatu hura, urre finez kanpotik eta barrenetik urraztatua zen. Deaurabis eam auro mundissimo intus et foris (Ex. 25). Zeruko Esposoak biatan deitzen du ederra bere esposa: Quam pulchra es amica mea, quam pulchra. Aditzera emaiteagatik, giristino on izanen denak, kanpoan eta barrenean, bietan behar duela eduki kontu eta ardura.
Gizon bat, maiz bakharrik eta premia gabe emazte batekin egoiteak, emaiten du okhasino bekhatu eragiteko, eta gogan behar arazitzeko, badela heken artean behar ezten zenbait ezagutza eta amorio desordenatu.
Nahi eztuenak erraizunik, eztemela okasinorik. Nahi eztuenak dei dezaten otso, eztezala, iauntz otso-larrurik. Nahi eztuenak ilkhi dadin kherik, eztagiela surik. Lege zuzenean ordenatua dago, asko dela frogantzarik emazte baten gaixtotzat emaiteko, gizonarekin bakharrik, ez orenean, eta hartako lekhuan edireitea.
Zeren aieru hek, itzal gaizka ibiltze hek, baitira frogantzarik asko, gogan behar arazitzeko. Beraz hunelatan ezta asko intenzione ona izaitea, baiña behar da bekhatu eragitzeko eskandalua eta okhasinoa ere eskusatu eta khendu.
263 Naturalezaren aldetik denaz bezanbatean, eztaude behin ere elkharrekin segur, gizona eta emaztea. Asko da gizon eta emazte izaitea periletan izaiteko eta egoiteko. Eta tentatzaillea ere eztatza behin ere lo: hark eraikitzen du erbia, pitzten du sua, gogoratzen du bekhatua, iratzartzen du haragia: eta iratzarriz gero, gaitz da lohakartzen: gogoa airatuz gero, gaitz da sosegatzen eta bere lekhura bihurtzen (Vid. Chrys. serm. contra concub. Tom. 5).
Zuhurtzia handia da, emaztèkin ezagutzatan ez sartzea norbere lekhuetan egoitea. Zeren behin elkhargana abiatuz gero, gaitz da handik pitzten den suaren iraungitzea: eta bai halaber iendearen ixilik edukitzea. Lehenbizian errax da emaztèkin adiskidetzetik eta trebatzetik begiratzea, solhasean barrena ez sartzea, elkhargana ez ibiltzea: baiña behin abiatuz gero, adiskidetuz gero, trebatuz gero, eta elkharrekin solhasean, hitzketan, elheketan, presentketan, gosalketan, eta bisitaketan hasiz gero, peril handia da arimako, eta exenplo gaixtoa munduko.
Beraz hunelatan emaztètarik begiratu nahi duenak, nola behar baitu bere mihia edozein hitzen erraitetik gibelatu: hala behar du halaber, emaztekin trebatzetik, ibiltzetik eta hitzetan eta ezagutzatan sobera barrena sartzetik eskusatu.
|
|