www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zezenak errepublikan
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1972

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Zezenak Errepublikan, Jean Hiriart Urruti. Jakin, 1972

 

aurrekoa hurrengoa

IGUZKI-HISTURA

 

        Ohartu zarezte, joan den astelehenean, zeru zola urdin eta garbi zelarik, iguzkiak histasun bat izan dula?

        Bi orenen ingurua iraun du histasun horrek; arratsaldeko hiruak eta laurdenetarik, bortzak eta laurden iri arte. Igurikia zen aspaldi huntan gertakari hori. Jakintsunek bazakiten aintzinetik, ez bakarrik izanen zela, bainan xuxen-xuxena, noiz, nola, non, zer heinetan; orenak eta oro bazazkitzaten. Baginazkiela ere erran dezakegu, gezurrik ez eta espanturik gabe. Den bezala erraiteko, kazetetan ikusia ginuen: holetan maiatzaren 28-an, arratsalde erditsutan izanen zela iguzki-histasun hori.

        Deitzen dute hori eclipse. Batzutan ilargia da histen, edo gordetzen, iluntzen osoki, zeru garbiaren erdian, hedoirik ez lanorik gabe. Aldi huntan iguzkia da histu, gorde, kukutu. Eta nola? Ilargia jarri zaio sudurraren aintzinean, zure burua gauaz ene begiaren eta argi baten artean jar baladi bezala. Ez du dena kukutu hemen; hurbil ba hargatik. Begitartearen hamarretarik zortzi edo bederatziak ilundu diozka, emeki emeki, iraun duen bi oren hoitan: lehenik kokots alde bat, gero bertzea; gero gaineko hegiño batez bertze guzia; orduan zen bazterra ilunenik. Gutiz gehienak ohartu ahal dire, zerbeit bazela; bainan ez jakin zer? Egiazki urriki dugu, iragan astean ez orroiturik Eskualdunean ezartzea, zer eta nola gertatuko zen. Izialdura bat gutiago izanen zuten zenbeitek.

        Badazkit bi emazte gaixo, belar itzultzen ari zirenak, iguzkia histen hasi denean. «Zer da hau? Uritu behar ote din?» Tarrapatan belarra bildurik korkoitzera zeramaten, erauntsiaren beldurrez, noiz eta ere jaun batek bazterretik erran baiteie: segur ez zutela zeren uriaren beldurrik izan. «Ez ote, jauna? Ilun da ordean. —So egizue goiti: zoin garbi den zerua! —Hala da...» Hor berehala berriz hedatzen dute belarra. Bainan ere jaunak argitu nahi ukan dituenean bi emazteak, erranez nola eta zerk egiten zuen histura hori... baizik eta ilargia zela iguzkiaren aintzinetik iraganki, badut beldurra ez dituela hanbat... argitu.

        Ezen jaun hura joan eta, bertze auzo-langile batzuer ari zeiezken oihuka: «Ez izi; deus ez omen da gaixtorik; oraintxe jaun batek erran dauku: ilargiaren diferentzia dela». Hitz horrek ez bide baitu nehoren jakitatea hanbat aintzinatu.

        Nihaurek ere guti edo aski egin dut ele gizontto langile batekin.

        «Errazu, ori: ohartua zaizko histura huni? —Ba, eta zer da? Eclipse edo delako hura ote da hau? —Hura eta bera. —Ez du balinba hunek deus gaixtorik ekarriko! —Ez, gizon maitia; ez izan beldur. Gaixto zerbeit hunen ondotik batorladi ere, ez da hunek ekarria izanen. —Behazu! Eta hoik hola jakin holetan jakintsunek aintzinetik? —Baietz, gizona; ori, hau segurik aski aintzinetik eta garbiki errana zen». Nere gizona harritua.

        Uri edo lanotsu izan balitz aroa, ez ginuen ikusiko; hala nola Parisen ezin ikusi baitute, zerua hedoiztatua zelakotz.

        Espainian zen hau orotan baino ikusgarriago: Madriletik haratxago toki batzu bazazkitzaten, bertzetan baino ilunago izanen zela histura hori. Marra bat egina zuten Jakintsunek gogoz, han hemenka herri batzuen izenak hartuz, zointan ilun-kuku behar baitzen oren laurdentto batez. Han osoki kukutuko zuela ilargiak iguzkia, jakina zen aitzinetik.

        Baziren eta toki hetarat joanak, xeaxak eskuan, jakintsu batzu, marraren xuxenago begistatzeko, nondik noraino izanen zen ilundura osoa.

        Agian guk hemen bezalako aroa ukan dute; bertzenaz joan-jina gal dukete.

        Guk hemengoa hemendik beretik ikusi dugu, eta merke. Nahiz ez den errex iguzkiari so egoitea, begiak itsutu gabe; halere, kapeluaren azpitik eta errien artetik behatuz ageri zen errexki, jakinaren gainera errexkiago: bazuela iguzkiak zerbeit, halako gasna zuri bat iduri, aintzinean. Hobeki ageri zen oraino berinaki pozi bat supizteko baten lanoarekin apur bat belztuz. Harek eztitzen zuen iguzki ageri zenaren distira, eta biak berex, bat bertzearen aintzinean, ikustekoak ziren iguzkia eta ilargia! Ez dut omen erranen...

        Laket da jakitea, nola so egin, bertze aldikotzat, ez dea hala?

        Hunen aintzineko iguzki-histuretan aipagarrienak baditu berrogoi zenbait urte iraganik. Noiz izanen den orai lehena, ez dakigu; bainan ahal bezen laster jakinen dugu... jakintsunetarik.

        Ezen badire hola izarren harat-hunat hoik dazkitzatenak, aitzinetik; ehun, bi, hiru lau ehun urte aintzinetik.

        Izanen bada ere bortz edo sei menderen buruan, aski dukezue, haurrak, erne egoitea, berinaki beltztuak eskuan. Eskualdunak hitz dautzuete, oraikoan ahantzi bazaio ere, bertze aldian aski goiz jakin-araziko dautzuetela.

        Anartean, Jinkoak dizuela iguzki eder eta bero, belarrak idortu arte, histurarik gabe!

 

Eskualduna, 1900-06-01

 

aurrekoa hurrengoa