|
HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO BORZGARREN ERREMEDIOA: KONSIDERATZEA ZEIN TTIPIA ETA LABURRA DEN HARTAKO PLAZERA
KAP. XXXIX
251 Emaztetarik begiratzeko hetara ez hain isuria, eroria, eta gogoa egotzia egoiteko, on lizateke, zenbait aldiz bedere, bakharrik zaudenean, gogoeta egitea, eta zeure baithan konsideratzea, ea nolakoa, handia ala ttipia, luzea ala laburra den emaztètako plazer hura. Zeren baldin ttipia, eta laburra baldin bada, erhokeria handia da hargatik presunak bere buruari hanbat atsekabe eta egiteko, nola anhitzetan ere emaiten baitio, emaitea.
Bada frogatu duten guztiek batetan, eta boz batez, aithortzen, erraiten, eta kofesatzen dute, plazer hura, plazer aphurra eta laburra dela, hasi deneko akhabatu dela: eta are batzutan hasi gabe ere akhabatzen dela. Zeren plazer hartan berean ere, komunzki plazer baiño desplazer gehiago edireiten baita. Utzten ditut plazer haren aitzin-gibelak, anarteraiñoko, eta ondoreko egitekoak, eta atsekabeak, handiak baitira; baiña hartan zareneko bereko plazeraz mintzo naiz: eta diot ezen orduan ere, hartan zarenean ere, zerbait eskastasun, zerbait deskontentamendu izaiten duzula; eta hura dela kausa, orduan ere guztiak ongi kontatzera, plazer baiño desplazer gehiago izaiten duzula. Hala erraiten du San Basiliok:
Oblectatio corporeae voluptatis, plus doloris habet quam voluptatis (Basil. in Ps. 33). Haragiaren plazer korporalak, dolore, eta desplazer gehiago du, atsegin eta plazer baiño. Arrazoiñekin galdegiten du Iondone Paulok ere: Quem fructum habuistis in iis quibus nunc erubescitis? Zer fruitu, zer irabazi eta plazer izan zenduten orduan, orai ahalkez ere bururik ere ezin ailtxatuz, zaudeten bekhatu hetan? Are orduan ere etzenduten plazer osorik hartu, etzineten aspertu, eta ez ase. Eta ezta miretsteko ez asetzea. Zeren sua bezala da haragiaren bekhatua: eta suak eztu behin ere erraiten asko duela. Ignis numquam dicit sufficit. Zeren Glosak dioen bezala, voluptates semper habent famem sui (Prov. 30. Glosa ordin. in cap. 7 Luc.). Haragiaren plazerak, bethi dira, plazer gose. Eta iduritzen bazaitzu ere, baldin behin zeure desira desordenatua konpli bazeneza, hainbertzez sosega zindezkeiela, enganatzen zara. Zeren San Jeronimok dioen bezala: Libido numquam satiatur, et cum videtur extincta, reaccenditur, usu crescit et deficit (Hieron. ad matrem). Haragiaren plazera ezta behin ere guztiz asetzen, eta ez osoki iraungitzen. Eta batzutan asetzen eta iraungitzen dela badirudi ere, berriz berehala gosetzen eta pitzten da. Eta are denbora gutiren barrenean, lehen baiño bizikiago iratzartzen da. Hala erraiten du Glosak: Luxuria etsi ad horam satiatur, postmodum tamen ad appetendum arctius inflammatur. (Glos. Lyrana in cap. 3 Prov.). Nola gizonak emazteari diadukon amorioa, bere egitez baita, natural, amorio hura aphur bat hotztuagatik ere, berehala naturalezak berak berotzen du, iraungiagatik, pitzten du.
§ 1
252 Erraiten du Alziatok: Heu miser in mediis sitiens, stat Tantalus undis; et poma, esuriens proxima, habere nequit (Alciatus, Emblem. 84).Tantalo on-behar hura gose eta egarri zen: eta bazuen oiñen azpian ur franko, eta buruaren gaiñean zuhaitz bat, fruituz bethea. Ordea edan nahi zuenean, urak ihes egiten zioen, eta iaterakoan, zuhaitz adarrak goititzen eta goratzen zeitzan, ezin erdiets zitzakeien. Ianhariz eta edariz inguratua zegoen, eta alabaiña goseak eta egarriak hilzera zeraman. Hala da bada haragiren atseginetan eta plazeretan dabillana ere.
Gose da, egarri da eta emozu nahi duen bezanbat, sar bedi begietaraiño, baiña eztiteke ase, eztiteke osoki konpli eta ez kontenta. Libido lassari potest, satiari non potest (Destructor vitiorum). Unha ahal diteke eta nekha baiña ez ase. Hala erraiten da Erromako andre batez, hanbat ibili zela gizonekin non hetarik partitu baitzen nekhaturik, baiña ez aserik. Et lassata viris, sed non satiata recessit (Iuven. Satir. 6). Aitzitik edanago, egarriago; usatuago, nahiago. Haragiaren desira desordenatua, abarizia bezala da. Crescit amor nummi, quantum ipsa pecunia crescit (Iuvenal.). Zenbatenaz diru gehiago, hanbatenaz gutiziosago. Hala da bada haragiaren bekhatua ere. Segituago, nahiago; usatuago, barrenago; aseago, goseago.
253 Baldin uste baduzu, emaztetan anhitz usatzeaz, emaztètako gutizia gutituko zaitzula, enganatzen zara. Aitzitik nola bat bedera anhitz iateaz eta anhitz edateaz, ialeago eta edaleago egiten baita, hala emaztekin usatzeaz ere, egiten da emakhoiago, eta emaztètara emanago.
Haragiaren aphetitua hobeki kiltzen da ez usatzeaz, usatzeaz baiño. Utzten ditut bertze erremedioak, baiña erremedio naturalik, haragiaren tentamendu guti izaiteko, ezta halakorik, nola ez usatzea. Zeren ez usatzeaz anzutzen da haragia, ez-ansiatua, eta ahantzia iartzen da. Baiña usatzeaz bethi ernatua, iratzarria eta orhoitua egoiten da. Hala edirenen duzu, ezen gizon bat alharguntzen denean, berehala haragiaren lehenbiziko orhoitzapenean ezkondu nahiz dabillala, ezin dagokeiela. Zeren leheneko usantzak errekeritzen baitu. Eta halakoak nola bera ezin baitagoke, uste du ezen bertze guztiak ere hura bezala direla, hark bezain igurikitza eta pairu guti dutela. Baiña bere buruaren baizen berririk eztakiena bezala mintzo da. Zeren usatzen eztuenari, haragia hildua, sosegatua, sorthua eta az ansiatua dagoka.
Beraz ez usatzeaz, etsitua eta gogatua egoiteaz, eta guztien buruan haragiaren plazera, zein gauza aphurra eta laburra den konsideratzeaz, egizu. Zeren halatan zeure buruari sosegamendu handi bat emanen diozu, eta haragiaren bekhatutik begiratzeko ere borzgarren erremedioa edirenen duzu.
|
|