CONFIXUS
(Christo confixus sum cruci.
Kristori «guruzkide» natzaio)
Euskal Agoniaren guruzbidea,
izlauz, kantuz eta Pasio irudiz, teatruan edo plazan Larunbata Santuz ematekoa. Aal balitz, elizan obe; San Telmo batean, batezere.
«Un Miserere cantado en común
por una muchedumbre azotada del destino,
vale tanto como una filosofía».
Miguel de Unamuno
(«Del sentimiento trágico de la vida
en los hombres y en los pueblos»)
OARRAK:
1) CONFIXUS, geiena edo ia dana, beste drama osoago batetik aletua da. Drama orren izena: «Erri bat guruzbidean».
2) Antzezketa laburtu nai izate ezkero, Zuzendariak ken ditzake derizkion aiña aapaldi, monologu zati, ta egonaldi oso ere.
3) Antzezketa erreztu nai izate ezkero, berriz, magnetofonuz aurrez prestaturik eman ditezke «iztarteak» eta koruari dagozkion tarte aapaldiak.
4) «Iztarteak», bat edo beste, luzatu nai izatera, ugaldu ditezke beren arrobitik, alegia: «Erri bat guruzbidean».
5) CONFIXUS onek badu erdal itzulpena, egilleak egiña, erderaz ere antzeztua izan ledin. Cuba-n dagonez, orain arte ez da izan eskuratzerik. Zuzenbidea: Paseo 158. Apto. 203. Tel. 30 53 06. Vedado. Habana. Antxe dira, orobat, VII egonaldiko zortziko aundia (Koruak) eta II enekoa (Koruak), testuon ematen danez bestea.
6) Testuan bidenabar aipatzen diran zenbait izenek eta zenbait itzek (Santa Kutz, Unamuno, Sabin, Azkue, Zumalakarregi, Gernika, Bergara, lau gudate, karlisteta...) ez dute esan nai iñolare, guruzbide au politika auzian oiekin dagonik. Politikan aiek alkarrekin dezateken ezberdiña ta alderdikeria erabat ixilduz, Euskal Agoniakin duten zer ikusiagatik bakarrik aitatzen eta goresten dira emen.
Gaitzesten diranek, berriz (ots, Komisari edo Ondamu-ren zakarkeriak, Joxemingoren tentaketa, guardizibil edo milizianuen ordena), ez dute adierazi bear besterik: jarkera setatsu bakoitzari beti sortu oi zaion antagonismua, drama edo trajedi batean bearrik bearrena bere izatea ukatuko ezpadu.
Naiz oek eta naiz aiek ditzateken motibu ta alde on eta txarrak erabakitzerik balego, besteren bati legokioke ori, ez beintzat.Guruzbide apolitiku oni.
Alaz guziz, ontan minberatienek ere susmo txarrik izan ez dezaten, kentzea litzake onena urrengo egonaldiok, osorik edo zatika: III, IV ta VI. Gaiñera, baita beste zenbait ustekabeko esaera, aapaldi edo xeetasun ere.
DOIÑUEN ADIERAZGARRI:
1) Sarrera, Otañoren «Aita-semeak» edo «Ni Ameriketara».
2) Egonaldi bakoitzeko leenbiziko aapaldia (publikuan gizonek), «Pilatosek esan du» ontara:
si mi. fa sol. fa fa mi
si mi. re mi. fa sol.
sol sol. la si. sol fa la.
fa mi. fa re. mi mi.
3) Egonaldi bakoitzeko bigarren aapaldia (gizon ta emakume), «Josirik ikustean», ots:
si si. sol do. si si la.
si sol. fa sol. la si.
re sol. la si. do re re.
mi mi. fa sol. la si. si
si sol. la fa. sol mi. (=bis?)
4) Egonaldi bakoitzeko azken aapaldia (publiku osoak), Miserere salmu doiñua, lau bider auxe:
si si. do si. la sol.
la la. mi sol. fa mi.
5) Egonaldi bakoitzeko tarte aapaldi aundia (Koruak), geienetan «recitado coral» eran ondo musikaz batera; batzutan polifoniz; bizpairutan, bertsolari moduz.
6) Laugarren egonaldiko tarte aapaldia (Koruak), Arantzazuko himnuaren «Agur, zeruen edertasuna», azken puntua berrituz, naiz polifoniz naiz ondo musika bezela.
7) Amabigarren egonaldiko leenbiziko aapaldia (gizon ta emakume), «Gernikako arbola»rena.
8) Bukaera (Berpiztea, amets), Aita Donosti-ren «Salbatore gora da», azken puntua berrituz.
SARRERA
haec est victoria quae vincit
mundum: fides nostra
Antzezlekuan: leenbiziko teloia jeikitzean, argi berde illuntsuetan zuri, emakume bat, begi lotua, KRISTAU FEDEAREN SINBOLU bezela, vestal-gisara larrikiro goruntz zerbaiti beso luzeka.
ABOTS EZEZAGUNAK:
edo emakumeak berak,
esan utsez lendabizi;
eta bereala
PUBLIKU OSOAK:
papera lagun, Otañoren doiñuz:
Ezin etsi dugunon
jagole eder, Fede:
Erri ilzori bat gaitun,
ia itxaro gabe,
eun urte laburretan
galdu lau gudate
ta Ana, Kaifa, Pilato
tarren epai mende...,
zerbaiti eutsi nai ta
euri deika, Fede.
ABOTS EZEZAGUNAK:
edo emakumeak berak,
esan utsez, leen bezela;
ta bereala
PUBLIKU OSOAK (kantuz):
Onatx Oriamendi
ta Artxandatik eske
Santa Kutz, Unamuno,
Sabin naiz Azkue:
—«Ia illok iltzekotan
Kristok bezelaxe
gure guruzbideak
dezala Berpizte!».
Fede, Fede, garaman
Kriston ostez oste!
I. EGONALDIA
—ERIOTZ EPAIA—
1 nos stulti propter Xtum, vos autem prudentes.
2 illi autem clamabant:
tolle, tolle.
Antzezlekuan: gizandi ille zuri bat, NAZARENU. Esku lotuetan errege kaiñabera du sasi iseka oi danez. Joanes deituko diogu, «Garoa»ko uraxe jatorrena litekelakoan. Tunika morea soiñean, kordoiz. Arantza koroia ere badu noski, buru zuri gurgarriaren gain.
IZTARTEA
(Izketariok publiku artean daude, aurreratsu sakabanaturik. Bakoitzak bere lekutik itzegiten du, zutituz)
ZALDUN BATEK: (Parreantxez) Bai, Manu, bai. «Kristonak artu bear». Ain zuzen, orixe egitera goaz guruzpide ontan. (Zinki) Guretako edozeiñek naiago dugu Kristonak artu, geure gauzei ta izakerari uko eman baiño.
MANU AGUAZILLAK: (babokiro) (zaldunari beira) Eeh? (orain jendeari) Eeeeh? Entzun al duzute? (zaldunari) Zu ere, jauna, ez al zaude gero (bere burumuiña siñalatuz) pipiak jota? (jendeari) Kristonak artu nai ditula!
(Jendeak parre)
BATEK: Noski ba!
GEIENEK: Noski ba!
Guk ere bai, Manu.
Danok ori, motel.
MANU AGUAZILLAK: (askorik edo batere ulertzeke) Eeeeh? (Ezetsiz) Tiá-tiá! Etzazutela zorakeririk esan. Gutxiago egin. Gozoa zegok Komisaria! Edota, danok al zaudete ganbaratik... naiko koloka?
BATEK: Noski ba. Ez da aundi, kristaua dan kristauak Kristonak artu bearra.
ZALDUNAK: (Ozenkiro, pisuz) Bai, Manu, bai. Kristonak artu bear, euskaltzale geran aldetik ere. Artutakoak eztira makalak. Are aundiagoak artzeko omen gera oraindik. Nola utziko ditugu ba usteltzen, nola alperrik galtzen, gure euskaltzale ezbearrak, naizta sentipenak, Jesusenekin batu gabe? Nola ba, Zeruari eskeiñi gabe?
MANU AGUAZILLAK: Tiá-tiá! Zuekin etzegok konpontzerik. Zuek zeiñek konprenditu?
ZALDUNAK: Ara beste alea. Zeiñek konprenditu! Ez beintzat turisten munduak. Euskaldunon guruzpidea kristauegia da, mundu siñisgabeak ulertu dezan; tristeegia da, larriegia da, zoroetsi ez gaitzan; euskeraz dugu gaiñera, Erri txiki batena dugu gaiñera, kasu egin deion.
MANU AGUAZILLAK: (laborritik ateratzeke) Oraintxe bai uzten nazutela... jo ta ma. Eztagola, eztagola zuekin bat etortzerik!
KANTALDIA
PUBLIKUAN GIZONEK:
Bizirik nai geranok
gatoz guruzlagun,
gaurko guruzpidea
Berpizte dezagun.
GIZON TA EMAKUME:
Gaurko guruzpidea
Berpizte dezagun,
bizirik nai geranok,
bizirik nai geranok
gatoz guruzlagun.
(edo:
PUBLIKUAN GIZONEK:
Gernika gera: Aritz,
Irain ta Kelurrun...,
jo ta erre zutena
gaitz danen errudun.
GIZON TA EMAKUME:
Ez ei dugu irauterik
gaurgeroz euskaldun.
Aritzan iltzekuok,
Aritzan iltzekuok
gatoz zure lagun.)
KORUAN BATEK:
Atzo ta gaurko iskanbil ori
alperrik dabil aserrez
zure eriotza eska ta oska.
Jainko zera!
Zu iltzerik ez!
BESTE BATEK:
Gizatasuna
soil ken zizuten
pizteko orpoa emanez...
KORU BETEAK:
Ona Aritzerri!
Onatx Euskera!,
bizitan lurpe gaudenez
esan zaiguzun:
—«Jeiki ta abil»,
beste bein Lazarori lez.
PUBLIKU OSOAK:
Agur, Mindun Ama, Seme galtzekoa;
zazpi ezpatadun, zazpiontzakoa;
Eusko Pasioak miñagotzekoa,
«onatx zure seme» ordez artzekoa.
II. EGONALDIA
—GURUTZEARILAZTAN—
1 tollat crucem suamet sequatur me.
2 ¡oh crux, ave, spes unica!
3 in hoc signo vinces.
Antzezlekuan: Gurutze zuti bat, olezko lakarra, Zeruari eskeintzeN dirau Joanes Nazarenuak, bere meza kaliza bailu.
IZTARTEA
(Izketariak beti publiku artetik. Mixiolaria, antzezleku aurretik edo ertzetik)
NEKAZARI BATEK: Etzigutek oiek beintzat erakutsiko elizarako bidea. Eztare geure lanetik bizibearra.
OLAGIZON BATEK: Ots! Ots! Erakus deigutela beren lurraldeetan gurean aiña fabrika, gurean aiña lansoro, gurean aiña eliz, gurean aiña langille, gurean aiña gurutze...
ARRANTZALE BATEK: Non? Non? gurean aiña galerna!!!
(Jendeak parre onen tajuaz eta ateraldiaz. Baita urrengo ateraldietan ere)
MIXIOLARIAK: Gurean aiña apaiz-praille.
ZALDUNAK: Guretik aiña mixiolari.
IÑAKIK: Guk aiña limosnagite.
PRUDEN-EK: (alaiki onek ere) Guri aiña persegitze.
NEKAZARIAK: Guk aiña Eliza Amaren aginduak betetze.
OLAGIZONAK: Guri aiña zerga ta kontribuzio lapurtze.
MIXIOLARIAK: (lillurati) Guzia, guzia gurutze!
ZALDUNAK: Jaunak, ez gaitezela luza gure katolikotasunaren laudoriotan. Arronkak askotan galdu izan gaitu euskaldunok! Bai amaikatxo aldiz! Obe dugu Kristorena: ex fructibus. Eta gure aurrekoena: «itzetan labur, egiñetan luze».
NEKAZARIAK: Ori da arrazoia. Obe bai, ixil ixillik geure lanetik bizi...
PRUDEN-EK: (atzeeneko Komisaria beaztatuz)... ta ez besteren bizkarretik purua erre.
MIXIOLARIAK: (Lilluratik ateratzeke, zoratzen) Guzia, guzia gurutze! Gurutze!!
Il edo bizi, Aita San Iñaziorena bezagu, bai, gure betiereko bizilege, ta kristau neurri: «Kristo oiñazetuakin?
DANEK: Oiñaze!
MIXIOLARIAK: Kristo lerregiñakin?
DANEK: Lerregin!»
MIXIOLARIAK: Kristo langilleakin?
DANEK: Langille!
MIXIOLARIAK: Kristo gurutzadunakin?
DANEK: Gurutzadun!
KANTALDIA
PUBLIKUAN GIZONEK:
Aritzan iltzekuok
gatoz gurutzadun,
Aritza ala Gurutza
laztandu dezagun.
GIZON TA EMAKUME:
Aritza ala Gurutza
laztandu dezagun,
Aritzan iltzekuok,
Aritzan iltzekuok
gatoz gurutzadun.
KORU IZKUTUAN KONTATZAILEAK:
Erri zaillenak nun eultzen diran
irakurtzen dan liburu,
oiñaze zaleen biotz ederra
zure astunak neurtzen du.
BESTE BATEK:
Kristok laztanduz
biurtu zindun
gizakien Erosgaillu...
KORU BETEAK:
Zaarren «Santa Kutz»,
Lezon ta nunai,
agur, Jai ta Antzi zaitugu!
Urkamendira
kondenatuon
ezilkorgille soilki Zu!
PUBLIKU OSOAK:
San Martindarron oi, aldare ta tronu,
gaillur bakoitzetik darigun el oiu
Ereserkiaren goiburu, elburu...
Ave, spes unica, laztantzen zaitugu.
III. EGONALDIA
—LEENENGO ERORTZEA—
et sui eum non receperunt
Antzezlekuan: Joanes Nazarenua, gurutze zamapean, erdi BELAUNIKO.
IZTARTEA
MIXIOLARIAK: (Antzezleku ertzetik edo aurretik, reketeari) Ea, Pruden; leenengotik, konta itzak euk, zuen aldetik eroriak.
PRUDEN-EK: Galanki dira ta idatziak dituzu elizetako orma nagusietan ere. Baiña eztitut gogoan.
MIXIOLARIAK: (Publikuari beira) Beste aldetik eroriak gogoan al dituzute?
BATEK: Gogoan bearko. Eztituzu iñun idatzirik ikusiko.
ERROKE-K: Idatzirik ezetz? Ara emen neronek (poltxikotik atereaz) paperean.
MIXIOLARIAK: Ea ba, Erroke, irakur itzatzu, Euskadi aldetik eroriak, elbarrituak, espetxetuak, languille batalloietara eramanak...
ERROKE-K: (astiro, ozenkiro)
Ildakoak, gudari ta zibil: 50.000
Larriki elbarrituak: 49.000
Kartzelatuak: 34.550
Konzentrazio kanpuetara edo
langille batalloietara eramanak: 52.000
Oraindik erakutsi bear da, erbestera
sakabanatutako euskotarrena.
Oek: 150.000
Orra ba, guzira: 335.550
MIXIOLARIAK: Irureun ta ogei ta amabost milla! Gure martiriok. Gure eroriok. Gure onenok. Etzaituztegu aazturik.
Euskotarrok ozta gaituzute milloitxo ta erdi. Alare, alderdi bakarretik, gerrate bakarrean, bai martirolojio ugari ederra, Askatasun alde jausiona!
Irureun ta ogei ta amabost milla boluntari, , Ezin ziteken oparoago azaldu gure Erriaren borondatea. Ez da alperrik izango zuen odola.
Memento, Domine, famulorum tuorum qui nos praecesserunt curn signo fidei et dormiunt in somno pacis...
KANTALDIA
PUBLIKUAN GIZONEK:
Lau gudate galduok
gatoz guruzlagun,
gaizkian jausi ala
berrekin dezagun.
GIZON TA EMAKUME:
Gaizkian jausi ala
berrekin dezagun,
lau gudate galduok,
lau gudate galduok
gatoz guruziagun.
(edo:
PUBLIKUAN GIZONEK:
Aritzak ez nai zume;
Aritzegi gera,
zumeki biguntzeko
besteren moldera.
GIZON TA EMAKUME:
Zumeki biguntzeko
besteren moldera,
millaka urtedun enda,
millaka urtedun enda
Aritzegi gera.)
KORUAN BATEK:
Beste danek bai, guk sartzerik ez
gobernutar jauregitan.
Erri agotak barkapenik ez
eskubiar ta andikitan.
KORUAN EMA ABOTSAK:
Kale zakurrik,
basa euskerarik,
nota ba aberats klubetan?
BAJU ABOTSAK:
Eskale ezaiña
dagola dar dar
zimitaioko atetan;
landerrak landerrekin!...
KORU BETEAK:
O bai, Zu,
Jesus Lander!, Zu gu baitan!
PUBLIKU OSOAK:
Il baiño len iltzat uztako Erria
bide bazterrean onatx elbarria,
Ama bat bear ta Zugana jarria,
Ama bat bear ta Zugana jarria.
IV. EGONALDIA
—AMA, BIDERA—
ecce mater tua
Antzezlekuan: Nazarenua gurutzea eramaten; bere aurretik, Ama Doloretakoa, zazpi ezpatadun, Zeruari naigabea opaltzen.
PUBLIKUAN GIZONEK:
Arantzazu zaleok
onatx Bion lagun,
umezurtz iraun ala
gaitezen Amadun.
GIZON TA EMAKUME:
Umezurtuz iraun ala
gaitezen Amadun,
Arantzazu zaleok,
Arantzazu zaleok
onatx Bion lagun.
KOMISARIAK: (Minkor balitz izen au, deitu Ondamu ta jantzi deabruz. Publikuaren atzeenean du eserlekua. Itzegiten ari dan bezela, aurrera dator, danen arpegi jartzeraiño)
(Ironi ta sumin) Ya me lo parecía a mí. Ya me lo parecía a mí.
(Danak buru makur, txintik gabe, Doloretakoari so)
¡Aranzázu! Lo que no podía faltar. ¡Aranzázu! Y por fín, para colmo, ¡Lurdes!
Trenes y trenes. Domingo tras domingo. Todo el mundo a Aranzázu. Que se abre la frontera, y a Lurdes!
(Esanetik esanera egontxoak. Suminki ta garratz) ¿Y cuándo al Pilar? ¡Nunca! ¿Por qué nunca al Pilar? ¿Por qué? ¡Contesten! ¿Por qué no contestan?
(Sumiña gordez) Claro, callar, siempre callar. Y salir con la suya. ¡Aldeanos!
(Urrengo aapaldian, «Agur, zeruen edertasuna»doiñua, koruz edo ondo musikaz)
KORUAN AINGERU ABOTSAK:
Opa
ta topa.
Eusko Historiak
bear zun Ama idoro du:
—«Ona Arantzazu,
euskal Golgota,
nun ezbearrak kristautu!».
GIZA KORUAK:
Eta gizaldi etengabeak,
Loyola dugula buru,
zirgillu latzez, katez,
gurutzez...,
igo Ta igo gatozkizu.
KORUAN GIZON TA EMAKUME:
Euskal Pasio
onen Amatzat
zaude bai or Arantzan Zu!
PUBLIKU OSOAK:
«Orra zure Ama»: bai egi gozoa!
Uxue, Estibalitz, Begoña, Ainhoa,
Arantzazu Lurdes... Bai egi naroa!
Arantzazu, Lurdes... Bai egi naroa!
V. EGONALDIA
—ZIRENEKOA—
1 oportet unum hominem
mori pro populo.
2 oportet me minui,
illum autem crescere.
3 qui perdiderit animan
suam, inveniet eam.
4 Ave, Caesar Imperator, morituri te salutant.
Antzezlekuan: egonaldi ontatik aurrera, euskaldun paisanuz jantzirik agertuko da Joanes Nazarenutzan. Alkandora zuri; galtzak, mendigoizaleen aiek edo oraingo urdiñak; galtzerdipera bildurik; abaso buruan betiko arantza koroia.
Onako egonaldian, aldamenean ditu Pruden eta Iñaki bi semeak, bata reketea, reketez jantzita, bestea gudaria, gudariz. Bion artean gurutzeari eusten diote eta aitari eranzketan laguntzen.
Bi euskal partidu nagusien Alkartze Irudia bear du izan aurkezpen onek.
IZTARTEA
BATEK: Konta zaiguzu, Joanes, zure bizitza.
DANEK: Ori. Ori.
Joanes.
Joanes, zazpi seme alaba duna.
Zazpi seme alaba duna! (bis, ter)
Konta zure bizitza!
JOANES-EK: (Bi semeak lagun, tunika erazten eta paisanuz antolatzen ari dan bitartean, apalki, pilpiraz:)
Nere bizitzak, jaun andreak, eztauka konta bearrik. Zuek dakizute. Ostera, berriz, aldeak alde, zeona berbera da. Orain kontatzen asteko, gauza utsa.
DANEK: Konta! Konta, labur labur badare...
JOANES-EK: Gazterik alargundu. Zazpi seme alaba txiki. Aziko banitun, neure bakarrez baliatu bear. Jaungoikoak ala nai ta, bikaiñak atera nitun alare zazpiak. Sendo ederrak, lau mutillak. Polit maitagarrienak, iru nexkak. Arro nintzan zazpiekin. Aguro itzali ziran (tristetuz) nere arrotasunak. Zuek dakizute gerokoa. Zertan konta?
BAT EDO BESTEK: Segi, Joanes! Segi!
JOANES-EK: (Negartsu) Gerratea sortu. Lau semeak txoratu. An joanzitzaizkitan, laurak. Berriotxoa ta Iñaki, alde batetik. Xabier eta Pruden, bestetik. Bi zaarrenak antxe akabatu, bata bestearen kontra. Bi urrenguok, alako batean, gerra bukatuta etxeratzean, alkar ezin ikusi. Aita zaarrak ordun sufritu zitunak! Ordutik dut nere biotzeko anjiña. Nere kontsolu bakarra, beiñola, iru alabatxoak ziran; aiek beintzat poliki ezkonduak bizi ziran alboerrian.
Dagoneko, ordea, pozik bizi naiz. (Bi semeengan besoak ipiñiz edo) Bi semeok beintzat adiskidetu zaizkit; dagoneko, alkar benetan maite dute. Konturatu baitira, amorru aiek kanpotik eragiñak zirala!
Senideok ola alkartu ta lagundu ezkero, zer ajola bear digu iñoren zemaiak? Ze «Kristonak artu» bearrak? Zer, il bearrak berberak, il bearrak berberak bai, garaitzekotan Kristok, Elizak, Aritzerrik?
(Sukartuz) Errikideok: Kristo Erosleakin!
DANEK: (sukarrez) Erosle!
JOANES-EK: Kristo gurutzadunakin!
DANEK: Gurutzadun!
KANTALDIA
PUBLIKUAN GIZONEK:
Euskaldun nai geranok
onatx Bion lagun,
zazpiok batu ala Kristo
osa zagun.
GIZON TA EMAKUME:
Zazpiok batu ala
Kristo osa zagun,
euskaldun nai geranok,
euskaldun nai geranok
onatx Bion lagun.
(edo:
PUBLIKUAN GIZONEK:
«Bakar batek il bear
beste danen ordez».
Ez nonbait konpontzerik
danak onginaiez.
GIZON TA EMAKUME:
«Bat, Aundi eta Libre»
ei dan orren legez,
bakar onek il bear,
bakar onek il bear
besteen ordez t'onez.)
KORUAN BATEK:
«Ni illagatik jarraitu zuek»,
zion Zumalakarregik.
KORU BETEAK:
Zer da gu iltzea,
garaitzekotan
Kristok, Elizak, Ariztik?
KORUAN BATEK:
Garaitu zuek,
Iru Irurak bat!
Ez ajola guregatik!
KORU BETEAK:
Zer gaurko iltzea,
berpiztekotan
Irurokin bat egiñik?
On deizutela
gure eriotzak!
«Agur, Kaiser, urkabetik».
PUBLIKU OSOAK:
Zure Zirene Erri iñor izatekoz
kondaira betean geu gaitezen gatoz
Xabier, Soubirou, Garikoitz, Iñigoz...
Zure Zirenerri geu gaitezen gatoz.
VI. EGONALDIA
—BERONIKA—
1 et conspuebant eum
2 portantes imaginem Xti
Antzezlekuan: Onako egonaldian Beronikak zertu egin bear ditu prailleak testuan esaten dizkionak. Gero, kantuak iraun bitartez, tinka bedi geldi, «Arpegi Santua» publikuari erakusten.
IZTARTEA
KOMISARIAK (Atzeenetik, aurreratzeke, dongekiro:)
...Y usted, Padre, no se crea seguro. No olvide que fusilamos 14 sacerdotes vascos. 4 de ellos los tiene en el cementerio de Hernani, sin cruz y sin sufragios, como perros en una fosa común.
¡Ja, ja, ja! ¡Sacerdotes vascos! ¡Qué dos términos incompatibles! ¿Sacerdotes? Sin la «sa», sin la «sa»: ¡cerdotes!
(Egona, Izua)
MIXIOLARIAK:
(Naigabeak jota, pentsakor) Egia da. Egia da. 14 apaiz dizkigute fusillatuak. Amalau, egonaldiak aiñaxe. Obispu jauna ere, gure Mujika maitea, erbestera bidali. 446 apaiz-praille, presondegi ta atzerrietan.
Egia da. Fusillatutako apaiz aietakotxe bati, Aitzol aundiari ain zuzen, asesinatzerakoan, aoa lokatzez bete zenioten, errezatu etzezan. Ta, gero..., katoliko omen dira.
Ez jakin doakabeok, galazi arren ezpaiñetako errezoa, eztagola galazterik biotzetakoa; debekatu arren kaleetako guruzpidea, eztigutela debekatzerik etxe barruetakoa...
PUBLIKUAN BATEK: (atzera so) Emakumeak, arren!, gorde albait zotin oiek.
BESTE BATEK: Zer egingo da ba! Guruzpide au ezin izan ziteken perfeta, txistuka ta zaplasteko oiek gabe!
(zotin asperenak areago. Ixillunea)
MIXIOLARIAK: Beronika: goazen aurrera. Urbil zakizkio gure Joanesi.
(Beronika, antzezleku ertzetik, urbiltzen doa. Nazarenuari arpegia zapiz garbitzen asten da)
Ez geiegi kendu, Beronika, Joanesi txistuka ori. Txistuka orrek, asko edertzen baitio, Kristokin dun antza.
(Joanesen arpegia garbitu edo ondoren, Beronikak zapia bereganatzean, ustekabean dakus «Arpegi Santua»; mun demaio begirunez; eta, zabalduz, publikuari erakusten dio. Urrengo kantaldiak diraun bitartez, bego era ortan. Zapian ager bitez, lausokiro, Euskal Ikurriñaren koloreak, «Arpegi Santua» ren ingurubiran)
KANTALDIA
PUBLIKUAN GIZONEK:
Txistu dagigunari
bekokian guk mun,
Biokin antzik ala
edertasun zagun.
GIZON TA EMAKUME:
Biokin antzik ala
edertasun zagun,
txistu dagigunari,
txistu dagigunari
bekokian guk mun.
KORUAN BATEK:
O Aritzerri!,
agoni Erri!,
amaika txistu artua.
KORU BETEAK:
Orra beinberriz
betarte ederra
sasi kristauek loitua.
Eutsi, alare,
Jesusenakin
opaltzen zure iltamua!
KORUAN BATEK:
Or Beronika!,
or Historia!,
arpegi nork garbitua...
KORU BETEAK:
Txistu oietxez
bai ederrago
duzula «Arpegi Santua».
PUBLIKU OSOAK:
Irureun Ernanin il kristau ta apaizak;
debekua aientzat gurutz, obi, mezak...
Ez gaitzala ain gogor aaztu «gizeleizak»,
ez gaitzala ain gogor aaztu «gizeleizak»!.
VII. EGONALDIA
—BIGARREN ERORIA—
spiritus promptus,
caro autem infirma
Antzezlekuan: Joanes Nazarenua auzpez, gurutzapean.
IZTARTEA
MAGNETOFONUZ (aurrez prestaturik) JOANES-EN ABOTSAK: (katazkaz, ikaragarri)
—Jerusalenera!!... «Jerusalenera goaz!... Jainko Semeaz idatzitakoak, itzik itz, kunplituko dira... Atzerritarren esku entregatuko da... Isekaz erabilliko dute, irainka, txistuka... Zigorkatuko ere bai... Ilko ere bai... Baiña..., irugarren egunera... piztuko da!».
(Lilluragoz, lerrenagoz) Il ere, ilko dute, baiña piztu ere... (lertzear) PIZTUKO DA!!
KANTALDIA
PUBLIKUAN GIZONEK:
Euskaldun bezin kristau,
onatx Bion lagun,
gauzeza aitor ala
gaitasun dezagun.
GIZON TA EMAKUME:
Gauzeza aitor ala
gaitasun dezagun,
euskaldun bezin kristau,
euskaldun bezin kristau,
onatx Bion lagun.
KORUAK: (osorik palta da)
PUBLIKU OSOAK: Samariar Ona, atoz laguntzera! Lebitak, gotzaiak, bost ajola, aurrera...Iguzu besoa, jeikiko bagera!, iguzu besoa, jeikiko bagera!
VIII. EGONALDIA
—EMAKUMEEI ITZEGITEN—
super vos ipsas flete et super fijos
Antzezlekuan: Aritz Arbola bat, gazte liraiña, gerrian ebaki bat dula, ganibetez edo lardaski egiña. Joanes Nazarenuak bigarren aapaldia publikuari kantatzean, egin lezake edo sorbaldan gurutzea dula edo gabe, zuzendariari lerizkiokenez.
IZTARTEA
JOXEMINGOK: (damagun «tripazai» edo «aberats berri» oietakoa dala, ta euskalduna) Kontseju bat nai?
EMAKUME BATEK: Gure onerako?
JOXEMINGOK: Zuen onerako noski.
EMAKUMEAK: Ez al duk izango Judasen musua?
JOXEMINGOK: (Mindurik) Judas ni! Judas ni! Bazekiñat, zuen iritzira, Judas bat besterik ez naizena. Judas saltzaillea. Ta ni ez naun orrela. Ni ere euskalduna naun. Euskaldun zentzuduna. Zen-tzu-du-na. Ez eroa, zuek bezela. Ez suizida, zuek bezela.
EMAKUMEAK: Naiko salkeri, leendik ere egin diguk. Utzi gaitzak pakean. Oa, oa beingoz, ire ogei ta amar txanpon zikin oiek jasotzera.
JOXEMINGOK: Neri kasu egiteakin, bestelako ederki biziko ta; okerrik batere ez gertatuko ta... Zer irabazten duzute zintzotasunakin?
BATEK: Zintzotasuna!
DANEK: Zintzotasuna!
JOXEMINGOK: Zer irabazten euskaltasunakin?
DANEK: Euskaltasuna!
JOXEMINGOK: (berean) Zentzatu zaiteztela!, zer irabazten, agintariei pitinbat ez makurtzeakin?
DANEK: Ez makurtzea!
JOXEMINGOK: Orretxek, ez makurtze orretxek, ondatzen zaituzte. Zentzatu zaiteztela! Joan zirala Kijote denborak. Mintza zaiteztela erderaz! Gureak egin zula. Zintzotasun utsak eztula balio. Eztakarrela probetxurik.
EMAKUMEAK: Jetsemaniko musuaren ondoren, orain basamortuko tentaketa.
ZALDUNAK: Vade retro, Satana. «Gizona eztuk ogi utsetik bizi».
(Ixilia. Andre zotiñen bat)
JOXEMINGOK: Arrazoi duzute ba, emakume euskaldunok negarrez aritzeko! Bai al da gauza negargarriagorik, seme euskaldunak mundura ekartzea baiño? Euskal seme berriak? Euskeraz irakatsi aurrei? Zertarako? Eskolan atzeratuenak izateko? Ta gero ere, aunditutakoan, gizajo ezjakin batzuk izaten jarraitzeko? Gorroto ta zemaipean, madarikatzen bizitzeko? (zotiñen bat edo beste)
Gutxi dakizute, noraiñoko gorrotoa diguten! Aor gure Erriko Aritza! (publiku artetik igotzen da antzezlekura, Aritzondo ondoraxe; ta ebakia apuntatuz)
Amen, kolpeka kolpeka, batenbatek ganibetez (matxetez?) lardastutako ebakia, lardatsa bezin zitala. Zuek bearbada eztakizute zeiñek egin zun, eta nik bai. Neonek ikusi nun. Komisariak berberak egiña da! Azkenean, geiago ebaki ezinda, etsi bear zunean, neonek entzun nion, biraoz eta lerdez Arbolari esaten: «Ai gorroto aiña indar banu!, ez intzake ez zutik geldituko!».
Berdin berdin egindo dizute zuei ere: sustraitik atera ezin dutena, lepotik ebaki.
Orra nik jakiñaren gaiñean jarri, biar edo gaur bertan damutuko banaiz ere. Ez gero esan saldu zaituztedanik.
Ni Judas! Ni Judas? Tokitan! Onako Joxe Domingok eztik ez berealakoan zuek bezela bere lepoa sokaz urkatuko.
(Egona. Bazterrera erretiratzen doala:)
Nere kontsejuari kasu egiñaz, bestelako bapo biziko ta...
(Bazterretik) Or konpon, anaiok, zuen zintzotasunakin! Or konpon, ama aurdunok, zuen semeekin! (Negar intziriak)
KANTALDIA
PUBLIKUAN GIZONEK:
Aritzan nai geranok
onatx Bion lagun,
negar dagigun ala
kontsolu dezagun.
GIZON TA EMAKUME:
Negar dagigun ala
kontsolu dezagun,
Aritzan nai geranok,
Aritzan nai geranok
onatx Bion lagun.
(edo:
PUBLIKUAN GIZONEK:
Gernika gera: Aritz,
Irain ta Kelurrun,
jo ta erre zutena
gaitz danen errudun.
GIZON TA EMAKUME:
Negar dagigun ala
kontsolu dezagun,
onatx Gernika zaarra,
onatx Gernika zaarra,
oraindik euskaldun.)
JOANES-EK, BERBERAK: (berberak, gurutzadun)
—Ez neri negar,
zeoiri baizik,
emakume urrikaldunak.
Kupitu zeon buru ta seme;
errukizun, ama aurdunak!
Irutan eman zidan negarrak;
bein, zuen etorkizunak;
bai, Jerusalen orren, ta urrenen...,
erraustu bear itunak...
ta, laugarrenez, orain... Gernikak!,
azken «judu» euskaldunak!
PUBLIKU OSOAK:
Katoliko izena lokaztu ta uka,
hereje ta gorri ordezkoen truka.
Kondenak nunaitik... Negarra noiz buka?
Kondenak nunaitik... Negarra noiz buka?
IX. EGONALDIA
—IRUGARREN LURRA JOTZEA—
magnus in magnis et
maximus in minimis
Antzezlekuan: Aritz Arbolak or jarraitu bear du egonaldiro amairugarrena arte. Joanes, lurra Jota.
IZTARTEA
MIXIOLARIAK: Txiki gaituzu, Jauna, Baionatik Bilbaora, itxas baztertxo ontan. Bai txiki lurraldez, demografiz. Are txikiago noski euskaltasunez, izkuntzez, etorkizunez. Aberri gabeko abertzaleok, ontantxe batezere somatzen gera txiki: euskaltasunez, izkuntzez, etorkizunez.
Euskeradunok, eliz teatruon bezela nunaiko eusko urietan, sekta bat dirudigu. Ortaraiño urritu gera. Sasi erlijiozko sekta bat. Sekta bakan, sorgiñetsi, beira dagozkigun ia danen destaiña ta inkisiziopean.
Zu, ordea, Jauna, magnus in magnis zerana, maximus in minimis zaitugu.
Gu, berriz, «ixilleko eliza» baiño ere, ez ote geran gaude «ixillenekoa»; guzaz, gure ezbearrezaz, ezpaita konturatzen, gutxiago kupitzen, mundu katolikoa bera.
Menderri zapaldua, txiki txiki egiña, duzu izan ere Euskaltasunarena, ez lur, ez mintzaira, ez eskubide. Zure mirariz, oraindik ondakiñetan txut bai, baiño Menderri agota, ao ta esku lotua.
Orretxegatik, Jauna, dizugu aundiago gure guruzpidea. Izango al zaitugu baitare aundiago, Zu... gure Kristo!
KANTALDIA
PUBLIKUAN GIZONEK:
Erri bai ta Erri ez,
onatx Bion lagun,
saltzen gaituzten
ala erosi gaitzazun.
GIZON TA EMAKUME:
Saltzen gaituzten ala
erosi gaitzazun,
Erri bai ta Erri ez,
Erri bai ta Erri ez,
onatx Bion lagun.
(edo:
PUBLIKUAN GIZONEK:
Euskera gera:
Antziña, Errezo, Erliki...,
sekula etzaituna
biraoz gaitzetsi.
GIZON TA EMAKUME:
Agoni ezpaiñetan
Zu eta Zu beti,
onatx Euskera zaarra,
onatx Euskera zaarra,
amona gurgarri.)
KORUAN BATEK:
Entzuten zaude,
entzuten gaude.
«Delenda est...» deadarra
oska ta aginka, euskerarekin
euskaldunon iñularra.
Erruz diranei hosanak nunai!;
gutxioi Inri ta adarra!
KORU BETEAK:
Gu txikiago ta aundiago Zu!,
au da dugun poz bakarra.
Gu txikiago ta aundiago Zu,
gure Kristo euskotarra!
PUBLIKU OSOAK:
Jesusenak iru erori jeikiak.
Karlistetan iru guk ere jausiak.
Bergara, Gernika... zenbat salkeriak?
Zenbatago erdalkerira pasiak!
(edo:
Euskera Ama Santa, sukal giro santu,
zaigun gorroto oron zio ta zimendu,
dugun doai oron sustrai eta mendu,
besteek uka arren guk nola ez ba zaindu?
X. EGONALDIA
—BILLOTZIK—
exivit ergo Pilatus foras
et dicit eis: ecce homo.
Antzezlekuan: Joanes Nazarenua, alkandora kenduz, gerriz gora erantzita agertzen da. Arantza koroia buruan.
IZTARTEA
MIXIOLARIAK: (Itunkiro) Kendu fueroak. Kendu eskubideak. Kendu gure soiñeko ederrenak: Askatasun, Jabetasun, Erritasun. Kendu egia ere. Ta egiarekin, azkenik, izenona. Izenona ere berentzat. Berak omen dira Gernika zale, berak euskaltzale...
Gu ain gabe ta
zotz eginda arro
geure soiñekoz etsaia!
Onen billotzik
nai al ginduzun?
Egin bedi zure Naia!
Oroz erantzi gaituzten ondoren, ordea, Jauna, orain zenbait arlotekeri jantzi arazi nai dizkigute: «romería vasca» diralakoak, erderazko naiz euskerazko mordollokeriak, tabernetako aiurruntzi ta janedan apostuak, radiotako fandango ta «bilbainadak»...
Kristoren pailaso tunika egotsi nai digute, Jauna, ta sasi errege kaiñabera, Herodetarren jolaserako!
Obe duzu bai, gure Joanes Nazarenu orrek, billotzik iraun, arlotekeriz jantzirik baiño!
(Protestaka)
«Zer dala ta «nai» gaituzte
ema likitsa oi dan lez,
gorputzarentzat losingak
eta animarentzat baterez?
Euskal Gorputza danen eskutan
ta Euskal Anima katez!».
KANTALDIA
PUBLIKUAN GIZONEK:
Erritasunez billotz,
onatx Bion lagun,
besteek erantzi ala
Zuk jantzi gaitzazun.
GIZON TA EMAKUME:
Besteek erantzi ala
Zuk jantzi gaitzazun,
Erritasunez billotz,
Erritasunez billotz,
onatx Bion lagun.
KORUAN BATEK:
«Orra gizona»,
lerde ta likaz
jainko begien dirdaia,
zauri gorriak aragi litsez,
giza itxurik ez ia ia...
KORU BETEAK:
«Ona Erria»,
lurbira aurrean
ain gabe, lander, deslaia.
Gu ain gabe ta
zotz eginda arro
geure soiñekoz etsaia!
KORUAN BATEK:
Onen billotzik
nai al ginduzun?
KORU BETEAK:
Egin bedi zure Naia!
PUBLIKU OSOAK:
Zure ederrez jantzi gure uri ta mendi!
Zure graziz jantzi kristau eta sendi!
Zure izenez jantzi Aritz ta Aritzerri!
Zure izenez jantzi Aritz ta Aritzerri!
XI. EGONALDIA
—CONFIXUS—
1 Xto confixus sum cruci
2 Arbor una nobilis
Antzezlekuan: Aritza orra ba billakatu Arizgurutz. Gerriko ebakian aga bat ipiñi baitiote zearka. Bertan gurutzatua agertzen da Joanes gerriz gora erantzia, arpegi jorantsua goruntz, oiñak lurrean tinko ta bi besoak agakiarenetatik atzera zintzil, libreki, ez soka ta ez iltze.
Areitz bat Bizkaian da...
IZTARTEA
MIXIOLARIAK:
(Joanes Nazarenu arizguruztuari so) Gurutze ta Aritz: biok, bat bat zaituztegu. Eztakigu bat maitatzen bestea ere gabe. Eztare bat ukatzen bestea ere gabe. Gure kristautasunaren Gurutza! Gure euskaltasunaren Aritza! Aritz eta Gurutz! Arizgurutz!, Arbor una nobilis, «zaar sendo zindo», adoragarria, nola eztuzu ba erruz izango, naiz pertsegitzaillerik, naiz... tentatzaillerik ere?
KANTALDIA
PUBLIKU OSOAK, GIZON TA EMAKUME:
Onatx ba Arizgurutzon,
ilnai ta bizinai,
geuretasunari lot,
frakasu ta garai,
gu ere Sitio-ka
ar gaitzazun anai,
onatx ba Arizgurutzon,
onatx ba Arizgurutzon,
ilnai ta bizinai.
KORUAN BATEK:
Ainbat alditan laztanduriko
Zuntoiari orra josi;
txit samurrago zenuken noski
iltzezko oi ori utzi.
KORU BETEAK:
Onatx gu ere
(bai kantabroki:
poz ta amorru, kantu ta antzi!)
lot, lot, Confixus,
jun ez gaitezen
erdalkerira igesi,
lot, lot, Confixus,
Zuri dei ta lei:
«Ez gu, Zu guregan bizi!».
PUBLIKU OSOAK:
Arizgurutz Santu, batean bi abe,
ezin maita dugu bat bestea gabe,
ezin ere Zu uka geu ukatu gabe,
Arizgurutz Santu, batean bi abe.
XII. EGONALDIA
—GORPUTZ—
1 signum cui contradicetur
2 et basphemabant dicentes:
salva temetipsum si filius Dei es.
Antzezlekuan: leengo jarkera ta jazkera Joanesek arizgurutzean. Onakoan burumakur, il bailitz.
IZTARTEA
(Mixiolaria suntsitua dago, txunditua, desertatzailleek eman dioten atsekabeagatik. Begiak itxirik dirau, izuaren izuz)
MIXIOLARIAK: Zenbat dira?
BATEK: (desertatzailleak emen eta an kontatuz, publikuagan alegia) Bat, bi, iru... lau... bost... bost... Besterik?... Sei... Zazpi! Besterik ez al da an? Zazpi, Jauna. Eztut uste zortzira iristen diranik, etsi dutenak.
MIXIOLARIAK: (leengo jarkeran, baiño itxarotsu) Besterik ez?
LEENGOAK: Ez, jauna.
MIXIOLARIAK: Pozaren poz) Besterik ezetz? Zazpi bakarrik? (sinistu eziñik bezela) Zazpi bakarrik? Bai gutxi!!... Bai gutxi!!...
(Belauniko jartzen da batbatez)
Eskerrak, Jauna! Eskerrak Zuri! Zuk amaika galdu zenitun Pasioan. Guk... zazpi bakarrik (zorakor), oinbeste aundiko probaldian!
(Zutituz, publikuari ezker eskubira galdezka) Besterik ezetz? Ezin sinistu dut. Zuek, danok, egi egitan, zintzo iraun nai duzute Kristo frakasukoakin?
BATEK: Frakasuko!
DANEK: Frakasuko!
MIXIOLARIAK: (ezin sinistuz bezela)... Kristo gurutzekoakin?
DANEK: Gurutzeko!
MIXIOLARIAK: ... Kristo agonikoakin?
DANEK: Agoniko!
MIXIOLARIAK: ... Kristo ildakoakin?
DANEK: Ildako!
(Praillea auzpezten da berriz esker ematen, izmizka)
KANTALDIA
PUBLIKU OSOAK,
GIZON TA EMAKUME (zutik):
Gernikako Arbola
da bedeinkatua,
euskaldun nai geranon
Ostiral Santua
ta il ala pizten gaitun
Aberri Pazkua.
Adoratzen zaitugu,
Arbola Santua,
batzuk iraindu ala
guk laztanagua,
adoratzen zaitugu,
Arbola Santua.
KORUAN BATEK:
Euzkia itzali.
Goibelak nausi.
Or abailduta Bildotsa.
BESTE BATEK:
Ori Jaungoiko?
KORUAN BATZUK:
Arkaitzek baietz.
Renan-tarrek uka otsa.
KORUAN BATEK:
Tamala! Zenbait
geuretar ere
birauka eztira lotsa:
KORUAN BATZUK:
—«Jainko izatera,
ez luke utziko
euskaldunon eriotza».
KORU BETEAK:
Arren, Jauna, arren!
Etzagula gal
Fede, Itxaro, Otoitza!
PUBLIKU OSOAK:
Agur, Mindun Ama, Semea galdua;
Eusko Pasioak mindunagotua;
bat galdu orduko zazpiok artua:
barka luzetsia atarramentua.
XIII. EGONALDIA
—AMAREN MAGALEAN—
...fructum ventris tui
nobis post hoc exilium
ostende
Antzezlekuan: Piedade-bikotea: Doloretakoak magalean Nazarenu laikua. Au leengo erdi jazkeran.
IZTARTEA
MIXIOLARIAK: (Doloretakoari so) Eztakigu, Ama, eztakigu, ildako Erri bat geran, ala oraindik bizirik dagona. Dakiguna: besteek madarikatzen gaituzten ala bider, Zuk magalean artzen gaituzula. Eta magal ori, magal ori!, bizirik naiz illik gure Bizitza dugu, ta gure Gozoa, ta Itxaropen bakarra...
KANTALDIA
PUBLIKUAN GIZONEK:
Bizirik edo illik,
onatx Bion lagun,
Gurutza ala Magala
gozartu dezagun.
GIZON TA EMAKUME:
Gurutza ala Magala
gozartu dezagun
bizirik edo illik
bizirik edo illik,
onatx Bion lagun.
KORU BETEAK:
Arizgurutzon
agoniz, zure
altzo txandaren zai gaude.
DOLORETAKOAK BERBERAK:
Illobirako
Gorputz laztana
aurki kenduko didate;
seme berriok bear zaituztet
orain magaleon gorde...
KORU BETEAK:
Altzo Aberri!
Altzo Pizkunde!
Altzo mozkor Pentekoste!
Oparo oron
oparo zoro,
zoro, zoro, ezinbeste!
PUBLIKU OSOAK:
Lau gudate garratz, laurak gal ondoren,
azken ondakiñok onatx otoi ta arren:
zure magalean Kristokin atseden!,
zure magalean Kristokin atseden!
(Ontan, guardizibil edo miliziano bi agertzen dira antzezlekuan, batek otsegiñaz:)
GUARDIZIBIL edo MILIZIANUAK: Atención, señores. Orden del Señor Gobernador. (Ezkerrera beira) ¡Se disuelve el Vía Crucis! (Orain eskubira) ¡Se disuelve el Vía Crucis!
MIXIOLARIAK: (Ironiz, jolasti, guardi edo milizianuari) ¡El Vía Crucis no se disuelve! ¡Lo llevamos con nosotros a nuestras casas, en la sangre y en la historia! (Egona. Parreantxez:) ¿Me permiten que traduzca la orden?
(Orain jendeari) Galazi!, zer ordea? Bai kalea; ez orratio Guruzbidea. Debeku orrekin auxe egiten digute: iriki illobia, prestatu azkeneko egonaldia, Guruzbideak jarrai dezan pertsegituago ta bikaiñago, galaziago ta jatorrago. Geurekin baitaramagu, galazterik gabe, barne-muiñean, etxebarru bakoitzean, Arraza-betean, Agoniak iraun ala!
(Argi danak ITZALTZEN dira, antzezleku ta teatru osoan. Urrengo egonaldia asten da: ILLOBIAN.)
XIV. EGONALDIA
—ILLOBIAN—
vita mea abscondita est
cum Christo
Antzezlekuan: dana illun teatru edo eliz barru osoan. Illobi bat, beste gabe, antzezlekuaren erdiz erdi, antzematen edo begiztatzen ere da.
IZTARTEA
(Linternen batek bizpairu argi zirta labur, piztu ta itzali. Mr. Hamilton-ena danik ezin jakin oraindik publikuak. Erbestear kutsu nabarmentxoa du Hamilton-en oguzkerak)
MISTER HAMILTON: Onu..., Erroma..., B.B.C, France Présse..., United Press..., zertan goaz, Urlia baten liburura, «kristianismuaren agoni» billa? Atozte ta ikusi. Agoni on onatx emen, emen!, bere iturburu jatorrenean, beste iñun baiño bikaiñago, Urlia orretxen Erri osoak bizia: etsipen eta itxaro, frakasu ta garaipen, ilnai ta bizinai...
(Tristeki) Baiño ez. Ez etorri. Alperrik zenuteke etortzea. Gaurkoz, eztaukazute ulertzerik Euskal Animaren guruzpidea. Ezta entzuterik ere. Bizi arazten diotenek eztiote uzten kantatzen!
(Ixillago, pentsakor) Bizi arazten diotenek eztiote uzten kantatzen!
KANTALDIA
(Egonaldi ontako kantaldia abestu bear da oso illaunki, itzik oguzteke, ia ao itxiz, urrutiko etxe barruetatik letorken erosta bailitz)
PUBLIKUAN GIZONEK:
ia ao itxiz
Obipean gauzkate
Erroman ta Onun,
gizonek aaztu ala
onartu gaitzazun.
GIZON TA EMAKUME:
Gizonek aaztu ala
onartu gaitzazun,
obipean gauzkate,
obipean gauzkate
Erroman ta Onun.
KORUAN BATEK:
Eztio beldur
illobiari
goldezuloko aleak.
BESTE BATEK:
Ezta guk ere.
Ereintza bait da,
Uztaroren ekarlea.
KORU BETEAK:
«Areitza zaarrak
areitza barri»,
Gernikan dugu legea.
Illobi izan zan,
gudurik gudu
Zurekin bat erortzea;
oroi zenigun:
—«Ni naiz Berpizte...»
Amets dizugu zertzea!
(Komisariak, bere atzeeneko lekutik, urrengo salmuketa ariko dan bitartez, lau karrasiok jaurtiko ditu tarteka, salmu tarte bakoitzeko karrasi bat:)
KOMISARIAK: (1) ¡Cállense!
(2) ¡Les ordeno que se callen!
(3) ¡Verán lo que les espera!
(4) ¡Lo que les espera!
PUBLIKU OSOAK (ia ao itxiz):
Illobion negu: (1) irurok etxape... (2) Gabon, Jesus. Gabon, (3) Ama. Biar arte. (4) Ta amets... betikoa: (Aingeru Albiste..., Goizargi boreal..., Aberri Berpizte... )
MR. HAMILTON-EK: Ikusten danez, orratio, Euskal Animari eztago ixillarazterik. Izan ere, nork ixildu arazi arraza baten antziña, antzi ori bere izate muiñak dariona danean!
(EGUNARGITZEN asten da, ondo geldiro, arik eta Mr. Hamilton-en geroko itzak bukatzean, eguerdi zoli biurtzeraiño)
BERPIZTEA, AMETS
et ipsi spectant resurrectionem
futuram..., quoniam et nos cum
Jesu erimus
Antzezlekuan: egunsentia argiagotzen ari dan bezela, illobi zuriaren gain, Kristo Piztua, Joanes alegia, eskubiz publikua bedeinkatzen bailego eta ezkerrean Ikurriña, itzoz: «Onatx Berpiztu ere». Aingeru zuri bat bertan, begientzat Sarrerako Fede Emakumea bera.
IZTARTEA
MISTER HAMILTON: (Berekin ditu linterna ta foto makiña. Oraindik ez da eguerdi)
Ea, ea bukaera. nola? (Berebaitarako, ixilki, kuadernuan irakurriz) ¡Ahá! (Abotsez irakurriz:) «ILLOBIAN BERPIZTE». ¡Ahá! (Abots anpatuz jarraitzen du irakurtzen:) «Illobion gaudenok, Jauna, oraintxe bertatik berpizten ari gaituzu, sinisten dugun ala berpizten». ¡Ahá!
«Itxaropena dugu Fedearen Ama; ta Fedea..., Aberri Egunarena».
(Orain bere buruz, irakurri gabe) Ain zuzen! Ara nola Itxaropenak eguzkiz jazten ditun amets gaillurrak! Eta nola argitzen dun illobia!
(Berriz irakurriz:) «Dagonetitxe, Jauna, dagonetitxe, Solferinoko itxuok entzuten gaude Pazko kanpaiak; Seta ikusten ere bai, ikusten jadanik... Goizargi boreala!..., Aingeru Albistaria!..., Aberri Eguna!...»
(IRRINTZI basatiarra entzuten da, Gurendaren adierazgarri. Teatruan edo elizan argi danak pizten dira. Oraintxe eguerdi ginga. Oro apoteosi)
AINGERU ALBISTARIAK: esan utsez:
Surrexit: piztu zaigu
Jesus batbatean.
Praecedet vos: orra non
doakun aurrean,
Aritzerrin gidari,
ezilkor bidean...
JOANES PIZTUAK (esan utsez):
—Pax vobis! Jeiki ta abil
Nerekin batean,
jeiki ta abil, Arizti,
Eutasun Betean.
PUBLIKU OSOAK:
orain Aingeruaren eta
Joanesen itzak abesten
ditu orruz, zutik, garaikiro,
«Salbatore gora da» doiñuz.
(Irrintzi basatiarra berriro)
ABOTS EZEZAGUNAK (parlantean esan utsez, oiuz; eta bereala)
PUBLIKU OSOAK (leen bezela, doiñuz):
Ta ara Oriamendi
ta Artxanda gaiñean
bi Aritzondo tantaik
zer itz barrenean,
turisten jakinmiñak
ulerteziñean:
«Kristokin bizi ta illok
arizgurutzean,
onatx Berpiztu ere
Geutasun Betean».
Teloia
(Teloia jeistean, berriz jaso bearra gertatze ezkero, Joanesek iraun beza leengo jarkeran, orain irripartsuago ta ikurrin itzak obeto erakutsiz. Antzezlariak txalo artzera doazen bitartez, entzun bedi parlantean, bein edo bitan, azken garaipen himnua (txistulariek ere joa?), onakuotan ordea doiñu utsik, itzeztu gaberik. Publiku txalo jotzailleak, antzezlariekin batera, arrokienik, kementsuenik, itzeztu bear ditu soilki azkeneko bi puntuok:
«Kristokin bizi ta illok
arizgurutzean,
onatx Berpiztu ere
Geutasun Betean».
Azkena
1960-1962
|