EZKILAREN ERRANA
Bertze orduz neskatxa prestu bat joan zen jaun zuhur baten gana kontseilu galdez:
—Jauna, ezkontzeko parada badut, bainan ez dakit ontsa zer egin, ala naizen ezkonduko, ala ez?
Jaunak erraiten dio:
—Ezkontz zitazke!
Neskatxak:
—Baina, Jauna, ezkontzen baniz, ikusten dut gatibotasun eta pena handienen erdian sartzera noala. Senar duenak jaun badu eta bertzen meneko izaitea ontsa izanaren biharamuna omen da.
Jaunak:
—Oh! orduan, ez ezkont!
—Bainan hola gelditzen baniz, bakar-bakarra, umezurtz bat bezala nitake, nehoren laguntza mikorik gabe, xori arlotua bezain trixte.
—Hobe duzu beraz ezkontzea...
—Ba segur; bainan lagun ona ez bazait gertatzen, zer bizi ikaragarria! Urka-bilurra izanen dut lepotik, eta Jainkoak daki zonbat urtez!
—Eta, ez ezkont!
Neskatxak:
—Ha, Jauna! Hauxe da perdunantza! Ezkontzeak bere irriskuak, ez ezkontzeak bere tristeziak, ez dakit bada zer egin!
Jaunak:
—Ori, huna ene azken kontseilua. Zoazi elizara, jo zazu ezkila, bizpahiru danga; harek erranen dautzu menturaz zer egin behar duzun.
Neskatxa joan zen elizara ahalik-eta lasterrena.
Harat orduko tiratzen du zeinu-korda. Meza aintzineko ezkila ttipia zen:
—Tilintin, tilintin, tilintin!
Berehala konprenitzen du erraiten diola:
—Balentin, Balentin, Balentin!
Badoa beraz jaun zuhur haren gana eta erraiten dio:
—Jauna ezkila aditu dut, eta erran daut garbiki Balentinekin ezkontzeko.
Jaunak:
—Beraz ezkont zaite!
Balentinekin ezkondu zen...
Handik denbora labur baten buruan, huna emazte hori jaun zuhurraren etxean berriz ere kontseilu beharrez:
—Jauna, kontseilu gaixtoa eman dautazu, ezkontz nadin; senarra usu horditzen zait eta lihoa bezala jotzen nu!
Jaunak:
—Ez dautzut nik erran ezkontzeko; zuhaurek zinion ezkilak erran zautzula baietz: nik ezkilaren ganat igorri zintudan; menturaz ezkila gaizki konprenitu zinukeen!
Emaztea badoa berriz ere elizara. Ezkila lehen bezala jo gogo du, ikusteko nola konprenituko duen oraikoan.
Zeinu-korda tiratzen du:
—Tilintin, tilintin, tilintin!
Eta huna nun konprenitzen duen berehala:
—Mutxurdin, mutxurdin, mutxurdin!
Itzultzen da lasterka jaun zuhurraren ganat, nigarra begian!
—Ah! Jauna, biziki gaizki aditu nuen lehen aldian; ezkilak erraiten zuen: «mutxurdin, mutxurdin, mutxurdin!». Ez nintzen ezkondu behar!
Jaunak azken hitza erran zion:
—Haur gaixoa, orai ez duzu ordu; eta zure gaitzak ez du erremediorik pazientzia baizik. Har-azu pazientzia! Eta hemendik goiti gauzak beti gogo-alde konprenitu orde, har-aitzu diren bezala. Ezkilek eta kontseilariek ez dautzute sekulan erranen ez Balentin, ez Mutxurdin, baina tilintin!
|