|
HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO LAURGARREN ERREMEDIOA: EZ ALFER EGOITEA
KAP. XXXVIII
249 Trabailla zaite, egitekotan ibil zaite, zerbaitetan enplega zaite, alfer egoitetik begira zaite, eta halatan begiratuko zara emaztèkin huts egitetik ere. Zeren alferkeriatik heldu da amurusia, emaztètako gogoa, orhoitzapena. Eta bai malizia pensatzea, eta nahastekamenduen egitea ere. Halatan erraiten du Aristotelek: Nekhazalerik, eta laboraririk baizen ezten herria, dela herririk hoberena (Arist. lib. 5 Politic.).
Zeren nekhazaleak bere nekeaz eta trabailluaz baitaduka kontu, eta ez amurusiaz, eta ez nehoren nahastekatzeaz. Trabaillatzen dena, edo egitekotan dabillana, eztu haragiak tentatzen-handi. Aitzitik trabailluek, atsekabèk, eta egitekoek, bertze egitekorik emaiten diote.
Egia hunen frogatzeko kontatzen du San Jeronimok (Hieron. ad Rusticum): Ejiptoko monasterio batean zela fraide gazte bat, haragiak bortitzki tentatzen zuena, bero hutsez bethi zirakiena, hain irakin ezen barurtuagatik, disziplinatuagatik, eta bertze anhitz enseiu eginagatik, ezin iraungi baitzezakeien su hura, eta ez egotz bereganik hartako gogoa. Monasterio hartako abadeak egiteko haren berri iakin zuenean, ikhusirik ezen fraide hura galtzeko periletan zela, egin zuen gogoeta, zer moldez atherako eta libratuko zuen peril hartarik. Eta iduriturik ezen tentamendu hek guztiak alferkeriatik, egiteko gabe, aise, bere gogara, plazerera eta atsekaberik gabe egoitetik heldu zeitzala, erauzarari zeraukan falso testimonio gaixto bat. Akhusatu zuten bi lekhukok abadearen aitzinean, abadearekin berarekin aditurik. Eta bazihardukaten elkharren artean. Akhusatuak ukha, oihu, falso zela, gezurra zela, etzela halakorik, etzuela hobenik. Baiña lekhukoek mantena, on eduki, hala zela. Hunela zebiltzala, eta abadea ere sentenzia emaitetik berariaz gibelatzen zela, iragan zen urthe bat. Eta gero haren buruan, galdegin zeraukan abadeak fraide hari, ea nola zihoakon bere haragiarekin? Ea lehen bezala tentatzen zuenz? Eta ihardetsi zioen: Papae, vivere non licet, et fornicari libeat? Zer tenta? Eztakusazu zertan naizen? Eztakusazu biziaz etsitu hurran dudala? Lorik ere ezin daidikedala? Ioan dira leheneko gogoeta hek, orai bertzek deraut gogeta eta egiteko. Ikhusazu zein artez eman zioen abade hark xedeari, eta nola atsekabearen emaiteaz, eta alferkeriaren eta aisiaren kentzeaz, kendu zerautzan haragiaren tentamenduak ere.
Amor est animi vacantis passio (Chrys. Hom. 14 in cap. 1 Mt.). Amorio desordenatua, astia duena baithan, presuna alferrean edireiten eta ostatatzen da, hari dagokan arrotza eta bianda da. Hargatik pintatzen zuten Venus iarririk. Zeren amorioa edo amurusia, alferkeriaz, aise eta geldi egoiteaz hazten eta mantenatzen baita. Eta badio Ovidiok ere: Otia si tollas, periere cupidinis arcus (Ovid. lib. 2 de remd. amoris). Baldin ken baitzatzu alferkeriak, galdu dirateke Kupidoren arkuak, eztu nehor bere tragazèz zaurtuko.
§ 1
250 Komunzki alferrak ian edanean, eta emaztètan ohi daduka gogoa. Hala erraiten du Kasianok: Mens otiosa nihil aliud novit nisi de escis atque ventre (Casian. lib. 10 cap. 8). Alferraren gogoetak eta solhasak ian-edanaz eta sabelaz dira, eztu bertzetan pensatzen ere. Halatan erraiten zioen San Jeronimok Rustikori: Ama studia litterarum eta vitia carnis non amabis (Hieron. ad Rusticum). Onhets ezazu estudioa, eta eztuzu haragiaren bekathuan atseginik hartuko, eta ez gogorik edukiko. Hartzen baduzu estudioa fintki, utziko duzu emaztea laxoki. Haec fuit iniquitas Sodomae sororis tuae, superbia, saturitas et otium (Ez. 10). Ierusalem, zure aizpa Sodomaren bekhatua eta galgarria izan zen, urguillutasuna, asea eta alferkeria. Alferkeriarekin batean egin zituen Sodomako hiri hark hain huts handiak, eta bekhatu khiratsak, non igorri baitzeraukan Iainkoak, ez lur estaltzeko, eta ez ur garbitzeko, baiña bai su eta khar erratzeko eta xispiltzeko.
Errege Davitek, trabaillatzen zenean, gerlan bere presunaz zebillanean, kontu guti egiten zuen emaztèz. Baiña astiari, eta aisiari iarririk, mandatariz eta bere ordaiñez egitekoen egiten hasi zenean, atzeman zen berehala, eta erori bertzeren emaztearekin. Salomon ere tenploaren egiten hari zen bitartean, eztugu edireiten enganatu zutela emaztèk, baiña tenploa akhabaturik, alferkeriari eman zeikanean, fite atrapatu zen.
Bada Sanson ere gerlan zebillaiño, ezin egundaiño garaitu zuten bere etsaiek, baiña egitekoak eta gerlak utzirik, emazte baten altzoan bere plazerera etzan zenean, emazte hark berak enganatu zuen, eta gero etsaiek hartzaz nahi zutena egin zuten.
Vigilate ergo, fratres mei, quia nec sanctiores Davide nec fortiores Sansone, nec sapientiores Salomone vos esse video (August. ad fratres in eremo. Sermo 17. T. 10). Zaudete beraz iratzarririk, ene anaia maiteak (dio San Agustinek), zeren eztakusat nik, zaretela zuek, David baiño sainduago, Sanson baiño balentago, eta ez Salomon baiño iakinsunago.
Quaeritur Aegistus quare sit factus adulter? In promptu causa est, desidiosus erat (Ovid. lib. 1 de remedio amoris). Galdegiten da, zergatik erori zen Egisto adulterioan? Prest da arrazoiña: zeren alferra baitzen. Bada molde berean erran ahal diteke, Davitez, Sansonez eta Salomonez ere. Zeren hek guztiak, bertzerik anhitz bezala alferkeriak galdu zituen edo galtzeko perilean ibeni zituen.
Beraz hunelatan zerbaitetan enplega zaite, trabailla zaite, alferkeriatik begira zaite. Zeren halatan emaztètarik ere begiratuko zara.
|
|