www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mintzaira, aurpegia, gizon
Jean Hiriart Urruti
1892-1912, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

aurrekoa hurrengoa

BERDOLY

 

        Otoi barka, egun Eskualdun Onaren hastean lehen hitz, larri-larria ontsa agerian ezartzen badugu gizon galdu higuingarri baten izena. Merezi du. Zor diogu aspaldian ere, bainan behinere baino gehiago aste huntan ohore berezi hau gure Eskualdun zenator ohoragarriari. Eskualduna ez da: ba ordean Eskualdunek izendatua.

        Ohoragarria ere ez, alafede, berenaz den gutienik, zahagi zahar batek baino sentimendu gehiago ez duen gizona. Bizkitartean ez da hor harat hunatik Ohorez hantua daukagu ja aspaldixkoan Berdoly hori, orok dakigun bezalakoa, guk Eskualdunek, Xuberoko eta Baxenabarreko boz-emailek igorria da Pariserat Berdoly zenator. Ez dugu zeren uka. Gurea da; gure izenean emaiten du boza beti lege tzar guzien alde, guk manatua balitz bezala.

        Zuzen da beraz Eskual-herri guziak jakin dezan gure Berdolyren azken egitatea, orainoko guziez handiagokoa.

 

* * *

 

        Iragan astean, zenatorren bilkuran bozak eman dituzte serora eta frera eskola emaile guzien kontra. Guziak, batzu bertzen ondotik, lehenbailehen beharko direla kendu. Barreiatu beharko direla, desegin, ezeztatu osoki eskolatzaile frera eta serora guziak, ja hor harat joanak diren kaputxin, Franzizkano eta Beneditanoak bezala. Oro ken. Giristino eskola bihi bat nehon ez utz hoien eskuetan.

        Fraide eta serora hoiek dituzketen ontasunak, lurrak, etxeak, puskak: oro ebats; orotaz jabe gobernamendua, oraitik harat nahi duenean; berari iduri zaionean; bihar, etzi, geroxeago, edo egun berean bardin. Bakarrik luzamen izpi bat utziko diote, han hemenka, eskola Jinko gaberi oraino aski handirik ez den tokietan, haur guzien kokatzeko. Bainan hortaz berak juje, berak nausi.

        Ez dute nehori urrikariz emaiten luzamen hori; nahiago lituzkete oro batean ito, urkatu. Bainan sobera lan aldian ez nahiz hartu, batzu bertzen ondotik dituzte holetan kendu gogo.

        Deputatuen bilkuran ja pasatu zen lege hori. Huna non den pasatu zenatorren aitzinean ere. Deus ez du orai eskas jaun de Loubet Frantziako framazonen mutil obedientaren sinatura baizik. Den bezalako gizon funtsgabe, ez-deusak sinatuko du, bertze guziak bezala, lege izigarri hau ere. Zer ez du ja sinaturik? Eta zer ez lezake oraino sina?

        Gizon ezti, on bat dela berenaz Loubet erranen daukute gero. Eta guk bardin sinetsiko. Zenbat Eskualdunek ez dute sinetsi, edo alegia sinetsiarena egin, Berdoly gaizoak xede bat tzarra ukanikan ere, bihotz ona duela. Ongi asko egiten ere? Eta holako.

        Obretarik da ezagun gizona zer den. Berdolyren obrak engoitik, debrua izanik ere, ezagutuak ahal dire. Beti tzarrenaren alde duela boza eman erraitea aski da. Bainan orotako handiena egin du, iragan astean, askena.

        Zenatorrek boza eman dute serora eta fraide eskola-emaile ondarrak, orai arte gobernamenduaren baimena zutenak eta oro arront kendu behar direla. Batzu frera eta serora gaixoen alde, bertzeak kontra. Kontrako aldea da nausitu. Alde baino 60 boz gehiago joan dire kontra.

        Pabeko Cassou eta Haulon Baionakoa, nahiz deus hanbat onik ez diren, eta nahiz edozoin zeretan gobernamendu tzar izigarri huni indar emaile diren, oraikoan orroitu dire beren anitzen haurrak seroren eta freren eskuan iraganak zituztela Orroitu dire Haulon eta Cassou, zenbat ere baitire bertzenaz orotara jarriak, ez-axolatuak, sorraiotuak, zoin ontsa ikusiak diren gutartean frerak eta serorak; zoin diren atxikiak Eskualdun eta Biarnes girixtino burrasoak beren haurren girixtinoki altxatzeari.

        Eta Conbes beltzak, nahi badu, egin dezotela beltzuri... Hanbat gaixtoago, gertatzen dena gerta, beren gogoetak ontsa eginik, biek boza eman dute freren eta seroren alde.

        Gure Berdoly behar zen bakarrik, bere boza, den gutieneko barneko kilikadurarik gabe, tzarrenenarekin bat emanen zuena.

        Mauleko, Baionako, Miarritzeko, Donapaleuko, Hazparneko, Canboko, Uztarritzeko frera guziak oro ken ditzaten eman du boza Berdolyk. Zenbeit hilabeteren, edo menturaz bizpahiru urteren luzamena utziko badeie ere, bihardanik ezarri ditu bere bozaz Berdolyk frera guziak oro Conbes tzarraren eskuko.

        Angeluko eta Uztaritzeko serora guziak bardin; zoin beren herrietarik oro fuera kanpo. Ez haizu nehon eskola emaiterat; ez eta beren komentuetan elgarrekin bizitzerat ere. Fuera, barreia, haiza, Frantziako lurretarik urrun igor oro.

        Horra zerentzat eman duen boza Berdolyk. Berdoly dela Berdoly, zer diote Berdolyren boz-emailek? Hura den bezalakoa beren bozaz jaun deputatu behin, eta gero jaun zenatur handi izendatu dutenek, zer diote beren gizonaz?

        Hango edo hemengo eliza zaharraren berritzeko zenbeit diru pozi ardietsi badu ere bere kidekoenganik, begietarat errauts emaiteko, nork ez du ikusten haurren arimetari erlisionea, baitezpada gal-arazi nahi duten gaixtaginik handinetarik dela gure Berdoly?

        Noiz atzartuko dire Berdolyren boz-emaile burraso Eskualdunak? Noiz dire guziak altxatuko beren haurren arimez griña dutenak, Berdoly edozoin eskualdun bilkuretan agertzen delarik, oihu egiteko: «Fuera Berdoly! Kuku framazonen esku-makila!»

        Oloronen hor gure auzoan, Barthou minixtro ohi gaztea gure Berdoly tokoloaz bertzerik dena... nahiz bardin tzarra, bederen bi zangoek goiz arrats beti xutik daukatena, fueraka, oihuka hiriko kontselutik kendurik, orai kontseilu jeneraletik eta sarrixago deputatugoatik kentzera baiteramate... hek baino gutiago izanen ote gira gu?

        Guk baino erlisione gehiago behar ote dute erakutsi Biarnesek? pullitak ginintazke ordutik!...

        Gerokoak gero; ez dugu zeren orok segurik espantu handirik egin: Eskualduna hau, Eskualduna hura.

        Behinik behin, bertzeak bertze, Berdolyren boz-emailek burua apaltzen ahal dute, non ez diren haren iduriko bilakatuak.

        Jinkoak eta Eskualdun Onaren irakurtzaleek barka dezagutela, izen horren aldean eman badugu egun hilen kurutzea.

        Ez da hilik; eta agian bizi den baino hobeki hilen da Berdoly! Eta gure izena bera, gure eskualduntasuna belzten du itsuski.

        Gure ohorearen dolumin zinezkoa deremotela herritar irakurtzale guziei Eskualdun Onak.

 

Eskualdun Ona, 1904-12-15

 

aurrekoa hurrengoa