www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Artikuluak
Jon Mirande
1951-1962, 1999

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Obra osoa (I), Jon Mirande Aiphasorho (Luis Haranburu Altunaren edizioa). Hiria, 1999.

 

 

  hurrengoa

GIZALEKOREKO IZATEAK
EUSKALDUNEN ETA KELTEN
FOLKLORETAN

 

        Arduraz eta atseginez irakurri dut GERNIKA-ren 18-garren zenbakian J. Th. Labandibar-en idaziana: Elementos Míticos en las Leyendas de Azkue. Azkue handia hasi zitzaigun Euskalerriaren Jakintza bilatu eta biltzen. Haren bil-lanari jarraipen eman behar diogu orain euskaltzaleok, harek jaso elezaharrak adieraziz, gure herriaren arima ezagut dezagun —Labandibarren hitzetan—, elezahar horietan bait dago Euskal Endaren egiazko folklorea eta ez bakarrik Pernando Amezketarraren ipuinetan, edo pilota, fandango, mus eta beste baskokerietan. Zoritxarrez, jakingarri aunitz betiereko galdu dugu, beranduegi eman zirelako bilaketa horri euskal-jakintzariak. Behar bada ere, gure nausi tenporal eta izpiritualek indarrez erautsi bide zituzten Euskaldunen gogo-bihotzetatik paganu-usain gehiegi zeukaten herri sinespenak...

        Keltalari bezala, zehaztapen zenbait eman nahi dut hemen Kelten gizalekoreko edo gizagaindiko izateei buruz, Labandibar jaunak idatzi duenaren osagarri. Lehenik erran behar diot egileari Irlandako «lamiak» ez duela Banchi izena, baina Sidh edo Beansidhe; engeleraren ortografian, banshee. Izen horrek «bake emakumea» esan nahi bide du: bake = Sid (goidelera, irlandera zaharrean), emakumea = bean; bestalde, beansidhea ez da zeharo gure lamiñaren antzeko, geroxeago erakutsiko dudan bezala.

        Euskaldun lamiñen iduriago dira Gales-ko Tylwyth Teg edo «Enda Ederrekoak»: hauek ere izate bitxi batzu dira (nid ysbrydion, ond pobl Fychain ydy), zoletan bizi direnak. Beren deituraren gatik, tylfyth teg-eko emakumeak bakarrik dira eder; gizonezkoak beltz eta zatar dira. Enda ederrekoek ere gizakumeetako emagin baten lagungoa eskatzen dute sarri: ondo ordaintzen dute baina bere ekintzan ari delarik, ama, haurra eta aita baizik ezin ikus ditzake; gainerazkoak oro gandu batek estalirik daudelako. Zenbait aldiz aitak ur bat ematen dio haurren begiak igurtzitzeko, baina ohartu gabe bere begiak emaginak harekin igurtzitzen baditu, ganduak ezkutatzen zituenak ikusten ditu orduan, ezkerreko begiaz, eta tylwyth teg-ek begi hori zulatu egiten diote.

        Galestarren sinespen horrek Lamia bat eta bere amaina, Azkuek dakarren euskal ipuina oroiterazten digu osoki (In «Euskalerriaren Jakintza», II, 135).

        Halaz ere, Enda ederrekoak ez dira gaiztoak: lagundu omen diote gizakume behartsu bati baino gehiagori, egunero txanpon bat utziz toki berezi batean. Baina txanpona gaizki igorri gogo badu, orbel bihurtzen da.

        Landetan maiz ikusten dira toki batzu, haietan belarra muskerrago bait da. Lehenago Frantzian uste zuten sorginek akelarre han egiten zutela, eta sorgin-obo (ronds de sorcières) deitzen zituzten toki horiek. Galestarrek, berriz, Enda Ederraren dantza-toki direla diote (dawnsfeydd y Tylwyth, Teg). Ene Zubero herrian ere uste hori bazuten.

        Enda Ederrekoak ez-hilkor dira, edo, behintzat, gu baino askoz biziluzedunago. Iñoiz ez dira zahartzen, ez eritzen; kantan eta dantzan diraute beti, manuren musika lagun. Batzuetan Tylwyth, Teg-eko emakumezkoak gizaseme batekin ezkontzen dira (cf. Bizkaiko ipuina, Lamiña bat ezkongai, Azkue, aipatu obran, II, 194). Gizonezkoek, ordea, ez dute sekulan gizalabarik andregaitzat biltzen, itsusi eta zatar baitira.

        Ageri denez, alkarri hurbil ditugu Gales-ko Enda Ederra eta Euskal Herriko lamin-enda. Ene gardiz, beraz, lamiñek ez dute izenaz beste zer ikustekorik Phrygeia-ko Erreginarekin: Sarkalde-Europako kultur-Oboan jaio, eta haziak ditugu dudarik batere gabe.

        Izate maitagarri horien berri gehiago ikasteko Irlandako Beansidhe-aren gana itzul gaitezen orain. Goidelen (Gael) aintzinako historiak dioenaz, herriko lehen izaleetatik ziren Tuatha dê Dannan edo Dana Jainkosaren gizeliak. Irlandaratu baino lehen, «munduko ipar-izaroetan, aztigoa, sorgintza eta mageia ikasten» egonik ziren. Elezahar batzuen arauera beansidheak dira Tuatha Dê Danann-en ondokoak. Gizakumeak lirateke, beraz, nahiz beste gizendak baino hainitzez azkarrago eta indartsuago, Jakintza ezkutuaren, gordearen, jabe direlako. Ene aburuz, haatik, sinespen horrek beansidhearen egiazko etorkia maskaldu egiten du: beste elezahar gehienen jakilegoatik, izate horiek giza gaindiko direla ageri du; mundu honen bestaldean bizi dira. Bestalde horri izen hauek eman ohi zion Goidel hizkuntzak: Gazteen Herria (Tir na-n Og), Poz-zelaia, Agindu lurra... Itsasoan zegoen atsegin-herri hori itsaslariek ezin ikus zezaketen: iduripen batek atzipeturik, uhinak baizik ez zituzten haren lekuan ikusten.

        Enda Ederrekoak ez antzo, beansidheak oro emakumezkoak eta gure lamiñen aitzika, giza alabak bezala ziren aurpegiz eta kaizuz. Haiek ere maitemintzen ziren noizpeinka gizaseme batetaz, eta beren egoitzara eroan ohi zuten, ondorengo ipuin honek erakusten digunez:

        Behin Kondle Gorria, ehun Borroketako Kond-en semea, aitarekin zegoen Goi-Usnech-ean. Emakume bat ikusi zuen etortzen, obi ez bezalako jantzitan.

        — Nondik ator, emakume? erran zuen.

        — Bizidunen Lurretik horra nauk —erantzun zuen—, han ez baita ez Heriorik, ez hogenik, ez hutsik. Tai gabeko afariak egiten ditiagu, adelatu behar izan gabe; batzarre ederrak baditugu liskarrik gabekoak. Bake haundian geudek, horregatik sidhe deitzen gaituk.

        — Norekin haiz mintzo? —Mutil Kondlek erran zion semeari.

        — Emakumeak erantzun zuen: «Ari jatorreko emakume gazte eta eder batakin mintzo duk, behin ere hilen edo zahartuko ez dena. Maite diat Kondle Gorria! Dei egin dioat, Poz zelairat jin dadila, han baitago Boadag erregea betiereko jaun; nausi denez geroztik, haren herriak ez dik ez auhenik ez lorrik ezagutzen. Ator nirekin, Kondle Gorri, idun apain, argia bezain gorria... Nere deia onartzen baduk hire ederra ez duk zimelduko...».

        Ikusten dugu Beansidheek egite handia badutela Tylwyth Teg eta Lamiñekin..Ez dira berdin orratio. Goidelen Beansidhea gizagaindiko izate bat da: bestaldean bizi da, paganuen atse-baratzeko aingeru-antzean. Gales-ko Tylwyth Teg-ak eta Euskalerriko Lamiñak, aldiz, enda nahastuak dira; batetik, ean ukatuzko askazigoa, ahaidegoa, badute beansidhekin; bestetik, herri guzietan aurkitzen diren gizapetiko izateok gogoratzen dizkigute —Okultisten hizkeran «elemental» izendunak—, nahiz suarekikoak, (salmandrae), nahi urarekikoak (undinae), nahiz haizearekikoak (sylphi), nahiz lurrarekikoak (gnomi), Izaeraz ez dira gaiztoak, isekari eta mutiri baizik; baina magilariak bere menpera jar ditzake. Giza arimarik ez dute, eta armia bat irabazi nahian saiatzen dira (irakur La Motte-Fouqué German idazlearen kondaira pollita).

        Balidurike Galestarrek eta Euskaldunek bi eratako sinespenak nahastekatu dituztela, eta bitariko izateok —Enda Ederrekoak eta Lamiñak— sortzeko. Aralar mendian bizi den «Maitagarria» dukegu ausaz, Euskalerriko folklorean, Irlandako beansidheen ahizpa bat.

        Eta zer dira bada jatorriz gizalekoreko izate horiek guziak? Materialistek erranen dute, eskierki, herrien sineskeriak baizik ez direla. Zenbaitek, berriz, Harri Aro Berriko gizenda batetaz dauzkate («Homo mediterraneus» delako haren enda): beste enda handiago eta indartsuago batek W-Europa beretu ondoan, lehen izaleak leizeetan eta harpe-zuloetan ezkutatu ziren, baina, zeukaten beldurraren gatik, etorri berriei agertzen zitzaizkien noizik behin, eta horrela, Troll, Goblin, Fadet edo Lamiñen baitako sineskeria sortu zuten hauen artean. Euskaldunak jadanik bazeuden ordea, Nafarroako mendietan, Harri Aro Berrian: horregatik Lamiñen etorkiak askoz zaharrago izan behar du. Batzuek diote, beraz, Sarkalde Europan aspaldi-aspaldian bizi omen ziren Lapon ala Mogol antzeko gizenden arrastoak direla.

        Nahi dut... baina ez diet gure lamiña, pollit, adats, hora¡le¡, «Homo mediterraneus»-en are gutiago, Laponen, antz handirik atzematen; gainera, farregarri zait gizalekoreko izate horiei antropologoen begiz so egitea. Ez! Zer diren ulertzeko giltza ematen digu Kondle Gorriari gertatuak. Harek bakarrik zuen bizidunen Lurreko emakumea ikusten, biek alkar maite zutelako. Jenderik gehienak, ordea, begirik ez du gizagaindikoak ikusteko, gizakumeen lur honi eutsiegi izaki. Labandibar jaunak dio: «...Por aquí se ve que el ir en ayunas al monte es exponerse a la aparición del Basajaun o de la Basa-andere...». Iñakaz mintzo, dela aiher naiz, alta egia da: barurak ere, soma eta soinarekiko berjakintza sorgortzen dituelarik, gizona transa antzeko egoera batean jar dezake, zenbait aldiz. Orduan, beste Jakintza gorago batez baliatuz, izad¡ eta gizagaindiko zerak «ikus» ditzake, barne-begiz; ezen, ene irakasle ohi batek nonbait idazten duen bezala «hainbat erizten diogun Mundu ikuskor eta ukikor — hau ez da egiazki bizi den Munduaren errainua, errainu ahuldu bat baizik» (R. Tocquet, in Les phénomènes physiques de la Métapsychique).

        Lehen hain ugari izanik, gaur egun ia iñork ez badu lamiñik topatzen, hori ez ahal da Ohiturazaleek (Tradiziozaleek) aipu duten «munduaren gotortzeak», munduaren aurreratzeak, ekarritako ondore bat? Egia da Demokrazia eta Atomoaren Fisika ere ekarri dizkigula.... Oro ezin euki dezakegu.

 

  hurrengoa