Ziñaldari arteza
Udagoyeneko arratzalde epel-epela da.
Baserri-etxe bateko atarte-aurrian auzoko emakumiak batuta dagoz, bata galtzetagiñan, bestia baba-urkultzen, au bere gixonaren prakai ipingi bat ezarten, ori galtza zarren batzuk errepasetan, beste bat etxe-ondoko pozutxuan tresnak garbitxen...
Danak darabille esku-artian zeregiña, iñor eztago alper, baña iñor be ez ixillik.
Ego-axia dabil, eta oi dan lez, gustiz urduri dagoz emakumetxuok, iñoz baño barritxubago, beti barritxubak ixan-arren. Etzakigu zetatik ez zelan (jakixu!) euren artian asarria sortu da, ta alkarri destañaka asi dira, gustijen aurrera iñun diranak ataraten dabezala.
— A bestelako zera! Ik eure modukuak gariala danok pentsauko don.
— Enagin asko zirikatu, asten ba'non asi ba, atarako daunadaz eskutuban daukonazan trapuzar gustijak eta.
— Ni... ri? Geldi-geldi gero! Lotsiaren izpirik ba'eukona, ondo ixillik egon biar euken.
— Ik eztakin lotsia zer dan be ta, neu ixillik? ez orixe!
— Ezaz ixilduko, ez; i beti ixango az betikua; ire onduan ezin bixi leiteken iñor be ta, geizto ori.
— Ni geiztua? ia beste bein esain!...
— Geiztua, bai; barriro be esango yonat, azalako. Gixona be jo egiten don ta.
— Aitiaren! Au da emakumiaren lotsabakua! Gixona joten dodala?
— Bai, bai, joten don, egija don.
— Ezton! da laster guzurtauko aut, gonerre peste ori.
Jagiten da bixi-bixi, altzuan daukozan gauzak lurrera bota ta artzeko asti barik, eta inguruban olgetan dabillan mutiko bati deituta.
— Purtoso, ator ona polit ori, errekadu bat egingo daustak? Neuk sarija emonguat. Juadi etxe-osteko solora, antxe yabik gure Praisku biarrian, eta esayok datorrala arin-arin ona, neuk esan dodala-ta.
Andik lastertxu agertzen da Praisku etxe-alboko orma-ganian eta bai diño:
— Ze denganiño biar daustazube, barritxuok alakuok?
—Ara Praisku, esaiskuzu ementxe argi ta garbi: Nik iñoz jo zaitut?
— Iñoz bakarrik? Bai bein baño sarrijago be, arrayorrek!
Entzuten egozan gustijak barre-santsoka estandak egin biar ebezan. Gau atan, seguru be, Praiskuk ez ei eban otzik ixan bizkar-aldian.
|