www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iruñxeme
Antonio Maria Labaien
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (I), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1976

 

 

aurrekoa  

IRUGARREN EKITALDIA

 

        (Antzeztokian, bigarren ekitaldiko gerta-leku bera. Goiza da; eguraldi ederra).

 

 

I. AGERRALDIA

 

Permin eta Itziar.

 

PERMIN: (Etxetik irtetzen diralarik). (Urduri). Gertu al dizkiotzute jantzi, soñeko ta mutillak bear ditun gañerakoak?

ITZIAR: Bai gizona, guzia gertu daukagu. Arropetan ez zan lenago ere urri ta orain erositakoaz aldi baterako baditu. Baulean sartuak daude. Ta an jarri bearrak min eman dit, ez uste.

PERMIN: Mutilla zer nolako tokietara dijoan kontuan artuko zenduten. Santo Domingo ez dala Basaburua. Lur beroak dirala aiek.

ITZIAR: Ez gara orren motzak Jeografin. Oso burugabeak egiten gaituzu. D. Kristobali galdegin diogu ango oituraz, bai jantzi ta abar...

PERMIN: Orduan, lenbaitlen dijoala, ez digu mutil orrek naigabea besterik ematen-eta. Orain bertan, Salome andragaitzat edo arturik dabillela jakin det. Ez dakit nun zauden gauza orik ez galerazteko.

ITZIAR: Oriek berriketak izango dira; Birilak esan dizkizun ipuiak. Bera ez da izan beñere andregairik egiteko din; ta norbait neskatxaren batekin badakus... zera...

PERMIN: Birila amaika andereñoek artuko lukete senartzat, ta nik ere pozik emango nioke alaba. Onela etxean izango genuke.

ITZIAR: Ez diot ezer kentzen Birilari; bañan ez nik alabarik emango. Ortan alabari aukera egiten utzi bear zaio. Ta gure Orreagari ez diot Birilarenganako zaletasunik arkitzen.

PERMIN: Ori gero ikusi bide degu. Gaurkoz semeak ematen dizkigu franko lan. Ezin eraman dedana Salome atzipetzen ibiltzea da. Jakin Ameriketara dijoana ta alaz guztiaz txorakerietan astia galtzen ari bear.

ITZIAR: Ez da orrenbesteraño; geiegizkoa zaude. Elkarrekin itzegiten ikusi dituztelako, eztaiak! Arritzeko al da etxe batean bizirik adiskide izatea?...

PERMIN: Adiskidetasun labaiñak dira oriek; bide txarrak. Geiago neskatxaren etxean dagolarik. Ez det nai Kristobal eta... etxekoekin asarreren bat izan dezagun.

ITZIAR: Jesus milla bider! Ori da zere burua naigabetu naia. Ez dezu ain ajola aundiko arazoa, gizona! Mutillari emen gelditzen zaizkion egunengatik.

PERMIN: Aski ta geiegi guri pakerik ez emateko. (Asarre) Alde egin dezala lenbaitlen!

ITZIAR: Gizajoak Ameriketan igaro bearko dituenak! Jaungoiko maitea!

PERMIN: Kristobalek aspertuta kalean uzten baldin badu bai. Bere egin bearra ongi betetzen badu an irabazpide polita dago. Esan diot Kristobali estu artu dezala.

ITZIAR: Ez Santo Domingon baizik, Guayanako presondegian sartu, nai dezula dirudi.

PERMIN: Ez dakit! Obe genuke itxasontzian sartuta balego.

 

 

II. AGERRALDIA

 

Lengoak eta Miel-Martin.

 

MIEL-MARTIN: (Atean agerturik) Gaur ez al dezute gosaldu bear?

ITZIAR: Aspaldi artu nuen nerea. Gosaltzeko al zaude oraindik Permin?

PERMIN: Bai, ta onuzkero berandu da. Ez det deus artu nai.

MIEL-MARTIN: Bañan, Don Permin! Eguardi arte baraurik?

PERMIN: Sarritan egiten det etxean ere.

MIEL-MARTIN: Naigabeengatik ez zaio jateari utzi bear. Txokolate ta guriña gertu daude ta Austiñeri ateratzeko esatera noa. (Sarturik)

ITZIAR: Bai, bai, ekarri zaiozute onera. Larrañean egoteko goiz ederra dago-ta. Goiz jeiki zera Permin ta jaten ez badezu berriz ere argaltzen joango zera.

PERMIN: Ez det gogo aundirik, bañan, tira! zure esana egiteagatik.

ITZIAR: Jakiña! bestela plakiak galduko zaitu.

PERMIN: Beste gaitzik ez banu... barruan gelditzen zait arra...

ITZIAR: Iltzearren ba!...

MIEL-MARTIN: (Sarturik) Badakarkizute gosaria.

ITZIAR: Emen degu gure Austiñe. Aurrera! Aurrera!

 

 

III. AGERRALDIA

 

Lengoak eta Agustiñe.

 

AGUSTIÑE: (Bandeja gañean gosaria daramakila sarturik) Aintzina! Aintzina! esaten dute gure errien.

ITZIAR: Aintzina ba! gosaltzeko garaia da.

AGUSTIÑE: Egun on! (Permini) Emen du gosaria, nagusia.

PERMIN: Eskerrikasko, Agustiñe. Berandu da bañan, ekarri didazun ezkero artu egin bearko. (Mai ondoan eseri bedi).

AGUSTIÑE: Ongi lo egin al du ba, Don Permin?

PERMIN: Ala-ola, Austiñe. Oso erdipurdi.

AGUSTIÑE: Etxen degun oeatzik onena gertu nizun ba.

PERMIN: Oeatzak etzun aitzekirik.

ITZIAR: Buruausteak, buruausteak!

MIEL-MARTIN: Lo egiteko lagunik txarrenak.

PERMIN: Gauz oitaz ari geran ezkero, gure seme orrek, lenaz gañera naigabe berri bat emango digu. Zuei ta guri.

MIEL-MARTIN eta AGUSTIÑE: (Zalantzan) Guri!!

ITZIAR: Ez da orrenbesteraño Permin. Usteko dute gutxinez...

PERMIN: Gutxi al da Ameriketara abiatzeko zorian egon eta alare zuen alabari ezkon-itza ematea, Salomeri iruzur egiten ibiltzea.

MIEL-MARTIN: Ez bada ori besterik.

AGUSTIÑE: Gazteak zorok izan oi dira-ta.

ITZIAR: Emen basamortu ontan beti bakarrik ezin ibilliko zan eta Xalo laguntzetik elkar gustatzea etorri da.

PERMIN: Garai onean. Gaur dator automobilla Enekoren gauzen billa, emendik Iruñara eramateko; ta andik Bartzelonara. (Itziarri) Beraz, utzi, utzi mutillari azken orduarte nai duan guzia egiten...

ITZIAR: Banekien; nik erru guzia.

AGUSTIÑE: Mutilla, udaran ez da gaiztoa izan; zintzo ibilli da.

MIEL-MARTIN: Bai, bai; ez du lan aundirik eman etxean.

PERMIN: Noski, beti kanpoan, beti parrandan ibilli bait da. Umekerik egiten.

ITZIAR: Onuzkero ez ditu ba asko egingo. Gelditzen zaizkion egunengatik...

MIEL-MARTIN: Oraingo gazteak D. Permin, nola burutu!

AGUSTIÑE: Gure Xalo orrek ere, igaz mototza zeraman; aurten berriz maistra egin zaigu-ta...! txoriak buruan!

ITZIAR: Ori beti onela izan da, gure amonen aldian, orain eta gero. Zure ezkongai denboretara begiratu, Austiñe.

MIEL-MARTIN: Ez da gezurra. Onak ziran orduko neskatxak: «mamijaleak Basaburuko».

AGUSTIÑE: Ara bestea! «gaztajaleak Imozko».

ITZIAR: Ortan, neska-mutillak, nun-naikoak ere, berdiñak dira. Gurasoen itzal eta aolkua bearra dute gazteak ezkontzeko sasoia eltzen zaienean.

PERMIN: Orregatik zuei nere barrua lasaitu dizuet.

MIEL-MARTIN: Sinisten degu, D. Permin. Zaude kezkarik gabe. Semea urteekin gizontzen joaten al zaizue.

PERMIN: Ez nuke il nai ikusi gabe.

ITZIAR: Orixe eskatzen diot Jainkoari Itziarko Amabirjiñaren bitartez. Grazi ori iritxiko ote digu.

AGUSTIÑE: Bai, bai; etxean gauza ona ikusi duanak, goiz ala berandu...

PERMIN: Ala bear! (Gaiz aldaturik) Au onela dala, nun da gure gazte jendea?... Ez dira oatzan izango?

AGUSTIÑE: Jeikiak dira aspaldi.

ITZIAR: Elizara joan-etorria egin dute-ta.

PERMIN: Mutillek ere bai?

ITZIAR: Ez dezu gauza txarrik besterik ikusten da. Neskatxak etxeko zer-egiñetan ari dira.

PERMIN: Mutillak ez dira autsak astintzen ariko ba?

MIEL-MARTIN: Kristobalek baratzara eraman ditu bere landare, egazti ta piztiak erakustera. Badu sail ederrik. Ortxe joango zaie goiz guzia.

PERMIN: Kristobalekin itzegin nai nuen, bañan lanpetua dagon ezkero, bazkal aurrean arrapatuko det.

MIEL-MARTIN: Otsegingo diot, nai badezu.

PERMIN: Utzi zaiozu utzi; dagola! Egurasteko giro ona dago ta bitartean ibillalditxo bat ematera goaz. Ea Akerregiraño eltzen ote geran.

MIEL-MARTIN: Ongi egingo dute; oñak ibilli ta burua arindu. Geienetan langarpean gaude. Gaur orratiokan eguraldi ederra dago. Ez bestelakoa!

PERMIN: Gero arte ba. (Agustiñerekin jardunean ari dan Itziarri) Amaitu al dezute?

ITZIAR: Zuek amaitzeko zai geunden.

PERMIN: Egurasteko gertu baldin bazaude...

ITZIAR: Ortarako beti prest nagona badakizu.

PERMIN: Goazen, ba Akarregiraño.

ITZIAR: Bai, bai beriala! Pozik gañera. (Abiturik)

AGUSTIÑE: Ondo egiña. Ea jateko gogo aundia ekartzen dezuten. Eltzeak su-baztarrean daude. Noan orain arraultz billa.

MIEL-MARTIN: Ta ni bide-ertzean larrean dabillen beia jasotzera.

ITZIAR: Laister gara emen. Kontu bei orrekin! (Itziar ta Permin bide aldera dijoazelarik; eta Miel-Martin ta Agustiñe basoaldera)

AGUSTIÑE: Ongi ibilli.

 

 

IV. AGERRALDIA

 

(Unetxo batean antzeztokia iñor gabe. Gero ta urbillago lau bat bost bei orru entzun bitez eta ondoren oianeko abar ots eta zalaparta. Miel-Martin beia jarraikiaz bailebil antzeztoki zoko aldetik batetik bestera igaro bedi).

 

Eneko, Orreaga, Salome ta Peli.

 

(Ataritik irtezen diralarik)

 

ENEKO: Gure aita-amak alide egin duate emendik. Don Perminek errita ta Ameriketarako txartela, arratsalderako utziko zitun. Ez da ala, arrebatxo.

ORREAGA: Txartela ez dakit, bañan errita, orduero ere ez zaizu geiegi.

ENEKO: (Peliri) Txinbo? Ikusten al duk etxean diaten fama?

PELI: Ondo merezia, bai, bai!

ENEKO: Aizak, ez nazak oinperatu. (Xalori begiraturik) Andregaia aurrean zegokala.

SALOME: Ori kirtena!

ENEKO: Zurea, ez didazu kale eman-eta...

SALOME: Zintzoagoa ez bazera, oraindik emango dizut.

ORREAGA: Garai onean, Ameriketarako ontzian zanko bat sarturik daukanean. Bart txartela ikusi nuen.

ENEKO: Arreba, ez gauza tristerik oroi arazi. Ai! Amets egin dut. Gaur beñepein egun ona iragan bear degu. (Peliri) Ta nork esan bear zikan, alkarrekin Basaburuan arkituko giñala?

PELI: Ez neuk beñepein. Tamalez ordu gitxi besterik ezin neikez igaro emen. Nire lagun bi itxaroten daukaz Belaten. Gaur arrastirako erdu bear naz ara. Berbaldiak doguz. Aberri-eguna gertuteko.

ENEKO: Naparroa gibelean atzera zegok motel; bazkalondoan joatea aski duk.

ORREAGA: Zu bai zaudela, gibelean ezik, lur azpian.

PELI: Arrebak, jauni yoak ederra. Laister urten bear dot astiro-astiro joatearren, toki batzuetan geratuaz.

ENEKO: Iru ordu aski dituk Belatera joateko; gaur azkeneko ikusiko gaituk eta...

ORREAGA: (Anaiari) Berak ekin bear dio bideari ta ez zuk.

PELI: Gelditzekotan ez uste iregatik geldituko nazanik; ire arreba ta adiskidetxuagaz luzarogo egoteagatik baiño...

ORREAGA: Eskerrikasko. (Enekori) Ikasi urrengorako ao-eder izaten.

SALOME: (Enekori) Au zu baño fiñagoa da.

ENEKO: Onuntz ez da uda guzian Birila beste galairik eldu ta zuek edozein limurkeri sinisten dezute. A sinisberak!

ORREAGA: Noski! Zure zakarkeritara oiturik bait gaude.

PELI: Nire euskera zakarrogoa ei da. Gañera txarto egiten dot berbetan.

ORREAGA eta SALOME: Ez! Ez!

ENEKO: Biak ezetz! Peli! Emakumezkoei maite-itzak atsegiñen! Orain bai gelditu bearko aizena.

PELI: Guziok ao batez eskatzen dozuen ezkero, zuegaz egongo naz eguardi arte. Orraitiño, bazkal ostean asti apur bat galdu barik, banoia! Orain gura dozuen tokira.

ORREAGA: Gañarbe oso polita da, ordu laurden bateko bidea dago ta ikusbegi ederrenetakoa.

SALOME: Elomendi ageri da ta sarritan Auñemendiko tontor zurituak.

PELI: Neuk zeuek ikusiagaz naikoa dot. (Orreagarengana urbil bedi).

ENEKO: Ori da zurikatzalle izatea. Adiskide eztitsuak ez baditut nik ba! Ezagun duk Madriden izan aizena! (Xalorengana joaz)

SALOME: Baita zu ere, bainan ez dezu antz-aundirik.

ENEKO: Ona bestea, ez zera noski muxurdiñetako jaio. Xalo! Ikusten al dezu Ameriketatik igorriko dizkitzudan kartak: gozuaren gozuak. An azukrea erruz, bait da.

SALOME: Urrutiko intxaurrak...

ENEKO: Urrutikoak bearko. Urbillean ez didazu musu bat bederik ematen uzten-eta...

SALOME: Ezta utziko ere!

ENEKO: Ortaz obe det laister Ameriketara joan.

ORREAGA: (Xalo ta Enekori otsegiñaz) Gañarbera ba al goaz?

ENEKO: (Entzungor egiñik) E?...

PELI: (Orreagari) Gogo andirik ez dabela dirudi. Nagi andi orrek!

ENEKO: Egitan. Gañarberaño igotzeko alperturik nago. Obe degu pagadira, itzalean etzitera joatea. Gero ere eguzki ta bero ederrik pasa bearko det Ameriketan.

ORREAGA: Alperrontzio! Zu beti etzinda egongo ziñake. Norabait joan bear badegu, bagoazke!... Berandutuko zaigula bestela.

SALOME: Goazen, gaurgero.

ENEKO: (Nagiak ateriaz) Ala! Ala! Nor lenago eldu! (Korrika abiaturik) Aurki!

PELI: Zuek aaztu zarie Birilak itxaroteko esan dauskula?

SALOME: Orri igesi egiteagatik alde egin bear degu ba. Beti gañean degu bestela.

ORREAGA: Ez aitatu. Gogaikarriagoa da gixaxoal Azkar ez bagoaz...

ENEKO: (Geldi-araziaz) Zaudete, zaudete. Ori da eskergaiztokoak izatea. Gizona beti zuek eroskilletara konbidatzen; beti laguntzeko gertu, ta zuek uzkur ta destaña. Oraingo andereñoak oso arroak zerate.

ORREAGA: Zuri beñepein ez lizuke iñongo neskatxak aurpegira begira bear. (Asarre antzean) Xalo! Ez dakit nola artzen dezun aintzakotzat.

SALOME: (Otxan) Anaia dezulako...

ENEKO: Ta atsegin ta gustokoa natzaizulako... (Orreagatik) Berak ere Birila gogoko balu... itxoingo lioke.

ORREAGA: Bestelakoxea! Pakean uzten al nau ba? Goazen, etorri ez dedin!

PELI: Atrapauko zauan bildur zagoz ala? Ezta ain bildurgarria... Nigaz San Mikelen ondo portau zen.

ENEKO: Noski, gizona or bakarrik utzita nola joango gera ba.

ORREAGA: Alperkeriz diozu ori. Ez mugitzeagatik. Zaude ba. (Abiaturik).

SALOME: Bai, bai, gelditu dedilla bera. (Jarraiturik) Goazen!

 

 

V. AGERRALDIA

 

Lengoak eta Birila.

 

BIRILA: (Laisterka sarturik) Nora zoazte? nora?... igesi?

PELI eta ENEKO: Emen da! Ba al zatoz?... (Neskatxei deituaz) E! Geldi.

SALOME: Ba al dator? e Jakiña? (Itzuliaz)

ORREAGA: (Berekiko anaiarengatik) Petral orrek du errua.

BIRILA: D. Kristobalekin gelditu naiz erletegian. Erle-lana ain da zoragarria.

SALOME: Eztena sartzen ez dutenean bai.

ENEKO: Ortan erleak baño okerragoak dira emakumezkoak.

ORREAGA: Ta zu bezelako erle-mandoak, zer egiten dute?...

PELI: Eztia ez beñepein.

BIRILA: Ja! ja! ja!... Anai-arrebak beti asarre.

ENEKO: Zuri itxoiteagatik izan da guztia.

BIRILA: Neri? Eskerrikasko. Ba emen nago nai dezuten lekura joateko gertu.

ENEKO: Nik esan det: itzalera. Antxe ondona!

BIRILA: Bazkalondoan nai badezute Orokietara lagunduko dizuet. An Morionesek karlistak nundik eraso zituen erakutsiko dizuet; ta baita ere D. Karlosek igesi egin zuan lekua.

PELI: Ezin, D. Birila; gaur gauerako Belaten izan bear dot, Aberri-eguna gertetan ari gera-ta.

ENEKO: Programa ederra: naparrak esnatzen toki onean! eta errege zarrai begira bestea. Antziña batek, eta etorkizuna besteak. Bion artean gaurko egun au ondatuko didazute ta, jaunak! auxe besterik ez zait gelditzen Euskalerrian. Noruntz joan? Nik egin det aukera: itzalera!

ORREAGA: Onena badakigu. Goasemazu ba ariztira.

SALOME: Itxoin arazten degunok emakumezkoak gerala esango dute gero.

BIRILA: Ori ez! Zuek nai dezuten lekura.

ORREAGA: Basora ba! Itzalera. (Abiaturik).

BIRILA: Basoan elbimando asko izaten dira ba.

ORREAGA: Basotik kanpora ere bai. (Bijoaz Orreaga, Xalo ta Birila)

PELI: (Joanez) Lagunduko dautsuet; bañan bazkal ostean goiz urten bear dot garaiz erduteko. Belate urrun bait dago, urrun egon be. (Mendi aldera siñalatuz)

ENEKO: Urrunago zegok Amerika ta arako txartela atera zitek.

PELI: Ez yat ezagun. Umore onekoa ago.

ENEKO: Azaletik.

PELI: Bai, Eneko, negargarria benetan. Euskaldun baten lenengo eginbearra sorterrian gelditzea dok. I galduko az betiko.

ENEKO: Ori ez! Agintzen diat. Santo Domingo nolakoa dan ikusiko diat eta urrengo ontzian... emen nauk berriz. (Bijoaz).

 

 

VI. AGERRALDIA

 

Kristobal eta Miel-Martin, gero Agustiñe.

 

(Etxetik datozelarik)

 

KRISTOBAL: Ez larri izan orregatik. Emen gasta dan dirua ongi xautua zegok. Etxeak beti balio dik. Udan ez dala jenderik etortzen? Ire bai, egazti, aria ta usoekin bizitzeko diña sortzen al duk. Ameriketatik kafe, azukre ta diru pixka bat bidaliko diat ta bapo!

MIEL-MARTIN: Ala bearko, bestela, ostatuak eta ollo eta erleak ematen ditekanaz...

KRISTOBAL: A gizagoa! Obe dek etxean geldi intzana. Gu bezela Ameriketara bidali bainduten ez zekiat zer egin bear uan.

MIEL-MARTIN: Ez nian ortako balio. Iri eskerrak emen ongi bizi gaituk; bañan ainbeste diru gasta duk emen, ez dit nai bear aña lan egiten ez dedala ik uste izatea.

KRISTOBAL: Ori ez, anai.

MIEL-MARTIN: Gañera, Ameriketara oakenean, etxe au guzia nere gain artzeak kezka ematen zidak. Ez dek lanarengatik; kontuak zuzen eman bear dituk ordea, salerosten jakin, peritara joan, ibilli, erosi, saldu...

KRISTOBAL: Morroi bat ar zak.

MIEL-MARTIN: Onelako zerbait egin bearko diat.

KRISTOBAL: Artu ba, ez beldurrik izan.

MIEL-MARTIN: Xalomerekin ere zer egin ez dek errez asmatzen. Ikastetxean egon dekan bitartean lan gutxi eman ziguk. Maistra egin dan ezkero oso emakume egin zaiguk eta...

KRISTOBAL: Eta zer?...

MIEL-MARTIN: Mojetako batere zaletasunik ez ote zekarreken...

KRISTOBAL: Mutilletako izanen dik.

MIEL-MARTIN: Bai, Don Perminen semea ta bera beti elkarrekin dituk. Eta Eneko ori Ameriketara ziak, beraz Xalomek gazterik itxoiten asi bear dik.

KRISTOBAL: Atsegin bazaio. Amerika ez zegon ik uste bezin urrun anai. Gero ta bertago. Elkar maite badute, itxoitea ez dek luze iriztea.

MIEL-MARTIN: Ik onirizten badek...

KRISTOBAL: Xalok nork zaindua izango dik. Ik erleak zaindu itzak. Aurten lore gutxi izan dek mendian eta negurako bearko diteken eztia ez abaraskan uztez aaztu.

MIEL-MARTIN: Aski ez baduk.

KRISTOBAL: Azukrea eman.

MIEL-MARTIN: Ez duk berdin... (Urbil samar automobil otsa entzun bedi)

AGUSTIÑE: (Sarturik) Iruñatik kamiona eldu da. Don Perminek agindu omen dio baulak, arropa ta gañerakoak jasotzera etortzeko. Ta zureak ere bai Kristobal.

KRISTOBAL: Txoferra egon dedilla lasai, Agustiñe. Gosaiten emaiozu; arraultz parea ta urdai azpikoa, ardoarekin.

AGUSTIÑE: Bai, bai, ortatik badago etxe ontan.

MIEL-MARTIN: Arraultzetatik urri gabiltz.

KRISTOBAL: Jaten ugari eman bear olloai.

MIEL-MARTIN: Bai, eguraldi oberik ez badator ingurumai oitan artuak ez dauka eltzerik. Ez dakit zer eman.

AGUSTIÑE: Arto gutxi dago mandioan.

MIEL-MARTIN: Ta San Martiñak urruti.

KRISTOBAL: Ori ere Ameriketatik bidaliko degu. Goazen txoperrak zer dion erantzutera.

AGUSTIÑE: Atarian dago. (Bijoaz)

 

 

VII. AGERRALDIA

 

Orreaga ta Peli.

 

(Oian aldetik datozela)

 

ORREAGA: Birilari igesi egin diogunean pozik nago. Ezin bait det uxatu; gaur iñoiz baño gutxiago.

PELI: Orregatik ete zagoz pozik?... ta itun?

ORREAGA: (Lotsati) Ta aren ordez zu laguntzera etorri zeralako.

PELI: Eskerrik asko; bañan ez yatzu asko ezagun. Etxeruntz etorteko presa andia dozu. Itun zagoz, egon be.

ORREAGA: Ezin burutik kendu det Eneko Ameriketara dijoana. Igarotzen ikusi degun kamion ori Enekoren gauzen billa etorri da.

PELI: Gaur Ameriketara joatea ez da antziñan lez. Joan-etorria arin dagite, arin gero.

ORREAGA: Arin, bai; baña naigabe aztuna, bitartean etxera datorkiguna (Itun) Aita-ama daude... mindurik eta asarre ta ni ez naiz malkoak txukatzeko gauza. Ozta-ozta...

PELI: Zoriontsua zu lako alabea daben gurasoak.

ORREAGA: Bai, algerik nago. Ezagutzen al nazu ba?

PELI: Damurik, bear aña ez. Tamalez orain urten bear dot zu laga-ta.

ORREAGA: Zoazen tokietan beste orrenbeste esan bide dezu. Laister aztuko zera nitzaz.

PELI: Ezta iñolaz be! Eneko Madriden lagun onenetarikoa izan neban; ta arrebea Naparroan ikusi dodan neskatillarik begikoena...

ORREAGA: Alaz eta guztiz emen utziko dezu bakarrik...

PELI: Joan bearrik ez baneu... (Erabakia artuaz) baña elkar ikusiko dogu barriro. Ez ta ala? Orain lagunek itxarotzen daukadaz. Amar erritan itzaldiak emoteko asmoa dogu, gero Napar-euskaldunen EGUN aundia ospatzeko. Iruñan izango zara egun artan ezta?

ORREAGA: Aitak uzten badit bai. Bera ez da alderdi orren etsai; bañan Birilak ezetz esaten badio...

PELI: Biok etorriko dira guregana; edo ta ostantzean geu joango gara areingana; onelakoa dogu Naparroa...

ORREAGA: Birilarengana ez e?

PELI: Bai, ordañez eskeñiko dautsagu Bizkaiko mutxurdin aberatsena. Guziok irabazi bear doguz Euskalerrirako... ta zu ene biotzerako.

ORREAGA: (Lotsati) Ez dakit ba...

PELI: Iruñan berbaldi au jarraituko dogu...

ORREAGA: Ainbeste gauza gerta bear dute bitartean... Eneko badoa.

PELI: Betiko ez! Ta neu gelditzen naz...

ORREAGA: Ta Birila dator! Oi! (Bidezabalera begiraturik) Emen degu berriz gogaikarri ori. Sar gaitean!

PELI: (Bidera begiraturik) Ez! koitaroa plazara doa-ta. An zariela usteko dau. Presak darua.

ORREAGA: A bai! Aurrera jarraitu du; bañan nere gurasoak datoz. Ez det nai elkarrekin ikusi gaitezen. Barnera noa (Sarturik)

PELI: Baita ni be. Kontua ordaindu bear dot... Motxila atonduten lagunduko daustazu ala?... (Sarturik)

ORREAGA: (Barrundik) Txalma bizkarrera jasotzen bai.

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

Itziar, Permin eta Kristobal.

 

PERMIN: Iruñetik kamiona etorria dala irudi zait.

KRISTOBAL: Bai, mintzatu naiz txoperrarekin.

ITZIAR: (Itunki) Bera zan orduan!

PERMIN: (Zakar) Esan dizut ba (Kristobali) Baul billa etorria da ta zure txalma eta bidezorroak gertu ditzazuke dagokizunean.

KRISTOBAL: Nereak agudo prestatzen ditut. Ortara oiturik bait nago. Ogei aldiz iragan det itsasoa...

PERMIN: Entzun dezu, Itziar. Ez det nai izaten iñori itxoin araztea.

ITZIAR: Ez dago bildurrik gizona. Gure mutillaren gauzak aspaldi daude gerturik.

PERMIN: Obe, obe. Orain ba, On Kristobal, emen elkarrekin arkitzeko egokiera degun ezkero, itzegin bearra dizut.

KRISTOBAL: Zuri entzutea beti zait atsegin.,

PERMIN: (Ben) Kristobal: Ordu onek etorri bear zuan eta etorri da. Santo Domingora eldu zaiteztenean ez Enekori nere semea dalako nai duana egiten utzi; ez lanik barkatu. Ta Kristobal, nere semeak, nagusi izango zaitunez, nundik nora dabillen begira bazenio.

KRISTOBAL: Zaude lasai, Permin. Ez dakit iñor estu-estu artzen; bañan lana egin araziko diot nere ondoan bizi bear badu. Gañerantzean, ez beldurrik izan. Santo Domingo txikia bait da ta ezin urrutira joan. Geienik Puerto Platara ta gu gauden lekuan ez du izango indioen lagunartea besterik.

ITZIAR: (Malkoak darizkiola) Gizajoa!

PERMIN: (Zakar) Negar egiten asi zaite orain. Emakumezkoak malkoaz garbitzen dituzute arazoak.

KRISTOBAL: Ama bat ez bada biotzbera, nor?... Ez zaiozula malko-bide ori kendu.

ITZIAR: Eskerrik asko, Kristobal (Antzika) Eta osasun kontuan mutilla zaindu zazu...

KRISTOBAL: Ortan ez kezkik izan. Osasun kontuan, an, aurreratugoak gaude emen baño. Yankitarrak ederki garbitu dituzte bazterrak. Gaxo etxe onak daude.

PERMIN: (Itziarri) Zer uste zenduan ba?

ITZIAR: Badakizu, etxetik ain urrun... Beti ere zuk begirako diozuna jakin-da lasaiago gelditzen naiz. (Malkoak txukaturik) Ta, Kristobal, arren eta arren, igande eta jaietan meza entzutera joan dedilla txintxo; ta jaunartzea ere bai noiziak bain.

KRISTOBAL: Ori ez da ain errez izango; eliza urrutitxo bait degu. Apaizen bat aldiz bein agertzen zaigu; ez igandero ordea.

ITZIAR: Jai aundietan bederik mezatxo bat eta pazkoazko urtean bein...

KRISTOBAL: Egia esan jaiak noiz izaten diran ez degu jakiten.

ITZIAR: Jainkoagatik! Aitaren, Semearen!...

PERMIN: Ez dezu geiegi arritu bear. An beste erara bizi bait da. Bañan egiñalak egingo dituzte. Ta Kristobal bizi dan lekuan oitura onak iraungo dutela ez dago esan bearrik.

KRISTOBAL: Ori Permin... norberak gure utsegiteak ditugu. Gizona argala izan oi da.

PERMIN: Gure semeak ere baditu ba ta ain zuzen ere orain azkena egin duan burugabekeria aitortu bearrean natzaizu. Zuri dagokizuna da-ta.

KRISTOBAL: Ez da orrenbestekoa izango.

PERMIN: Asieratik gauzak etentzea obe degu. Mutillak lanerako gogo gutxi izaki, bañan txorakeritako griña bai. Beste zeregin ezak nunbait udara ontan Xalomerekin adiskidetasun aundian ibiltzeko bultza du! Ez au bakarrik, ezkontzeko itza ere eman dio.

KRISTOBAL: Xalomeri?...

ITZIAR: Ez da sinistu bear errian esaten dan guzia. Egun batzuetan lagundu diolako... zera! eztaiak...

PERMIN: Baezpada, ez det nai nere semeak iñori iruzur egiterik Ameriketara joateko bezperan. Ta are gutxiago gu ostatuz artu gaituen etxeko alabari. Bai Kristobal, zure illobari...

KRISTOBAL: Ori ere ba al degu?

PERMIN: Zoritxarrez, ori ta geiago egiteko din da gure sente ori. Orregatik Kristobal, badakizu. Ameriketan estu samar lotu.

KRISTOBAL: (Bat-batean erabakiaz) Geiegi eskatzen didazula uste det. Norberak ez badu zentsunik alperrik da. Egia aitortuko dizut, Permin. Gaur zuri entzun arte ez nintzan kontun erori zure semea nerekin Ameriketara eramanaz leporatzen zenidan txalmaz... Aztuna gero! Lenago ere esana dizut: Ameriketan dirutzeko urte txarrak doazela; gaiztotzeko ta bide okerrera jotzeko erosoenak. Lana emango diot; zer jana izango du. Ortik aurrera ordea... Ez dakit ez lukean obe, emen gelditzea... (Senar-emazteak arriturik geldi bitez)

ITZIAR: (Itxaropenez senarrari) Ara! D. Kristobalek zer dion.

PERMIN: (Zeatz) Berandu da.

ITZIAR: (Negarti) Ameriketan zer egin bear du gure Enekok?... Geiago okertu.

PERMIN: (Zakar) Ta emen zer?... Salomerekin ezkondu! (Isilunea)

KRISTOBAL: (Ala-bearrez) Salome, alaba det!

ITZIAR: (Zarrastadaren ondoren) Permin! Entzun al dezu?... (Isilunea)

PERMIN: Entzun det eta berak dionean ala izan bide da. (Kristobali) Mindu bazaitut, barkatu... Ez nuen uste...

KRISTOBAL: Ez dizut deus barkatu bearrik. Pekatua nerea da: orain emezortzi urtekoa... Ez dizuet esango... guzia, luze litzake-ta.

PERMIN: Ez gizona badakigu, edozeñi gerta leikeiona!

KRISTOBAL: Salome, an Santo Domingon jaio zitzaigun. Ama andik pizka batera il zitzaiolako emen obeto eziko zutela-ta, nere lenengo etorreran ekartzea erabaki nuen. Eta Xalo emen bizi da geroztik anaiaren etxean.

ITZIAR: (Samur) Jesus! Ipuia dirudi. Esaten nuen nik... Xalo gaxoa! Ezta alaba dezulako bañan neskatxa zoragarria da: esanekoa ta otxana. Artu ditekena.

KRISTOBAL: Ondo ezia dago bai, ta maistra gañera. Pozik nago.

ITZIAR: Esango nuke! (Permini) Kristobalek eman digun berri orrek gure asmo guziak alda araziko dizkigu. Ameriketara joatea beintzat...

PERMIN: Ori atzeratuko degu.

KRISTOBAL: Baietz uste det.

ITZIAR: Au nere poza! Jaungoiko maitea!

KRISTOBAL: Amona izateko bidean jartzera zoazelako.

ITZIAR: Ta zu aitona. Oraindik ez! ez! semea gelditzen zaidala pentsatzea ere...

PERMIN: Txartelak artuak daude gero...

ITZIAR: (Zakar) Utikan! zure txartelaz! Ez al derizkiozu Kristobal?

KRISTOBAL: (Oarkabe bere ariari jarraiturik) Beti nere ezkutua agertzeko garaia atzeratzen ari nintzan. Bitartean alaba emakumetu zait eta ezin gorde dezaket geiago isilik. Senargaia duen ezkero aita nor duan aitortu bear.

PERMIN: Senargai orrek naigabeak emango dizkiona, jakiñean gañean zaude. Suitzat artzea geiago egiten dezu.

KRISTOBAL: Berak elkar ezagutu ta eraio badira guk zer egin?

ITZIAR: Ori esan. Gurasoak ezin dutena andregai on batek lortzen du. Enekok biotz...

PERMIN: Biotza ez da aski. Zentsuna, zentsuna bear du buruan.

KRISTOBAL: Ez dago mundu txarrean ikasteko.

PERMIN: Nun ordea?

KRISTOBAL: Emen bertan.

ITZIAR: Jakiña! Bañan... (Bideruntz begiraturik) Ara! Emen datoz biak eta. Xalo ta Eneko! Ez badute ba egiten bikote politik!

PERMIN: Zu isilik zaude orain, beintzat, gerora astia izango dezu.

KRISTOBAL: Oraintxe bertan zergatik ez? Nai ta ere ez genuen izango egokiera oberik.

ITZIAR: Noski. Eskutara datozkigu-ta.

 

 

IX. AGERRALDIA

 

Lengoak, Salome eta Eneko.

 

SALOME eta ENEKO: Egun on!

BESTEAK: Baita zuei ere! Ola! Ola!

ENEKO: (Aitzeki-maitzekiz) Birila ta Orreagak etxerako presa zuten eta atzean utzi gaituzte. Bilbaoko adiskidea oraintxe doa ta azken agurra egitera gatoz...

PERMIN: (Legor) Ez digu batere ajolik.

ITZIAR: Oso mutil atsegiña da.

PERMIN: (Etenik) Ark egin dezake nai duana. Gaur, Eneko, zure etorkizuna erabaki bear degu. Ez dezu jarraituko beti astia galtzen. Don Kristobalek esango dizu zer egin.

KRISTOBAL: Ni al naiz nagusia emen?

ITZIAR: Zu zera itzaren jabe.

KRISTOBAL: Ez naiz sekulan, ezta indioen artean onelako estuasunean arkitu. Itz gutxitan ba, Xalo ta Eneko; zuen artean zerbait badezute, ez da ala?... (Isilik geldi bitez) Ez beldur izan. Zerbait.... (Salomek lurrera begira beza)

ENEKO: Bai jauna.

KRISTOBAL: Ba, Eneko, ez zerate umeak. Ezin bizi izango zerate beti onela.

PERMIN: (Enekorengatik) Ez luke besterik nai orrek.

ITZIAR: Kristobalek itzegin dezala, eta ez zuk. Ortan gelditu gera.

KRISTOBAL: (Salomeri) Enekok baietz esan du ta zuk ez didazu ezer erantzun.

SALOME: (Lotsatuta) Bai, osaba.

KRISTOBAL: (Biotzez) Osaba ez, aita!

SALOME: Aita? (Txauturik itzik gabe geldi bedi)

KRISTOBAL: Bai, aita! (Salome besarkaturik) Beti gazteegi arki oi zindudan egi au aitortzeko: aita nazu bai. Ta jakin baño lenago biotza beste bati eskeñi diozu.

ITZIAR: (Malkoak darizkiola) Seme alabekin ori gertatzen zaigu.

KRISTOBAL: (Enekori) Ta zu morroitzaz ez ezik semetzat artzen zaitut. Ea zure burua, lan egiñaz ta zintzo jokatuz, Salomeren diñakoa egiten dezun. (Eskubi aldean alaba duela, ezkerreko besuaz Eneko besarkatu beza)

ENEKO: Bai, Don Kristobal, bai. Oraindaño ergela izan banaiz, aurrerantzean zuzenduko naizela, guzioi agintzen dizuet.

PERMIN: Ogei urte oietan ori ezin iritxirik amaika lan eta buruauste eman dizkidak. Ez dik Jaungoikoak mirari txikia egingo.

ITZIAR: Goiko Jaunak beti gauza aundiak; ta oraingo aldian Xalomeren bitartez. (Salome besarkatu beza)

KRISTOBAL: Orduan Ameriketarako biajea atzeratu egin bearko degu. Bestela ere badago emen franko lan. Ez da ala?

ITZIAR: Jakiña!

KRISTOBAL: Don Permini galdegiten nion.

PERMIN: Zuk ala erabaki dezun ezkero. Ongi da. Ez det itzik egin nai. Eskuak garbitzen ditut.

ITZIAR: Ori da zure egitekoa. Ameriketara joan gabe ere emen bizi modua aterako dute bai.

KRISTOBAL: Beste orrenbeste izan bagenuen, ez giñan gu ere erbesteratuko, ez. Don Permin zure semea lanean eta irabazten ikusiko dezu.

ENEKO: Agintzen didazuten tokian gogoz jardungo naiz.

KRISTOBAL: (Irritsu) Besterik ez bada Salomerekin bidaliko zaitut eztia saltzera. (Par algara guziok)

ITZIAR: Lantegi okerragoak izaten dira. Geldi ditezela emen beintzat. Guk ere zartzaroan nork zaindua bear degu.

 

 

AZKEN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Birila, Orreaga,
Peli, Miel-Martin ta Agustiñe.

 

(Azkeneko oiek Peliri agur egitera atera dira.
Au, txalma, motxila bizkar gañean duala abiatzera doa)

 

PELI: (Etxeko atean beste guziaz inguratua agertzen dalarik) Agur etxe ta etxekoak! Beste bat artio! Ea guziok elkar ikusten degun Iruñako Aberri-egun aundian.

BIRILA: Leireko arri santuak eroriak dauden bitartean ez da altxako Naparroa.

MIEL-MARTIN: Au Jeremias!

PELI: Orain gogoak, gero arriak. (Orreagarengana urbildurik) Egun artan Iruñan ez bazagoz, etorriko naz barriro onuntza.

ORREAGA: Baliteke ordurako Iruñan izatea. Ez dakit noiz arte geldiko geran emen.

PELI: Ni zure eskuaren billa etorri artio...

AGUSTIÑE: (Goiko leiotik) Bijoa ondotxo, jaun. Berriz ere etorri nai dezunean.

ENEKO: (Pelirenganatuaz) Zer?... Joan?... Gaur bazkaldu gabe ez aiz emendik irtengo. (Oiuka) Miel-Martin! Miel-Martin! Kendu zaiozula txalma (Motxilarengatik) Ni ez emen noa Ameriketara ta au ere ez Koko errira! (Miel-Martin eta biak motxila kendu bezaiote)

PELI: (Arriturik) Zelan leike au? Zer jazoten da amen.

ENEKO: «Amen» bai. Ez noala Ameriketara.

ITZIAR: (Orreagarengana joanaz eta besarkaturik) Orre! poztu zaite! Jesus! Azkenean Eneko gelditzen da... ta... ta... Salomerekin ezkonduko da!

ORREAGA: Xalo! (Adiskide biak besarkatu bitez) Nola diteke ordea?

SALOME: Neronek ba al dakit?

ITZIAR: (Pozaren-pozez) Kristobalek adieraziko dizue.

KRISTOBAL: Ez da ain ulergaitza gertatzen dana. Eneko ta Xalo, nere alaba...

BIRILA: Zure alaba?

KRISTOBAL: Bai, nere alaba. Kondaira asko dakizkitzu, ez guziak ordea. Ba nere alaba Xalo ta Eneko ezkontzen dira. Ta oraingoz mutil onen Ameriketarako asmoa utsean gelditu bear (Samur) Ordez (Bere buruarengatik) au joango da bere Amerika maitera, ango gauzak antolatzera; azken agurra egitera. Gazteak gelditzen dira emen.

PERMIN: Bai, Enekorentzat atera degun txartela beintzat alperrik galduko da...

ITZIAR: Nork daki?... Agian Birilak lur berriak ikustera joan naiko du edo...

ORREAGA: Abenturak atsegin zaizkio ba.

KRISTOBAL: (Berekiko) Besterenak ordea.

BIRILA: Abentura ta arriskuak legorrean bai. Bestela itsas-miñaren beldur naiz.

ITZIAR: Gizon ausarta zera itsasoaren beldur bazaude. Itsasoa baño asarreagoak emen dira zenbait emakumezko. Obe dezu ez ezkondu.

BIRILA: Ori beste asarrea da: maite-asarrea.

KRISTOBAL: Gaur da Hotel Basaburuak ezagutu duan egunik alaiena. Jaitu dezagun beraz. Aski degu ostatuz, ta aurrerantzean Hotel Basaburua nere semeen etxea izango da «Kristobalenea». (Peliri) Geldi zaiete gurekin gazte.

PELI: Neure aldrako lagunak itxaroten daukadaz iganderako batzarra gertuten...

GUZIOK: Geldi dedilla...!

ENEKO: Ta igandean guziok joango gaituk zuen itzaldiak entzutera.

ORREAGA: Ondo asmatua dago (Salomeri) Nere anaiari zentsua etortzen ari zaio.

SALOME: Ala dirudi.

KRISTOBAL: Gaur gelditzen dan ezkero, igandez an izango gaituzu.

BIRILA: Laguntzalle izango nazute.

ITZIAR: Guziok automobilletan sarturik: zar eta gazte. Zu ere bai, Permin.

PERMIN: Alperrik ibiltzea ez zaidala atsegin badakizute. Zalaparta artean gutxiago.

KRISTOBAL: Zalaparta puska bat atera diteke «seme galdua» bide zuzenera etorri zaizulako. Ebanjelioa nik baño obeki dakizu.

PERMIN: Seme galduaren etorreraz zerbait badio, ez du aitatzen ordea bereala, adiskide baten alabarekin ezkondu zanik.

MIEL-MARTIN: (Irritsu) Ebanjelioak ez dio ezer, egia da; nik ikasi nuen ordea alako atsotitz ura: «Alaba ezkon ezak al dukenean».

ITZIAR: Ta semea?

KRISTOBAL: Nai dezanean Miel-Martin! Gazte orren motxila jaso zazu. Eltzera, ipurdiz gora oillo ederrena sartu zazu; ta atera itzazu maira ardo onenak. Egun aundia gaurkoa!

MIEL-MARTIN: Gauzak aguro erabakitzeko ez dago Ameriketara joana izatea besterik.

KRISTOBAL: Obe dek emen gelditu intzana, bestela an galduko intzan betiko.

ITZIAR: Bai Eneko ere.

PELI: Euskaldun baten lenengo egin-bearra sorterrian gelditzea da naiz biziaren bideak nekeagoak izan. (Orreagari begiraturik) Iñoiz arkitu ote dogu atsedeteko altzo biguña.

 

OIALA BERA

 

AMAIA

 

aurrekoa