www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gau-ostatua, eta beste
Juan Iruretagoiena
1921-1957, 2001

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerki eta poemak, Iruretagoiena'tar Jon. Olerti Etxea, 2001.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ATSO POXPOLINA

(Bakarrizketa)

 

GRABIELA

 

        (Iruditegian, kale edo etxe-aurre bat. Zapia jasotzerakoan Grabielatxo sartu bedi pixkanaka etorriaz ta Gaztainak, bero-beruak... deadar eginaz. Gaztain-saltzaileak oi duten bezela, zapi zuriz estalitako saskia dakar buruan edo besapean; esku batean, aulki bat).

 

 

        Gaztainak, bero-beruak! Gaztain erriak bero-beruak! Tira, zeinek nai ditu, oraintxe erre berriak, bana-bana bereziak, mardulak, ederrak, zeinek nai ditu? (Aulkian jartzen du gaztain-otarra, ta bere ondoan exeritzen da) Merke, merke! Auxen da mauka ta ganga gaur, gazteak, Grabielatxori eskerrak! (Ateratzen ditu txanpon batzuek mantalpeko izugarrizko patrikara aundi batetik eta bana-bana zenbatzen kontatzen, asten da) Auxen da bizitza arrastatua! Zenbat irabazi ote det goiz guztian? Lau txakur aundi ta erdi. Eta txanpon auek irabazteko, egun guztian jo batera ta jo bestera deadarka, zintzurra eten bearrian! Eta gero mingain txarrak esango dute beti etengabeko mokolua darabiltela! Bai, ondo dek; ta bein edo bein ala baldin bada, ondo kostata! Andere Inesek esaten dit errukietxera juateko bizitzera; baina ori ezin liteke ta ezin liteke. Zortzi egun baino lenago iltzeko? Zer egin bear det nik an errukietxean zar bat bezela exerita? Ni ez nau arrapatuko ortan errax; badakit bai zer egin.

        Lenguan galdetu nion antxen izan berria dan Ardokila esaten dioten emakumeari, ia nola egoten zan an; eta onela erantzun zidan:

        «Ederki egoten da, baina libertade gutxitxo. Goizean goiz jeiki bear meza entzuteko; gero errosariyua dala, ta aren atzetik lareun Aitagureko erretolika. Bai, an ateratzen ez dan santu ta patriarka zarrik ez da izango inun! Gero ere otoitza gora ta otoitza bera, otoitza aurretik eta otoitza atzetik, eragiten, egun guztiko otoizkileak bezela. Mojak ere, onegiak diralako, an ari zaizkitzu ganetik beti: "Andre Grabiela: nola dijoakio?", "Andre Grabiela: pozik al dago?", "Andre Grabiela" ezkerretik eta "Andre Grabiela" eskubitik, eta eragin andre Grabielari. Gero berriz jana, beti bera: okela, katuan mingaina añako puska ba; ogi beltza; ardua berriz baso txiki bat erdi-betia, ta bera bataiatua. Kanpuan lan egiten uzten ez, eta ixilik kanpuan zerbait irabazten danian, aiekin jan eta edatera ezin noiznai atera. Egon egin bear antxe egarriak irrikitzen, eztarri garratza puxkat leundu gabe. Ta azkenean, zuaz lotara arratsalde erdian oiluak bezela, iluntze aldian ukalondoa jasoz izarrari pixkatean begira egon gabe. Nik ezin etsi nuan beinepein eta aldegin det».

        Bai, e? —esan niyon— arrapatuko den Grabielatxo an barrean, ago pixkatean. Eztagola, alegia, Grabielatxo moja bat egiñik an txuloan egoteko! Jateko lain ateratzen degu beinepein eta berriz ere gaztainak saltzen bizi bearko. Bai orixe! Batzutan ondo, bestetan gaizki, batzutan bapo, bestetan egarri, jarrai egin bearko lengo lanari. Gaur bederatzi txakur txiki irabazi ditut eta beren jabe naiz. Auekin, ni badet ogia, okela, goxoak, ardo, tota, kariñena ta mistela ere erosiko ditut; ta nai badet tiatrora jun ere bai. Bederatzi txakur txiki auek nere neriak dira, ta nik agintzen det berakin, aberats batek bere jauregian bezelaxe. Orixe bai! (Gizon batzuek antzeztokitik igarotzen dira ta deadar egiten du) Gaztain erriak beeee...ro beruak! Oraintxe errre berriak!

        (Itz egiten) Beraz, andere Ines, errukietxean oso ondo egongo nitzake, e? Ta ez dakit nik zer eta badakit nik zer, e? Ta mojatxuak onak dira, e? Baina agintzaliak! Eta ez dit neri inork agintzen! Naiko naiz ni nere buruari agintzeko! Orretarako gatxeuden! Ez ginuken oraintxe besterik bear! Ez dinagu oraindik bururik galdu ez! Eta etorri dedila orain andere Ines betiko leloakin, erruki-etxera juteko ta esanaz. Aituko lituzke orregatik entzunalak eta bi!

        Baina ene andere Ines: uste dezu, ordea, zuk, txori zarra kaiolan orren erraz sartu litekela? An noski ondo egongo da; beti naiko alpiste ta jana eukiko du, garbitasuna ere len baino obia, ta urdaila beti urte onetik egongo da. Baina libertadia! A, ez da gezurra ez, lengo otsoaren esana: Naiago zukela mendian goseak ibili, katen ondo janaz egon baino! Etzuan arrazoyik palta, ez alajaina!

        Ni beinepein errukietxera eramango naunik ez da. Eramango baninuteke penaz ilko nitzake, naiz ta lur onetan diran jan guztiak emanda ere. An eztagola alegia libertaderik! An eztagola noizean bein pixka bat ukalondoari eragiterik! Orain beinepein eztarri ederra daukat, eta gaztain-pila ederra ere bai, ta txanpon batzuek irabazi nezazkean bitartean aurrera mandolin tintirin, eta irabazten detanakin jan da eran eta panderua jo ta zankuari eragin; ta loren bat botatzen badie, obeagoz erantzun eta aurrera... Biotza ez dala alegia beinere zartzen. Eta ez egin parrerik orregati, andere Ines, ez da jolasez esana-ta. Lengo batian gaztain saltzen nuala kalian aurrez-aurre ikusi det Nartxixo, alargun dagona (emaztia il zitzaiolako, jakina) ta ikusi ninduan zoriyan, muturra zorroztuaz ala dio: «Agur, panpoxa ederra, asko saludu». Ta gazteak berak ere alaitu egiten dira ni ikustean. Lengoan, bada, jentila ainako mutil bikain batek neri begira ta nere gaztain saltzeko deadarra entzunaz, bere ixilean ala omen zion: «Ori dek abots zoli ta bikaina; ori dek ori garbua ta kemena daukana gaztainakiko orrek». E? Ikusten al dezu?

        Begira, andere Ines, errukietxera joatia, bizitzaren erdia lurpian sartzea izango litzateke neretzat, Jaunaren deirik gabe moja sartzea, nere etorkizun eta asmo guztiak loretan iltzea, nere biotzeko zirimita guztiak ondatu ta itotzea.

        Ez andere Ines bezela bagina; beti elizan sartu ta beti antxe santu jaten. Aurki etorriko zait berriz ere: «Baina Grabielatxo!» esanaz, «nik egingo dizut errukietxerako bidea, an obeto begiratuko diozu zeure buruari, animari, aitortzeari, meza entzuteari, eriotz onari, betikotasunari». Arre demoniño, eragin beti gauza baten santu-apaintzaileen sermoiakin. «Aizu Jaungoiko-jalea —erantzungo diot parre pixkat eragiteko, badakit bada ori esanda nerekin ez dala asarratuko— Jaungoiko-jalea, aizu: nork derizkio bere buruari orren azkar iltzerik?

        Entzun zazu ta begira bizitzik dagoan emen. (Deadar aundiaz) «Gaaaaa...ztainak beeeee...ro beruak. Urrrrra. (Itz eginez) Esan zazu orain, bular au azkeneko arnasa eman bearrean al dago?»

        Ta gainera nere biotza ta barrua ezagutu bearrean zaude, andere Ines, beinepein lendik ondo ezagutzen ezpadituzu. Nik pekaturik egiten al det bada? Kalian gaztain saltzen ari naizela une bateko amorro pixkaren bat, demoniño beron bat noizean bein bere txinpartakin, baratzuri ta tipularen bat gogaikarriren baten, badakizu gaizto askoren artean bizi gerala-ta; baina txikikeri oiek kendu ezkero nere anima elurra bezin zuri dago.

        Eta gainera nik errezatzen ditudanak! Orixe bai! Ta orregatik munduan alderdi geiagokin bizi naiz errukietxean sartuta baino. An elizatxo bat eta apaiz bakarra daude. Munduan berriz nai ditudan guztiak. Ia kalemutur bakoitzen bat. Eta apaiz Benito jaunak nere txurrutaren birau aundiak barkatu nai ezpadizkit, Don Joserena joaten naiz, eta apaizak barkatu nai ezpadute, praile mangazabalagana juan eta kito.

        Ez dedila, beraz, nigana etorri, andere Ines, errukietxera joan bear detela ta betiko leloakin. Bular auek sendo dauden bitartean eta deadar egin nezakean bitartean, eragin bear diot goizean karraxika ta deardarka guztiak esnatuaz. (Garraxika) Gaztainak, bero-beruak! Oraintxe erre berriak!

 

aurrekoa hurrengoa