|
HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO ETA HANDIK HELDU DIREN KALTÈN ERREMEDIATZEKO, LEHENBIZIKO ERREMEDIOA ETA BIDEA: ORAZINOA
KAP. XXXV
240 Haragiaren plazerei, desira desordenatuei, eta egiten dituen kaltei, erremedio emaiten hasi baiño lehen, erran nahi dut gauza bat, eta ibeni pausatu egiazko zimendu bat.
Emaztètarik eskapatzea, kastitatearen begiratzea, haragiaren bekhatuen erori bage eta kutsatu gabe egoitea, irautea eta perseberatzea, Iainkoaren donua, dohaiña, emaitza eta garazia dela. Eta garazia hura gabe, alfer direla, gure ahala, nahia, permatzea eta enseiu guztiak. Non est virginitas quae praetio emitur, non virtutis studio possidetur, dio San Anbrosiok (Ambros. lib. 5 ep. 31). Ezta ez birjinitatea, diruaren pisuz eta gure indarrez eta berthutez erdiesten den gauza, zeren haragiak haragiaren benzutzea, naturalezak naturalezaren azpiratzea, gaitz da. Hartakotzat bertzeren faborea, naturalezaren gaiñean esku duenarena behar da. Eta hala iakin ahal dezake bat bederak, eztezakeiela haragiaren kontra biktoria osorik erdiets, bere ahalean fidatzen deiño, berak eztuela defendatzeko indarrik asko, etsitua, gogatua, eta errendatua iar arteiño. Behar du ezagutu, bere etsai haur garai zaikala, eztirela indarrez berdin. Eta hala dela ezaguturik, behar du halaber lagun bilhatu, eta fabore eskatu, baldin nahi ezpadu kaltiar gerthatu eta benzutua gelditu. Haur da egia, haur ezaguturik erran zuen Salomonek: Ut scivi quoniam aliter non possem esse continens nisi Deus det, et hoc ipsum erat summa sapientia, scire cuius esset hoc donum, adii Dominum, et deprecatus sum illum (Sap. 8). Iakin nuenean, ezin nengokeiela erori gabe, Iainkoak edukiten ezpaninduen, eta hunen iakitea ere Iainkoaren donua zela, ioan nintzaikan berehala edireitera eta egin nioen othoitz: bere eskutik eduki nintzala, erortzetik begira nintzala, eta garaitiarekin gelditzeko indar eta antze eman ziazadala. Halatan egia hunen berri ziakienak bezala egiten zioen othoitz San Augustinek ere Iainkoari, erraiten zioela: Continentiam iubes, da quod iubes, et iube quod vis (Augus. 10 Conf. c. 24). Manatzen duzu, begira dezagula kastitatea, emazu bada manatzen duzuna, eta gero mana ezazu plazer duzuna: manua bezala, emazu manuaren konplitzeko eta begiratzeko indarra ere, zeren halatan bai, baiña bertzela ezta konplitzerik eta ez begiratzerik.
241 Bada haragiaren bekhatuan, lehen edo gero, aldez edo moldez, obraz edo gogoz, kutsatu gabe, edo linburtu gabe egoitea, eta irautea, Iainkoaren donua eta emaitza, geurok geure indarrez ezin erdiets dezakeguna denaz geroztik, erna gaitezin, iratzar gaitezin, eta erortzetik begiratzeko, ahal diratekeien habeak, sostenguak eta erremedioak bilha ditzagun.
Eta lehenbiziko erremedioa eta sostengua da orazinoa, othoitza. Geureaz denaz bezan batean, errendatuak iarririk, garaita emanik, erauki erranik, eztugula indarrik asko ezaguturik, geure Iainkoari hel dakigula, eta bere eskutik eduki gaitzala othoitz egitea. Eta othoitz hunekin batean, Ama Birjinaren, kastitatearen patroin bezala ararteko ibentzea. Zeren baldin Elizako doktor batzuek dioten bezala, Ama Birjinak, are mundu hunetan zenean ere, nori ere, eta nork ere behatzen baitzioen, hari, haragiaren desira desordenatuak eta gogoeta lizunak iraungirik, heken lekhuan gogoeta garbi batzuk, eta garbiki bizitzeko nahikunde handi batzuk pitzten eta emaiten bazerautzan: zenbatenaz orai han goititik, loriatik, hanbat kredit eta esku duen lekhutik, bere debotei egiazki gomendatzen zaizkonei erdietsiko deraue, eta erdietsirik emanen deraue, haragiaren tendamenduen haizatzeko eta benzutzeko indar, bothere, eta garazia? (Ambros, de instit. Virg. c. 7. S. Thom. 3 sent. q. 1 art. 3 ad 1).
Beraz dagiogun Iainkoari othoitz eta orazino, emaiten diogula ararteko bere Ama Birjina, begira gaitzala, fabora gaitzala.
Zeren lehenbiziko erremedioa eta erremediorik hoberena, haragiaren lohian ez sartzeko, eta sarthuz gero ere, fite ilkitzeko, aratz eta garbi gelditzeko eta egoiteko, haur edirenen dugu: Iainkoari gogoz eta bihotzez othoitz egitea, Ama Birjinaren ararteko ibentzea eta enplegatzea.
|
|